Orain dela gutxi esan genuen ez genuela igeriketaz hitz egingo, baina gero ezinezkoa da», aitortu du barre artean Unai Zubeldia (Tolosa, 2005) anaia zaharrenak. Jarraian, haren aitak hartu du hitza: «Esaten dugu ez dugula igeriketaz hitz egingo, gero hasten gara beste gai batekin, eta hor ere igeriketaz aritzen gara. Ez da erraza. Naturaltasunez egiten dugu, baina egia da familian igeriketa dugula hizketagai». Zubeldiatarren etxean igeriketa dute pasio, afizio eta ogibide. Joseba Zubeldia (1977, Tolosa) Tolosaldea IKTko entrenatzailea da, eta gaztetan igerian aritu zen, baita bere bikotekidea ere. Orain, bere hiru seme-alabak ari dira igeriketan. Unai, Mattin (2007, Tolosa) eta Malen Zubeldia (2009, Tolosa). Etxekoek zipriztindu zituzten.
Joseba Tolosako futbol klubean hasi zen igerian, Berazubin: «8 urterekin, Jesus Orus Totin zen entrenatzaile, gero German Ormazabalekin eta Arantxa Urangarekin aritu nintzen, baita Rafa Orusekin ere». Igeriketatik zerk erakarri zuen galdetuta, Tolosaldea IKTko entrenatzaileak adierazi du beste kiroletan ez zela «oso abila», eta horrek ere izango zuela zerikusia: «Igerian beti sentitu naiz eroso, gaur egun ere bai. Urak lasaitasuna ematen dit, libre mugitzeko aukera. Beti egon naiz igeriketari lotua, nahiz eta nerabezaroan pare bat urtetan utzi». Haren bikotekide Zuatz Oteiza ere igeriketan aritzen zen. Josebak azaldu du hark erraztasun handiagoa zuela berak baino, eta urte batzuetan Tolosako futbol klubean entrenatzaile ere aritu zela.
Hainbat urte daramatza Josebak Tolosaldea IKTko entrenatzaile bezala. Pasioa eta afizioa zuena, ogibide du orain. Entrenatzaileak azaldu du Asier Bakaikoa eta Zuriñe Arsuaga etorri zirela taldera, eta Idoia Gibelalde ere aritzen zela entrenatzaile bezala. «Momentu horretan asko erakartzen ninduen entrenatzaile izateko ideiak. Igeriketako irakasle izateko ikastaroa egin, eta Berazubin hasi nintzen ikastaroak ematen. Gero Igarondora pasa ginen, eta pixkana benjamin kategoriatik hasita, behetik goraka osatu dugu eskailera».
«PRESARIK GABE, BAINA DENBORARIK GALDU GABE»
Gurasoak igeriketari lotuta egonda, hiru seme-alabak bide berdina jarraitzen ari dira. Zaharrenak hartu du hitza: «Beti eraman naute igerilekura. Gogoratzen dut txikitan txapelketak ikustera joaten nintzela. Helduak ikusten genituen igerian. Pilota handitzen joan den neurrian, geroz eta harrapatuago nengoen. Orain dela pare bat urte gorabehera bat izan nuen, baina hori pasatu dut, eta berriro ere ahalegin betean nabil».
«Ondo jatea, atsedena, ohiturak… Hiruretatik batek ohitura horiek ez balitu, zaila litzateke denek diziplina horri eustea»
Bide beretik, Mattin anai gazteenak esan du aita beti izan duela «erreferente», eta anaia bi urte helduagoa izanik, «bidea irekita» izan duela: «Unai izan da etxeko bidea ireki duena, eta ni atzetik aritu naiz bide argiago batekin. Niretzat uste dut errazagoa izan dela, jakinda Unaik zein pauso eman dituen. Hemen inguruan ziren lehiaketetara ikustera etorri naiz, eta Unai ia txapelketa guztietan ikusi dut».
Mattinen antzera, Malen ere Unai ikustera joaten zen Espainiako Txapelketara: «Argi nuen Espainiako Txapelketara joan nahi nuela, Unai joan zen bezala. Eredu bat izan da». Ez da harritzekoa hirurak igeriketan aritzea, ikusita gurasoak kirolaren bueltan ibili direla. Josebak azaldu du seguru zerikusia duela etxean ikusitakoak, baina nabarmendu du «modu orekatuan eta osasuntsuan» eramaten ari direla errendimendu altuko prozesua: «Lortu dugu txikitatik prozesu bat egitea. Lehiakortasuna hor egon da, baina modu baikor eta osasuntsu batean, inoiz helburu-marka-dominak aurretik jarrita, horren gainetik gauza garrantzitsuagoak baitaude. Helburu teknikoak, adibidez. Adin tarte bakoitzari zegokion prozesua errespetatu dugu, presarik gabe. Hori da lema: presarik gabe, baina denborarik galdu gabe».
Josebaren iritziz, igeriketan «ezin da denbora galdu»: «Igerilaria izan nahi baduzu, gaztetan zenbait abilezia hartu behar dituzu, eta horretarako orduak igaro behar dituzu uretan. Horretan, ez dugu presarik izan, baina denborarik galdu gabe egin ditugu gauzak. Hori da taldean pentsatzeko dugun modua. Uste dut prozesua ondo eraman dugula, eta gertuen izan ditudanak, etxekoak, alegia, izan direla ondoen eramateko aukera izan dutenak».
URETAN IKASI DAITEKEENAK, «EZ DU MUGARIK»
Igeriketan orduak eta orduak pasatzen dituzte uretan. Kirolean diziplina beharrezkoa bada, igeriketan zer esanik ez. Zubeldiatarren etxean, igeriketa bizimodutzat dute. «Goiz sartzen gara ohera, goiz esnatzen gara… Ez zaigu hainbeste kostatzen goizean igerilekura etortzea», adierazi du Mattinek. Uretan ez ezik, lehorreko lana ere ezinbestekoa dute. Azken hori gustura egiten du Unaik. Berak eramaten du taldearen prestakuntza.
«Orain dela gutxi esan genuen ez genuela igeriketaz hitz
egingo, baina gero ezinezkoa da»
Aitak gehitu du etxeko martxak asko laguntzen duela diziplinan: «Nutrizionista batekin dabiltza. Atsedena zaintzen eta neurtzen dute. Igerilariei beti esaten diet: goizeko 06:00etan esnatu behar baldin baduzu, gaueko 22:00etarako ohean egon behar duzu. Ez bazara ordu horretan ohera sartzen, arrazoia edozein dela ere, ez etorri entrenatzera, atseden hartu ez baduzu. Diziplinari eusteko gure etxeko martxa da aproposena. Ondo jatea, atsedena, ohiturak… Hiruretatik batek ohitura horiek ez balitu, seguruenik zaila izango litzateke denek diziplina horri eustea».
Tolosaldea IKTko entrenatzailearen ustez, hemen ez dago hainbeste ohitura igeriketan aritzeko, eta Katalunia jarri du adibide: «Han jendeak beste era batera ulertzen du. Ordu asko pasa behar dira uretan, batez ere adin gazteagoetan. Ordu asko dira. Igeriketa medio desberdin bat da, eta horrek eskatzen du uretan denbora asko egin beharra. Uretan ikasi daitekeenak ez du mugarik. Espainia mailan adibidez, orain dela sei urte Unaik egiten zituen markekin ez zuen inolako arazorik izango finaletan sartzeko, baina orain maila asko igo da. Hor egon nahi baduzu, ordaindu behar duzun prezioa da».
Josebak adierazi du jendeak beharbada ez duela sakrifizio edo bizimodu hori ulertzen: «Iruditzen zaie bizitzarik ez dugula edo sekta batean gaudela. Bizitzeko modu bat da, aukera bat. Igeriketako jendearekin harremantzen dira. Inauteriak, adibidez, honelaxe antolatu genituen. Festen hurrengo astean txapelketa bat genuen Sabadellen. Inauterietan hara joan gara beraiekin entrenatzera. Denon artean erabaki genuen. Bakoitzak nahi duena egin dezake».
URETAN GAUZA ASKO ATZEMAN DAITEZKE
Sei egun entrenatzen dituzte, eta hiru egunetan goizez zein arratsaldez. Hori gutxi ez, eta beste hiru egunetan, gimnasioko lana izaten dute. Unai eta Mattin orain dela gutxi hasi dira batera entrenatzen. Malenek, berriz, arratsaldez eskola duenez, hiru egun gauez aritzen da.
«Unai izan da etxeko bidea ireki duena, eta ni atzetik aritu naiz. Niretzat uste dut errazagoa izan dela»
Bi anaiak elkar estutzen ote diren galdetuta, Unaik adierazi du nozbait izan dutela mokokaldiren bat, baina beti modu baikor batean: «Elkar babesten gara, entrenatzen antzeko maila baitugu». Bat dator horrekin Mattin: «Askotan bera da gauza batzuetan hobea eta ni beste batzuetan. Beharbada entrenamendu luze batean ni indartsuagoa naiz, eta bera azkarragoa beste batean. Bakoitzak bere momentua du aurretik joateko. Hala ere, egia da askotan ondoan ikusten duzula, eta segitzen saiatzen zarela». Malenek tarteka entrenatzen du anaiekin. Etxeko gazteenak adierazi du haiek azkarrago entrenatzen dutela: «Teknikoki askotan eredu dira, eta gauza batzuk haiek bezala egiten saiatzen naiz».
Hirurak uretan entrenatzen egoten dira, eta aita igerilekutik begira. Etxean errietarik izaten al duten galdetuta, seme-alabek zerbait esan baino lehen, aita aurreratu da: «Amari esaten dizkiot gauzak, eta berak beste era batera helarazten dizkie». Entrenatzailearen ustez, igerilari bat uretan dagoenean, hitz egiten baino gauza askoz gehiago ikusten dizkiozu: «Gai zara ikusteko haserre edo triste dagoen. Gauza asko ikusten dituzu igerian, gero beste plano batera pasatzen dituzunak. Askotan Zuatzi esaten diot «gaur arazo bat du» edo «zerbait pasatzen zaio», eta gero berak bideratzen du».
Horren harira, Mattinek aipatu du aita beste begi batzuekin ikusten duela: «Azkenean etxeko elkarrizketetan konfiantza handiagoa dago, gaiak gehiago sakontzen dira, eta igerilekuan igeriketako kontuez hitz egiten dugu».
JUNIORRETAN, TALDE «INDARTSUA»
Berriki Espainiako Txapelketa jokatu dute Sabadellen. Hirurek emaitza bikainak lortu dituzte. «Oso pozik» dago aita, batez ere, taldeko emaitzak «oso onak» izan direlako. Mattinentzat izan da erronkarik handiena. Izan ere, txapelketa baino sei aste lehenago, ebakuntza egin zioten belaunean: «Erronka bat bezala hartu nuen. Iritsi eta ea zer gertatzen zen. Entrenatzen azkar nindoan eta gogotsu nengoen. Hiru hilabete lehiatu gabe egon naiz. Lehenik, 50 metro bizkarrez igerian egin nuen, eta finalera sartu nintzenez, pozik. Hurrengo egunean estilo berean 200 metrokoa nuen, eta juniorreko finalean hirugarren egin nuen. Nire marka baino bi segundo gehiago egin nuen arren (2.05,13), pozik nago». Josebak azpimarratu du marka hori ez duela inork egin Euskal Herrian.
«Teknikoki askotan anaiak eredu dira, eta gauza batzuk haiek bezala egiten
saiatzen naiz»
Malen, berriz, estilo librean lehiatu zen, baita tximeleta estiloan ere. Estilo libreko 200 metrokoan zilarra lortu zuen, estilo libreko 400 metrokoan laugarren egin zuen, eta tximeleta estiloan bosgarren. «Proba guztietan hobetu nuen nire marka. Lehen hiru probatan oso gertu geratu nintzen dominetatik, eta azken egunean iritsi zen zilarrezko domina». Gertu izan zuen urrea, gainera. Juniorreko lehen urtean dago tolosarra.
Unairen kasuan, finalak absolutuak dira, eta, beraz, lehen hamasei igerilariak bakarrik sailkatzen dira. «Nahiz eta seigarren geratu 20 urtez azpikoan, ez nuen aukerarik izan finalean sartzeko. Gogo horrekin geratu nintzen; udan beste aukera bat izango dut», adierazi du anaia zaharrenak.
Aurrera begira, udako Espainiako Txapelketa dute begiz jota, baita Europakoa ere Mattinek. Iaz Europako Txapelketan lehiatu zen tolosarra junior mailan, eta aurten helburu bera du: «Iaz bizkar estiloko 200 metroko proban gutxieneko marka egin nuen Europara joateko. Hamargarren geratu nintzen arren, ezin nintzen finalerdietara sartu, Espainiako beste bi igerilari zeudelako nire aurretik. Uztailean Europako Txapelketara joateko, ekainean beste aukera bat dut gutxieneko marka egiteko».
Espainiako Txapelketa absolutua Mallorcan izango da ekain erdialdean, eta horri begira ari da Unai. Estilo libreko 50, 100 eta 200 metroko probetan lehiatuko da, baita 50 metro bizkarka ere. Malenek, berriz, uztail bukaeran du Espainiako Txapelketa junior mailan. Estilo libreko 200 eta 400 metrokoan aritzeaz gain, tximeleta estiloko 50 eta 100 metrokoan eta bular estiloko 200 metrokoan igeri egingo du. «Oraingoz ez ditut gertu gutxieneko markak, baina datorren urtean hori izango da helburua».
Sasoi onean da Tolosaldeko IKT taldea, nahiz eta gauzak badituzten hobetzeko. Josebak azaldu du Usabalgo grebak hutsune handia utzi zuela maila batzuetan: «Talde absolutua erdi galdu genuen. Orain, junior mailan talde indartsua dugu, eta gero beste hutsune bat dugu kimuetaraino. Azpitik hasi behar dugu berriro lan egiten. Zuloa egunen batean estaliko da, eta eskailera guztiak izango ditugu. Taldekako lehiaketei esker, adibidez, Euskal Herriko Kopa, helduenak igeriketan jarraitzea eragiten du, eta gazteek motibazioari eusten diote. Nesketan Espainiako Kopan sartu gara».