erreportajea

Boluntarioen emaria agortzen ari da

Eneko Gurrutxaga amasarra.

31 edizioren ondoren, ez dute gehiago antolatuko Amasako mendi duatloia; Eneko Gurrutxaga probaren antolatzaileak adierazi du ez dutela lortu jendea lasterketaren parte sentiaraztea.

Eneko Gurrutxaga (Amasa, 1986) herriko semeak irabazi zuen Amasako 31. mendi duatloia. «Baikorra naiz, eta irabazteko esperantza txiki bat banuen; herrian, bezperan euria egin zuen... Fisikoki baino teknikoki hobea naiz. Zirkuitua lokaztuta zegoen, irristakor. Egunean ikusi nuen korrika erraz nindoala, eta bizikleta hartu nuenean aurrekoei tartea txikitzen hasi nintzen. Lehenengo bueltaren bukaeran banekien irabaz nezakeela, beti izan dezakezu zulatu edo matxuraren bat, baina oso bideratuta nuen lasterketa. Amasan irabazten dudan laugarren aldia da, baina jakinda azkena dela formatu honetan... Bukaera borobila geratu da, niretzat perfektua», adierazi du nostalgiarekin Gurrutxagak. Tamalez, albiste nagusia ez baita Eneko Gurrutxagak eta Maddi Olaetxeak irabazi dutela Amasako 31. mendi duatloia, lasterketa azken aldiz antolatu dutela baizik.

Azken urteetako partaidetzarik handiena izan arren —120 parte hartzaile eta 88 dortsal—, orain dela hiru asteburu agurreko ekitaldia egin zuten. Gurrutxaga bera da Amasako mendi duatloiko antolatzaileetako bat, eta lasterketa gehiago ez antolatzeko zenbait arrazoi aipatu ditu, nagusiena boluntario falta. «Agian akatsa nirea da, nik hartu baitut lasterketa antolatzeko zama handiena gainean. Eta ondoren, bidegurutzeak egiterako garaian, ez dut delegatu behar adina, ez dut azaldu behar adina. Nik egiten nuen dena, eta ez dut lortu jendea lasterketaren parte sentiaraztea. Hori nire errua izan da. Gehiago delegatuz, eta talde bat izan banu, bueltan babes gehiago jaso nezakeen».

Lasterketa bat antolatzea ez da batere lan makala: bidea begiratu behar da, bidegurutzeak ezarri, babesleak erakarri, diru kontuak kudeatu, plaza gunea antolatu... Ez dira gutxi lasterketa aurretik erabaki beharreko kontuak, eta noski, lasterketa egunean ezinbestekoak dira boluntarioak.

Amasako Gazteak elkartea hasi zen antolatzen Amasako mendi duatloia, orain Amasako Martina Kultur Elkartea dena. Gurrutxagak azaldu du bera Martinaren parte izan dela 14 urteetatik. «Helduagoak zirenei bidea markatzen laguntzen nien. Txikitatik gustatu zait, eta beti saiatzen nintzen nire ekarpena egiten. Zenbat eta helduagoa izan, normala denez, orduan eta ardura handiagoa hartzen duzu elkartean».

Azken hamalau urteetan, Euskal Herriko Kopako zirkuituaren barruan sartu da duatloia. Gurrutxagak azaldu duenez, lasterketa antolatzearen pisua berak eramaten zuen, eta Martinak lagundu egiten zion zeregin horretan: «Martinaren ardura zen bidegurutzeak-eta egitea. Ia 50 pertsona daude elkartean. Euskal Herriko zirkuituan sartu ginenean, seriotasuna handiagoa zenez, gehigarri bat behar zen. Ez da Amasako herriko lasterketatxo bat bezala. Noski, ez duzu nahi inor galtzea ibilbidean, baina herriko lasterketa batean, esan genezake 'berdin dela' hori gertatzen bada. Baina zirkuitua puntuagarria denean, dirua dagoenean tartean... Desberdina da».

BOLUNTARIO FALTA

Amasarrak adierazi du azken ediziora arte jendea laguntzera azaldu dela, berak bezala, «proba maite zutenak»; «goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte». Baina azken urteetan «gero eta jende gutxiago» etorri dela. Akaso akatsa berea dela nabarmendu du Gurrutxagak: «Bukaeran jendearen sentsazioa hau zen: 'Enekori bidegurutze hau egingo diot edo mesedea egingo diot'. Azken urteetan jendeak lagundu dit niri mesedea egiteagatik. Inork ez dit ezer zor. Egin beharrekoa, egin herriarengatik. Uler dezaket gazte jendeak beste lehentasun batzuk izatea, baina lasterketako hiru orduetan Martina elkarteko hamar pertsona bakarrik azaltzea, eta erretiroa hartu dutenei deitu beharra... Noski, errua partekatua da». Gurrutxaga jada ez dago Martina elkartean.

«Agian akatsa nirea da, nik hartu baitut lasterketa antolatzeko zama handiena gainean»



Boluntarioak falta direla-eta, amasarrak hausnartu du gizartea «aldatu» egin dela, eta «gero eta boluntario gutxiago» daudela: «Garai batean ordubeteko lana izaten zen. Bidegurutzeak egin eta etxera. Zirkuituan sartu garenez geroztik,ordea, lan gehiago dago: muntaketa lana handiagoa da, bidegurutze gehiago daude, arku gehiago... Konplexutasun horrek jendea nekatu du? Ba akaso bai. Ni neu nekatu naiz, baita ingurukoak ere». Gurrutxagaren hitzetan, azken lasterketan «30 bat boluntario» egon dira, eta urte batzuetan «gehiago» izan direla gehitu du.

Aldi berean, amasarraren esanetan, atzetik ez dago erreleborik: «Jende askok hau pentsatzen zuen: 'Enekok hartzen duen fardela, nik ez dut nire gain hartuko'». Gurrutxagak gehitu du ez direla elkartu lauzpabost pertsona dena antolatzeko, eta hori litzatekeela «egokiena»; «lauzpabost pertsonaren artean ez zait iruditzen hainbesteko lana denik».

AIA SALBUESPEN; IBARRA ETA ADUNA?

Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko gainerako herrietan egoera zein den galdetuta, Gurrutxagak azpimarratu du Aia dela salbuespena. Hamar pertsonako gazte talde batek antolatzen du lasterketa: «Amasara joan ziren lasterketa ikustera, ideiak hartzera... Enbidia eman zidaten. Gazte talde handi xamar bat ziren, etorkizunarekin». Datozen egunetan jokatuko dituzte zirkuituko azken bi lasterketak eskualdean: azaroaren 16an Ibarran, eta azaroaren 23an Adunan.

Eskualdeko bi herri horietan ere, antzeko egoera bizitzen ari ote diren galdetuta, Gurrutxagak adierazi du zuzenean antolatzaileekin hitz egin ez duen arren, «nekea» nabaritzen duela: «Kostatzen da jendea erakartzea, beti arrastaka ibili behar duzu, mesede eske tiraka. Ibarran eta Adunan, adibidez, antolakuntza taldea adinez helduagoa da. Nire sentsazioa da erreleborik ez dutela. Pixka bat esajeratuta, hemendik hamabost urtera inor ez dagoela hau hartzeko gogotsu».

Gurrutxagak adierazi du Aiako eredua dela egokiena. Talde batek hartzea ardura, eta bakoitzak garbi izatea zer egin behar duen. Horren harira, amasarrak gogora ekarri du azken hiru urteetan Tolosaldeko Heziketa ziklo bateko jendea etorri zela Amasara: «Bidea markatzeaz gain, lasterketa egunean ere etortzen ziren muntaketan esku bat botatzeko, eta bidegurutzeetan jartzeko. Hamar bat gazten ziren, eta horiek salbatu ziguten. Horren aitzakian, jendea animatzeko, bazkaltzen ematen genien, egunpasa egin zezaten Amasan. Azken bi urteetan afaltzen ere geratu ginen. Giro polita ikusi nuen, hiru belaunaldi ezberdin zeuden eta hor etorkizuna ikusi nuen. Baina aurten gauzak okertu egin dira, babesa jaitsi egin da, eta honaino iritsi gara».

Pertsonak «gero eta berekoiagoak» garela hausnartu du Gurrutxagak. Lehen auzolanean «gauza asko» egiten zirela, eta orain ez dela «ezer» egiten. «Udalak ordaintzen du, jendeak garbitzen du eta kito. Orokorrean berekoiagoak gara, diru gehiago dugu, denbora libre gehiago, eta bakoitzak bereari begiratzen dio».

FORU ALDUNDIAREN «TRABAK»

Boluntario falta izan bada ere arrazoi nagusiena lasterketa azken aldiz antolatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako «trabek» ez zuten batere lagundu. Amasarrak adierazi du «beldurra» bazuela lasterketa egunean basozainak ez ote zuen lasterketa bertan behera utziko. «31 urteetan egin dugu ibilbide berdina, eta aurten zorrotzago jarri da aldundia. Lege batzuen baitan, ibilbidea aldatu egin behar zela. Jarrera oso ezkorra izan zuten hasieratik. Guk erdibideko zerbait eskatu, eta haien erantzuna ezezko borobila izan zen. Guztiz debekatu zizkiguten hiru eremu zeuden, eta horietan ibilbidea aldatu genuen».

Lasterketa egunean, goizeko hamarretan lehen garaipena lortu zuela adierazi du Gurrutxagak. «Beldur nintzen bakarren bat etorriko ote zen gogaitzera, baina etorri zen basozaina malguagoa izan zen. Pista oso arriskutsua zegoen, eta baten batek min hartu zezakeen. Basozainak esan zidan debekuzko hiru eremu horiek errespetatu nituela, eta gainerakoa, zentzuz egin nuela. Beraz, pozik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!