Haitzuloen barrenean egon ohi dira labar-pinturak, bihotzean, barne-barnean. Labar-pinturak haitzuloetan nola, halaxe dago egituratuta 14 Orduko Ibilaldiaren erakusketa, Tolosako Aranburu jauregiko beheko solairuan. Barren-barrenean, hamalau mendizalek ereindako hazia, eta erakusketaren sarreran, azken urteetako ibilaldien kartelak, motxilak, kantinplorak, aldizkariak… Atzekoz aurrera dago erakusketa; zenbat eta urrunago egon sarrerako atetik, orduan eta atzerago denboran.
Aurten 14 Orduko Ibilaldiaren mendeurrena da, eta horren harira, erakusketa zabaldu dute Aranburu jauregian. Xabier Agirre (Tolosa, 1956) erakusketako komisarioak jauregiko ateak ireki dizkio kazetariari. Pasioz hitz egiten du 14 Orduko Ibilaldiaren inguruan, eta kontakizunean aurrera egin ahala, bitxikeria bat edo beste aipatzen du. Urko Iturbe Aralarko Adiskideak elkarteko lehendakariak baieztatu du Agirrek dakiela gehien ibilaldiaren inguruan.
Ikerketa kazetaritza eta arkeologia dira Agirreren bi pasioak, eta horiek uztartuz, lan handia egin du ekitaldiz ekitaldiko kartelak, argazki zaharrak, diplomak, opariak, eta ordutegi kontroletako fitxak biltzeko, besteak beste. Zortzi aldiz egin du 14 Orduko Ibilaldia.
Erakusketaren barrenetik hasi da hitz egiten, martxaren jatorrira joanez, hain zuzen ere. Orain dela 100 urte ibilaldia egin zuten hamalau lagunen argazkiak daude zuri-beltzean: «Beroaldi batean esandakoak izan ziren abiapuntu. Solana kalearen erdian erloju-denda bat zegoen. Erlojugilea Francisco Larrañaga Txortxi zen. Arratsaldero kuadrilla bat elkartzen zen erloju-dendan, eta hizketan aritzen ziren mokadutxo bat jaten zuten bitartean. Euskaldunen arteko ohiko elkarrizketa bat izan zela. Noizean behin Eduardo Mokoroa konpositorea San Migelera oinez joaten zen, eta besteek ez zekiten ezta nondik joaten zen ere. Orduan, eztabaidatzen hasi ziren. Mokoroa Felipe Gorriti organo jotzailearen dizipulua zen, eta Gorritik Mokoroari erakutsi zion nola joan San Migelera. Izan ere, Gorriti Uharte Arakilgoa zen, eta jai eguna zuenean, etxera joaten zen oinez. Ahoak berotzen hasi ziren, batak egingo zuela, besteak ez… «Ezetz ausartu?», eta horrelakoak esaten hitzeman zuten egingo zutela, eta nola egingo zuten pentsatzen hasi ziren».
«Denak kale-umeak» zirela adierazi du Agirrek: «Mendizaleak ziren, baina gorputzari hainbesteko estualdia emateko ere ez». Hitzeman ondoren egingo zutela, nola egingo zuten prestatzen hasteaz gain, zenbat denbora beharko zuten ere pentsatzen hasi ziren. Hamalau orduko kalkulua egin zuten. «Idatzizko konpromiso bat ezarri zuten, eta ibilbide bat marraztu, egungoa. Halaxe izendatu zuten: Circuito alpino carretil de las 14 horas». Larrañaga zen espedizioko burua, eta data oraindik zehazteko zegoen, ekaineko igande bat. 03:30ean Santa Maria elizako meza entzun ostean, 04:00etan irtengo ziren, Ulin gosalduko zuten, 12:00etan Aralarko San Migelen bazkaldu, Amezketara iritsi, eta amaitu Tolosan.
Gutuna ez zen garaiz iritsi
Bitxikeria gisara, eta garaiko komunikazio bideak kontuan hartuta, Agirrek kontatu du Gorritira eskutitz bat bidali zutela, abisatuz gosaltzera joango zirela, baina gutuna ez zen garaiz iritsi: «Gorritin gelditu behar izan zuten, eta gosaria egin arte itxaron. San Migelen berriro ere meza entzun zuten, bazkaldu, eta berriro ere martxa hartu zuten». Jarraian, Igaratzako zelaietatik barrena, orain aterpetxea dagoen tokira joan –orduan txapelgorriena (mikeleteena) zen–, eta handik meategietatik jaitsi ziren, Amezketan afaldu zuten, eta Tolosara 00:00ak aldera iritsi ziren.
«Behar bezalako txango bat izan zen, abentura bat. Izan ere, ibilbidea ez zuten ezagutzen, tarteka bakarrik egin baitzuten», nabarmendu du Agirrek. Hamasei lagunek sinatu zuten egingo zutela, baina Tolosatik bakarrik hamalau atera ziren, eta denek amaitu zuten. Larrañaga buru, 14 Orduko Ibilaldian hauek parte hartu zuten: Ramon Barrio, Jose Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arrue.
Ibilaldi hark hainbesteko zalaparta sortu zuen, hurrengo urtean ere berriro antolatu zuten. 1926an, hain zuzen ere. Urtebete lehenago ibilaldia egin zuten zenbaitek parte hartu zuten 1926an, eta gero beste batzuk batu zitzaizkien arren, ibilbidea ez zen bera.
«Zenbait Tolosatik atera ziren, eta beste zenbait ondoren bidean batu ziren; Amezketatik, Gorrititik, Lizarrustitik… Helburua San Migelera iristea zen, kontu erlijioso batekin nahastuta, eta behin San Migelera iritsita, batzuk Altxuetara igo ziren 100 mendien garaikurrean puntuatzeko. Ez zen 1925eko ibilaldia izan, bidea ez zelako bera izan, eta jende guztia ez zelako Tolosatik atera», azaldu du tolosarrak.
1925eko eta 1926ko ibilaldi horien ostean, ez zen halako gehiagorik antolatu 1943ra arte. Espainiako Gerraren ondoren, Agirrek esan du modan jarri zirela ibilaldi arautuak, eta Fortuna klubak halakoak antolatzen zituela Gipuzkoan. Hala ere, haren hitzetan, «ez da berdina» sari banaketa herriko plaza batean egitea edo «Espainiako Estatuan egin zen atletismoko lehenengo estadioan». Fortunakoak antolatzen zituztenean Berazubin amaitzen zirenez, Aralarko Adiskideak elkartekoek ibilaldi bat antolatu zuten Berazubin amaitzen zena. Mendian araututako lehen ibilaldia izan zen, eta 14 Orduko Ibilaldia izena jarri zioten. Hiruko taldeetan joan behar ziren, eta 1925eko ibilbide bera ezarri zuten.
Arauen kontra, emakume baten parte hartzea
Tolosarrak azaldu du ibilaldiak legezkoa izan behar zuela, Gobernuak dena ikuskatzen zuelako. Orduan kontatu du beste bitxikeria bat. Araudian ezarritako artikulu batek zioen, «probaren garrantzia dela-eta, emakumeak eta 20 urtetik beherakoak kanpo utziko» zituztela. Araudiak emakumeak baztertzen zituen arren, Agirrek esan du «zeru-lurrak» astindu zituela 1943ko ibilaldian parte hartu zuen andre bat topatzeko, eta azkenean aurkitu du: Maritxu Arana. Argazkiak daude erakusketan. Tolosarrak adierazi du garaian «zalaparta handia» eragin zuela.
Xabier Agirre: «Zeru-lurrak astındu nituen 1943ko ibilaldian parte hartu zuen andre bat topatzeko, eta azkenean aurkitu nuen: Maritxu Arana»
Hurrengoa 1967an egin zen, 1925eko ibilaldian parte hartu zuenetako bat hil zelako: Francisco Labaien. Francisco Labaienen oroimenezko martxa deitu zioten. Orduan hasi ziren pentsatzen ea zergatik ez zuten behin baino gehiagotan antolatzen halako ibilaldi bat, 400 bat pertsonek parte hartzeko. Horrela, erabaki zuten lau urtez behin egingo zutela, Olinpiadetako lau urteko zikloarekin bat eginez. Lehena 1972an izan zen, Municheko Olinpiar Jokoekin batera.
Orduantxe pasatu da Xabier Agirre atetik gertuen dagoen gelara, orain arte sarrerako atetik urruneko gelan baitzegoen. 1972tik gaur egunera arteko 14 Orduko Ibilbide guztien kartelak ditu kronologikoki ordenatuta, eta ibilaldi bakoitzari dagokion ordutegi kontroletako fitxa. Hainbat jenderen fitxak bildu ditu, genero ikuspegia aintzat hartuta.
1972tik lau urtez behin antolatu da 14 Orduko Ibilaldia, 2020an izan ezik, Covidaren eraginez, eta urte hauetan guztietan, ibilbidea aldatu egin da. 1925eko ibilbideari jarraituta, Amezketatik Altzora igo ziren, baina egun Altzora igo ordez, Alegiatik doa ibilaldia. Hori 1980ko kartelean argi ikusten da: errotulu urdinarekin bide originala marrazten da, Altzotik igarota, baina gorriz markatuta dago Alegiatik joateko bidea. Orduz geroztik, Alegiatik egiten da Tolosako bidea.
Ibilbidearen inguruan, Agirrek adierazi du araudiak nahi den tokitik joateko aukera ematen duela, betiere, kontroletatik pasatzen bada. Batzuetan halabeharrezko aldaketak izan dira. Adibidez, 1992an ibilbidea aldatu zen Lekunberrin autobia egin behar zutelako. «Foru Poliziak ez zuen utzi ibilaldia hortik joan zedin. Horren ordez, Gorrititik Uitzirako errepidea hartu, eta Goldanburutik mendi-bide bat hartu behar izan genuen Lekunberrira iristeko».
Horrez gain, tolosarrak esan du ibilbidean izan diren aldaketa gehienak, errepidetik mendirakoak, «Nafarroako Gobernuak debekatu duelako» izan direla. Esaterako, 1992koa, eta gerora, San Migeleko irteera ere aldatu zela, San Migel kotxez betetzen zelako: «Foru Poliziak erabaki zuen ezin zela horrela jarraitu, San Migeleko errepidea jendez betetzen zelako».
«Erokeria»
14 Orduko Ibilaldia erokeria bat ez ote den galdetuta, Agirrek adierazi du «erokeria» hitza itzuli behar dela, eta kritiko mintzatu da 2000tik aurrera egin diren ibilaldiekin. «Mendi lasterketek ez naute erakartzen, ez da bakarrik ez ditudala gustuko, baizik eta ez zait batere gustatzen nola antolatzen diren. Ezin duzu mendira joan, eta ez jakin zein harri zapaldu dituzun. 14 Orduko Ibilaldi guztiak zenbait helbururengatik egin dira: 1925ekoa abentura bat izan zen, 1943koa antolatu zen mendi martxak modan jarri zirelako, eta 1967koa Francisco Labaieni omenaldia egiteagatik. Azken hartan sailkapenak zeuden, ea zein taldek irabazten zuen, baina ideia hura 1972koan aldatu zen, eta denboraren arabera sailkatutako taldeak izan beharrean, lasterketa bat ez izateko, gutxieneko eta gehienezko denbora batzuk ezarri ziren. Eta hori apaltzen joan da, Tolosako gazteria txikitzeraino».
Xabier Agirre: «Lasterketa bat ez izateko, gutxieneko eta gehienezko denbora batzuk ezarri ziren. Eta hori apaltzen joan da, Tolosako gazteria txikitzeraino»
Aldi berean, Agirrek adierazi du 1996ra arte «erronka handia» zela Tolosako 14 Orduko Ibilaldian ateratzea, baina 2000tik aurrera, mendiko lasterketak hasi zirenean, jendea 14 Orduetan ateratzen hasi zela, mendiko lasterketak prestatu nahian. «Norbait aurrenekoz ateratzen bada 14 Orduak egitera, eta ez badu ibilbidea ezagutzen, norbaitek aurrea hartzen badio korrika, lehen gauza egiten duena da erlojuari begiratu ea gaizki ote doan. Eta are larriagoa da, atzetik jarraitzeko saiakera egiten baduzu, erre egiten baitzara».
Horren harira, 1992an Aretxabaletako bi gazteei gertatu zitzaiena kontatu du tolosarrak. Urte hartan 30 gradu inguruko tenperatura zegoen, eta jende askok lipotimia izan zuen. Agirrek azaldu du Ata igotzean jende asko lurrean zegoela eserita ezinean, eta Guardetxera iritsi zenean, bi mutil gazte topatu zituen lurrean eserita. «Ez zutela jarraituko esan zidaten. Ezin zuten lurretik altxa ere egin. Aitortu zidaten kuadrilla baten atzetik joan zirela korrika. Hala ere, jarraitzeko animatu nituen, ezin zutela bertan utzi. Igaratzaraino ordu eta erdi ordekan zela, eta gero meategietako jaitsiera. Ez nien esan meategietako bidea gogorra izango zela, baita behin hor egonda, jaistea besterik ez duzu».
Ibilbidearen eredua aldatzeko beharra
Jendeak korrika egin ez dezan, 14 Orduko Ibilaldian gutxienez hamabi ordu egin behar dira, eta gehienez hamasei. Hala ere, Agirrek adierazi du hori batzuetan ez dela betetzen. «Azkenean lortu dugu mendi lasterkariak ibilaldian ez ateratzea. Jende askorekin hitz egin dut, eta askok ez dute berriro parte hartzen, tarteko adina duen jendea gehien bat, ibilaldia oso azkar egiten delako. 70 kilometro menditik ondo eginez gero, 14 ordu baino gehiago dira».
Xabier Agirre: «Kontua da abentura bat izan zela, eta orain horretaz gozatzen ari garela. Balioan jarri behar da Gorritin gosaldu zutela, San Migelen ondo bazkaldu zutela, eta Amezketan afaldu. Zein 14 Orduko Ibilaldia aldarrikatu nahi dugu?»
Helburua «disfrutatzea» dela nabarmendu du tolosarrak, eta gaineratu, lehen kontroletan jendea geratu egiten zela, eta lehen gutxiago zirela sinatzeko. Dei hau luzatu die herritarrei: «Nik bezala pentsatzen duten guztiei eskatzen diet orain dela 100 urteko ibilaldiaren parekoa egin behar dugula. Hamalau gizonek esan zuten 14 ordu egingo zituztela mendian, eta ez zituzten hamalau egin. 04:00etan atera ziren, eta 00:00etan iritsi. Zein da abentura? 14 ordutan egin zutela? Ez, kontua da abentura bat izan zela, eta orain horretaz gozatzen ari garela. Balioan jarri behar da Gorritin gosaldu zutela, San Migelen ondo bazkaldu zutela, eta Amezketan afaldu. Zein 14 Orduko Ibilaldia aldarrikatu nahi dugu?».
«Hau festa bat da, Lekunberrin, San Migelen, eta zer esanik ez Amezketan. Hori bai, familien, lagunen eta ezagunen laguntza falta den egunean, 14 Orduko Ibilaldia amaituko da»
Horrez gain, Agirrek nabarmendu du lehiaketa bat ez den neurrian, sufritzen den arren «ahalik gehien gozatu» behar dela: «Hau festa bat da, Lekunberrin, San Migelen, eta zer esanik ez Amezketan. Hori bai, familien, lagunen eta ezagunen laguntza falta den egunean, 14 Orduko Ibilaldia amaituko da. 1976tik inoiz ez dut motxila bat eraman». Amaitzeko, Agirrek aldarrikatu du 14 Orduko Ibilaldia Tolosako ibilaldia dela: «Aralarko Adiskideei esker hau antolatzen dugu. Hau Tolosako ibilaldia da, eta Euskal Herriko txoko askotara iristen da kartela: Bilbora, Gasteizera, Iruñera…».
«Hausnarketarako» bideoa
14 Orduko Ibilaldiaren erakusketa ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai. Horrez gain, ekainaren 5ean Topic-en Francisco Tuduriren eskutik, hitzaldi-proiekzioa jarriko dute, martxaren jatorriari eta bilakaerari buruzkoa. Ondoren, Pablo Dendaluzeren 10-15 minutuko bideo bat proiektatuko dute. Dendaluzeren esanetan, «hausnarketarako» bideo bat izango da, «kritikatik heldua». 1988ko 14 Orduko Ibilalditik hasita, joan den urtekora bitarteko irudiak bildu ditu Dendaluzek.




