elkarrizketa

«Planak euskarari dagokionez ez du inpaktu negatiborik»

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2025eko urriaren 30a

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin dute, turismo plan batek euskaran izan dezakeen eragina neurtzeko. Tolosaldea «bide onetik» badoa ere, herri txikiak «zaindu» behar direla uste du.

Tolosaldea Garatzenek, UEMA eta Teo arkitektura bulegoarekin elkarlanean, turismo plan batek euskaran izan dezakeen eragina neurtzeko, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ELE egin du eskualdean. Lehen aldia da eskualde mailan halakorik egiten dela. Olatz Ilarregi (Urnieta, 1980) Tolosaldea Garatzeneko Turismo arduradunak txostenaren nondik norakoak aletu ditu. Ebaluazioaren ondorioetako bat da eskualdean turismoak ez duela eragin negatiborik euskarari dagokionez, baina aurrera begira, herri txikiak tentuz erreparatu behar dira: «Arnasguneak zaindu behar dira, horiek baitira zaurgarrienak». 

Zergatik egin duzue ELEa?

Batetik, legeak behartzen duelako, eta besterik, Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak onartu zuelako azterlana egitea, badagoelako eskualdean kezka bat euskararekiko.

Zer datu landu dituzue ELEan?

Euskararen erabilera datuak aztertu ditugu, baita turismo datuak ere: zenbat turista ditugun, eta bolumena. Metodologia honek bi datu horiek uztartzen ditu, eta zera ematen du: turismo jarduerak zein inpaktu izan dezakeen euskararen erabileran edo paisaian.

Eskualdeko herri txikienetan jaitsi egin da euskararen ezagutza; herri handienetan, aldiz, igo. Zer eragin du horretan turismoak?

Orokorrean ikusi dena da herri txiki euskaldunenetan, arnasguneetan, euskararen erabileran badagoela beheranzko joera bat. Aldiz, herri handienetan, Tolosa edo Villabonan, euskararen erabilerak hobera egin du. Datu horiek Euskal Herrikoekin alderatu zituzten, eta toki bakarrenetakoa da euskararen erabilerak hobera egin duena; gehienetan, okerrera egin baitu. Aztertzekoa izango litzateke zer egin den Tolosan erabilera hobea izan dadin.

Herri txikiez ari zarenean, Elduain edo Belauntzaz ari zara?

Bai, eta Abaltzisketaz ere bai. Euskaldunenetakoak dira.

Nola neurtu duzue turismoak zer eragin izan duen herri txiki horietan, euskararen erabilerak behera egin dezan?

Oso zaila da hori neurtzea. Askoz eragin handiagoa du migrazioak edo kanpotik herri horretara bizitzera etorri denak, turismoak baino. Euskararen erabilera datu horietan turista ez baita kontuan hartzen. Hala ere, ikusten da turismoak izan dezakeela eragin bat. Dendak edo ostalaritzak, herritarrei begira baino, turistei begira jartzen direlako. Hizkuntza paisaia oso garrantzitsua da, errotuluak eta abar. Horrez gain, turistentzako establezimendu asko eta txikiak ditugu, eta hori alde batetik abantaila bat da, oso sakabanatuta baitaude eskualdean. Eta hain justu ere, horregatik du hizkuntzan eragin oso txikia.

Turismo planaren helburuetako bat deskonzentrazioa da. Gehienbat turismoa Tolosatik deszentralizatu eta herri txikietara zabaltzea.

Eskualdeko hiriburu bezala, Tolosak erakarpen maila handia du, baina gehiago kostatzen zaigu bisitariak eskualdeko beste herrietara banatzea. Turismoa oso interesgarria da herri txikietan, bertako ostalaritza dinamizatze aldera.

Turisten jatorriari dagokionez, %50 Espainiatik etortzen dira. Gaztelerazko hiztunak izanda, horrek eragin zuzena izango du euskarari dagokionez.

Adibidez, txangozaletasuna oso zaila da neurtzea, horiek Gipuzkoatik etortzen direlako. Abaltzisketan, adibidez, etortzen diren turista gehienak txangozaleak dira. Baina, aldi berean, hizkuntza mailan ez luke eraginik izan beharko, gipuzkoarra baita hona etortzen dena. Nahiz eta ezin izan dugun txangozaletasuna neurtu, Espainiatik turistak etortzen badira, eta oso euskalduna den herri batean gazteleraz hitz egiten badute, eragina nabarmenagoa da.

Ebaluazioan turismo planaren helburuak zerrendatzen dituzue. Turismoa desestazionalizatzea eta deskontzentratzea, besteak beste. Nola lotzen dituzue horiek euskararen bilakaerarekin?

Kezkatzen gaituen gaia da, eta turismoak euskaran izan dezakeen eraginaren jaraipena egin behar dugu. Egin dugun ebaluazioaren emaitza kontuan izanik, oraintxe bertan eskualdean turismoak duen garapen mailarekin, eta jakinda zein establezimendu eta zenbat plaza ditugun, oraingoz ez du aparteko eraginik izango. Baina badakigu beste eszenatoki batean, berriz ere aztertu beharko litzatekeela egoera. Uste dut gehiago dela konpromiso bat euskara zaintzeko, eta aztertzeko eskualdean zenbaterainoko eragina izango lukeen turismoak euskarari dagokionez. Ondorioak atera ditugu, eta neurri zuzentzaileak mahaigaineratu. Bestalde, gure izaeran eta kulturan oinarritutako plan bat dugu. Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea dugu, euskaldun berrien historia, eta euskarari balioa ematen dion ekimena, edo Bernardo Atxagaren obra literarioa biltzen duen Muskerraren bidea. Turismo plan horietan balioa eman diegu euskarari eta euskal kulturari. Ur parke bat egingo bagenu, ziurrenik horrek beste eragin bat izango luke. Neurriak hartuko genituzke, eragin negatiboa ikusiko balitz. Larraulen, adibidez, museo etnografikoa dugu. Baserriko bizitza azaltzen duen museoa da. Gure planak eskualdearen izaerarekin bat egiten du, eta egin den moduagatik, ez du inpaktu negatiborik, baina turismoaren kudeaketaren arabera, bai izan dezakeela eragina.

 

Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana

TURISMOA DATUETAN

2024. 654 plaza eta 65 establezimendu.

Bilakaera. 2019 urtetik % 44 igo da establezimendu kopurua eta % 13 plaza kopurua.

Okupazioa. 2024 urteko batez besteko okupazioa % 41,69. Estazionalitatea nabarmena da, udako hilabeteak izanik handienak, % 83,42.

Bilakaera. 2019 urtetik % 17,29 igo da batez besteko okupazio tasa.

HELBURUA

  • Turismoa desestazionalizatzea.
  • Turismoa deskonzentratzea. 
  • Errenta turistkoa banatzea.
  • Biztanleen bizi-kalitatea hobetzea.
  • Lan aukerak sortzea.

PROPOSAMENAK

  • Hizkuntzari lotutako formazioa eta hizkuntza paisaia zaintzeko markoa sortu eta elkarlana bultzatu.
  • Tolosaldearen turismo-kargaren diagnostikoa egin.
  • Enpresa eta establezimenduetan euskararen erabilera garatzeko sentsibilizazio kanpainak diseinatu.
  • Lizitazioetako hizkuntza-irizpideen jarraipena nola egin daitekeen pentsatu.
  • Enpresetan/enpresentzako egiten diren formazioetan euskarazko formakuntza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!