Euskal Herriko herritarren %13 bakarrik aritzen da nagusiki euskaraz. Asaldatzeko moduko datua da, are gehiago Tolosaldean, non euskaraz hitz egiten den nagusiki. Garikoitz Goikoetxea (Elduain, 1989) euskara teknikariak, eta Iñaki Iurrebaso soziolinguistak ondu duten Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuan hainbat gako ematen dituzte euskararen egoeraz jabetzeko. Goikoetxearen hitzetan, gauza berriak egiten hasteko «premia handia» da, orain arte egindakoa egiten jarraituz gero, atzera hasteko «arrisku handia» baitago. Arnasguneen galera mahai gainean dago.
Liburuak badu lerroburu motz bat, baina luzexeagoa eman beharko bazenio, zein izango litzateke?
Nik bi ideia emango nituzke. Batetik, orain arte egindakoarekin ez dugula aurrera jarraituko. Orain arte egindakoa egiten jarraitzen baldin badugu, atzeraka hasteko arrisku handia daukagu. Eta, beraz, gauza berriak egiten hasteko premia handia daukagu.
Euskal Herriko datuak beldurgarriak dira, are gehiago gure eskualdearentzat. Herritarren % 13 bakarrik aritzen da nagusiki euskaraz. Ez dakit oasi batean bizi ote garen.
Ez dakit oasia den hitza, baina egia da Euskal Herriko batez besteko egoera baino dezente hobea dela gurea, gaitasunari, erabilerari, eta atxikimenduari dagokionez. Baita, familia transmisioan ere. Euskal Herrian arnasguneak ia salbuespenak dira, eta gure eskualdean, zorionez, arnasgune asko dauzkagu, nahiz eta hutsune handiak dituzten. Alde horretatik, nabarmena da Euskal Herriko argazkia eta gure eskualdekoa nahiko desberdinak direla. Baina, uste dut, gure eskualdearen ikuspegitik ere, komeni zaigula soilik gure zilborrari begiratu ordez, ingurura begiratu eta Euskal Herrian euskararen egoera zein den ohartzea. Akaso batek esango du egoera oso txarra dela. Egia da, adierazle batzuen arabera, gure osasun egoera zerotik gertuago dagoela 100etik baino. Baina, aldi berean, indargune batzuk badauzkagu, eta hizkuntza gutxituetan ez dira ohikoak izaten indargune horiek. Esate baterako, atxikimendua nabarmen gure indargune handietako bat da. Askotan ahazten zaigun arren, familia transmisioa ere gure indargune handietako bat da. Gaur egun guraso multzo esanguratsua dago, bere garaian etxean euskara jaso ez zuena, eskolan euskara ikasi zuena, eta gaur egun bere seme-alabei etxean euskara ematen ari dena. Uste dut, indargune hori ere baloratu egin behar dela. Ez gaude ondo, baina, aldi berean baditugu aurrera egiteko indargune batzuk, eta nabarmena da, iristen ari garela fase batera, non garai aldaketa bat datorren, eta derrigorrez gauza berriak egiten hasi behar dugun.
Liburua hainbat zatitan dago banatuta. Lehenengoan gaitasuna, erabilera eta atxikimendua bereizten dituzue. Orain arte erabileran jarri da arreta, baina azkenean, Iurrebasoren tesiarekin bat eginez, erabilera ez da hain txarra, baizik eta gaitasuna.
Azken hamarkadetan erabilerarena nabarmendu izan dugu beti. Alde batetik, ezagutzan ondo goaz, gero eta jende gehiagok daki euskaraz, baina euskararen erabilera ez da handitzen ari. Erabilerarekin arazo bat daukagu, eta hori lotzen dugu atxikimenduarekin, alegia, jendeak ez du euskaraz egin nahi. Egindako gure azterketatik ateratzen den ondorioa, ordea, kontrakoa da. Batetik, gaitasunari dagokionez sekulako hutsunea daukagu. Hala ere, txalotzekoa da euskaraz gero eta jende gehiagok dakiela eta ulertzen duela. Hor ezinbesteko lana egiten ari dira, bai ikastetxeak, bai eta helduen euskalduntzean eta alfabetatzean. Baina, gaitasunari begiratzen baldin badiogu, eta bereziki gaitasun erlatiboari, kontuan izan behar dugu ia euskaldun ele bakarrik ez dela gelditzen, eta guztiok dakigula euskaraz ez ezik gaztelaniaz edo frantsesez, edo beste hizkuntza batean. Ondorioz, hitz egiten dugun hizkuntza horietako bakoitzean nola moldatzen garen begiratu behar dugu.
Liburuan pare bat aldiz aipatzen dugu Gotzon Garateren metafora. Eskuinez erosoago jotzen duen pilotaria saiatuko da ahal duenean eskuinez jotzen, eta ezkerrez joko du komeni zaionean, edo beste erremediorik ez duenean. Hiztunekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigu. Euskaraz erosoen egiten duten herritarrak % 8 dira Euskal Herrian, eta azken 30 urteetan, nahiz eta euskaraz dakien jende gehiago izan, % 8ko proportzio hori ez da handitu. Beraz, hor gaitasunean hutsune garrantzitsua daukagu. Hori kontuan izanda, erabileraren datuak, gure ustez, ezin ditugu porrot bezala hartu. Egin ditugun kalkuluen arabera, une honetan euskararen erabilera ez da % 20tik pasatzen. Beraz, kale neurketan % 13koa bada datua eta % 17 datu aitortuetan, askoz gertuago gaude erabilera maximo posibletik, erabilera minimo posibletik baino. Alde horretatik, datua ez genuke txartzat hartu beharko. Eta erabilera hori esplikatzeko, atxikimendua ezinbestean kontuan hartu behar da. Atxikimendua da hori ekartzen duena. Erabileraren datuak argi adierazten diguna da badagoela euskaldunen kopuru esanguratsu bat, eta egin ditugun hurbilketen arabera, eguneroko euskarazko jardunaren % 40aren bueltan izan daiteke, nolabait, korrontearen kontra euskaraz egiten duena. Alegia, eskuinez jotzeko gaitasun handiagoa izan, eta ezkerrez jotzeko hautua egiten duena. Hori atxikimendurik gabe, ezin da esplikatu.
Erdalduntze goiztiarra kontzeptua txertatzen duzue liburuan. Etxean eta eskolan euskara jaso, baina kalean erdaldundu egiten diren haurrak. Gure eskualdean ere hori gertatzen ari al da?
Esango nuke fenomeno hori, ez beharbada beste leku batzuetan adinako indarrarekin, baina bere neurrian eskualdean ere gertatu daitekeela. Hizkuntza-bilakaerari dagokionez, sokatira bat bezala irudikatu behar dugu. Alde batetik, eskola eta familia egongo lirateke, nolabait euskalduntzearen alde egiten dutenak. Eskualdearen kasuan, herri gehienetan kaleko testuingurua ere euskararen aldekoa da, baina hor badago laugarren faktore bat, indar handiarekin eragiten ari dena, batez ere belaunaldi berrietan, pantailak. Ikus-entzunezkoei dagokienez, eragin bat badago, eta inguruan ume txikiak dauzkagunok nabarmen ikusten dugu joera hori. Alegia, pantailek zenbaterainoko eragina duten, ez bakarrik umeen gaitasunean, baita lagun arteko hizkeran eta hizkuntzan ere.
Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten du. Horixe beste ondorioetako bat. Tolosaldeko zenbait herri arnasguneak izanda ere, hori gertatzen al da?
Euskal Herriko egoera orokorra eskailera mekaniko batzuekin irudikatuko dugu. Euskaraz bizi nahi izatea da kontrako norabidean datorren eskailera mekaniko baten kontra egin nahi izatea. Eskualdeko herri gehienetan, oraindik, eskailera mekanikoa euskaldunen aldekoa da, kalean gehien entzuten den hizkuntza euskara delako. Orain, eskualdean esango nuke, alde batetik, arnasguneen galera mahai gainean jarri behar dela, eta bestetik, eskualdeko herri nagusiak ez direla arnasguneak. Tolosa, Villabona eta Ibarra. Hor ere, eskailera mekaniko bat badago, ez beharbada erabat kontrako norabidean datorrena, baina, ezta ere, abiada bizian eramaten gaituena. Eskualdearen konfigurazioaren osaeraren ikuspegitik, arnasguneak diren herri txikietan bizi diren herritar askok eguneroko bizitzaren zati handi bat egiten du arnasgunea ez den testuinguruetan. Batzuek Tolosan, zorionez, eta beste askok gure eskualdetik kanpo, lantokia, familia edo kuadrilla han dutelako. Uste dut hori gero eta ohikoagoa den fenomeno bat dela, eta ez genituzkeela arnasguneak ikusi beharko isolatuta dauden eremu edo oasi bat bezala. Arnasguneak ez dira isolatutako eremuak, baizik eta hango bizilagunek, arnasguneetatik kanpo ere, badute eguneroko bizitzan parte handi bat.
Orain arte familia transmisioa ona izan da, baina orain galera bat dator. Zerk baldintzatuta?
Badaude gero eta familia gehiago, gurasoek euskara bigarren hizkuntza dutena, hau da, erdaraz hobeto moldatzen dira, baina, hala ere, umeekin euskaraz egiten dute. Bikotekidearekin erdaraz egin eta umearekin euskaraz egiteko ohitura txartzat hartu izan dugu. Baina, horri balioa eman behar zaio, etorkizunera begira abiapuntu bat ematen digulako. Hala ere, hor hutsune batzuk agerikoak dira. Tolosako datuak hartzen baldin baditugu, nabarmena da etxean euskara jasotzen duten ume gero eta gutxiago daudela. Hori lotua dago nabarmen gure bilakaera demografikoarekin, gure jaiotzen testuinguruarekin, eta guraso berrien jatorriarekin. Etorkizunera begira, erronka handia dugu gure etxeko hizkuntzak nola kudeatu.
Aldaketa demografikoek dagoeneko eragina dute eskualdean.
Ezin dugu soilik kanpoko herrialdeetatik datozen herritarretan zentratu. Barne-migrazioak zentzu berezia du gure eskualdean. Arnasguneek azken hamarkadetan izan duten gainbehera horretan, gure eskualdean nabarmena da askoz ere pisu handiagoa izan dutela barne-migrazioek, alegia, beste eskualde eta udalerri batzuetatik eskualdera bizitzera etorritako herritarren aldaketa horrek. Eskualde barneko mugimendu batzuek ere eragina izan dute. Alegia, Tolosatik beste herri txiki batzuetara egon den biztanleen mugimendu horrek. Eta noski, jatorri atzerritarreko herritarren migrazioak ere eragina du, besteak beste, bolumenagatik. Erronka hauxe da: etxetik euskara jasotzen duten gero eta ume gutxiago baldin badaude eskualdeko ikastetxeetan, herri ikuspegi batetik, edota eskualde ikuspegi batetik, nola heldu behar diogun horri.
Euskal Herriko herritarren % 5 bizi da arnasgune batean. Tolosaldea da hirugarren eskualde euskaldunena. Gure eskualdea altxorra al da?
Altxorra hitza ez dakit erabili behar den, ez naiz ni erromantizismoaren aldekoa, baina gure liburuan hauxe garbi azaldu dugu: arnasguneen ezinbestekotasuna ikuspegi kualitatibotik. Euskarak nekez egingo du aurrera, inon ez baldin badauka nagusitasunik. Eta kuantitatiboki ere behar ditugu arnasguneak eta eremu euskaldunak. Arnasguneei UEMAn sartzeko baldintzak betetzen dituzten herriak eransten badizkiogu, Euskal Herriko biztanleriaren %11 dira, eta egunero erabiltzen den euskararen % 51 udalerri horietan egiten da. Eremu horren gainbeherari ez bazaio frenorik jartzen, nabarmen euskararen erabilera orokorrean eragin handia izango du.
Etorkizunera begira, eskualdearen aurreikuspena zein da? Erdaldundu egingo al da?
Eskualdeko datuak hartzen baditugu, nabarmena da azken hamarkadetan etxeko erabileran aurrerapen esanguratsurik ez dugula egin, nabarmena da euskara lehen hizkuntza duten herritarren kopurua ez dela handitzen ari, batez ere belaunaldi berrietan. Eta hirugarrenik, eskualde mailan ez dugu gaitasun-erlatiboaren buruzko daturik, baina ikusita etxeko erabileraren eta lehen hizkuntzaren joera zein den, pentsatu dezakegu euskaraz erosoago egiten duten herritarren ehunekoa ez dela handitzen ari, baizik eta gutxitzen ari dela. Kaleko erabilerari begiratzen badiogu, egia da Tolosak azkeneko hamarkadetan oso bilakaera positiboa izan duela, % 50eko muga horretan gabiltza, baina egia da, aldi berean, eskualdeko beste herri batzuek, galera oso handia izan dutela.
Egoera arrosaren kontzeptua aipatzen da. Arnasguneetan bizi diren pertsonak ez dira kontziente galeraz, eta pentsatzen dute beste eremu batzuetan baino indartsuago dagoela euskara. Eskualdean hori gertatzen al zaigu?
Uste dut eskualdean sektore batzuetan oso zabalduta dagoela. Gure burua konparatzen baldin badugu Donostiarekin, Tuterarekin edo Bilborekin, noski, askoz hobeto gaude. Konparazio hori ez dugu egin behar soilik gure burua lasaitzeko, baizik eta ikusi behar dugu, horrek eskualde bezala gure gain zer ardura jartzen duen. Gure eskualdean euskara normalizaziotik gertuago baldin badago inon egotekotan, horrek erantzukizun bat hartzen du gure gainean: beste eskualdeentzat bide-erakusle izatea. Bestetik, egoera arrosa irudikatze horrek, ekarri dezake nolabait pentsatzea ez dagoela ezer bereziren beharrik. Azken urteetan eskualdean lanketa bereziak egin dira, Galtzaundirekin, udalen eta UEMArekin elkarlanean. Egin diren lan horiek erakusten dute eskualdeko bilakaera nolakoa den. Azken hamar urteetan kaleko erabileraren neurketak eta erroldaren azterketak egin dira, eta horrek erakutsi digu eskualdean ere dena ez dela kolore arrosekoa. Sektore batzuetan balio izan digu herritarren kontzientzian eragiten hasteko, eta nolabait beste inguru batzuetan baino hobeto gaudenaren ideia horri buelta ematen hasteko. Begiak irekitzea lehen pausoa da, eta orain bigarrena ematea falta zaigu: elkarrekin neurriak adostea eta benetan hizkuntza-politika bat martxan jartzea. Eskualdetik bakarrik egin daiteke hori? Ez, baina, eskualdean ere egin daiteke.