Iban Letamendia oñatiarra eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan ziren herenegun korritu zen III. Larraul-Ernio-Larraul lasterketako irabazleak.
Gizonezkoetan bigarrena Abderrahim El Qayed tolosarra izan zen, eta hirugarrena Iraitz Arruabarrena lasartearra.
Emakumezkoetan bigarrena Mari Cruz Aragon murchantearra izan zen, eta hirugarrena Nerea Amilibia zizurkildarra. Lasterketa oso gogorra izan zela azaldu dute antolatzaileek, Ernion elurra baitzegoen. Gizonezkoetan Ernioren gailurrera hamabost segundoko tartearekin iritsi ziren lehen hiruak. Gero, Letamendiak hartu zuen abantaila, eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen, bigarrenari ia minutuko tartea atereaz. Ibarbiak, aldiz, hasieratik hartu zuen aurrea, eta lehia bigarren postuaren borrokan ikusi zen, Aragonen eta Amilibiaren artean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, jende ugari izan zen proba ikusten. Parte hartzaileei dagokienez, guztira 94 korrikalari irten ziren, nahiz eta izena gehiagok eman. Horietatik 88k lortu zuten lasterketa amaitzea.