Elkarrizketa

«Urte honetan etorri den guztia espero ez nuen gauza bat izan da»

17 urtez azpiko Munduko Kopan txapeldunorde izan da Aiara Agirrezabala berastegiarra Espainiako selekzioarekin; 16 urte besterik ez dituen arren, berriki 19 urtez azpiko selekzioarekin egon da Murtzian egonaldi batean.

Kasualitatea ala ez, eskualdean azken 25 urteetan hiru urtez behin ezker oin trebea duen jokalari bat nabarmendu da: Ainhoa Garikano (Tolosa, 1999), Izarne Sarasola (Ibarra, 2002), Intza Egiguren (Anoeta, 2005) eta Aiara Agirrezabala (Berastegi, 2008). Lehena, orain mendian korrika aritzen da, maila onean gainera; bigarrena Realeko lehen taldeko jokalaria da; eta azken biak Realeko bigarren taldean daude. Berastegiarra da uzta oparo honetan azkena. 16 urte besterik ez dituen arren, 17 urtez azpiko Munduko azpitxapelduna da, baita Europako txapelduna ere. Biak ere, urte honetan eskuratu ditu. Joan den urriaren 16an Dominikar Errepublikan hasitako Munduko Kopan Agirrezabalak partida guztiak jokatu ditu bat izan ezik. Aurrera begira, hankak lurrean ditu, eta «pixkana» joan nahi du.

Finalean galdu egin zenuten Ipar Korearen aurka penaltietan. Amaiera krudela?

Bai, eta partida hasieratik izan zen. Neurketa espero genuen bezalakoa izan zen, aurretik azaldu ziguten aurkariak ez zirela errazak izango, eta gure jokatzeko modua asko aldatu beharko genuela. Partidan bertan uste dut momentu gehienetan beraien gainetik sentitu ginela, eta gola sartu genuenean sekulakoa izan zen. Baina 5 minutura gola sartu ziguten, eta gero penaltietan azkenean zorte kontua da.

Penaltia bota zenuen?

Ez, ez zait gustatzen. Txikitatik dudan kontu bat da, penaltiak ez botatzearena.

Multzoen fasetik finalera arte partida guztiak irabazi dituzue, ezta?

Esan dezakegu partidarik ez dugula galdu, eta finala penaltietan galdu genuela. Multzoen faseko lehen partida AEBen aurka jokatu genuen, eta horien kontra Munduko Kopa hastea sekulako motibazioa zen, gogorra ere bai, noski. Horiei irabazi genien lehen partida, eta horrek hauspo handia eman zigun. Bagenekien hurrengo bi partidak ez zirela exijentzia oso handikoak izango, baina behin hara ailegatuta, badakigu selekzio guztiek izango dutela zerbait, baina nahiko ondo moldatu ginen. Final-laurdenetan Ekuadorren aurka jokatu genuen, eta finalerdietan Ingalaterraren aurka. Azken horien aurka aurretik jokatu genuen; hain justu, Europako Txapelketako finalean, 4-0 irabazi zuten. Bagenuen gogoa, beraz, erakusteko irabazteko gai ginela.

Europako Txapelketa aipatu duzula, aldaketa asko dago Munduko Kopa bat jokatzetik Europako batera?

Bai, azkenean beste estrategia bat erabili behar duzu, beste selekzioek ez baitute jokatzeko modu berdina. Maila aldetik hain da diferentea kontinente bakoitzean jokatzen den modua, diferentzia handia da. Adibidez, Europan alderdi teknikoa nabarmenduko nuke, Asian oso talde fisikoak direla, eta Hego Amerikakoak indartsuak eta handiak.

Gustura aritu zara txapelketan? Atzeko ezker alboan jokatu duzu, ezta?

Bai, partida bat izan ezik, beste guztiak jokatu ditut. Eta bai, atzeko ezker alboan jokatu dut. Aldaketa hori Realean etorri zen. Hegalean jokatzen nuen, eta atzera pasa ninduten. Azkenaldian oso gustura aritu naiz postu horretan; bai defentsan, bai erasoan aritzen zara. Korri asko egin behar dut gora eta behera [barrez]. Nahiko ondo moldatzen naiz.

Maiatzean Europako Txapelketan txapeldun, eta Munduko Kopan azpitxapeldun. Urte hau ederra izaten ari da zuretzat.

Bai, hau guztia orain dela urtebete hasi zen. Urte honetan etorri den guztia espero ez nuen gauza bat izan da. Orain dela urtebete pentsatu ezin nezakeen gauza bat. Lehenengo aldiz irabazi dut bai Europako Txapelketa, bai eta Munduko Kopa ere.

Deskantsatzeko astirik izan al duzu?

Ez, asko ez. Azken hilabete honetan gutxi. Udan zertxobait bai baina...

Futbolaz harago, aukera izan duzu Dominikar Errepublika ezagutzeko.

Espainiatik ateratzen garenenean ilusio handia egiten dit. Ikusita zein diren arrazoiak, gainera. Beste kulturak ezagutzeko aukera dugu, nahiz eta askotan txapelketetan asko ez garen ateratzen. Gehien harritu nauena da partidetan hango jendeak selekzio bat edo beste animatzen duela. Espainian hori ez da ikusten. Zuk ikusten baduzu partida batean Ekuador eta AEB aurrez aurre, Espainiako ume batek ez du animatzen talde horietako inor. Baina han zeudenek, ordea, bai. Hango gauza ohiko bat hau da: egun batean kalera atera ginen, eta jende asko gitarrarekin-eta, kalean kantatzen ari zen. Hemen hori ez da ikusten.

Munduko Kopatik etorri, hiru egun egin dituzu hemen, eta jada Murtziara joan zara. 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin egonaldi batera. Espero al zenuen?

Munduko Kopara joan ginenean, bagenekien gu itzultzerako 19 urtez azpiko selekzioak Europako Txapelketa jokatzeko aurre-kanporaketa bat zuela. Esan zigutenagatik, espero genuen hara joatea. Taldekide batek eta biok azken astean jakin genuen helduagoekin joango ginela. Azkenean, espero ez duzun gauza bat da, eta albisteak pixka bat espero ez genuen momentuan harrapatu gintuen, baina han egon gara eta oso-oso gustura.

Jokalari oso onak egongo ziren, baina zu ere han zeunden. Zerbaitengatik izango da hori. Nola ikusi zenuen zure burua?

Bai, oso jokalari onak zeuden han. Egia esan uste baino hobeto ikusi nuen neure burua.

Tolosatik Realera salto egin zenuenean aldaketa nabarituko zenuen, eta orain are gehiago, zure adin tarteko munduko jokalari onenen aurka jokatzen ari zarela.

Bai, Munduko Kopa jokatu dut ni baino urte bat helduagoak direnekin. Entrenamenduetan ere aldea nabaritzen zen. Bakoitza bere klubetik zetorren, eta gero elkartzen garenean exijentzia oso altua da.

Denboraldi hau hirugarrena izango duzu Realean. Azken bi sasoietan, zertan uste duzu hobetu duzula?

Defentsan hobetu dut, eta posizio berri batera egokitzen ere bai. Partida batzuetan atzeko lerroan erdian jokatu dut, eta ondoren, ezker alboan aritu naiz. Beraz, pixkana beste posizio batzuk ezagutzen ari naiz.

Bi denboraldi egin dituzu Realeko hirugarren taldean, eta sasoi honetan, bigarrenera egin duzu salto. Aldaketa nabarituko zenuen batetik bestera, ezta?

Bai, joan den denboraldi bukaeran batzuetan bigarren taldearekin entrenatzen aritu nintzen, eta azken bi hilabeteetako bi partida haiekin jokatu ditut. Behin maila bat igotzen duzunean, entrenamenduetan-eta asko nabaritzen da.

Denboraldi honetan partidarik jokatu al duzu bigarren taldearekin?

Bai, denboraldiko lehen partidak jokatu nituen bigarren taldearekin. Espainiako selekzioarekin jokatzetik itzuli naizenean ere, duela bi asteburu, jokatu nuen berriro.

Zer moduzko maila ari zarete ematen Bigarren Maila Nazionaleko ligan?

Goialdean goaz sailkapenean. Ondo ari gara jokatzen, ni ondo sentitzen naiz taldean. Talde batzuk daude joan den denboraldian goiko ligatik, alegia, Bigarren Mailatik jaitsi direnak. Uste dut talde batzuetatik bestera alde handia dagoela liga honetan.

16 urte dituzu, eta Realeko bigarren taldean ari zara jokatzen. Zein amets dituzu une honetan?

Talde batean jokatzen duzunean, bertako lehenengo taldean jokatzea izaten da ametsa. Pixkana, ahal dudan neurrian, saiatuko naiz lorpenak kateatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!