Bandera asko astindu dituzte aurten Ane Sanchez (Anoeta, 1998) Arraun Lagunak-eko arraunlariak, eta Adur Tapia (Asteasu, 2004) Oriokoak. Anoetarra ohituta dago irabaztera, hirugarrenez jarraian irabazi baititu liga eta Kontxako Bandera. Orotara, lau Euskotren Liga eta beste lau Kontxa ditu. Asteasuarrak, berriz, estreinakoz eskuratu ditu Eusko Label liga, eta Kontxako Bandera. Tapiarentzat, iritsi eta irabazi, dena bat izan da: «Sekulako denboraldia izan da. Gainera, nire kasuan garaipenak oso azkar iritsi dira. Joan den denboraldian igo nintzen, eta aurten bandera asko irabazi ditugu. Garrantzitsuenak Kontxakoa eta Zarauzko Ikurriña dira. Momentu horiek betirako geratuko zaizkit buruan, eta lortutakoa balioan jarri behar da».
Arraunlari batentzat Kontxako Bandera da garaipenik preziatuena. Are gehiago, aurrenekoz zure txikitako ametsa betetzen duzunean. Tapiaren estreinako Kontxa «ederra» izan zen: «Bigarren igandean, Santa Klara uhartetik barrura dezente disfrutatu nuen, ikusten bainuen hortik aurrera oso zaila izango zela guri pasatzea. Patroiak esandako kontu batzuekin geratzen naiz. Momentu horretan, traineruan eromena da nagusi. Jendea oihuka hasten da, eta bukatu genuenean, denak saltoka hasi ginen. Biharamunean gorputz guztian sekulako kolpeak nituen». «Baita nik ere», erantzun du barre artean Sanchezek: «Ubelduraz beteta nengoen astelehenean». Anoetarrak, berriz, aitortu du estropadari buruz galdetzean, ez dela gauza askorekin oroitzen: «Gogoan dut azken hiru minutuetan oihuka ari ginela, dagoeneko garaipena ospatzen. Zer pasatzen zaizu burutik? Kostatu zaizun guztia, eta beharbada ez dela berriz errepikatuko. Beraz, momentua disfrutatzen duzu».
Estropadan ez ezik, arrapalan ere gozatu ederra hartu zuten. Anoetako arraunlariak adierazi du oso momentu «polita» dela, eta bide beretik, asteasuarrak nabarmendu du arrapalan bizitakoa arraunarekin duen oroitzapenik «ederrena» dela: «Orioko afizio guztia, jendea uretara sartzen… Eromena izan zen, guk ere uretara salto egin genuen. Familia eta kuadrillakoak ere hantxe ziren».
Ondoren, arratsaldean, Sanchezek Donostian izan zuen harrera, eta Tapiak Orion. Arraun Lagunak-eko arraunlariak adierazi du arratsaldeko ospakizunera geroz eta jende gehiago hurbiltzen den arren, Donostia ezin dela alderatu Orio, Hondarribia edo Bermeo bezalako herriekin: «Donostian gehiago kostatzen da jendea gerturatzea, baina pixkana jende gehiago etortzen ari da». Orion, berriz, ospakizuna «eromena» izan zen, Tapiaren hitzetan. «2017an Orioko gizonezkoen traineruak Kontxako Bandera irabazi zuenean bertan nengoen, nahiz eta oraindik arraunean hasteko egon. 2019an gizonezkoek liga irabazi zutenean, dagoeneko Orioko zalea nintzen, Tolosan arraun egiten nuen arren [barrez]. Eta orain barrutik bizitzea… Nire ametsa hori bizitzea zen, eta ailegatu da momentua. Ederra izan da».
Ospakizunak alde batera utzita, Sanchezentzat aurtengo Kontxako Banderako «hunkigarria» izan da, eta aitortu du «zama bat kendu» zuela gainetik, lehenengo igandean Tolosaldeari hamar segundoko aldea atera ziotenean. Hala ere, kanpoko iritziek eragin handia izan zuten taldean: «Bigarren igandean urduritasunez atera ginen, eta gure taldea ez da horrelakoa. Jende guztiak zalantzan jarri zuen gure gaitasuna itsasoan. Guk geuk ere geure burua zalantzan jartzeraino. Hala ere, irteeran jarri ginenean, zezenak bezala atera ginen. Hortxe hautsi genuen estropada». Bigarren igandeko estropadan Arraun Lagunak-en irteera harrigarria izan zen: minutu batean, hiru segundoko aldea atera zion Tolosaldeari.
Kontxako badian emakumezkoetan Lugañene trainerua nagusitasunez gailendu zen, baita gizonezkoetan San Nicolas ere. Lehenengo igandean Oriok hiru segundoko aldea atera zion Zierbenari, baina zigorra jaso zutenez, ehunenengatik bizkaitarrak aurretik geratu ziren. «Bigarren igandean bagenekien urte guztian egindakoa eginez gero, gurea izango zela Kontxako bandera. Hala ere, kanpotik hainbeste gauza entzuten dituzu… Zierbena hortxe zegoela, baita Bermeo ere… Azkenean, guk irabazi genuen».
Oriok, historiarako marka
Denboraldi honetan estropada asko irabazi dituzte Sanchezek eta Tapiak. «Batzuk urte asko egoten dira irabazi ezinik, eta niri orain tokatu zait bizitzea. Baina Anek [Sanchezek] esan zuen bezala, azkena balitz bezala disfrutatu behar da. Gaztea naizenez, ematen du gehiago irabaziko ditudala, eta aurten bandera asko irabazi ditugunez, ematen du erraza dela, baina oso zaila da», hausnartu du Asteasuko arraunlariak. Oriorekin hamasei estropada irabazteaz gain, historiarako marka ere utzi dute, sasoi bakarrean Urdaibaik zituen bandera kopurua gaindituta. Eusko Label ligan jokoan zeuden hogei banderetatik hamasei eskuratu dituzte oriotarrek, eta aurrerantzean, hori izango da gainditu beharreko marka. «Bermeoren marka hausten asko kostatu zaigu, eta guk langa gorago jarri dugu. Gure marka gainditzea zaila izango da, eta historian geratuko gara».
«Sekulako denboraldia izan da», Tapiaren hitzetan. Taldeko arraunlari guztiek jokatzeko aukera izan dute, ordezko patroiak izan ezik. «Beste taldetan titular izango ziren arraunlariak, uste dut hemen kanpoan geratu direla. Iker Zabala entrenatzailea bizkorra izan da talde handia hartzen, eta txandaketak egiten. Maila oneko jendea egon da traineruan, batzuk gutxiago edo gehiago jokatu arren».
Bandera astindu ez dutenean, bigarren edo hirugarren postua eskuratu dute. Horren inguruan, Lekeition gertatutako anekdota bat kontatu du Tapiak: «Gogoan dut Hondarribiko arraunlariek Zierbenaren garaipena ospatu zutela. [Oriok bigarren egin zuen]». «Bai, ni ere han nengoen. Txundituta geratu nintzen. Jendea nazkatu egiten da beti talde batek irabazten duenean», gehitu du Sanchezek, eta Tapiak baieztatu buruarekin. «Jendeak esaten du geroz eta maila baxuagoa dagoela arraunean, eta beharbada sailkapenaren behekaldean ibiltzen diren traineruak bai, baina aurreko ontzietan uste dut maila badagoela. Kontxako lehen jardunaldian egin ziren denborak begiratzea besterik ez dago. Errekorretik gertu izan ginen», hausnartu du Asteasuako arraunlariak.
Anoetarrak, berriz, Arraun Lagunak-ekin ligan jokatutako hamasei estropadetatik hamabi irabazi ditu. Atzera begira jarri da Sanchez, eta adierazi du «atzean lan handia» dagoela: «Bakoitzak motxila bat darama gainean. Momentu txar asko pasatu ditugu urte guzti hauetan zehar, eta hori talde berdinarekin izatea, zerbait berezia da». Joan den denboraldian Arraun Lagunak-ek jokoan zeuden bandera guztiak astindu zituen arren, Anoetako arraunlariak aurten iaz baino gehiago gozatu du. Honekin geratzen da Sanchez: momentu txarretatik taldea nola atera den. «Orion sekulako kolpea jaso genuen, ia minutu erdia atera ziguten. Gero, Castroko estropada polemikoa izan zen, eta Donostiako estropadan hamar segundotik gora atera zizkiguten. Momentu horiek eragingarri izan dira, indar bikoitza ateratzeko. Gauza horiekin geratzen naiz, nola taldeak bat egin duen egoera txarretatik ateratzeko».
Kanpoko presioa, irabazleentzat etsai
Sanchezen esanetan, denbora asko daramate banderak irabazten, eta kanpotik presioa sentitu dute: «Ematen du lau bandera irabazi ez ditugulako denboraldi kaskarra egin dugula. Tolosaldeak, berriz, bi irabazi ditu, eta sekulako denboraldia egin du. Hori nola ulertzen da?». Arraunlariaren ustez, taldeak «sekulako» denboraldia egiteaz gain, galdu duenean ere «kudeaketa ona» egin du. Aldi berean, Orioko arraunlariak hizpide izan du irabazleari jartzen zaion presioa. Haren ustez, hori da talde batentzat «zailena»: «Asko irabazi duten arraunlariak etorri dira taldera, eskarmentua dutenak, eta uste dut ondo etorri zaigula presioa kudeatzen laguntzeko. Galdu dugunean ez dela ezer gertatzen esateko, lanean jarraitu behar dela, eta hurrengo estropada irabaztera joan. Alde horretatik, Ikerrek [Zabala] asko erakutsi digu».
Oriotarrek Donostiako estropadan jaso zuten ligako lehen kolpea, eta ziurrenik denboraldiko gogorrena eta bakarra. Estropadan hirugarren egin zuten arren, Donostiarrak minutu erdiko aldea atera zien. Asteasuko arraunlariak adierazi du Donostian «sekulako kolpea» hartu zutela: «Ziabogan buelta eman eta Donostiarra beste puntan zegoen. Horrelako momentu batean haserretu egiten zara, baina alferrik da. Taldeak egin behar duena da bat egin, eta aurrera segi».
Oriok Donostian kolpe galanta hartu zuen bezala, Arraun Lagunak-entzat Orioko estropada denboraldiko inflexio puntua izan zen. Egun hartan liderraren maillota galdu zuten, denbora luzez erantzi gabe egon ostean. Sanchezen hitzetan, baina, gehiago zen «jendeak esan zuenagatik»: «Itsasoan ez ginela ibiltzen, alegia. Egia da uztailean irregularragoak izan ginela. Neguan trainerua ez genuen asko uretaratu, eta oraindik multzoa landu gabe zegoen. Abuztuan, aldiz, ez dugu apenas hutsik egin».
Ondoren, Castron gertatutakoaren iritzia eman du. Estropada horretan Arraun Lagunak eta Tolosaldea helmugara heltzen ari zirela, Lugañene-k Zerkausia ontziaren kalea hartu zuen. Hiru segundoko zigorra jarri zioten Donostiako ontziari, baina Tolosaldeak estropada inpugnatu zuen, enbarazu egin ziola iritzita. Estropada hura Arraun Lagunak-ek irabazi zuen. Sanchezen hitzetan, esan ziren gauzak «itsusiak» izan ziren: «Propio edo txarrera egin izan bagenu bezala, eta ez zen horrela izan. Gainera, guretzat okerragoa zen. Tolosaldeak gure popa ukitu izan balu, deskalifikatuta geratuko ginatekeen. Liga jarriko genukeen arriskuan. Ez genuen asmo txarrarekin egin».
Tolosaldea, uste baino apalago
Tolosaldea hizpide hartuta, Sanchezek uste zuen Zerkausia ontzia haiengandik gertuago egongo zela liga osoan zehar: «Txapelketetan ikusi zen Tolosaldea gure paretik zebilela, eta bazirudien ligan lehia bizia izango genuela. Beharbada, Orio baztertu genuen bizkorregi. Uztailean oriotarrekin izan genuen borroka, eta abuztuan tolosarrekin. Tolosaldeako fitxaketei oihartzun handia eman zitzaien, eta esan zen liga irabazteko hautagai sendoa zirela. Eta gure taldeaz, aldiz, esan zen zenbait arraunlari garrantzitsuk utzi zutela taldea, eta gainbeheran geundela. Eta ez da horrela izan».
Bide beretik, Tapiaren ustetan, eskualdeko traineruak «inoizko denboraldi onena» egin duen arren, liga irabazteko «erregularragoa» izan behar da. «Ondo ikusi ditut, batez ere itsaso txarrean. Donostian oso estropada ona egin zuten. Euskadiko Txapelketa irabazi zutenean, ikusten zen ligarako ezin zirela baztertu, baina gero bukaeran urrutiago geratu dira».
Datorren denboraldiari begira, Sanchezek eta Tapiak adierazi dute talde berean jarraituko dutela, eta multzoan ez dutela aparteko aldaketarik aurreikusten. Taldearen bizkarrezurra mantenduko dutela, alegia. Sanchezek badu beste erronka bat datorren denboraldirako. «Gehien irabazi duen taldea berdindu nahiko genuke. San Juanek bost liga eta bost Kontxa irabazi zituen. Horren bila joango gara».