elkarrizketa

«Orain dela urtebete hau esan bazenit, ez nizukeen sinetsiko»

Argazkia: Espainiako selekzioa.

19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa jokatuko du Realeko bigarren taldeko jokalari anoetarrak; momentuaz «gozatu» nahi du, «gero agian ez dira gehiago egongo eta».

Intza Egiguren (Anoeta, 2005) ez da urduri jartzen den horietakoa, ez baloia ezker hankan jasotzen duenean, ez eta Europako Txapelketa jokatzeko atarian ere. Duela hilabete deitu zuen lehen aldiz Espainiako selekzioak bi lagunarteko jokatzeko, eta dagoeneko Lituanian da 19 urtez azpiko Eurokopan lehiatzeko. Herenegun —astelehenean— jokatu zuten multzoen faseko lehen partida Irlandaren aurka. Husna berdindu zuten eta bigarren zati osoa jokatu zuen Egigurenek. Bihar jokatuko dute bigarren partida, Herbehereen aurka. Lituaniara joan aurretik, Segovian egin zuten egonaldian hitz egin genuen anoetarrarekin.

Espero zenuen joatea?

Orain dela urtebete hau esan bazenit, ez nizukeen sinetsiko. Niretzat esperientzia berria da, eta oso eskertuta nago eman didaten aukeragatik. Ea zer moduzko esperientzia izaten den.

Familiakoek eta ingurukoek nola hartu dute albistea?

Ez zuten espero, baina oso pozik daude niregatik, baita ni haiengatik ere.

Gogotsu zaude Lituaniara joateko?

Bai, gogo handia dut han egoteko, eta lehen partida jokatzeko. Lituaniara joaten naizen lehen aldia izango da, eta lehenbailehen hara joan nahi dut.

Segoviatik alde egin nahi al duzu?

Sekulako beroa egiten du hemen, eta uste dut han entrenatzeko eta jokatzeko baldintza hobeak izango ditugula.

Ezagunik baduzu selekzioan?

Ez dago Realeko beste jokalaririk, baina Athleticeko lau badaude, eta aurretik ere egon nintzen beraiekin Euskal Selekzioan.

Espainiako selekzioarekin txapelketa batean parte hartzen duzun lehen aldia da.

Duela hilabete lehen aldiz deitu ninduten, bi lagunarteko jokatzeko. Aurrez, ez naiz inoiz etorri, ezta entrenatzera ere.

Zer-nolako harrera egin dizute taldekideek?

Ona. Beraiek aspalditik ezagutzen dute elkar, baina oso eroso sentitzen naiz. Oso gustura nago egin didaten harrerarekin.

Urduri zaude?

Normalean inoiz ez naiz urduri jartzen. Urduri baino gogotsu nago hasteko, eta Lituanian egoteko.

Nolako txapelketa aurreikusten duzu?

Aurkari gogorrak egokitu zaizkigu multzoen fasean, batez ere, Alemania. Multzoko talde indartsuenetarikoa da, baina beste partidak ere ez dira errazak izango. Helburua irabaztea da, eta ea lortzen dugun.

Helburua Eurokopa irabaztea da?

Hasiera batean, multzoen faseko hiru partidak irabaztea da helburua, edo, behintzat, bigarren fasera sailkatzea. Eta ondoren, partidaz partida joan, finaleraino heldu, eta irabaztea.

Emaitzaz harago, zertaz nahi duzu gozatu?

Momentuaz. Inoiz ez nuen espero horrelako lehiaketa batean parte hartzea, bertan egotea. Ahal dudan guztiaz gozatzen saiatuko naiz, giroaz, lehiaketaz, herrialdeaz... Momentuaz gozatu nahi dut, gero agian ez dira gehiago egongo eta.

Jokatzeko aukerarik izango duzu?

Nire postu berean, lehen mailan jokatzen duten jokalariak daude, eta, beraz, aukera gutxi izango ditut. Hala ere, uste dut inorentzat ez dela erraza izango jokatzea. Ikusiko da ea aukeraren bat izaten dudan; bestela, beste modu batera lagunduko dut.

Ezker hegalean jokatuko duzu?

Ez. Egia da Realean aurten ia gehienetan hala aritu naizela, baina hona etorri nintzenetik erdialdean ari naiz jokatzen.

Eta zer moduz aldaketa?

Nik beti nahiago izan dut erdian jokatu, eta egia esan ez da postu berria; aurretik ere jokatu izan dut. Oso gustura jokatzen dut hor, eta gehiago gustatzen zait erdian jokatzea.

Uda honetan ez duzu atsedenik izango.

Ematen duenez ez [barrez]. Bi aste izan ditut aurretik, eta aurreko astean ere bost eguneko egonaldia egin genuen. Gero ikusiko da ea zenbat opor egun izaten ditudan. Hitz egiteko daukagu.

Realaz ari zarela, zer moduz joan da denboraldia?

Ondo. Maila berria zen guretzat —2. RFEF mailan aritu dira— eta bagenekien aurkari gogorrak zeudela. Hasierako helburua mailari eustea zen, eta uste dut erosotasunez lortu dugula; denboraldian zehar erregularrak izan gara. Maila honetan lehen aldia izateko, sentsazio onak izan ditugu.

Lehen taldearekin ere entrenatzen aritu zara.

Bai, astean behin edo joaten nintzen tarteka.

Nabaritzen da aldea?

Batez ere, erritmoan. Izan ere, lehen mailako jokalariak dira.

Nola ikusi duzu zeure burua entrenamendu horietan?

Badakit lehen taldera iristea oso zaila dela. Denak ez dira goi mailara iristen, eta saiatuko naiz ahal dudan guztia egiten hor egoteko.

Denboraldiaurrea lehen taldearekin egingo duzu?

Berez, denboraldiaurrea beraiekin egitea zen asmoa, baina ezusteko hau gertatu da, eta orduan, oraintxe bertan ez dakit zer gertatuko den. Eurokopan noraino iristen garen ikusi beharko da, eta horren arabera erabaki. Gauza asko daude airean.

Badaude hor taldean pare bat tolosar eta ibartar bat. Zer esaten dizute?

Batez ere, gozatzeko. Momentu hauek bakarrak dira, eta agian ez zara berriro itzuliko. Momentuaz gozatzeko esan didate.

Erraza al da ikasketak futbolarekin uztartzea?

Egia esan, garrantzi handia ematen diet ikasketei, baita futbolari ere. Aurten, ikasgai guztiak lehenengoan gainditu ditut. Beraz, nahiko erraz uztartu ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!