Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa igandean

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 11a, 18:19

Bostgarren aldia da CD Utseta elkarteak Larraul-Ernio-Larraul lasterketa antolatzen duela. Martxoaren 15ean, igandean goizeko 10:30etan abiatuko da lasterketa Larraulgo plazatik. Antolatzaileek 15 kilometro pasatxo dituen ibilbidea markatu dute, plazatik Zelatunera eta handik Ernioko puntara. Ondoren, lasterketan parte hartzen dutenek, Larraulgo plazarako bueltako bidea hartu beharko dute.

Iaz, gizonezkoetan lehen sailkatuak, Josu Goñi amezketarrak, ordubete, 16 minutu eta 55 segunduko denbora egin zuen. Emakumezkoetan lehena, Nerea Amilibia zizurkildarra izan zen eta bidea egiteko ordubete, 36 minutu eta 08 segundu behar izan zituen. Hassan Ait Chou billabonatarrak bigarren edizioan jarri zuen probaren errekorra: ordubete eta bederatzi minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

Andres Aristi larrauldarra CD Utseta elkarteko kidea da. «Urtean zehar elkartearen ekimen nagusia mendi lasterketaren antolakuntza izaten da. Herriko 20 lagun inguru biltzen gara lanera».

80tik gora lasterketarik egin zuten iazko Larraul-Ernio-Larraul proba. Igandeko mendi lasterketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete aldez aurretik www.cdutseta.com webgunean. Bertan adierazitako kontu korrontean 10 euroko ordainketa eginda eman liteke izena. Egunean bertan animatzen denak aukera izango du apuntatzeko, proba hasi aurretik Larraulgo plazan jarriko duten mahaiean 20 euro ordainduta.
CD Utsetak parte hartzaileentzat hainbat zerbitzu eskainiko ditu helmuga puntuan. Nahi duten korrikalarientzat dutxa eta masaje zerbitzua egongo dira. Horretarako gunea antolatu dute Larraulgo plazatik gertu dagoen Hezkide eskolan.

Kirol elkarteko kideekin batera herritarrak aritzen dira mendi lasterketa antolatzen. Horren lekuko, Larraulgo Katilutxulo elkarteak hamaiketakoa eskainiko diela karreran parte hartuko duten lasterketari guztiei.

Herritar ugarik hartzen du parte antolakuntzan. Gutxi gora behera,  20-25 lagun aritzen dira egunean bertan mendi lasterketarako lanean.«Mendi lasterketen moda puri-purian zegoenean hasi ginen proba hau antolatzen» nabarmendu du Aristik. Ordutik Larraulgo lasterketak parte hartzaile kopurua mantendu du. «Eguraldiak baldintzatzen du neurri batean lasterketaren arrakasta. Gainera egunean bertan Aian beste mendi lasterketa bat dago antolatuta. Hala ere, inguruko korrikalariak parte hartzera animatzen ditugu».
Larraulen urtean zehar izaten den ekitaldi nagusienetako bat da mendi lasterketa. CD Utsetako kideen ustez, «bide bat da herriaren propaganda egiteko gure mugetatik kanpora».

Urtero Larraul-Ernio-Larraulen antolakuntzak korrikalari bat omentzen du. Besteak beste Joxe MIgel Irazuk eta Joxe Migel Maizek jaso dute aipamena. Iaz, CD Utsetak Peio Garin omendu zuen. Aurten, bere anaiarekin gogoratu dira. Juan Mari Garin zizurkildarrak zabalduko du igandean lasterketa eta sariak banatuko dizkie garaileei. Gero denek lagun giroan elkarrekin bazkalduko dute herriko elkartean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!