Ibilkera lasaia du Eñaut Urkaregi (Larraul, 2007) Danenako txirrindulariak. Patxadaz dator Larraulgo udaletxeko plazara. Eskuan poltsa zuri bat darama: bertan ditu pistako Espainiako Txapelketan lortu dituen sei dominak, baita Paris-Roubaix lasterketako maillota ere, besteak beste. Hilabete gozoa bizitu duen arren, ezer lortu ez balu bezala etorri da. Horixe helarazten du, behintzat: heldutasuna eta lasaitasuna.
Larrauldarrak ezin hobeto hasi du junior mailako bigarren urtea. Korritu dituen lasterketa guztietan lehen hamarren artean sailkatu da, eta hiru garaipen poltsikoratu ditu: Gran Premio San Vicenteko erlojupekoa, Udaberriko Klasikoa eta Amaikak Bat Saria. Hori gutxi ez, eta junior mailako Paris-Roubaix lasterketa entzutetsuan lehiatzeko aukera izan du. Errepidean ez ezik, pistan ere aritzen da, eta Mallorcan jokatu berri duen Espainiako Txapelketan urrezko bost domina eta zilarrezko bat eskuratu ditu. Profesionaletara salto egiteko junior mailako bigarren urtea erabakigarria den arren, ez da horrekin itsutzen.
Nolakoa izan zen Paris-Roubaix lasterketako esperientzia?
Bagenekien oso gogorra izango zela, eta aldi berean, oso inportantea ere bai. Presio puntu horrekin gindoazen, junior mailako lasterketa garrantzitsuenetarikoa zelako. Niretzat oso-oso gogorra izan zen, eta gainera, bi aldiz erori nintzen. Aurreneko erorikoaren ondoren lortu nuen pelotoian sartzea. Bigarrenean, berriz, harbideetako hirugarren zatian erori nintzen, eta gero ezin izan nuen bat egin berriro tropelarekin, erori nintzenean denbora pixka bat galdu bainuen.
Erori ondoren ez da lan makala berriro ere tropelarekin bat egitea.
Ez, harbideen zatiak hasi aurretik, errepidean 30 kilometro bakarrik ziren. Hasieran tentsio asko zegoen. Lauzpabost eroriko izan ziren, eta halako batek harrapatu ninduen. Baina ez nuen min handirik hartu, beste pertsona baten gainean erori bainintzen. Gero lortu nuen harbideetako zatian aurrean sartzea. Hautatzaileak esan zigun garrantzitsua zela harbideetako lehen zati horietan lehenengo postuetan sartzea. Aurreneko bosten artean ibiltzea lortu genuen. Justu hirugarren zatian eroriko bat egon zen berriro ere, eta ondoren ezin izan nituen harrapatu. 60-70 kilometro geratzen ziren lasterketa amaitzeko.
Eta amaitu zenuen?
Bai, baina justu-justu.
Harbideetan tentsioa bikoitza izango da, ezta?
Bai, gurpil lodiagoak jarri behar dituzu, presio gutxiagorekin, eta heldulekuan ere zinta bikoitza jartzen dugu. Ez du zerikusirik errepidean korritzea edo harri kozkorren gainean egitea. Oso-oso gogorra egiten da.
Aukera izan zenuen harbideetan aurrez entrenatzeko?
Ez, lasterketa aurreko egunean joan ginen zatiak ikustera, baina horixe bakarrik.
Bi aldiz erori zinen arren, nola ikusi zenuen zeure burua? Junior mailako ziklistarik onenak egongo ziren bertan.
Bai, bosteko talde bat iritsi zen helmugara, eta atzetik hogeiko taldetxo bat. Bizikletan datuak, wattioak eta abar ditugu, eta bukatu nuenean wattio horiek ikusten egon nintzen. Gaiaz dakien jendearekin hitz egin nuen, eta beste txirrindulariekin alderatuz, uste dut aurreneko bosteko horretan ez nintzela egongo, baina bai atzetik zegoen hogeiko taldetxoan.
Zuena korritu ondoren, ikusi zenuten profesionalen lasterketa?
Ez nuen aukerarik izan, bigarren erorikoan ukondoa ireki bainuen. Ospitalera joan behar izan nuen puntuak jartzera. Ez nituen ikusi, eta pena pixka bat badut horregatik. Oso giro polita egoten da errepide bazterrean, eta festa baten modukoa izaten da.
Errepideko denboraldiari begira, lasterketa guztietan lehen hamarren artean sailkatu zara, eta hiru irabazi dituzu, horietako bat erlojupekoan. Ezin hobeto hasi duzu sasoia.
Bai, aurreneko lasterketa irabaztea lortu nuen. Gainera, UCI —Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna— mailako lasterketa bat zen, hau da, munduko mailako lasterketa bat. Erlojuaren aurka ere nahiko ondo moldatzen naiz. Indartsu hasi dugu denboraldia ia lasterketa guztietan lehen hamarren artean sartuta, eta hiru garaipenekin. Oso gustura nago.
Junior mailako bigarren urtean zaude. Beharbada iazkoa zertxobait zailagoa izan zen? Urte bateko aldea nabarituko baita...
Bai, bigarren urtekoak koskortuago daude, eta entrenamendu aldetik ere prestatuago daude. Joan den sasoitik honetara nik ere gehiago entrenatu dut. Helduagoa izatea abantaila bat da.
Hemendik aurrera zein lasterketa dituzu errepidean?
Orain atseden pixka bat hartuko dut, baina gero Gipuzkoako Klasikoa korrituko dut, eta maiatzean Suitzara joango naiz Espainiako selekzioarekin. Udan, berriz, Espainiako Txapelketak ditut, eta, besteak beste, Gipuzkoako Itzulia eta Iruñekoa korrituko ditut. Orain gauza politak datoz.
Nola deskribatuko zenuke zeure burua txirrindulari bezala?
Uste dut nahiko pisutsua naizela. Goraka ondo moldatzen naiz, baina onena ere ez naiz. Ez naiz igotzaile bat, baina ondo moldatzen naiz erdi mailako mendateetan, eta esprintean nahiko ona naiz. Mendateak pasatzen baditut, aukera asko ditut esprintean irabazteko.
Orain txirrindularitzan etapak azkarrago erretzen direnez, baliteke juniorreko bigarren urtea izatea erabakigarriena gorenera salto egiteko?
Bai, etorkizunera begira bagenekien urte hau erabakigarria izango zela. Saiatzen ari gara ahalik ondoena egiten. Orain, agian, uste dugu zuzenean profesionaletara pasatu ahal garela, baina guk lanean jarraitzen dugu, eta ea zer gertatzen den.
Hurrengo denboraldiari begira, talderen batekin hitz egin al duzu?
Denboraldia ondo hasi dudanez, zenbait taldek deitu didate. Izan ere, aurreneko lasterketa UCI mailakoa zen, eta irabaztea lortu nuen. Baina oraindik ez dut ezer lotuta. Uste dut talde txukun batera joateko moduan izango naizela.
Pistari dagokionez, sei domina lortu berri dituzu Espainiako Txapelketan.
Bai, sei proba hauetan atera naiz: puntuazioko proban, kanporaketan, kilometroan, banakako eta taldekako jazarpenean, eta taldekako abiadura proban. Azken horretan bigarren egin genuen, eta beste guztietan lehena geratu naiz. Kadeteetatik aritzen naiz pistan. Urtero hobetzen noa, eta aurten indartsu ikusi dut neure burua.
Orain Europako eta Munduko Txapelketak izango dituzu.
Bai, hemendik aurrera Europako Txapelketak geratzen zaizkigu, baita Mundukoa ere. Saiatuko gara ondo prestatzen, eta ahal bada dominen bat ateratzen.
Joan den denboraldian nola aritu zinen Europako eta Munduko Txapelketetan?
Europako Txapelketan bi proba bakarrik egin nituen: taldekako eta banakako jazarpena. Banaka zortzigarren egin nuen. Munduko Txapelketan omnium proba korritu nuen, baita banakako eta taldekako jazarpena ere. Azken bi horietan Espainiako errekorra egin genuen. Belodromoa oso azkarra zen, eta gu ere sasoi onean geunden. Onminumean bosgarren egin nuen.
Nola daramazu pista eta errepidea uztartzea?
Errepidean entrenatzen dut, baina gero Espainiako selekzioarekin egonaldiak egiten ditugu pistan entrenatzeko. Adibidez, Europako Txapelketa baino bi aste lehenago egonaldi bat egingo dugu. Orduan, pistan jartzen dut arreta osoa.
Zein duzu gustukoen?
Errepidea gustatzen zait gehiago, pistak baino etorkizun gehiago baitu. Hala ere, biak egitea gustatzen zait.
Zertan uste duzu laguntzen dizula pistak errepidean eta alderantziz, errepideak pistan?
Pistan aritzeak asko laguntzen du tropelean ondo kokatzen, pelotoian ondo joateko. Pistan oso azkar joaten gara, eta oso gertu bata bestearengandik. Korritzen ikasteko oso ondo dago, bizikleta gainean trebea izaten ikasten duzu. Eta gero, pista egiten duten guztiek, errepidean bukaerako esprinta oso ona dute.
Batxilergoko azken urtean zaude, buru-belarri ariko zara orain.
Bai, azkenean dena uztartzen ari naiz ahal den bezala. Orain azterketa astea segituan dugu, eta ondoren selektibitatea. Ea hori ateratzen dugun, eta gauza bat gutxiago.
Udan sartzen ari garen neurrian, errazagoa izango da txirrindularitza ikasketekin uztartzea, argiagatik batez ere.
Bai, dudarik gabe. Eskolatik 15:00ak aldera ateratzen zara, eta 16:00etan bizikletan ibiltzera. Beraz, 17:00etan ilun baldin badago, denbora gutxi duzu entrenatzeko.
Denboraldi erdia egin duzu, eta beste erdia falta zaizu. Orain artekoarekin, gustura egoteko moduan zaude.
Bai Espainia mailan, bai eta nazioartean ere lasterketa batzuk egin ditugu, eta nahiko txukun aritu naiz. Ez da hemen bakarrik ondo ibiltzen naizela. Denboraldiak aurrera egin ahala, geroz eta hobeto sentitu ohi naiz. Uste dut bukaera aldera edukitzen dudala nire sasoirik onena. Orain, atseden pixka bat hartuko dut, baina gogotsu nago datorrenerako.
Gipuzkoako txirrindularitzak ez du momenturik gozoena orain. Federazioaren dimisoa, manifestazioa... Zer eragin izan du horrek zuengan?
Hor gatazka batzuk dituzte. Egia esan ez dakit zentzu asko duten edo zertarako diren. Azkenean guri ere kalte egiten digute. Ez dakit zein adostasunera iritsi nahi duten, baina azkenean kaltetuak txirrindulariak gara. Beraiek bertako txirrindularitza uztartu nahi dute eta bertakoa nahi dute aurrera eraman, baina gero ados ez nagoen gauza batzuk egin dituzte. Adibidez, gure taldeko nafarrei ez diete uzten Gipuzkoako lasterketetan parte hartzen. Ez dakit zergatik, eta azkenean kaltetua txirrindularia da. Beraiek txirrindularitza babestu nahi badute, ez du zentzu askorik.