Kafe baten bueltan mintzatu dira Ane Sanchez (Anoeta, 1998) eta Lizartzan bizi den Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak. Historia egin dute jokoan zeuden bandera guztiak irabazita: Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketakoak, Euskotren Ligako hamabost banderak, eta Kontxakoa. Biek adierazi dute datorren denboraldian taldean jarraituko dutela.
Kontxako hiru bandera dituzue.
Ane Sanchez: Barneratzen ari gara. Duela urte batzuk negarrez geunden ez ginelako Kontxarako sailkatzen, eta urte batzuk geroago hiru Kontxa ditugu. Izugarria da. Azkenean gure ametsa hiru aldiz bizitu dugu.
Xubane Uribarrena: Lehenengoa irabazi genuenean hor bai nengoela oso blokeatuta. Hainbeste urte horren atzetik ibili eta irabaztea... Ondoren krisialdia izan nuen, motibazioa galdu nuen. Dena lortu dut, eta zer gehiago nahi dut? Orduan ez nion hainbesteko zentzua bilatzen arraunari. Urte bat geroago, 2022an, asko sufritu genuen. Iaz, berriz, berriro irabazi genuen, eta irabazteko modua ere sekulakoa izan zen. Uste dut estropada hori mila aldiz ikusi dugula. Baina aurtengoa niretzat bereziena izan da.
Zergatik?
Uribarrena: Ez dakit. Ez nuke esango zergatik. Egia da aurretik egon garela, baina beste estutasun bat egon da. Uda guztia ere izan da izan den modukoa, baina ez dakit, gozatu dut bai uretan, bai astean zehar, bai kalean gero jendearekin ospatu dugunean. Konstituzio plazara joatea eta bertakoa ikustea eromena izan zen. Pixkanaka egunez egun errealistagoak izaten ari gara, ikusten dugu zer lortu dugun, baina oraindik amets puntu horretatik.
Estutasuna sentitu duzula aipatu duzu. Baina, iazkoarekin alderatuta, lau traineru zeundetela lau segundoan, aurten lasaiago ibili zarete?
Uribarrena: Bai, baina badakizu ere besteek arraunean egiten dutela. Aste guztian zehar esan genuen: «Bai, bederatzi segundo dira, eta beste edonork nahiko lituzke bederatzi segundoak bere alde izan». Baina, aldi berean, bagenekien edozer gerta zitekeela, arrauna halakoxea baita. Ez ginen konfiantza gehiegitxo horrekin joan, joan ginen kronometroa zeroan jarrita, eta lanera.
Sanchez: Agian bageunden seguruago edo konfiantza handiagoarekin itsasoko baldintzengatik. Itsaso txarra izanez gero, baliteke bederatzi segundo ezer ez izatea. Gainera, jartzen baldin badira zure parean edo aurrea hartzen badizute, urduritasuna hasten da eta buru-galtze hori azaltzen da. Baina lehen igandearekin alderatuta, baldintzak oso antzekoak zeudenez emanda, seguru joan ginen, tarte hori gure aldekoa zelako. Badirudi Kontxa irabazita, zure arrauneko helburu guztiak bete direla, baina uste dut aurten asmatu dugula egunez egun helburu berriak jartzen.
Ospakizunean zein izan zen momenturik bereziena?
Uribarrena: Ligako hamabost banderak astindu genituenean.
Sanchez: Udaletxera joan ginenean, eta Kontxako Bandera astintzen ari ginela, guztion izenak esan zituzten, banan-banan atera ginen balkoira, eta oso polita izan zen. Baina ondoren esan ziguten gorako pisura joateko, eta igo ginenean, han zeuden mahai gainean irabazi genituen bandera guztiak. Bakoitzarentzat bat zegoen.
Zein hartu zenuten zuek?
Sanchez: Nik Bilbokoa.
Uribarrena: Nik Oriokoa.
Zergatik?
Sanchez: Ikurrinik ez zenez geratzen, gustatzen zaidan estropada bateko bandera hatu nuen, Bilbokoa. Mahai gainean geratu zen bakarra Espainiakoa izan zen. Ez genuen atera. Inor ez zen ausartu Espainiako bandera hartzera [barrez].
Uribarrena: Nik Oriokoa hartu nuen. Urte asko eman ditugu bertan estropada kaskarrak edo oso arraroak izaten. Beti zerbait pasatu zaigu. Azkenen, gure arerio zuzenari etxean irabazi diogu, eta uste dut taldeak gogoa zuela horretarako. Gogoarekin irabazi dudan banderetako bat izan da Oriokoako.
Uste dut ez ginela kontziente kanpotik ikusten ari zen irudiarekin. Gero jaitsi ginenean, jendea negar malkotan ikusi genuen. Argazkiak ikusi genituenean, txundituta geratu ginen. Uste dut irudi horrekin kontziente izan ginela lortutakoaz.
Sanchez: Eta ez lortutakoaz; izan ere, ikusten dituzulako hor daudela hogei banderak, beste inori ez diogulako aukera utzi ezta bandera bakarra ere astintzen.
Ane Sanchez: «Beste inori ez diogu aukera utzi ezta bandera bakarra ere astintzen»
Uribarrena: Niretzat momentu hori izan zen bereziena. Azken urteetan denbora luzea eman dut Lizartzan, baina azkenean donostiarra naiz, eta donostiar batentzat Konstituzio plaza sinbolo bat da. Arraun munduan lortzen dena, Konstituzio plazara joan, eta bertan herriari eskaintzea... Pentsatzen jarrita, ia danborradako momentua ere gainditu egiten du.
Taldeko arraunlari gehientsuenek hiru Kontxa irabazi dituzue.
Uribarrena: Bai, zortzi arraunlarik lortu ditugu hiru Kontxa. Hori ere giltzarria izan da. 2020-2021etik arraunlari gehientsuenok jarraitzen dugu, eta ondo ezagutzen dugu elkar. Badakigu bat gimnasiora sartzen denean, pozik, haserre edo triste dagoen. Horrek asko-asko laguntzen du, batak bestea babesteko, eta helburu argiak jartzeko ere errazagoa da. Lortu dugunaren ispilu da.
Sanchez: Giltzarri izan da pertsona kopuru handienak irautea urteetan zehar. 2020tik gaur arte, bost urte pasatu dira, eta zortzi arraunlari horiek, orohar, jarraitu dugu. Urte txarrak ere elkarrekin pasatu ditugu, eta uste dut hori izan dela giltzarria. 2021-2022 urte katastrofikoak izan ziren psikologikoki, nahiz eta fisikoki momenturik onenetarikoan egon, mentalki oso gogorrak izan ziren. Eta hori elkarrekin pasatu izanak, uste dut heldutasuna eman digula gaur gauden puntuan egoteko.
Dena irabazi duzue aurten, eta estropadaz estropada, erronka txikiak jartzen joan zarete motibazioari eusteko.
Sanchez: Gure etxean, bistan denez, ez da estropadarik egingo [barrez], orduan besteen etxeetan jokatzen diren banderak hartu behar genituen. Esaten genuen: «Gaurkoa niregatik». Lehen asteburuan garaipen bikoitza lortu genuen, bigarrenean ere bai, eta horrela beti nahi genuen beste bat, beste bat, eta beste bat. Guk geure burua presionatu genuen bukaeran esanez: «Denak irabazi nahi ditugu bai edo bai». Agian entrenatzailea izan da hankak lurrean jarri dizkiguna. Beti esaten zigun galtzeko eguna geroz eta gertuago zegoela, eta iritsi egingo zela. Buruan sartu nahi zigun etor zitekeela lehenengo ez egitea, eta ez zela ezer gertatzen.
Uribarrena: Arraunean friki samarrak garenez, Aneri esan nion zenbatuko genuela zenbat bandera irabazi ote ditugun azken urteetan. 2017tik 2023ra hamabost bandera irabazi ditugu Euskotren Ligan, eta aurten hamabost bandera irabazi ditugu urte bakar batean. Sekulakoa da. Hala ere, entrenatzaileak sekulako lana egin du euforia horiek jaisteko eta taldea denbora guztian bete-betean egoteko, egin behar genuena egiteko. Kanpotik ere entzuten zen ea Zumaiak lortutakoa berdinduko ote genuen. Gero ere hortxe geunden Bermeorekin, biak eusten, irabazi eta irabazi. Azkenean Bermeok gu baino lehenago galdu zuen. Eta esaten duzu: «Begira, orain neskak gara eusten ari garenak eta martxa sartzen ari garenak». Zirkulu horretan burua galtzen ez baduzu, sekulakoa da, eta asko disfrutatzen duzu.
Neguan inoiz baino gogorrago entrenatu duzue?
Sanchez: Ez, prestatzaile fisikoak jada hainbat urte egin ditu gurekin, eta gure entrenamendu asko sufritzen ikastekoak dira. Indarra asko lantzen dugu, oso entrenamendu luzeak egiten ditugu: korrika, ergometroan... Baina entrenamendu zehatz batzuk ematen digute garaipenera. Sufritzen erakusten digute, eta aurten ez da izan gehien sufritu dudan urtea, ezta pentsatu ere. Neguan askotan kostatu zaigu trainerua uretaratzea jende faltagatik, lesio pila bat eduki ditugulako... Urte gogorra izan da alde horretatik, baina konfiantza osoa dugu entrenatzailearen eta prestatzailearen lanean, eta beraiek esaten badigute ondo doala eta ondo aterako dela, aurrera.
Uribarrena: Garrantzitsuena da estropadako minutu bakoitzean badakigula zein sentsazio edukiko dituen arraunlari bakoitzak barruan, eta hori azkenean entrenatzen ikasi dugu. Baditugu oso espezifikoak diren entrenamenduak. Ehuneko ehuna baino gehiago eman behar duzu, eta egun hori iristen denean, entrenatzera zoaz eta esaten duzu: «Gaur sufritzea tokatzen da». Horrek laguntzen digu estropadan minutuero identifikatzen zein sentsazio izango duen buruak, gorputzak, eta talde bezala zein puntutan egongo garen. Oso ondo identifikatzen dugu taldearen momentu txar bakoitza, horri buelta emateko. Kalitatezko kilometro asko sartu ditugu. Izan ere, aurten zaila izan da uretara ateratzea, eta ateratzen ginenean, kalitateak oso-oso altua izan behar zuen.
Xubane Uribarrena: «Aurten zaila izan da uretara ateratzea, eta ateratzean, kalitateak oso-oso ona izan behar zuen»
Garaipen bakoitza disfrutatu egin duzue.
Uribarrena: Inoiz ez baitakizu noiz izango den azkena. Gogoratzen naiz 2022an Bilbon irabazi genuenean ligako estropada, dena emanda ospatu nuela. Gero taldekide batzuk esan zidaten: «Aizu Xubane, agian pasatu egin zara ospatzen». Nik erantzun nien: «Bai, baina ez dakizue noiz izango den azkena». Eta hori izan zen urte horretan ligako azkena. Aurten bata bestearen atzetik irabazten genuenez, bandera bakoitza gozatu dugu, azkena balitz bezala.
Sanchez: Urte horretan asko ikasi genuen. Ez bakarrik ez irabazteagatik, garaipen bakoitza asko kostatzen delako ere. Entrenamendu asko dagolako atzetik. Bai edo bai ospatu behar da, izan hamargarrena edo hogeigarrena.
Nola ikusi duzue aurkarien maila?
Sanchez: Egia da jendeak esaten duela maila jaitsi egin dela, baina nik ez dut hori uste. Aurten errekorrak ez dira egin, baina baldintzak ez direlako eman. Errekorra egitetik oso gertu egon gara estropada askotan. Lehia falta izan zaigu momentu askotan. Gure ondoan inor ez egotea. Bukaeran ez estutzea estutu behar genuena, erlaxazio hori, ondoan ez genuelako inor. Tolosaldeak agian bai jarri gaituela estutasun betean, gure ehuneko ehuna emanarazi diguna momentu batzuetan, eta atera dugu. Hori da momentu batzuetan agian faltan bota duguna. Baina beraien artean sekulako lehia izan dute. Gu gabe, liga oso emozionantea izango litzateke.
Uribarrena: Aurten entrenatzailearen mezua momentu askotan hauxe izan da: sufritu dugu puntu batera arte, asko estutu dugu estropada, eta ikusi dugunean hanka egin dugula, orduan gozatu egin dugu. Umiltasun horrekin, zu zaude sufritzen eta sufritzen, gozatzeko momentua iristeko. Baina bai esaten genuela, lehia pixka bat behar genuela. Esan eta datorren estropadan lehia iritsi zen...
Sanchez: Bai, nik esan nuen. Eta esaten zidaten «Ane, ixo! Ez esan ezer ere». Bat-batean Tolosaldea gure parean estropadan. Bukatzen da estropada eta denak niri begira [barrez]. Zaila da irabazteko gosea mantentzea estropada guztietan. Larunbatean joaten zara eta alferkerian zaude. Gero egoera horri buelta eman behar diozu, eta jakin dugu buelta ematen. Irabazte horrek batzuetan alferkeria eragiten du.
Nola ikusi duzue Tolosaldea? Gogoratzen naiz, Xubane, zuk esan zenuela bandera bat irabaztekotan hasieran egin behar zutela, baina bukaeran ere ondo aritu dira.
Uribarrena: Ondo landutako talde gazte bat da. Nahi baldin badute, eta horri eusten badiote, nahi duten tokira irits daitezke. Donostiarrak, Tolosaldeak, eta guk toki berean entrenatzen dugu, eta neguan zehar ikusten dugu nola gabiltzan. Ikusten nuen denboraldi hasieran beste txispa batekin zeudela, txapelketa onak egin zituzten, liga ere oso ondo hasi zuten. Besteok ere erritmoa hartzen hasi ginen, eta agian hasieran hutsegite bat izatea errazagoa da. Horregatik esan nuen hasieran izan zitekeela haien momentua. Denboraldiko beste momentu batzuetan behera eta gora ibili dira, baina uste dut talde guztiak argi genuela, inork gauzak zail jartzekotan, Tolosaldeak jarriko zizkigula, eta horrela izan da. Sekulako denboraldia egin dute, eta penarekin egongo dira bi urte jarraian doazelako estropada bat irabazten banderarik ez duena, baina motibazio gehigarria izan behar du beraientzat, ez baitute edozein tokitan irabazi. Zarauzko bigarren jardunaldian irabazi dute, eta Kontxako lehenengoan.
Xubane Uribarrena: «Taldeak argi zuen gauzak zail jartzekotan, Tolosaldeak jarriko zizkigula, eta horrela izan da»
Sanchez: Gauzak zailen jarri dizkigutenak beraiek izan dira. Sustoak beraiek eman dizkigute. Horrek esan nahi du taldea dutela ondo ibiltzeko. Iruditzen zait ez dutela oraindik beraien buruan sinesten. Sinesten duten bezala itsasoan ibili egingo direla, eta irabaz dezaketela, agian bai falta zaiela egunerokoan beren buruengan sinestea, eta pentsatzea sekulakoa taldea dutela.
Arraunaren gorpuzkeran ere harresiak apurtu dituzue. Zuen taldean ez dago arraunlari finik, gihartsuak baizik.
Sanchez: Jada esaten ari dira materiala gizonezkoena dugula, orduan, zergatik eskatuko diozu emakume bati pisua jaisteko, traineruak ez duenean hori eskatzen. Zenbat eta argalago, orduan eta indar gutxiago. Gure taldean indarra asko landu dugu, eta lehen zegoen presioa denak pisua jaisteagatik-eta, kezka horiek sortzea, desagertu egin da. Ez dugu horrelako presiorik. Denbora guztian esaten digute ondo jateko, kalitatea eta kantitatea jateko. Noski, gure pisua mugitu egin behar dugu, eta hori lantzen dugu. Ez gure pisua jaistea, gure pisua mugitzea baizik. Arraunlarien artean ez da kezkatzen gaituen gai bat, eta jada ari zara kezka bat kentzen. Uste dut oso garrantzitsua dela arraunlaria izateaz gain, pertsonak ere bagarela, eta gure bizitza dugula. Hori kontuan hartzea eta aldatzea sekulako aurrerapausoa izan da.
Ane Sanchez: «Ez dugu landu gure pisua jaistea; gure pisua mugitzea da landu duguna»
Uribarrena: Lehen, arraunean, asteartero pisatzen gintuzten. 200 gramo gehiago pisatzen bazenuen, esan egiten zizuen, eta zer dira 200 gramo? Burua estualdi horretan zegoen denbora osoan, asteartero-asteartero, eta aurten uste dut denboraldi osoan bi edo hiru aldiz pisatu gaituztela. Lasaitasuna ematen dizu, eta horrek ere asko laguntzen du. Azkenean pisua jaitsi egiten da, baina gorputza eta burua sano mantentzen badituzu, errendimendua askoz hobea izango da. Asko entzun behar izan dugu kanpotik. Gizenak garela, ez garela kirolari onak, ez garela zaintzen. Kritika asko jaso ditugu. Taldeak horri ez dio jaramonik egin. Badakigu lan ona egin dugula, eta talde teknikoaren babesa dugula. Gure artean, txantxetan, «gizonak» deitzen diogu elkarri, eta entrenatzaileak ere esaten digu: «Begira, hemen gizonak».