Oriora edo Tolosara joateko denbora bertsua behar du Adur Tapia (Asteasu, 2004) Orioko arraunlariak, Asteasuren goikaldean bizi baita, Andatzarratetik gertu. Arraunean, baina, Tolosan hasi zen, 14 urterekin. Ondoren, Zarautzera joan zen aulki mugikorra probatu nahi zuelako eta handik Tolosara bueltatu zen, eta gazte mailako lehen urtean Oriora joan zen. Gazte mailako bigarren urtean Orioko B traineruan aritu zen eta zuzenean igo ziren KAE 1 ligara. Anjel Larrañaga tolosarra zuen entrenatzaile. Orduan iritsi zen gorengo trainerura salto egiteko aukera.
Umetan arrauna jarraitzen al zenuen?
Arrauna beti izan da udako kirola, baina nik ez nuen asko jarraitzen. Aitaren lagunekin igande arratsaldeetan askotan joaten ginen Oriora bandera irabazten zutenean. Hemen ere jende asko baitago Oriokoa. Gero, 2017an Oriok Kontxa irabazi zuenean gogoan dut nola joan ginen Oriora, nola sartu ziren arraunlariak plazara txu-txu trenean, Gorka [Aranberri, patroia] banderarekin, eta atzean Aldape [Ibon Arruti, arraunlaria] ere bai, oraindik taldean jarraitzen duena… Irudi hori dut grabatuta, harrera hori. Baita 2019an Oriok liga irabazi zuenekoa ere.
Orioko B traineruan zeundenean, lehenengorako saltoa urruti ikusten al zenuen?
Neguan zehar ia beti batera joaten gara entrenatzera, eta proba guztiak elkarrekin egiten ditugu. Arraunlari onenen probak hartzen nituen erreferentzia moduan, eta pixka bat hori egitera joaten zara. Badakizu hor egoteko gutxi gorabehera zein muga gainditu behar dituzun. Hasieran, oso urruti ikusten duzu, baina gero proba horiek pasata, non zauden ikusten duzu. Nire kasuan, hasieratik probak ondo joan ziren, eta alde horretatik, ondo joan zen.
Joan den urtean lehenengo aldiz gorengo mailan egin zenuen arraun. Zer moduz joan zen?
Hasieran dena desberdina da. TKE [Traineru Kluben Elkartea] gorengo liga da, beste presio bat dago… Baina taldeko jendeak oso ondo hartu nau, eta alde horretatik, erakutsi bakarrik ez didate egin nola doazen gauzak. Orion beti esaten da bigarren egitea galtzea dela. Ez bada irabazten, ez duela balio. Hala ere, joan den urtean jendeak asko animatu gintuen, eta urte txukuna egin genuen. Eta Kontxarako hamabost bat egun geratzen direnean, jendeak gehiago animatzen du, eta sekulakoa da hori. Ezin da azaldu. Kontxara joaten zarenean, batez ere kolore horia ikusten duzu.
Tolosaldean dagoen arraunarekiko zaletasuna ezin da Oriorekin parekatu. Zer egin eskualdeko jendea arraunarekin zaletzeko?
Zaila da. Eskualdeko traineruarekin errazagoa izan daiteke. Trainerua baldin badago, jendea gehiago animatzen da, eta gero herrikoren bat arraunean baldin badaukazu, gehiago jarraitzen duzu. Hemendik ere jendea etortzen da animatzera, lagunak eta abar. Asteasun orain ez dago neska arraunlaririk, lehen Izaskun [Sarasola] egon zen. Orioko zale amorratu asko dago eskualdean. Ni orain konturatzen ari naiz, baina herrian jende askok jarraitzen du arrauna, batez ere udan. Ordutegia ere poteokoa da, eta erraz ikusten den kirola da. Asteasun jendeak badaki ni Orion nabilela.
Tolosaldean ez dago gizonezkoen trainerurik; arraunlariak, ordea, atera zarete hemendik.
Bai, Toledo, Lopez, Ormazabal, Rekondo, Iruin… Badaude, baina azkenean bakoitzak bere bidea hartu du. Orain, adibidez, niretzat polita da ikustea Tolosako bost bat mutil etorri direla Oriora, ni ere hor hasi bainintzen arraunean. Baina gero jende asko behar da, eta segida ere bai. Ez da urte bat atera eta… Polita izango litzatekeela? Noski, baina nik urruti samar ikusten dut. Sekula ez dut entzun trainerua aterako dela ere. Neskena gehiago entzun izan da mutilena baino, lehen ere Tolosa-Getariarekin ibili ziren eta…
Neskak aipatu dituzula, nola ikusten dituzu?
Ondo, geroz eta hobeto. Gogoratzen naiz ni hor nengoela, 2018an atera zutela trainerua. Gogoan dut garai haietan nire entrenatzailea Mireia Vicente izan zela, eta Ane Sanchez, orain Arraun Lagunak-en dagoena, handik zebilen ere bai. Haiek hasi ziren, eta azkenean pixkana eboluzio bat izan da. Atzetik etorritako jende asko dago orain traineruan. Nerea Perez bezalako patroi bat, esperientzia handia duena, eta bertakoa… Lehiaketari begira, beharbada Arraun Lagunak indartsuago dago, baina itsaso txarrean Tolosaldeak erakutsi du oso ondo ibiltzen dela. Aurten aurreneko bi banderak astindu dituzte: Euskadiko Txapelketa, eta Donostiako bandera. Gehiago ere lortuko dituzte.
Oriora bueltatuta, iaz laugarren egin zenuten. Ikusita hasieran zein aurreikuspen zeuden, postu ona izango zen zuentzat, ezta?
Bai, hasieran denetarik entzun genuen. Jaitsi egingo ginela… Jendea oso ezkor zegoen. Baina, guk baikorki hartu genuen denboraldia. Eta jende ona ere bagenuen. Kanpotik etorrita utzita zegoen jendea etorri zen. Adibidez, Joseba Aristi. Zumaian ibilitakoa da, eta Ondarroatik etorri zen. Ez zen sekula aritu Orio edo Hondarribia bezalako traineru batean. Esperientzia handiko jendea zegoen, eta behin multzoa eginda, horrek ere izan zuen zerikusia trainerua azkar joatean. Horrez gain, Arostegik ere uste dut ondo asmatu zuela taldearekin.
Aurten, foku guztiak Orion zeuden jarriak, Arostegi entrenatzailearen ordez, Iker Zabala etorri zenean Urdaibaitik. Zuek nola bizitu duzue hori?
Arostegi bota baino gehiago, esan zuten Iker etorriko zela, eta Arostegi klubean mantendu nahi zuten, niri esan didatenaren arabera, behintzat. Gero, egoera zaila izan da, berak sentitu baitu klubak bota egin duela. Herrian sekulako harrabotsa sortu da: Ikerrek kluba puskatuko zuela… Eta Ikerrek horrelakorik ez du egin. Harrobiarekin lan handia egin du. Adibidez, patroi gaztearekin ordu pila bat sartzen ari da. Uste dut ez dela izan jendeak espero zuena bezalakoa. Jendeak uste zuen fitxaketak ekarrita egingo zuela dena, eta azkenean uste dut ez duela horrela egin. Pixkana-pixkana erakutsi du lanerako etorri dela, eta ez duela Orion bi urte egon eta gero dena pikutara bidaliko. Uste dut hori demostratzen ari dela.
Zer nabarmenduko zenuke Iker Zabalaz?
Uste dut oso exijentea dela, oso langilea ere bai. Hura klubean dago. Lanetik ateratzen da, eta klubean pasatzen du arratsalde osoa. Ikusten ari da batek nola egiten duen lan, gazte mailakoak nola ari diren ergometroan… Denera dago. Langilea dela esango nuke, eta denbora guztian gainean dagoen pertsona da.
Gorka Aranberri patroia ere taldekide duzu.
Bai, arrauna ikusten hasi nintzenetik, Gorka hor egon da. Gainera, lehengusu bat dugu komunean. Bermeora joan zenetik, beti entzun izan dut Gorkaren izena. Hala ere, aurretik, Zarautzen egon zela ere banekien. Batez ere, jarraitzen hasi nintzen Oriora etorri zenean, eta gero handik Santurtzira joan zen; han ere dena irabazi zuen… Aurten harekin egoteko aukera izan dut, eta oso ona da. Esango nuke patroirik onena dela. Berak zuri exijitzen dizu, baina berak ere dena ematen du. Berari ezin zaio ezer gehiago eskatu. Dena atzematen du; huts egiten hasterako, jada akatsa atzematen du, eta ez duzu hainbeste huts egiten. Denean da onena: exijentzia mailan, nola agintzen duen, ontzia nola eramaten duen bai errioan, baita itsasoan ere. Atleta bat da.
Gorenean lehen bandera irabazi duzu aurten, ligako lehen estropadan, Bilboko erlojupekoan.
Bai, polita izan zen, eta aldi berean, estropada gogorra ere bai. Bilboko errioan ur gutxi zegoen, eta estropada gogorra izan zen, baina irabaztea lortu genuen. Igandean ere irabazi egin zuten, eta bandera irabazten den bakoitzean, igandero Orion harrera egiten digute. Ospatu genuen, eta oso gustura egon nintzen.
Joan den asteburuan, larunbatean hirugarren egin zenuten; igandean, berriz, lehen postuan. Nola joan zen?
Larunbatean pixka bat atsekabetuta geunden, ez baikenuen gure lana ondo egin. Itsasoa zakar zegoen, eta ez ginen oso fin aritu. Gainera, Donostiarrak erakustaldia eman zuen. Eta gero Bermeo sartu zitzaigun. Hirugarren egin genuenez, ligan puntu askorik ez genuen galdu. Gainera, Zierbena zen gugandik gertuen zegoena, eta puntu bat atera genion. Igandean, berriz, bandera irabazi genuen, eta uste dut sekulako estropada egin zela. Orain Zierbena lau puntura dugu. Ligara begira, oso asteburu positiboa izan da. Jendea segituan hasi da esaten hirugarren egin dugula… Nik hemen [Asteasun] entzun dut jendea esaten denak ez baditugu irabazten porrot egingo dugula… Besteek ere entrenatzen dute, eta errazagoa da denak galtzea, bat irabaztea baino. Zaila da oso.
Liga irabazteko hautagai nagusia Orio da, ezta?
Bai, negua nola joan den ikusita, taldean ez banintz egongo, Orio jarriko nuke lehenengo postuan, baina horrek ez du ezer esan nahi. Begiratu aurrekoan Donostiarra. Edo. Zierbena ere. oso txukun dabil. Bermeok ere iazko mutil asko ez dauzka, baina hortxe dabil ohorezko txandan. Aurrekoan irabazi egin ziguten. Borroka handia egongo da, eta hemen oparitu inork ez du egiten. Lanik egin gabe ez dago ezer, eta estropada bat irabaztea asko kostatzen da. Sufritu gabe, saririk ez dago.
25 segundoko aldea atera zizuen Donostiarrak Kontxako badian. Telebistan entzun nuen iruzkina eta galdetu behar dizut. Beldurtzeko modukoa da hori Kontxara begira?
Kontxa oraindik oso urruti dago, eta oraindik estropada asko eta lan handia dago egiteko. Gure taldea oraindik berria dela esango nuke, geroz eta hobeto ari gara lanean, eta pixkana multzoa hobetzen joango da. Kontxara begira, estropada ere diferentea da, kanporaino ateratzen baitzara. Bueltan ere, joatekoan kalea irabazi eta gero, nahi duzun lekutik bueltatzen zara. Desberdina da liga eta Kontxa, eta oso urruti ikusten dut. Orain estropadaz estropada joan behar dugu, eta ahal den banderarik gehien irabazi. Kontxa ailegatzean, orduan hitz egingo dugu.
Igande honetan Orion jokatuko duzue. Gogotsu etxean arraun egiteko?
Bai, Oriokoa itsasoko estropada bat da, beraz, xarma badu, eta horretaz gain, herriko estropada da. Ikusiko dugu nola joaten den aurretik larunbatean Pasaiako estropada, eta gero Oriokoa. Ahal dugun guztia irabazi nahi dugu, baita Orioko estropada ere. Ikerrek helburu hau jarri digu: lider ailegatzea Oriora.
Lagunak joango al dira ikustera?
Askotan esan gabe ere, etortzen dira ikustera. Orioko kamisetarekin joaten dira, eta ilusioa egiten dit. Bizkaia aldera ez dira joaten, baina Donostian, Pasaian, Orion edo Zarautzen direnean, horietara normalean gerturatzen dira.
Ikusita aukera asko dituzuela bandera gehiago irabazteko, liga irabazteko, Kontxa ere bai, zure bigarren urtea izanda gorenean, zer esanahi du horrek?
Taldean 35 urteko arraunlariak daude, oso ona den jendea, baina ez dena egon banderak irabazi dituen talde batean. Nire kasuan, 21 urterekin hirugarren denboraldia osatuko dut gorenean, eta talde ona dugu, banderak irabazteko aukerak ditut… Hori asko baloratzen dut, oso zaila baita irabaztea. Beti ospatu behar dira irabazten dituzun banderak, ez baitakizu noiz izango den azkena.
Denboraldi hasieran beldur zinen etorriko ziren arraunlariekin, beharbada ez zenuelako tokirik izango traineruan?
Baikorki hartzen ditut fitxaketak. Esperientzia handiko mutilak dira, arraunean asko irabazi dutenak: Bermeon ibilitakoak, Hondarribian… Ondo hartu nuen, lana eginez gero, taldean egoteko aukerak ikusten nituelako, nahiz eta jendeak hauxe esan: «Aurten sartuko al haiz?». Jendeak azkenean ez daki. Hasieratik helburu horrekin joan nintzen, eta barruan nago. Taldean arraunlari onak edukitzea beti da hobea norberak hobetzeko. Gainera, lagundu egin didate arraunean nola egiten den erakutsiz. Denboraldia ondo doa.
Zenbat bandera irabaztea sinatuko zenukeen?
Sinatu ez nuke egingo [barrez], estropadaz estropada joan behar dugu. Sinatuko nuke liga eta Kontxa irabaztea… Baina hori denboraldiak jarriko du nor bere lekuan. Ondo hasi gara, eta garrantzitsua da ondo hastea. Hemen ez dago miraririk. Azken urteetan liga irabazi duenak Kontxa irabazi du. Oso zaila da ligan laugarren egin, eta Kontxa irabaztea. Aurreneko hiru postuetan ibili behar da gero Kontxa irabazteko. Ligarako borrokan egotea garrantzitsua da, hor baitaukazu aukera Kontxa irabazteko.