erreportajea

Etxetik dakar

Saudi Arabian dago Irene Caminos tolosarra Dakar rallya gertutik ezagutzen; TH-Trucks taldean ari da, sare sozialetako edukia sortzen.

Dakar rallyarekiko pasioa etxetik dakar Irene Caminosek (Tolosa, 1998): «Anaiak eta biok txikitatik ezagutu dugu Dakarra etxean. Aitak gauza asko kontatzen dizkigu, eta beti ikusi dugu telebistan». Triala utzi eta segituan sartu da tolosarra beste proiektu batean. Dakarra joan den ostiralean hasi zen Saudi Arabian, eta hilaren 17an amaituko da. Bertan da jada Caminos. Aurten, baina, ez du korrituko, ikustera doa.

«Asistentzia talde batekin noa. Taldeari lagunduko diot sare sozialetan egiten duten edukiarekin. Lehiaketaren atzetik zer dagoen erakutsiko dut, eta bideoak grabatzen egongo naiz. Adibidez, jendeak nola egiten duen lo grabatuko dut. Nik lurrean egingo dut lo lo zakuarekin kanpin-denda batean. Beste batzuk, berriz, autokarabanan egingo dute. Dakarra barrutik nola den grabatuko dut, kanpamentuan zer gertatzen den, kamioi bat goizeko hiruretan etortzen bada, mekanikariak nola hasten diren lanean…».

TH-Trucks Burgosko taldearekin joan da tolosarra Saudi Arabiara. «Aspalditik ezagutzen ditugu. Aitak eta Facundok [Vitoria] ezagutzen zituzten. Kotxeen lasterketa batera etorri ziren, ni bizikletan nengoen erakustaldi bat egiten, eta hor ezagutu nituen. 2017an izango zen. Joan den urtean esan zidaten Espainiako Txapelketan lehiatzeko side by side batean kopilotu bezala, baina ezinezkoa zen trialarekin uztartzea. Egutegi guztian proba bakarrera joateko aukera nuen. Erdizka egiteko, nahiago dut ezer ez egin».

TH-Trucks taldeak 25 ibilgailu eraman ditu aurten Dakarrera. Izan ere, Dakar rallyan hainbat kategoria daude. Caminosen taldearen kasuan, adibidez, kamioiak, kotxeak, kotxe klasikoak, eta side by side ibilgailuak eraman dituzte.

Dakarra hasieran Afrikan egiten zen, ondoren Hego Amerikan eta 2020tik Saudi Arabian egiten da. Hain justu ere, Joxe Mari Caminosek —Ireneren aitak—, Afrikan korritu zuen Dakarra, Facundo Vitoriarekin batera, Michubisiri asistentzia egiten, kamioiez. «Lehengoa askoz gogorragoa zen, ordu gutxiago lo egiten zuten. Aitak beti esaten zuen kamioian egiten zutela lo. Hamabi etapa dira, hamabi egun, eta egun bat deskantsatu egiten da. Ez dakit nola jasaten zuten. Gogorra da, ez baitzara geldirik egoten».

AITA, «URDURI»

Aitak aholkuren bat eman ote dion galdetuta, tolosarrak barrez erantzun du aita «jasanezin» dagoela. «Urduri dago, ni baino gehiago. Esperientziaz disfrutatzeko eta asko ikasteko esan dit. Eskerrak bera ez datorren, bestela ez dakit nola egongo zatekeen!».

Caminosek ez daki zer aurkituko duen Dakarren. «Gauza asko ikusi ditut, baina barruan egon arte, ez dakit nola izango den. Beharbada ez zait gustatzen, beharbada esango dut jendea zoratuta dagoela… baina ez dut uste [barrez]. Beharbada esperientzia bizitu ostean, esango dut ez naizela gehiago bueltatuko, baina ez dut uste hori gertatuko zaidanik».

Joan aurretik, ez dago urduri, baina «beldur pixka bat» badu: «Ez da triala bezala, badakidala guztia nola doan. Hemen badakit nora noan, baina, aldi berean, ez dakit ezer. Galduta bezala nago, ea zer aurkitzen dudan. Gogotsu nago, baina, aldi berean, ez dakit zer topatuko dudan. Jendeak esaten dit ziur gustatuko zaidala, eta lasai egoteko».

Dakarra egitekotan zein ibilgailurekin egingo lukeen galdetuta, tolosarrak argi du erantzuna. «Kamioiarekin korrituko nuke, eta nesken tripulazio bat osatu nahi dut. Iaz atera zen Dakarren neskez osatutako tripulazio bat. Datorren urtean asmoa da kamioia hartzen hastea, entrenatu egin behar baita. Lasterketak korritu behar dira, baina betikoa, hara joateko aurrekontua behar da».

Kamioian hiru pertsona joan ohi dira. Pilotua, kopilotua eta mekanikoa. Zer postu hartuko lukeen galdetuta, tolosarrak azkar batean erantzun du bera pilotua izango litzatekeela.



KANPAMENTUA, HERRI TXIKI BATEN ANTZERA

Zer da, baina, Dakarra? Nola lehiatzen dira? Hamabi etapa dira, eta gutxi gorabehera 8.000 kilometro egiten dituzte hamabi egunetan. Motoak, quadak, kotxeak —zenbait kategoria daude— side by side ibilgailuak, kamioiak eta kotxe klasikoak aritzen dira lehian. Azken horiek erregularitatean lehiatzen dira. Lehena iristen denak ez du irabazten, ibilbidean zehar antolatzaileek ezarritako abiadura betetzen duenak baizik.

Lasterketan kanpamentu bat dago etapa batetik bestera, pilotuek atseden har dezaten. Caminosek azaldu duenez, aurtengo lehen hiru etapak leku berean hasi eta bukatu dira. «Kanpamentuan denetarik dago. Buffet erraldoia, ospitale bat, komunak eta dutxak... pilotuek dena eskura izan dezaten. Herri txiki baten antzera, mugitzen doa, lasterketa aurrera doan heinean».

Zenbat kilometro eta ordu egiten dituzte etapa batean? Adibidez, lehen etapan 500 kilometro egin dituzte, eta bigarrenean 1.000 kilometro baino gehiago. Tolosarrari galdetuta zenbat denbora behar duten etapa bat osatzeko, erantzun du aldagai asko hartu behar direla kontuan: «Adibidez, matxuraren bat duzun ala ez. Horrez gain, oso desberdina da Carlos Sainzek egiten duen denbora edo atzeko batek egiten duena. Kotxeen artean ere alde handia dago. Aurten puntakoak kotxe berriekin doaz eta ikusi behar zein abiadura hartzen duten, baina ziur 100 kilometro orduko baino gehiago hartzen dutela».

Eta zer gertatzen da puntako kotxeren batek matxuraren bat badu? Tolosarrak adierazi du normalean goi-mailako taldeetan lau kotxe joaten direla, eta pilotu onenek badakitela bigarren kotxea atzean dutela. Beraz, matxuraren bat izanez gero, lehen kotxeari behar duena ematen diote, eta bigarren kotxea geratzen da itxaroten taldeko kamioia etor dadin.

GAUEAN LOTAN, DUNETAN

Lasterketaren zati bat dunetan korritzen dute, eta hor norabidea galtzea erraza izaten da. Baina horretarako dituzte bide-orriak. «Mapa baten modukoa da. Dena paperean daramate, eta kopilotuak eramaten du. Motoan zailagoa izaten da, bakar batek egin behar duelako dena; bai gidatu, baita nondik doan begiratu ere. Kotxeen kasuan, kopilotuak abisatzen dio pilotuari bidean harri batzuk baldin badaude edo bi kilometrotara kurba itxia duen. Hala ere, asko galdu egiten dira. Toki batean bueltaka ibiltzen dira. Bide-orria etapa bat hasten denean, goizean, ematen dizute, lasterketa hasi baino lehen».

Aldi berean, lasterketan bide onetik zoazela ziurtatzeko, bide erdian wide point-ak egoten dira. «Gertutik pasatu behar duzu, eta soinu bat egiten du pasatzean. Ez bazara hortik pasatzen, zigortzen zaituzte». Caminosek azaldu duenez, ibilgailu asko gauean lotan geratzen dira dunetan: «Arriskutsua da dunetan gauean ibiltzea. Ez duzu ezer ikusten. Halakoetan, lo egiten dute eta biharamunean jarraitu. Noski, puntako pilotuak kanpamentura iristen dira, kotxea mekanikoek konpontzen diete, eta beraiek deskantsatu egiten dute».

Tolosarrak adierazi du jende asko bukatzera doala. «Irabaztera doaz puntan dabiltzan lehen hamarrak, kotxe onak dituztelako, talde handia dutelako atzetik… Gainerako guztiak bukatzera doaz. Ordu batzuetan bukatu behar duzu etapa bat, eta ez baduzu amaitzen, etapa bat salto egin, eta hurrengora zoaz. Hori bai, zigorra jasotzen duzu. Antolatzaileak denbora guztian zurekin harremanetan daude, toki batean denbora luzez geldirik bazaude, deitu egiten dizute ondo zauden jakiteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!