«Erdiko atzelari bezala, debutatzea zailagoa ikusten nuen»

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola

Ligako azken partidan debutatu zuen Laida Balerdik Athleticekin lehen mailan. Asteasuarra gorengo taldearekin entrenatzen aritu da, nahiz eta partida gehienak bigarren taldearekin jokatu.

Futbol denboraldia amaitzen denean, batzuetan ziurgabetasuna da nagusi, batez ere Laida Balerdi (Asteasu, 2004) bezalako jokalarien kasuan. Denboraldi osoan Athleticeko gorengo taldearekin entrenatzen aritu den arren, luze itxaron behar izan du lehenengo mailan estreinatzeko. Azken partidan 15 minutu eskas jokatu zituen Bartzelonaren aurka. Partida gehienak bigarren taldearekin jokatu ditu, eta han-hemenka ibili da bi taldeekin. Hurrengo denboraldira begira, ez daki Athleticen jarraituko ote duen edo utzita beste talde batera joango ote den. Hirugarren denboraldia osatu du klub zuri-gorrian. Lezamako zentroan pasatu du denboraldi osoa, eta Asteasura itzultzeko gogoz zegoen.

Dagoeneko Lezamatik Asteasura bueltatu zara.

Bai, eta eskertzen da etxera bueltatzea. Gurasoekin nago, eta lagunekin egotea ere eskertzen da. Azkenean urtea pixka bat luze egiten da. Egia da asteburuetan gurasoak etortzen direla partida dudanean, astean zehar egun bat ere bai, baina azkenean denboraldi osoa han egotea… Gainera, jai egun asko ez ditugu izan. Urte osoan bizpahiru asteburu izan ditugu libre. Gabonetan bueltatzen zara, eta egunen bat libre ere bai, baina ikasketekin eta praktikekin ez dut denbora askorik izan.

Gainera, lehen eta bigarren taldearekin aritu zarenez, asteburu bakarren batean tokatuko zitzaizun bai larunbatean, baita igandean ere jokatzeko prest egotea.

Bai, hori pixka bat nahasmena izan da. Adibidez, klaseetara ez naiz askotan joan, eta ahal izan dudan bezala gainditu ditut ikasgaiak. Praktikak ere irakasleekin adostasun batera iritsiz egin ditut. Eta asteburu batzuetan gertatu zait hasieran bigarren taldearekin jokatu behar nuela, eta gero bat-batean lehenengoarekin joan behar nuela; edo beheko taldeak kanpoan jokatu, goikoak ere bai, eta beharren arabera, batarekin edo bestearekin joatea. Hiruzpalau partidatan gertatu da bigarren taldearekin ez naizela joan lehen taldearekin joan behar nuelako. Eta gero, batez ere etxean jokatzen zutenean biek, batak larunbatean eta besteak igandean, bietan jokatzeko prest egon naiz.

Entrenamendu guztiak gorengo taldearekin egin al dituzu?

Bai, ia denak. Hala ere, partidaren bat bigarren taldearekin jokatu behar nuenean nahitaez, ostiraleko entrenamendua haiekin egiten nuen.

Denboraldi honetan gorengo taldearekin entrenatu duzu sasoi osoan, lehen aldiz. Zer moduz joan da?

Ondo joan da; baina egia da alde handia dagoela. Realean taldekide izandako asko daude bertan, eta bigarren taldeko batzuk ere badaude: Claudia [Fernandez], Agote, Vilariño… Bigarren taldetik lauzpabost jokalari egon gara gorengo taldearekin entrenatzen, beraz errazagoa egiten da. Aldea asko nabaritzen den arren, nire hobekuntzarako askoz hobeto da.

Zertan nabaritzen duzu aldea gehienbat?

Erritmo aldetik asko nabaritzen da, baita jokoa askoz azkarrago doala ere. Lehenagotik pentsatu behar duzu zein mugimendu egin edo baloia nori pasa.

Lehen taldearekin entrenatzen aritu zara, baina debuta azken partidan iritsi da. Nola eraman duzu hori? 

Erdiko atzelaria naiz, eta azken lerroan jokatzen dut. Denboraldi erdian entrenatzaileak esan zidan ziurrenik debutatzeko aukera izango nuela, baina seguruagoa zen partida batean nahi zuen. Gogotsu nengoen debutatzeko, eta pentsatzen nuen noizbait egokituko zitzaidala jokatzea, baina beste alde batetik, erdiko atzelari bezala, zailagoa ikusten nuen. Aurrelari bat azken hamar minutuetan ateratzea errazagoa da erdiko atzelari bat baino.

Debuta Bartzelonaren aurka egin zenuen. Markagailuan 0-4 galtzen zindoaztela zelairatu zinen.

Atsedenaldian entrenatzaileak esan zidan berotzera joateko. Eta bat-batean deitu ninduen zelaira ateratzeko esanez. Ez nuen sinesten [barrez]. 75. minutuan deitu ninduen zelaira ateratzeko, baina bost minutu egon nintzen kanpoan itxaroten, kornerrak zirela-eta. Azkenean atera nintzen eta oso pozik nago. Bartzelonaren aurka debutatzea polita da, ez baita nolanahiko taldea. Munduko onenak dira, estadioa ere polita da… Beroketak egiten ari nintzela urduri nengoen arren, zelaira atera nintzenean lasai jokatu nuen. Entrenatzaileak ere esan zidan disfrutatzeko, izan ere, Bartzelonaren aurka emaitza horrekin ezin duzu gauza askorik egin.

Bartzelonan daude munduko jokalari onenak. Horietakoren bat zure erreferentea al da?

Irene Paredes beharbada, erdiko atzelaria delako ere bai. Partida hartan bera jokatzen ari zen.

Eta entrenamenduetan, nor duzu begiz jota?

Leire Baños esango nuke, gainera harreman oso ona dugu. Asko laguntzen dit, eta gauza asko erakusten dizkit. Realean ere harremana genuen, baina ez hain estua, eta orain berriz talde berean gaude.

Laugarren amaitu duzue denboraldia, eta Txapeldunen Ligaren atarian geratu zarete. Pentsatzen dut balantze ona egingo duzuela.

Bai. Egia da jendea penaz zegoela. Denboraldia oso ona izan da, baina entrenatzaileak Txapeldunen Ligarako sailkatu behar genuela aipatzen zuen behin eta berriz, eta azkenean ez da posible izan.  

Bigarren taldearekin, berriz, hogei partida inguru jokatu dituzu. Azkenean ez duzue lortu Lehen Maila Federaziora igotzea. Nola joan da denboraldia?

Beheko taldearekin ia partida guztiak jokatu ditut, gorengo taldearekin joan naizenean izan ezik. Hiru denboralditan gola falta izan zaigu. 

Hurrengo denboraldian ba al dakizu non jokatuko duzun?

Ez, ez dakigu ezer. Entrenatzaile berria etorri arte ez dute ezer erabakiko, baina ikusita badaudela erdiko atzelariak gorengo taldean... Eider Arana itzuliko da, Bibi Schulze lesiotik osatuko da, Maddi Torre eta Naia Landaluze… Athleticen geratzen banaiz, denboraldiaurrea lehenengo taldearekin egingo dut.

Ikusten duzu zeure burua lehenengo mailan Athleticekin jokatzen?

Aukera gehiago emanda eta lehenengo taldearekin denboraldi bat gehiago eginda, ondo ikusten dut neure burua.

Inoiz pentsatu al duzu Realera bueltatzea?

Ez, baina Realean eskainiko balidate lehen taldean jokatzea, eta Athleticen ez badut aukerarik… ba agian bai. Azkenean, nahiz eta hori ez burutik pasa, zure onerako pentsatu behar duzu, eta aukera ematen badizute… Jende askok galdetu dit hori [barrez].

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!