Aurreikuspen "onak" dituzte aurtengo mendi lasterketarako

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 14a, 10:09

Igandean omenaldia jasoko du Perio Garinek, Zizurkilgo plazan
Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketaren IV. edizioa ospatuko da igande honetan.

Igandean, 10:30ean abiatuta, ospatuko da IV.Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. Proba «finkatzen» ari da Andres Aristi antolatzailearen ustez. Urtero ibilbide berdina mantentzen dute, proba «gogorra» Arisitiren esanetan. Izan ere, 836 metrotako desnibela du probak. Larraul herria 240 metro inguruan dago eta Hernio, berriz, 1075 metrotan.

Lehen urtean izan zen partaidetza handiena, baina, esan bezala proba gogorra izateak zenbait jendek esperientzia ez errepikatzea eragin du antolatzaileen esanetan. Hala ere, 125 partaidetan finkatua dago parte hartzea. Eta aurtengoan eguraldi ona aurreikusia dagoenez, parte hartze «ona» espero dute.

Izena www.cdutseta.es web orrian eman daiteke, 10 euro ordainduta, bertan agertzen den kontu korrontean egin behar delarik diru sarrera. Edo egunean bertan, irteera lekuan 20 euro ordainduta. Eta urtero bezala, masajea jasotzeko eta dutxatzeko aukera eta hamaiketakoa izango dira.

 

 

 
 

Peio Garin; korrikalaria

"Probak igandero Herniora igotzen gineneko garai haiek gogorarazten dizkit"

Peio Garin (Zizurkil, 1961) korrikalaria omenduko dute aurten Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketan. Hamahiru urtetatik hogeita hamasei urtetara ibili zen lasterketetan. Eta anaia Juan Marik eta berak errekorrez eta garaipenez josia dute euren ibilbidea.

Nolatan hasi zinen korrika egiten?

Eskolan animatuta. Maisu batzuk etorri ziren Zizurkil Behetik. Gu sei urtetatik hasi ginen plazatik baserrira egunean bi kilometro egiten. Nik anaia nuen hiru urte zaharragoa, Juan Mari, eta hari atzetik segika ibiltzen nitzen, ezinean. Irakasleak etorri zirenean, Agerreko bueltan probatu gintuzten. Lehenengo egunean denok batera ibili ginen eta 200-300 metro atera nizkion bigarrenari. Hurrengo astean etorri zirenean, besteak baino atzerago ateratzeko esan zidaten eta lehenengo bueltarako pasa nien eta beste hainbesteko aldea atera nien. Igandean Zumaiara joan ginen. Nik ez nekien karrerako erritmoa nola ematen zen eta hirugarren gelditu nintzen. 12-13 urte nituen eta gurasoei elizara konfesatzera joan behar nuela esan nien. Eta handik dominarekin itzuli nintzen.

Gazte hasi zinen, beraz, garaipenekin.

Zumaiako karrera eta gero, bi astetara, Anoetan Gipuzkoako Txapelketa izan genuen. Eta han Zumaian irabazitakoari 500 metro atera nizkion. Handik hamabost egunera Zornotzan izan zen Euskadiko Txapelketa eta azkeneko kilometroan aurreratu eta irabazi egin nuen. Orduan, jada herri mailan interesa piztu zen. Espainiako Txapelketa Salamancan izan zen eta Zizurkil Behetik autobus bat atera zuten; herriko jende ugari joan zen.

Hasieratik ikusi zen indartsu zentozela...

Zornotzakoa irabazi nuenean Agilar korrikalariak esan omen zuen izar bat zetorrela. Madrilera joateko proposamena egin zidaten, bertan ikasi eta entrenatzeko aukera nuen. Baina, orduan 13-14 urte nituela, hemendik aldegiteko gogorik ez nuen. Gu hemen ibili ginan Euskadi mailan nabarmenduz. Gero jubenil mailan Espainiako azpi-txapeldun geratu nintzen.

Maila altuetara salto egin zenuen gero.

Juniorretan Munduko Txapelketan izan nintzen bi urtetan jarraian; batean Holandan, han Munduko Txapeldun gelditu ginen taldean, eta bigarren Estatu mailako korrikalarien artean. Txapelketaren aurretik hogei egunetan bilduta egon ginen eta hara iritsi ginenean ateratzen nintzela nengoen. Hamalaugarren geratu nintzen. Hala ere, gustura. Hurrengo urtean Parisera joan ginen. Italian ere Nazioarteko batzuetan ere parte hartu genuen.

Irabazitako guztien artean, garaipen bereziren bat badaukazu?

Bartzelonan maratoi erdi batean bigarren geratu nintzen. Azkeneko momentu arte aurrean joan nitzen eta azkeneko metrotan andaluz batek pasa zidan eta pena handia sentitu nuen. Hemen, bi Behobia irabazi nituen eta irabazitako bietan errekorra egin nuen. Beste giro bat egoten zen orduan. Markarik onena bigarren Behobian egin nuen, 1991an.Boulevardean marka haustera zoazela jakinda sartzea oso berezia izan zen. Agian, niretzat gogokoena hura izan zen.

Igandean jasoko duzun omenaldia zer moduz jaso duzu?

Horrelako albisteak beti ondo jasotzen dira, ilusioa egiten du. Gainera, asko gustatzen zaigun proba bat da; tamaina ere polita du. Gaztetan ia igandero Herniora igotzen ginen, eta garai haiek gogorarazten dizkit. Errekonozimendu interesgarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!