elkarrizketa

«Urte guztian maila txukuna eman arren, ez dut eztanda egin»

Iñaki Murua altzotarrak txirrindularitza uztea erabaki du; aurtengo sasoia profesionaletara salto egiteko «kale edo balekoa» izan dela esan du.

«Tropelean eredu bai, baina mutil ona izatea ez da nahikoa profesionaletara salto egiteko», adierazi du Iñaki Murua (Altzo, 2000) Laboral Kutxako txirrindulariak. Txirrindularitza maite du altzotarrak, eta lehiatzeari utzi badio ere, ez du atsedenik hartu denboraldia amaitu zenetik, beretzat bizikleta «ihesbidea» baita. «Arindu ederra» hartu du txirrindularitza utziko zuela iragarri ostean, eta azken hilabetea «gogorra» izan dela esan du.

Zergatik hartu zenuen uzteko erabakia?

Hasieratik garbi nuen aurtengoa kale edo bale zela. Gero egia da uztailean eta abuztuan pixka bat animatu nintzela jarraitzeko. Hala ere, diru sarrerarik gabe ezin nuen jarraitu, eta egia da zenbait taldek deitu didatela, eta saiatu naizela, behintzat, zerbait eskatzen. Kontziente nintzen ere ez nintzela inor gauza gehiegirik eskatzeko. Saiakera egin dut, ez da atera, eta kito. Hala ere, denboraldi hau kale edo bale zenez, prest nengoen uzteko. Gainera, ikusita arindu ederra hartu dudala, uste dut erabaki egokia izan dela.

Zer sentitu zenuen esan zenuenean utzi egingo zenuela?

Azken hilabetea oso gogorra izan da. Jarraitu nahi nuen, baina, uzteko unea zela ere jakitun nintzen. Sekulako buruhausteak izan ditut. Baina behin erabakia hartuta, ez diot buelta askorik eman. Bizitzan erabakiak hartu behar dira.

Urte hau ez da izan espero zenuena.

Pare bat lasterketetan agian nire maila emango nuen, baina uste dut nire errendimendu edo mailarik onena ez dudala eman. Urte guztian maila txukuna eman arren, ez dut eztanda egin. Eta gero betikoak, gaixotasunak, erorketak... konfiantza galtzea eragiten dizutenak. Hori txirrindularitzaren parte bat da, eta horri ere buelta ematen jakin behar da. Aukerak aprobetxatzen jakin behar da, eta ez dut hori egin.

Autokritikoa zara zure buruarekin.

Bai. Hainbeste urtez jarraitzeko oso burugogorra izan behar zara. txirrindularitza oso gogorra da, eta momentu txar asko daude. Aitak beti esaten dit hau: «Ziklismoan hamar urtetik bederatzi txarrak izango dituzu, eta urte hori aprobetxatzen jakin behar da». Autokritikoa naiz, beti gehiago nahi izaten duzulako, eta ondo zaudenean ere beti gehiago nahi duzu, eta bat irabazten duzunean, hurrengoa ere irabazi nahi duzu. Gauzak ateratzen ez direnean ere desesperatu egiten zara, eta beti presaka. Azkenean autokritika pixka bat ona da, baina horrek ere bere muga badu. Askotan egia da arreta asko jartzen dugula emaitzetan, eta ez dugula prozesuaz disfrutatzen. Autokritika ona da jarraitzeko eta hazteko, baina uste dut askotan niretzat alde txarretik gehiago izan duela onetik baino.

Zure helburua profesionala izatea zen, baina ez duzu azken saltoa eman. Txirrindulari asko geratzen dira bidean .

Bai, hori argi dago. Oraintxe gure mailan talde profesionala duten hiruzpalau harrobiko talde daude, eta bakoitzetik asko jota hiru pasatzen dira. Aurten Kern Pharmak lau pasa ditu, baina normalean hiru baino gehiago ez dira pasatzen. Eta gure taldean, adibidez, denboraldi honetan bakarra pasa da. Urte osoan maila oso onean egon behar duzu, emaitza onak izan... Goian sekulako maila dago, eta bertara salto egiten duten txirrindulari batzuk behera ere bueltatzen dira.

Emaitzez harago, zertan disfrutatu duzu gehien?

Batez ere egunerokoaz disfrutatu dut. Niretzat bizikleta ez da izan entrenatu, hobetu eta lehiaketa egunean ateratzea bakarrik, bizikleta nire ihesbidea izan da. Bizikletan ateratzen naizen bakoitzean disfrutatu egiten dut. Buruak atseden hartzen du, paisaiaz disfrutatzen dut nahiz eta beti antzeko tokietan ibili. Pribilegiatu bat naizela sentitu dut beti. Urtetik urtero nola hobetu dudan ikustearekin ere disfrutatu dut. Sei urte egin ditut talde berean, eta horrek uste dut asko esan nahi duela, bai nire aldetik, bai beraien aldetik ere. Oso baloratua sentitu naiz, eta bihotzez eskertuta nago egin didaten bideoarengatik.

Zein momenturekin geratzen zara?

Unerik politenak irabazten duzunekoak dira. Pistako Munduko Txapelketan gazte mailan parte hartu nuen, eta niretzat sekulakoa izan zen. Momentuan ez nion baliorik eman, baina denborarekin konturatu naiz Munduko Txapelketa batean lehiatu naizela. Sekulako esperientzia izan zen, nahiz eta gainetik pasatu gintuzten. Tolosan irabazi nuen lasterketa ere berezia izan zen. San Frantzisko ibiltokia beti izango dut buruan, irudiak buruan ditut, eta gainera, hemendik [Altzotik], etxetik pasatu berri... Eta gero, egindako bidaiez gogoratzen naiz, Calpera taldearekin entrenatzera joatea edo Ibizako lasterketara, esaterako. Sekulako esperientziak izan dira.

Oriako Txirrindulari Eskolan hasi zinen 11 urte zenituela. Zaletasuna aitarengatik al datorkizu?

Bost urterekin bizikletarekin ibiltzen nintzen bueltaka. Hemen lehen erlojupekoa egiten zen, eta hortxe dago lurrean helmuga marra marraztuta. Hemendik beti esprintak egiten aritzen nintzen. Aita txirrindulari profesionala izan zen, eta ondoren zuzendari afizionatu mailan. Aukera nuenean harekin lasterketetara joaten nintzen. Beraz, aitarengatik datorkidala esango nuke, hasieratik hori ikusi bainuen.

Zein mezu luzatuko zenieke txirrindulari gazteei?

Momentu txar asko daudela txirrindularitzan, eta horiek pasatzen jakin behar dela. Nik lesioak izan ditut, mononukleosia izan dut, eta horietatik indartsuago atera naiz. Uste dut garrantzitsua dela hori pasatzen jakitea. Dena ondo doanean, denok moldatzen gara ondo. Inertziarekin bakarrik, gauzak ondo ateratzen zaizkizu, baina gauzak gaizki doazenean, jarraitu egin behar duzu. Gainera, jendea ez da zurekin gogoratzen. Horrelakoetan isil-isilik lanean jarraitzen nuen, eta esango nuke indartsuago atera naizela. Horrez gain, emaitzei ez diegu hainbeste erreparatu behar. Denok dakigu profesionalak izateko emaitzei begiratzen diegula, edo beharrezkoak direla, baina norbere buruarengan jarri behar da arreta, eta disfrutatzean. Taldera sartu diren gazte guztiei esan diet lasai hartzeko, eta disfrutatzeko. Eta laguntza behar badute, eskatzeko lasai, jendea laguntzeko baitago. Argi dago orain gazteak hartzen dituztela, baina ni ere hor egon naiz sei urte, saltoa emateko aukerekin azken unera arte. Mundu horretan sartzen zarenean ez da erraza, are gehiago, esaten dizutenean biziago ibili behar duzula.

Eta hemendik aurrera, zer?

Denboraldia bukatu dudanetik, egia esan oso gutxi deskantsatu dut. Eguraldi ona dagoenean beti ateratzen naiz. Pixkana korrika hasi nahi dut, gero kanpoan egongo naizenean, ez dudalako denbora askorik izango bizikletan ibiltzeko. Gainera, giharrak ez ditugu prestatuta korrika egiteko. Hala ere, gustuen bizikletan aritzen naiz.

Joan den igandean manifestazio jendetsua egin zen Donostian, harrobiko lasterketak normaltasunez antolatu daitezen. Nola ikusten duzu egoera?

Barruan geundenean ez ginen kontziente izan. Nik zortea izan dut, eta arazorik ez dut izan. Pribilegiatua izan naiz garai ona tokatu zaidalako. Badirudi orain arazo dezente jartzen ari direla. Manifestazioan izan nintzen, jende asko egon zen, eta mezua nahiko zabaldu da. Espero dut batzuei pentsatzea eragitea, eta egoerari buelta ematea. Lasterketen gaiaz gain, bizikletan dabilen edonorentzat trabak jartzea ere... Ematen du bidegorrira ateratzen garenean oinezkoei molestatzen diegula, eta errepidera ateratzen garenean kotxeei. Laster agian bizikletan ibiltzeari utzi beharko diogu. Uste dut konponduko dela kontua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!