«Aupa Libia!» esan du Aitor Iruiñ (Tolosa, 2004) San Pedroko arraunlariak kazetaria argazkiak ateratzen ari zela. Denboraldiko asteburu erabakigarriaren aurretik, umore onean daude Iruiñ eta Martin Rekondo (Larraul, 1998) klub bereko arraunlariak. Asteburu honetan Eusko Label Ligako kanporaketak jokatuko dituzte Bermeon eta Portugaleten, San Juan, Santurtzi, Ares eta Chapela ontziekin batera. TKE Traineruen Elkarteko Ligan Libia traineruak azken-aurreko postuan amaitu duenez, mailari eusteko kanporaketak jokatzea egokitu zaio, eta gainerako taldeak, Euskal Herriko eta Galiziako zilarrezko mailakoak dira.
San Pedroko arraunlari helduenak adierazi du «gogorra» egin zaiela sasoia, baina «espero» zutela horrela ibiltzea: «Igo berriak gara, eta igo berriak izaten dira ligan ahulenak ibitzen direnak». Lau urteren ondoren, iaz Libia ontziak urrezko mailara egin zuen salto, eta aurten lanak izan ditu azken-aurreko postua saihesteko. Rekondorentzat ez da lehen aldia izan gorengo mailan, aurretik, hiru urte egin baitzituen Zarautzekin Eusko Label Ligan.
Iruiñentzat, aldiz, lehen aldia izan da. Haren ustez, neguan taldeak «itxura» ona zuen, baina igoera lortu zuten taldearekin alderatuta, arraunlari batzuk taldea utzi zuten, eta «kontziente» ziren, taldearen mailarik onena zein izan zitekeen. «Nahiz eta negu ona egin, denboraldiaurreko estropadek erakutsi ziguten non egongo ginen. Horregatik, ideia egina genuen, gogorra izango zela eta eta azkeneko postu horiek saihesteko borrokan ibiliko ginela».
Bi arraunlariei galdetuta ea gogorra al den sailkapeneko beheko postuetan hondoratzen zoazela ikustea, Rekondok adierazi du, alde batetik, «lasai» zegoela, «posturik kritikoena saihestu zutelako», baina, beste alde batetik, «gainerako taldeekiko atzean ikusten duzula zeure burua». Hala ere, azkenerako, larrauldarrak esan du «barneratu» egiten duzula.
Tolosarrak, ordea, ez du iritzi bera: «Pixka bat gogorra egin zitzaidan. Uztailean ikusten duzu borrokan zaudela, beste talde horiekiko gertu zaudela, nahiz eta beti azken-aurreko postuan geratu. Pentsatzen duzu ez zaudela hain urruti, eta gai zarela irabazteko. Abuztuan, berriz, kasik azken sailkatuarekin geunden borrokan, eta ez genituen aukerak ikusten ezta txanda irabazteko ere. Bai Zarautzen, bai Lekeition Bueu —azken sailkatuaren— parean zoazela ikusten duzu, badakizunean haien maila apalagoa dela... Gogorra da».
Hutsegite txikiena ere, garesti
Estropada ia guztietan atzetik ikusi dute beren burua. Horren harira, larrauldarrak nabarmendu du TKEn «hutsegite txiki bat» egiten duzunean, gainerako taldeek «segituan» hartzen dutela abantaila, eta «hiru segundoko abantaila nahikoa» dela atzean geratzeko. Aldi berean, tolosarrak adierazi du San Pedroren iazko ezaugarrietako bat horixe zela. «Oso gai» zirela atzetik aurrerako estropadak egiteko, bost-sei segundo atzetik joan arren. Zazpi bandera irabazi zituzten. «Aurten ikusten duzu, nahiz eta aurretik joan, besteak gai direla zuri pasa eta hanka egiteko. Estropadak oso-oso desberdinak dira, askoz esplosiboagoak. Bete-betean atera behar duzu, buruak lan handia egiten baitu 20 minutuko estropadan».
Kontxaren aurreko Ondarroako eta Getariako estropadetan, berritasun bat izan du San Pedrok ontziko popan. Cristian Garma Santurtziko patroia fitxatu zuen klubak kanporaketei aurre egiteko. Iruiñek adierazi du Garmaren laguntzarekin, «arraunketa bateratu» dutela, eta horrek «azkarrago joatea» eragiten duela: «Azken bi aste hauetan asko nabaritu dugu hobeto egin dugula». Hala ere, Garma lemazaina ez da ariko kanporaketetan, antidopin kontrolean positibo eman ondoren.
Rekondoren ustez, albiste «txarra» da haientzat, «sekulako maila duen gizona baita». «Uste dut geratu behar dugula egin duen ekarpenarekin, eta ikasi dugunarekin. Horrekin aurrera egin. Orain denboraldi osoan eduki dugun patroia dugu, Gorka [Toledo, tolosarra], eta Ion Fidalgo. Ez dakigu nork jokatuko duen estropada bakoitzean, baina lasai nago. Konfiantza dut bai Gorkarengan, bai Ionengan ere. Ez dut uste eragina izango duenik».
Garma patroiarekin izan dituzten gorabeherak medio, Iruiñek esan du «pixka bat eragina» izan dezakeela. Baina, larrauldarraren antzera, lagundu dien guztiarekin geratzen da. «Arraunketa bat definitzen lagundu digu, eta ekarpen handia egin dio taldeari. Kanporaketei begira, bultzada bat eman digu».
Kontxakoak «ez du ezer esan nahi»
Kontxarako sailkatzea ez zutenez lortu, bi aste izan dituzte kanporaketei begira buru-belarri prestatzeko. Rekondoren hitzetan, azken bi asteak ondo etorri dira, «burua garbitzeko, eta sentsazioak berriro hartzeko». Kontxako sailkapen estropadan, asteburu honetan lehian ariko diren bi traineru haien aurretik geratu ziren. «Horrek ez du ezer esan nahi», nabarmendu dute biek aldi berean.
Tolosarrak esan du Kontxara estropada «karga handi batekin» zihoazela, eta kanporaketetara fisikoki «askoz hobeto» iritsiko direla. Horrez gain, Iruiñek adierazi du naturak ere eragina duela, aurkariak ez baitira ateratzen Kontxako erlojupekoan minutu batera edo bira, baizik eta tarte handiagoan. «Iaz ere Kontxako sailkapen estropadan azkenak geratu ginen kanporaketak jokatu behar zituzten ontzien artean, eta gero kanporaketetan bi jardunaldiak irabazi genituen. Oso zaila da jakitea. Hala ere, badakigu oso indartsu daudela San Juan, Ares, Santurtzi, eta Chapela. Laurak sekulako lehia emango digutela nahiko ziur gaude», nabarmendu du tolosarrak.
Rekondok, berriz, azaldu du berak bizitu duela Zarautzekin egora hau: Kontxako sailkapenean Aresek 40 segundo ateratzea, eta gero kanporaketetan «ia-ia» irabaztea. Beraz, horrek, ez duela «ezer esan nahi».
«San Pedrok zerbait badaki kanporaketez», azpimarratu du Iruiñek. Izan ere, azken bost urteetan lau kanporaketa jokatu ditu taldeak. «Gogotsu» daude astebururako. «Datorren urtean arraunean jarraituko dugunok, lehen mailan jarraitu nahi dugu arraunean. Beraz, atzean utziko dugu denboraldian pasatu den guztia, eta eman ahala ariko gara larunbatean bost puntuak lortzeko borrokan».
Kanporaketen %80 Bermeon erabakitzen dela esan ohi da, eta horrekin nahiko ados dago San Pedroko arraunlari gaztea. «Bermeotik bizirik ateratzen bazara, TKEra igotzeko aukera duzu. Aldiz, Bermeon azkena geratzen bazara, oso zaila duzu. Bermeoko estropada oso eremu teknikoa da, trabeska sartzen da olatua. Oso garrantzitsua da estropada on bat egitea, eta lehen hiru postuetan sailkatzea, gero igandean errematatzeko».
San Pedro-San Juan lehia
San Pedro eta San Juan Pasaiako bi talde historiko dira, bizilagunak, eta arraunean lehia bizia izan dutenak historikoki. Lehia hori jada barruraino sartu diete eskualdeko bi arraunlariei. Rekondoren ustez, orain «lasaitasun handiagoa dago lehen baino»: «Lehen uste dut tentsio handiagoa zegoela taldeen artean, entzun ditudan gauzengatik».
Bide beretik, tolosarrak adierazi du entrenatzen asko ikusten dutela elkar, eta San Juan pasatzen denean, nabaritzen dela ontzia «piztu» egiten dela, «amorrua» badagoela, alegia. «Aurten elkarren aurka jokatu ditugun estropada guztietan irabazi egin digute, baina tira, San Pedro historikoki San Juan baino gehiago da. Ez dago zalantzarik, San Pedrok hamabost Kontxa ditu», esan du barre artean Iruiñek.
San Pedroko bi arraunlariak Oria ibaian hasi ziren arraunean Tolosan. Klubean gizonezkoen trainerurik ez dagoenez, Rekondo Zarautzera joan zen. Bertan sei urte egin ditu, eta iaz Pasaiara joatea erabaki zuen: «Pixka bat aldatzeko eta beste klub bat ezagutzeko gogoa nuen. San Pedron jende ezaguna nuen. Iaz, adibidez, Imanol Olasagasti nirekin Tolosan ibilitakoa zegoen, eta batez ere harengatik joan nintzen. Dena ondo atera zen».
Iruiñen kasua bestelakoa da. Gazte mailara arte Tolosan egon zen, eta orduan, trainerilla egiteko aukera eman zieten San Pedron. Hortik, gorengo taldera egin zuen salto. «Bertako entrenatzaileak esan zidan ea nahi genuen beraiekin hasi, eta saiatu lehen taldean sartzen. Aurrera egin nuen, eta lortu nuen sartzea. Asko erakutsi zidaten eta orain lortu dut traineruan postu bat izatea».
Jubeniletatik seniorretara «salto handia» nabaritu duela azpimarratu du tolosarrak. «Uda osoa galtzen duzu arraunean, kuadrillakoak parrandan daude... Horretara moldatzea bai izan dela zaila, baina jada aurten bigarren urtea izanda, hobeto moldatu naiz. Gainera, aurten TKEn gaude. Neguan asko estutzen gaituzte, eta exijentzia aldetik aldea nabaritzen da. Udan astindu ederra da astebururo bi estropada jokatzea».