Zer moduzkoa izan duzue legealdi hasiera?
Oraintxe ari gara martxa hartzen. Lehenengo hilabeteak udaletxearen egoeraz jabetzeko erabili ditugu; abuztuan jai egin genuen eta irailetik aurrera hasi gara, pilak kargatuta, lanean.
Lehen aldiz alderdi sozialistako kide bat izango duzue udaletxean.
Hasieran bagenuen beldur pixka bat. Larraulen ez du inoiz alderdi horrek ordezkaririk izan. Lanean hasi garenean, ordea, laguntzeko prest agertu zaigu. Ohiko bilkuretara agertzen da eta aurretik biltzen gara berekin gaien inguruko azalpenak emateko. Oraingoz, balorazio ona egiten dugu.
Zuen aldetik, nola osatu zenuten herritarren hautagaitza?
Aurreko legealdian bi talde zeuden eta ikusi genuen segitzeko asmorik ez zutela. Udalean aritzeko taldea aukeratzeko sistema erabakitzeko herri bilera bat deitu zen. Astebeteko epea jarri genuen boluntarioak aurkezteko eta igande batean udaletxea zabaldu zen herritarrek bozkatu zezaten. Zazpi izeneko zerrenda bat proposatu behar zuen herritar bakoitzak. Hamabost izen bozkatuenak bildu eta bilerak egiten hasi ginen. Laguntzeko prest bai, baina ardura ez zuen inork hartu nahi. Azkenean, ni animatu nintzen alkate kargua hartzera.
Ba al dago udal taldean esperientzia duenik?
Gotzon Jauregi da aurretik udalean egon den bakarra. Berak du esperientzia gehien. Egia da, aurreko alkateak, Xabier Mujikak, laguntza eskaini digula eta behar bezainbesteko azalpenak eman dizkigula udaletxeko jardunaz.
Herritarrek ba al dute udaletxera gerturatzeko ohitura?
Orokorrean ez da jende gehiegi gerturatzen. Parte hartze normala dugu hemen, beste herrietan bezalakoa. Batzuk gehiago inplikatzen dira eta beste batzuk gutxiago. Gu irekita gaude proposamenak jasotzera; edonork etorri nahi badu astelehenean biltzen gara hemen udaletxean.
Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Udalak bi kreditu ditu, bat Kutxarekin eta bestea Aldundiarekin. Aldundiarekin dugun hori, zati batean amortizatu dugu aurten. Ohiko gastuak egin ondoren, gelditzen dena positiboa izan da. Beraz egoera ona dela esan dezakegu.
Plan Orokorra berritzeko zeregina duzue zuek.
Besteek egin duten lanari segida ematea dagokigu. Plan Orokorrari dagokion karpeta oraindik ez dugu zabaldu eta ez dakigu noizko egon daitekeen prest.
Etxebizitza berriak egiteko beharra ikusten al duzue?
245 biztanle inguru bizi gara, gaur egun. Larraulek gazte dezente dauzka eta hemendik urte batzuetara beharra sortuko da. Gazte horiek herrian geratzea nahi bada, beharrezkoak izango dira etxebizitza berriak. Plan Orokorrean zehaztu beharko dugu, non, noiz eta zein baldintzatan egin.
Azpiegitura falta sumatzen al duzue herrian?
Ni gaztea naiz eta oraingoak baino azpiegitura gutxiagorekin hazi izan naiz eta ez dut ezer faltan botatzen. Eskaerak baleude begiratuko genituzke, baina nik uste zerbitzu oinarrizko guztiak baditugula.
Hirigintza zerbitzua jarri duzue martxan aurten. Zergatik?
Aurreko legealditik datorren ekimena da, guk, orain gauzatu ahal izan duguna. Herri hauetan obra txikiek gerra handia ematen dute eta horrelako zerbitzu bat baliagarria da etxean zerbait moldatu nahi duenarentzat eta baita guretzat ere. Teknikoa astelehenetan izaten da udaletxean zalantza guztiak argitzeko prest. Zein baimen eskatu behar den galdetzen jendea gerturatu da, dagoeneko. Ordenantza bat ere osatu dugu arlo hori arautzeko.
Larraulgo eskola, Asteasukoaren gela desplazatua da. Eskola Txiki bezala eratzeko asmoa badago?
Gai hau ez dugu oraingoz jorratu. Hitz egin behar bada eta horretarako beharra ikusten bada, hitz egingo genuke behar denarekin. Guk argi dug, mesede egiten diola herriari umeak hemen bueltaka ibiltzea. Kuadrilla polita dago.
Herri giroa sustatzeko zein egitasmo dauzkazue?
Herri giroa ezin da behartu, berez sortzen den gauza bat baita. Talde indartsuak daude Larraulen: guraso taldea, Dina 7, udaletxeko taldea, kultur taldea... Denak koordinatu eta uztartuko bagina, ziur nago giroa sustatuko litzatekeela. Guk ahalegina egingo dugu horretan.
Nola biltzen dituzue herriko hondakinak?
Guk aurreko legealdiko sistema jarraitzen dugu. Organikoa eta errefusa banatu genituen eta organikoa norberak etxean kudeatzen du. Errefusarako edukiontzi txiki asko banatu dira herrian, bakoitza bere giltzarekin. Herriko langilea astean behin pasatzen da errefusa jasotzera. Hobetu beharreko gauzak daude, bana dezente murriztu da herrian hondakin kopurua.
Zein beste egitasmo dauzkazue buruan?
Guk Asteasutik Larraulera datorren oinezkoen bida konpondu nahi genuke. Bide motza eta polita da. Guretzako, herritarrontzako, baliagarria izango da baina baita kanpoko jendearentzat. Diru laguntzak topatzen saiatuko gara lan hori egin ahal izateko.
Inbertsio handiak egiteko modurik ba al duzue udalean?
Guk maneiatzen ditugun aurrekontuek ez digute inbertsio handiak egiteko tarterik ematen. Proiektuak baditugu esku artean baina pixkanaka jo nahi genuke, zuhurtziaz. Bestalde, berriki gertatu zaigun bezala, luizi batek herriko bide bat mozten badu, hori konpontzeak dakarren gastuak hankaz gora jartzen ditu aurrekontuak. Eskuak nahiko lotuak dauzkagu.
Zer eskatuko zenieke herritarrei?
Udal talde berri bat gara eta gurekin pazientzia pixka bat edukitzeko. Eta jakin dezatela edozein proposamen luzatu nahi izatera, gu entzuteko prest gaudela.