Ez da denbora asko igaro Larraulgo herritarrak inguruko mendi, baso eta errekek eskaintzen zizkieten baliabide naturaletatik bizi zirenetik. Garraiobideak, lanerako tresnak, giza harremanak eta bizilekuak oso ezberdinak ziren gaur egun ezagutzen ditugunen aldean eta ordutik hona gertatutako aldaketek aztarna utzi dute. Arrasto horiek ezagutzeko asmoz eta iraganera begiratuz oraina interpretatzeko helburuarekin, Ekomuseoa jarri zuten martxan Larraulgo hainbat herritarrek. DINA-7 kultur elkarteko hiru kide bildu dira gurekin, orain arte egindako lan guztia azaldu eta museoaren atzean dagoenaren berri emateko asmoz.
Egitasmo honen lehen pausoa kultur taldea osatzea izan zela diote eta bertako kide den Pili Otaegik azaltzen duen bezala, herriko zazpi lagunek osatzen dute: “Udalak museoari indar handiagoa emateko asmoa zuen eta proiektua kanpoko enpresa bati ematekotan zebilela, lehenbizi herritarrekin hitz egitea erabaki zuen, norbait asmo horri heltzeko prest egongo zen jakiteko. Honela, parte hartu nahi izan genuen zazpi herritarrek osatu genuen taldea”.
Kultur elkartearen helburua Larraul sakontasun osoan erakustea da, bertako altxorrik handienak erakutsiz, herria ezagutzeko jakin-mina guztiz asetzea. Urtean zehar ekintza anitzak egiten dituzte, baina printzipalena kultur astea dela diote: “Urtean zehar egiten diren ekintzen barnean aste kulturala sartzen da eta aste horretako bi edo hiru egun guk antolatzen ditugu”. Horrez gain, era guztietako ekintzak egiten dituzte, hala nola, maiatzean museoaren eguna, herriko festetan ekitaldiak eta urtean zehar egiten dituzten erakusketak. “Herrian artista batzuk badaude eta horien lanak eta ezagutza erabiltzen ditugu”, gaineratzen du Koldo Jauregik.
Atzera egiteko zirrikitua
Museoak aukera ematen du gaur egungo Tolosaldea gertutik ezagutzeko, eta era berean, hainbat giltza eskaintzen ditu azken hamarkadetan euskal landa eremua nola eraldatu den jakiteko. Beraz, hamarkadetan atzera egin eta garai batean Larraulen nola bizi ziren ezagutzeko aukera ematen du. Bertara gerturatzen denak era guztietako tresna, tramankulu eta objektuak ikusi ditzake: lurra lantzeko tresnak, sukaldeko tresnak, jantziak, bizikleta zaharrak, josteko makinak, argazkiak, telefonoak...
Hala eta guztiz ere, alderdi turistikotik begiratuta baditu gauza interesgarri gehiago ere. “Museoan herriko pieza etnografikoak daude, baina herrian badira gauza gehiago ere. Azken batean, herriak alderdi turistikotik eman lezakeen guztia hartzen dugu guk: Txuringadiko errota, ondareen ibilbidea, behien ukuilua, karobiak, herria bere osotasunean...”, dio Carlos Irazuk. Herrian alderdi turistikotik jorratu daitezkeen gai gehienak lantzera igaro dira, toki konkretu batetik, herri osoa erakustera pasa baitira. Azken batean, elkartearen helburua herria bere osotasunean hartzea izan da. “Herria bera natural mantentzen da. Mendi, inguru eta ibilbideak mantentzen dira eta horixe da, gure ustez, altxorrik onena”, gaineratzen du Jauregik.
Azkenengo urteetan, herria bera ezagutzea eta herriak dituen txoko garrantzitsuenak erakustea lortu dute eta kideak oso pozik daude, museoa erakustetik Larraul erakustera eta ekintza gehiago egitera igaro direlako. “Zabaltzea lortu dugu, eta altxorren artean, herria bera da altxorra eta bera ezagutaraztea izan da lortu duguna”.
Ezagutza partekatuz
Herrira zabaltzeaz gain, ekintza sorta ere handitu dute DINA7ko kideek eta horien erakusle dira egiten dituzten tailer didaktikoak. “Urtetik urtera, eskariaren arabera, tailerrak egokitzen joaten gara eta lehen bertso tailerra bazegoen ere, orain ogi tailerra, egur tailerra, ukendu tailerra eta buztin tailerra eskaintzen ditugu”, kontatzen du Otaegik. Familia, lagun edo taldea osatzen duten edonori eskaintzen dizkiote tailer hauek, orokorrean edozein adineko norbanakoak parte hartu dezakeelako, baina eskaririk handiena ikastetxeetatik jasotzen dutela aitortu dute.
Ogi tailerrean ogiaren osagaiak zein diren eta hauekin ogia nola egin ikasten da, hasierako osagaien elkartzetik amaierarako emaitzaraino. Ukendu tailerrean, berriz, senda belarren oinarrizko ezaguera jaso eta ukendua egiten ikasten da. “Ikasleak jakiteko gogoz etortzen dira, tailerrean apunteak hartzen dituzte eta ikasteaz gain, beraiek egindako produktuarekin joaten dira etxera, izan ogia edo izan ukendua”, azaltzen du Otaegik. “Egurra eta buztinarekin ere zerbait sortzeko aukera dute, ahalmen espresibo eta sormena landuz gauzatzen dutelako eskulturatxoren bat”.
Iraganeko bizimoduaren aztarnak
Aldian behin, gai ezberdinei buruzko erakusketak ere antolatzen dituzte, iraganeko bizimoduaren inguruko azalpenak eman eta gai zehatz baten inguruko objektuak erakusteko helburuarekin. Erakusketa hauek nekazaritza eta abeltzaintzara gerturatzeaz gain, etxeko, aisialdiko, erlijioko edota kulturaren inguruko gainontzeko jardueretara ere hurbiltzeko balio dute.
Erakusketa hauetara gerturatzen diren ikusle gehienak ezjakinak dela diote eta horregatik azpimarratzen dute horrelakoak egitearen garrantzia. Koldo Jauregi arduratuta agertu da, oraingo belaunaldiek ezjakintasun nabariagoa erakusten dutelako. “Hemendik aurrera gehiago izango dira ezjakinak. Izan ere, teknologiak garrantzia hartu du eta garai bateko ohiturak ahazten ari dira gazteak”. Duela 20-30 urte inguru, teknologiarik erabiltzen ez zutenez, jendeak erreminta horiek ezagutu eta erabiltzeko erraztasuna zuela dio. “Orain, ordea, ohiturak aldatu egin dira eta gazteek ez dakite tresnak zer diren, zertarako erabiltzen diren, non erabiltzen diren...”.
Horregatik, erakusketa hauetan garai bateko ohituretara itzuli eta gai zehatzen inguruko objektuak biltzen dituzte, beraien ezaugarriak eta erabilerak azaltzeko. Orain arte bi erakustaldi izan dituzte martxan, bata aspaldiko jostailuak biltzen dituena eta bestea mailuen ingurukoa.
Jolasa baino gehiago
Gure aitona-amonei edo gurasoei zein jostailurekin jolasten zuten galdetuz gero, garai hartan, oso gutxi izaten zituztela ihardetsi eta objekturik gabeko jokoez oroitzen dira sarritan. Ume ziren garaian, ez zuten apenas jostailurik eta irudimena landuz eurek asmatzen eta osatzen zituzten gehienak. Txingoka, soka-saltoan, tabaketa eta panpinekin jolastea gustatzen zitzaien, baita kaniketan, ziba eta pilotarekin ibiltzea ere. Kartetan, esku-jolasetan edo irudimenezko bestelako jokoetan ere igarotzen zuten denbora.
Horiek guztiak buruan izanik, jostailu zaharren erakusketa antolatu zuen kultur elkarteko kide den Olga Villak. Aste kulturalerako egin zuen eta museoan egon zen ikusgai azaroaren amaieran. Bertan garai batean erabiltzen zituzten jostailuak erakutsi zituen: panpinak, egurrezko boloak, zibak, puzzleak, burdinazko patinak, trizikloak, kromoak... Jostailu guztiak 1945etik hasi eta 1965 urtera bitartekoak dira. 1945. urtekoak dira, esate baterako, Zizurkileko baserri batean lortutako ziba eta dominoa.
Pili Otaegik azaldu digunez, herri askotatik jaso ditu objektuak: “Olgak urtea pasa du baserriz baserri inguruko herri txikietan jostailu zaharrak eskatzen. Larraul bertako baserrietatik hasi eta Asteasu, Aduna eta Zizurkileko baserrietatik lortu ditu. Baita Lasarte eta Bizkaia aldetik ere”. Inguru guztietan ibili da bilketa lana egiten eta jostailuak hartzeaz gain, grabazio batzuk egiteaz ere arduratu da. Izan ere, adineko pertsonei grabatu die txikitako jolasak nola ziren azalduz eta horren ikuskizun bat ere sortu du.
Ehun mailu kolpeka
Bestalde, Koldo Jauregik mailuen bilduma erakutsi nahi izan du eta “Kolpe, kolpe, kolpeka” izena jarri dio erakusketari: “Kolpea da mailuaren soinua. Mailuak eginkizun asko izan ditzake, baina kolpea erabiltzen du horiek denak egiteko: etxe bat egiteko, bide edo eliza bat egiteko, armak egiteko, arotzaren, txapistaren edo mekanikoaren lanak egiteko, epaileak bere lana egiteko... Kolpea egiten da beti”.
Era, tamaina eta adin guztietako mailuak bildu ditu larrauldarrak; harriarekin erabiltzekoak, burdina eta egurra lantzekoak, erlojuak konpontzekoak, sega pikatzekoak, mekanikoenak, zapatagilearenak eta baita eskopetaren mailuak ere. Guztietan zaharrena eliza edota baserri-jauregi handietako harria markatzeko mailua da, duela bostehun bat urtekoa.
Piezak banaka bakana lortzen joan da eta urteen poderioz, bilduman ehundik gora mailu biltzea lortu du. Erakusketa urriaren 17tik egon da ikusgai eta bertan izango dute urtarrileko lehen asteburua arte.
Aurrera begira
Hau dena martxan jartzeak lan handia eskatu diela aitortzen dute kideek. “Edozein proiektu bezala, honek ere lana ematen du, baina lan hori hartu nahi izan genuen”, dio Carlos Irazuk. Koldo Jauregik, ordea, borondatea dela eskatzen duena azpimarratu nahi izan du. “Museoa eta antolatzen ditugun ekintzez gain, urtero egokitu egin behar izaten dugu zerbait berria eskaintzeko eta martxan egotea derrigortzen digu horrek”, gaineratzen du Pili Otaegik.
Kideak kezka pertsonaletik hasten dira zein ekintza egin nahi dituzten pentsatzen eta horrek laguntzen die proiektuak bizirik iraun eta amaierarik ez izaten. Gainera, urtero egiten dituzten berrikuntzen bidez, jendea erakartzea lortzen dute: “Behin-behineko erakustaldien bidez, herria gugana ekartzea lortzen dugu, baina baita ingurukoak ere. Izan ere, ez dugu herriarentzat bakarrik egiten, etorri nahi duten guztientzat baizik”.
Larraul edo inguruko herritarren erantzuna positiboa izan da orain arte eta beraien ekintzen aurrean erantzuten dutela ikustean harro sentitzen dira DINA-7ko kideak. Edonola ere, herritarren erantzunean itsutu gabe lan egiten dute eta aurrera begirako filosofiaz jarduten. “Aurrera begiratu beharra dago eta erantzun ona jaso gabe ere, ekintza egiteak du garrantzia”, dio Jauregik.
Argi dute egiten ari direnarekin aurrera egin behar dutela, baina oraingoz 2013. urteari amaiera ematea izan da beraien asmoa. “Kultur elkarteko zazpion helburua, oraingoz, 2013ari amaiera ematea izan da eta urtarrilean, proiektu berri batzuekin emango diogu hasiera”. Erronka nagusia erakusketa amaitu, urtearen balorazioa egin eta 2014ari hasiera ematea da, eta behin hori eginda, proiektu eta ideia berriak sortu eta horiekin hasiko dira lanean.