erreportajea

Faborito argiak

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2025eko uztailaren 2a

Janire Goñi (Donostiarra), Itsaso Aizpurua (Tolosaldea), Ane Sanchez (Arraun Lagunak) eta Ohiane Iraola (Orio) eskualdeko arraunlariek aurten goiko postuetan zein traineru izango diren iragarri dute.

Asteburu honetan ekingo diote arraunlariek Euskotren ligari. Sanchez, Iraola, Aizpurua eta Goñi eskualdeko arraunlariek Arraun Lagunak dute hautagai nagusitzat hirugarrenez jarraian txapelketa erregularra irabazteko, nahiz eta Tolosaldea estutzen ariko den.

Euskotren liga hastear dela, itxuraz irabazteko faboritoak argiak dira. Horixe islatzen da, behintzat, Ataria Irratian bildu diren lau arraunlarien porretan. Denek jarri dute Arraun Lagunak lehen postuan, bigarrenean Tolosaldea eta hirugarrenean Orio. Ohorezko txandako azken ontzirako lehian hautagai gehiago izendatu dituzte: Hibaika, Zumaia eta Donostiarra. Hirugarren urtea da eskualdeko arraunlariak irratian biltzen direla denboraldiaz hitz egiteko. Oraingo honetan, Itsaso Aizpurua (Zizurkil, 2000) Tolosaldekoa, Janire Goñi (Amezketa, 2006) Donostiarrakoa, Ane Sanchez (Anoeta, 1998) Arraun Lagunak-ekoa, eta Ohiane Iraola (Tolosa, 1992) Oriokoa elkartu dira.

Apustuak egiterako garaian, orain arte nork bere taldea jartzen zuen lehen postuan. Datorren denboraldiari begira, baina, Sanchezek bakarrik jarri du bere taldea gorenean. Barre artean, anoetarrak «apaltasunez» aritzea leporatu dio Aizpuruari, Tolosaldea ez duelako lehen postuan jarri: «Hori tranpa da». Horri erantzunez, zizurkildarrak adierazi du «zintzoa» izanda, Arraun Lagunak jotzen duela hautagai nagusitzat liga irabazteko. Ez alferrik, azken bi urteetan Arraun Lagunak-ek irabazi baitu bai liga, baita Kontxako Bandera ere.

Faboritoak Arraun Lagunak izan arren, kontua da ea Tolosaldeak ba ote duen mahukapean joker bat gordeta. Etxeko trainerua gai izango al da ligarako borrokan Arraun Lagunak-i aurre egiteko? Oriok izango ote du mailarik banderen lehian egoteko? Eta Donostiarra, sartuko al da ohorezko txandan? Galdera horiek daude mahai gainean, besteren artean. Denek bat egin dute esanez oraindik «goizegi» dela apustuak egiteko, eta lehenengo asteburuan ikusiko dela traineru bakoitza non dagoen. Larunbat honetan hasiko dute denboraldia Bilboko erlojupekoan; igandean, berriz, Sestaon jokatuko dute errioko estropada.

Anoetako arraunlariari izan ezik, gainerakoei ez zaie asko gustatzen erlojupekoa. Iraolak «gorroto» du: «Bilbon hamalau estropada inguru jokatu ditut, eta bakarrean bakarrik geratu naiz gustura. Itsasoko taldea gara, eta bertan gehiago disfrutatzen dugu». Tolosaldeko arraunlariari erlojupekoa gustatzen zaion arren, Billbokoa ez du gogoko: «Ura mugitzen duenik ez dago! Barnealdekoak izan arren, itsasoko taldea gara». Gainerakoei ez bezala, Sanchezi asko gustatzen zaio erlojupekoa, «ehuneko ehuna» ematen duelako: «Itsasoan ez duzu ehuneko ehuna ematen. Erlojupekoa sufritzeko estropada bat da, traineruen artean dauden aldeak txikiagoak izaten dira, eta sufrimendu hori gustatzen zait, hutsik geratzea».

Aldaketarik handiena, Donostiarran

Iaztik multzoan aldaketarik handiena izan duen trainerua Donostiarra da, nabarmen, gainera. Hamabi arraunlari joan dira taldetik, eta beste hainbeste etorri. Tartean Janire Goñi amezketarra eta Haizea Jauregi tolosarra batu dira taldera. Tolosaldeko harrobiko arraunlari izandakoak dira, eta iaz San Juaneko traineruan aritu ziren ETE ligan. «Gogorra izan da. Talde berria da, eta aldaketa egon da. Jende asko elkartu gara: aulki mugikorretik zetozenak, inoiz traineru batean egon ez garenak, galiziarrak… Orain dela gutxi elkartu gara denak, eta multzoa osatzen ari gara. Joan den denboraldian San Juanen egin nuen arraun, lehenengoz aritu nintzen traineruan. Aldaketarik handiena tentsioan nabaritzen dut».

Oriok, Tolosaldeak eta Arraun Lagunak-ek, aldiz, taldearen bizkarrezurra mantendu dute. Iraolak adierazi du iaz «trantsizioko denboraldia» izan zela, bederatzi arraunlarik utzi baitzuten taldea. «Helburua goran mantentzea zen. Bagenekien banderak garesti zeudela, eta nahi genuena zen taldeak ahal zen beherakadarik txikiena izatea». Joan den denboraldian Oriok hirugarren egin zuen ligan, eta izan zituzten aldaketak ikusita, hirugarren postua ontzat eman ote zuten galdetuta, tolosarrak esan du taldearentzat emaitza «oso ona» izan arren, kanpotik «zer gertatu zaizue aurten?» bezalako iruzkinak entzun zituztela. «Zer gertatu zaigu? Bederatzi arraunlarik utzi dutela taldea, eta besteek ere entrenatzen dutela, fitxaketak egiten dituztela… Kontua da azken urteetan banderak irabazi ditugula eta…», erantzun du Iraolak.

Tolosarrek joan den sasoian bigarren egin zuten ligan, eta Zarauzko Ikurrineko estropada bat irabazi zuten arren, banderarik ez zuten astindu. Aizpuruari galdetuta ea denboraldia «gazi-gozoa» izan ote zen, zizurkildarrak adierazi du baietz, kirolariak diren momentutik, irabazi nahi dutelako: «Harro egon behar dugu iaz egin genuenarekin. Uste dut guk ere ez genuela sinesten zer denboraldi egin genezakeen, eta bigarren egin genuenean sentsazio oso onekin amaitu genuen. Egia da momentuan amorrua sentitzen duzula, banderarik ez dagoen estropada irabazten duzulako, baina uste dut asko disfrutatu genuen urtea izan zela».

Aurtengoari begira, zizurkildarrak adierazi du jende asko batu dela taldera: «Etxekoak zirenak etorri dira, azkenean animatu direnak herrian arraunean egitera, baita beste klubetako zenbait arraunlari ere. Iazko bi patroiek taldea utzi zuten, eta zortea izan dugu fitxatu ditugun bi patroiak gure taldera etorri direlako, oso patroi onak baitira».

Arraun Lagunak-en kasuan, iaz irabaz zitekeen guztia irabazi zuten. Bandera guztiak astindu zituzten. Aurtengoari begira, Sanchezek esan du joan den urteko trainerutik bi arraunlari titular joan zaizkiela, baita Andrea Astudillo patroia ere, baina hutsune horiek bete dituztela.

Emaitzak eta sentsazioak, beti ez datoz bat

Neguan egindako lanari distira ateratzeko momentua iritsi den arren, aspaldi hasi ziren motorrak berotzen. Zizurkildarrak nabarmendu du urtero nabaritzen dutela entrenamenduen gogortasuna goraka doala. «Arraun Lagunak iaz gorenean aritu zen, eta beraiei aurre egiteko, oso gogor entrenatu behar da». Horren harira, Sanchezek adierazi du haien arteko lehia egotea garrantzitsua dela denontzat: «Iazkoa oso ondo egon zen, dena irabazi genuen, baina bai geratu ginela sentsazioarekin, harroa izan gabe, ez genuela gure ehuneko ehuna eman».

Orion, berriz, entrenatzeko moduan zenbait aldaketa egin dituzte. Iraolak azaldu duenez, beharbada gimnasioko lanari lehen baino garrantzi handiagoa eman diote, eta hori nabaritu dute gero traineruan. Goñik aipatu du negua «gogorra» izan den arren, «nahiko motza» egin zaiola: «Tolosatik Donostiara joatea aldaketa handia izan da, eta horren eraginez, berritasuna delako eta abar, nahiko motza egin zait».

Entrenatutakoa praktikan jartzeko izaten dira jaitsierak. Aurten hiru jokatu dituzte; Oriokoan eta Hondarribikoan Arraun Lagunak gailendu da, eta San Pedrokoan Tolosaldea. Txapelketa ofizialetan berdin banatu dituzte banderak: Gipuzkoakoa eta Espainiakoa donostiarrentzat, eta Euskadikoa tolosarrentzat. Denek bat egin dute esanez, askotan emaitzetan ez dela islatzen uretan izan dituzten sentsazioak. Adibidez, Anoetako arraunlariak adierazi du txapelketetan, Espainiakoan izan ezik, ez dituztela sentsazio onak izan: «Erritmoa jartzea eta eustea kostatzen ari zaigu, baina emaitzekin kontentu gaude».

Bide beretik, Aizpuruak nabarmendu du askotan gehiegi begiratzen dietela emaitzei: «Gipuzkoakoan bigarren egiten duzu, zazpi segundora, eta ematen du estropada desastre hutsa izan dela, baina ez da beti horrela. Nahiz eta Arraun Lagunak-ek irabazi, nahiko gustura egin genuen arraun. Hobeak izan ziren eta kito».

Gipuzkoako Txapelketan ezustekoa Oriok eman zuen, seigarren egin zuelako. Euskadiko Txapelketatik kanpo geratu zen. «Eguraldi aldaketarengatik kanpoan geratu ginen, eta batzuetan gertatzen diren gauzak dira. Paperean seigarren ikusita, inpresioa egiten du. Hala ere, estropadaren bi herenak oso onak izan ziren, azken zatian nahastu ginen arren. Pena ematen dizu, hotzean begiratuta, eguraldi aldaketa egon ez balitz segur aski lehen lau sailkatuen artean egongo ginelako. Baina batzuetan zortea ez duzu aldeko». Donostiarrak zortzigarren amaitu zuen. Goñiren esanetan, estropada «nahiko kaotikoa» izan zen: «Barruraka nahiko ondo joan ginen, baina bueltakoa nahiko kaotikoa izan zen, eta eguraldi aldaketak ere eragina izan zuen».

Tolosaldearen bandera

Euskadikoan Tolosaldeko traineruaren aurreneko bandera iritsi zen. Aurrez, Getaria-Tolosa traineruak irabaziak ditu Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelketak, baita Emakumezkoen Traineru Liga ere, besteak beste. Aizpuruak kontatu du nola bizitu zuten traineru barrutik txapelketa ofizial batean lortu zuten lehen garaipena: «Ababorretik nindoan, eta joateko luzean ez nekien ezer. Eta bueltakoan, ikustea hortxe gindoazela Arraun Lagunak-ekin… agonikoa izan zen. Beste urteetan egoera horretan egon garenean burua galdu dugu. Pixkana gure aurkariekin lehiatzen ikasten ari gara, eta ez erotzen parean jartzen garenean».

«Oso berezia» izan zen, Zizurkilgo arraunlariaren hitzetan. «Lehen ikurrin ofiziala zen, poz handia hartu genuen. Ondoren, jakitea harrera egingo zigutela, udaletxeak ateak irekiko zizkigula… Berezia izan zen. Txaranga eta guzti jarri ziguten! Herritarrak gerturatu ziren, eta oso polita izan zen».

Poza tolosarrentzat eta atsekabea donostiarrentzat. Sanchezek adierazi du hasieratik haien erritmotik aterata joan zirela: «Ez gindoazen batere gustura. Hau da, kontrolatu behar duguna, aurkaria parean duzunean burua mantentzea, eta ez genuen lortu. Iaz estutasun horretan geundenean, beti ateratzen genuen seigarren martxa bat, baina Euskadikoan burua joan zitzaigun».

Orain arte jokatu dituzten estropadetan bi ontziren artean banatu dituzte banderak: Arraun Lagunak eta Tolosaldea. Euskotren liga nola ikusten duten galdetuta, denek bat egin dute esanez gorenean Arraun Lagunak, Tolosaldea, eta Orio egongo direla, hurrenkera horretan, eta ohorezko txandan sartzeko, laugarren postuan, aulki dantza gehiago egongo dela.

Goñik adierazi du beraiek saiatuko direla laugarren postuari eusten, nahiz eta kontziente izan «zaila» dela: «Helburua laugarren postuan egotea da, eta zalantzarik gabe horretara goaz». Lehia horretan, Amezketako arraunlariak Hibaika izendatu du: «Hibaika nahiko erakusten ari da, eta laugarren postuan egon daitekeen traineru bat da». Iraolaren iritziz, aldiz, Zumaiak neguan lan «oso ona» egin du, eta baliteke lehia horretan sartzea: «Irudipena dut oraindik ez zaiela asko ikusi traineruan, baina laugarren postua ez dut hain argi ikusten. Baldintzen eta estropaden arabera, uste dut aldatzen joango dela». Eta hain justu ere, horrek, Aizpuruaren hitzetan, «saltsa» emango dio ligari: «Laugarren posturako traineru bat baino gehiago egongo da, nahiko parekatuta ikusten ditut talde guztiak».

Arraun Lagunak faborito

Gorengo hiru kosketan egongo diren traineruen inguruan, bi galdera egin zaizkie arraunlariei. Zein traineru ikusten dituzten banderen lehian eta zein ligarako borrokan. Lehenengoari erantzunez, segituan hartu du hitza Sanchezek. Arraun Lagunak eta Tolosaldea ikusten ditu banderen lehian, Orio «momentuz ez». Aipamenarengatik, Iraolak esan du Orio beti egongo dela horretarako prest, baina beste bi taldeak «koska bat gorago» ikusten dituela: «Baliteke beraien arteko borrokan despistatzea, eta gu urruneko kale batetik isil-isilik… [barrez]».

Aizpuruak, aldiz, adierazi du liga «oso luzea» dela, eta ez duela inor baztertzen: «Egia da aukera gehiagorekin ikusten ditudala Arraun Lagunak, Orio eta gu, baina aurrekoan bezala eguraldi aldaketaren bat gertatzen bada, ez dago hainbesteko aldea bi txanden artean. Despistatzen bazara, edonork irabaz dezake». Horrekin ez dago ados Arraun Lagunak-eko arraunlaria, ez baitu uste hori gertatuko denik. Haren iritziz, «aldaketa handia egon behar du hori gertatzeko»: «Gure estropada ez da mutilena bezalakoa, 20 minutu direla, estropada motza da, eta segundo askoko aldea izan behar du. Pasatu daitekeela? Bai, baina ez dut ikusten». Aizpuruaren antzera, Goñik aukera ikusten du bigarren txandatik denbora hobea egitea, eguraldi aldaketaren bat egonez gero.

Bigarren galderari erantzunez, Euskotren liga irabazteko hautagai nagusia Arraun Lagunak dela erantzun dute, nahiz eta Tolosaldea gertu ikusten duten. Iraolak ehunekoak eman ditu: %60 donostiarrei, %30 tolosarrei, eta %10 oriotarrei. Aizpuruak gauza bera egin du: %70-65 Arraun Lagunak-i eman dio, %35-30 Tolosaldeari eta gainerakoa Oriori. «Oxala liga guk irabaztea, baina gaur egun oso zaila ikusten dut urte batetik bestera liga bat irabazteko aurrerapausoa ematea. Estropada bat kontu bat da, bi beste bat, baina liga irabaztea… Gustatuko litzaidakeela? Noski baietz, eta horretarako borrokatuko dugu, baina Arraun Lagunak ikusten dut faborito», hausnartu du Tolosaldeko arraunlariak.

Horren harira, Sanchezek adierazi du banderak irabaztea baino garrantzitsuagoa dela erregularrak izatea. «Duela bi urte hiru taldek antzeko bandera kopurua irabazi genuen, guk Oriok eta Donostiarrak baino bat gehiago. Hala ere, nahiko punturengatik irabazi genuen liga. Beraz, bandera kopurua baino gehiago, erregularrak izatean dago giltza». Arraun Lagunak-eko arraunlariak bere taldea ikusten du liga irabazteko hautagai bakarra, nahiz eta aitortu, Tolosaldea eta beraiek gainerakoak baino koska bat gorago daudela. «Uste dut gu erregularragoak garela Tolosaldea baino, aurreko urteetako esperientziagatik». Gainerakoentzat bezala, Donostiarrako arraunlariarentzat Arraun Lagunak da faborito nagusia, baina Tolosaldea «estutzen» ikusten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!