«Europan podiumean egon diren segalariak erreferenteak dira, eta ni orain hor nago»

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2025eko irailaren 11

Alaitz Imaz segalaria.

Abuztuan Alemanian jokatu den Europako Sega Txapelketan bigarren egin zuen hernialdetarrak. Euskal selekzioarekin lehiatu zen eta lortutakoa sinetsi ezinda dago.

Hernialdeko plaza baino dezente beherago bizi da Alaitz Imaz (Hernialde, 1994). Aita Galardi baserrikoa du, eta ama Maiotzekoa. Bizi den inguruak eragin handia izan du Imaz segan hasteko, baita familiak ere. Haren aitona sega-jartzailea zen. Segaren harra umetatik izan du, nahiz eta 17 urterekin hasi zen. Ordutik, sei aldiz joan da Europako Sega Txapelketara, eta behin parte hartu ahal izan du Euskal Herriko Sega Txapelketan. Izan ere, ezintasunak dituzte txapelketa hori antolatzeko.

Nola hasi zinen segan? 

Aitona sega-jartzailea zen, eta Hernialdeko baserritarrak joaten zitzaizkion sega jartzera. Inguruko herrietako batzuk ere bazituen harengana joaten zirenak. Hari ez nion inoiz esango sega gustatzen zitzaidala, baina osabari esan nion segan ikasi nahi nuela, baina inoiz ez zidan kasu handirik egin. Aurrerago, jakin nuen Joxe Gabirondo sega erakusten aritzen zela Ibarrako neska batzuei, tartean Ainara Otamendiri, eta Igaro Balda Hernialdeko alkatea zenak esan zidan probatzera joateko, gustatuko zitzaidala. Bakarrik joatea lotsa ematen zidanez, herriko lagun batek lagundu zidan. 17 urterekin biok batera joan ginen, gaur arte.

Zerk eman zizun arreta gehien?

Uste dut arreta lehenagotik zetorrela. Aurretik hasi nintzen esaten segan ikasi nahi nuela, eta ez dakit oso ondo zer zen arreta ematen zidana. Posturak beharbada, baita segak ebakitzean ateratzen duen hotsak ere. Gainera, zerbait praktikoa da. Animaliak baldin badituzu, horiei belarra emateko… Gure aitona halaxe aritzen zen. Ez zela alperrik egiten zuen gauza bat, bere funtzioa zuela, alegia. Orain, aldiz, aldrebes da. Belazeak-eta garbitzeko, behor batzuk ekarri nituen, eta horiek aprobetxatzen ditut nik belarra ebakitzeko. Ebakitako belar horrekin zer egingo dut bestela? Behorrei eman. Ez dute behar, beraiek jango luketelako, baina bestela belarra ebakitzen duzu, eta horrekin zereginik ez duzu. Behorrak ditut segan aritu ahal izateko.

17 urterekin hasi zinen segan. 

Bai, Joxek [Gabirondo] ez zidan utzi txapelketan ateratzen. Ibarrako neska haiek aurreneko aldiz txapelketara zihoazen, eta niri esan zidan ezetz, oraindik hasiberria nintzela eta abar. Orduan, gainera, bere segarekin aritzen ginen. Nire aitona etxean bizi zen, eta aitonarekin aritzen nintzen pixka bat, eta horrek bidea eman zidan etxean aitonarekin segan hasteko, eta gauzak galdetzeko. 18 urterekin txapelketan parte hartu nuen, eta nahiko ondo atera zitzaizkidan saio batzuk. Uste dut hiru saiotatik azkenekoan edo bigarren egin nuela, eta etxean serioago hartu ninduten. Sega pare bat erosi genituen.

Non erosten dira segak? Materiala muntatu behar al da?

Metala erosten da, eta batzuek etxean egiten dituzte egurrezko kirtenak. Beste batzuek, aldiz, kirtenak ere erosi egiten dituzte. Guk sega meheak Austriatik erosten ditugu. Lehen Legazpin Bellota fabrikan erosten genituen, baina hori itxi zuten, eta jada euskal segarik ez dago. Oraindik badaude euskal segak, ez direlako hala moduz izorratzen, baina oso kotizatuta daude. Txapelketako sega ere ez duzu entrenatzeko erabiltzen, ez gastatuko delako, koska txiki bat egingo diozulako baizik. Ezin hobe egon behar du segak, batere koskarik gabe. Bi sega berdin ez daude.

Bigarren geratu zara Europako Txapelketan. Ezustekoa izan al da?

19 urterekin lehenengo Europako Txapelketara joan nintzen. Italia iparraldean izan zen, eta hamabosgarren edo egin nuen. Hurrena Euskal Herrian jokatu genuen, Azpeitian. Horretarako, Joxe Gabirondo ni prestatzen saiatu zen eginahalean, eta hor hamargarren egin nuen. Horrekin oso pozik geratu nintzen. Gero, Suitzan eta Austrian jokatu genituen, eta horietan berriro ere atzerago sailkatu nintzen. Orain dela bi urteko Europako Txapelketan, orduan aita bizi zela, biok aritu ginen sega prestatzen, propio, Eslovenian jokatuko zen txapelketan ateratzeko. Orain dela lau urtetik, nik pikatutako eta arraiztutako sega eramaten dut. Nire kapritxoa da. Esloveniara horrela eraman nuen, eta zazpigarren egin nuen. Sekulakoa izan zen. Eta aurtengoa… ezin dut sinetsi. Parte hartu dudan Europako Txapelketetan, ikusi ditut lehiatzen diren segalariak, eta podiumetara igotzen direnak errepikatu egiten dira. Niretzat erreferenteak izan dira segan, eta orain ni hor egotea… Ezin dut sinetsi.

Euskal Herriko modalitatearekin alderatuta, Europan egiten duzuena motzagoa da, ezta?

Bai, Europan 35 metro koadroko sail bat jartzen dizute, eta zuk ahalik eta azkarren moztu behar duzu, baita ahalik eta txukunen ere. Epaileek denbora hartzen dute, eta gero atzetik joaten dira, ikusteko nola moztu duzun. Azkartasuna eta txukuntasuna hartzen dute kontuan. Gutxi gorabehera minutu bateko lana da, nahiz eta belarraren arabera aldatu daitekeen. Hain lan motza izanda, momentu horretan dena ezin hobe egin behar duzu. Europan kolpe guztiak onak izan behar dute. Presioa sentitzen duzu, azkar egin behar duzun horrekin, buruak engainatu egiten zaitu, eta azkar egitera joaten zara, eta txukuntasunak gero, beste hainbesteko garrantzia dauka. Zaila izaten da kontrolatzea; jendeak animatzen zaitu, eta nahigabe ere, azkartu egiten duzu erritmoa.

Etxera bueltatu zinenean, jendeak bazekien bigarren egin zenuela?

Bai, oraingo honetan, ETBk jarraipena egin zuen. Han nengoela, jende pila batek hots egin zidan, idatzi zidan, ikusi zuela eta abar. Ondoren, hona etorrita, festak ziren herrian. Jendea oso pozik zegoen, eta asko gerturatu zitzaizkidan zoriontzera [barrez].

Euskal Herrian kilotako modalitatea egiten da. Aspaldian ez zarete lehian ibili, ezta?

Hemengo modalitatean helburua da denbora tarte batean, ahalik eta belar gehien ebakitzea. Gero, hori bildu eta pisatu egiten da. Kilo gehien ebakitzen duenak irabazten du. Emakumezkoetan oso gutxitan egin izan da. 18 urte nituenean, jokatu zuten Euskal Herrikoa Alazne Etxaburuak, Arrate Garinek eta Igaro Baldak. Handik pare bat urtera, berriz, Irati Astondoak eta Alazne Etxaburuak elkarren kontra jokatu zuten hiru bat urtean, eta gero geldirik egon zen berriro. 24 urte nituenean, nik aurrenekoz egiteko aukera izan nuen, beste bi segalarirekin batera. Behin bakarrik parte hartu dut Euskal Herriko Sega Txapelketan. Gizonezkoetan urtero egin da, baina aurten haiek ere ez dute egin.

40 bat segalari zaudete Euskal Herrian. Zergatik ez dira txapelketak egiten?

Almitza Sega Elkarteak, adibidez, urtero Euskal Herriko bakarkako sega liga antolatzen du. Europako Txapelketa eta Euskal Herrikoa urte berean egokitzen direnean, sega ligak balio du Europarako sailkatzeko. Antolatzeak lan handia dakar: belazeak bilatu, prestatu, kontu administratibo guztiak…

Zer egin behar da sega hauspotzeko?

Oso zaila da, baina egin behar den zerbait da Joxe Gabilondok Gaztelun egiten duena. Gazteluko ume guztiak sega eskolara joaten dira. Kuadrilla polita dago, 20 bat lagunekoa. Astebururo segan aritzen dira. Hori ere lana da, segak aldiro prestatu behar dituzu, aldiro pikatu, sega mordoxka bat behar duzu umeei erakusteko, belazea behar duzu… Behin ebakitako belarrak, berriz ere hazteko denbora behar du. Toki batean gutxiago arituz egin dezakezu, edo toki gehiago izan. Ez da beste kirol bat bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!