erreportajea

«Zaila bada, ez da ezinezkoa»

Nahia Aparicio, Nerea Eizagirre eta Izarne Sarasola, Realeko jokalariak.

Realak larunbatean jokatuko du Kopako finala Bartzelonaren aurka, Zaragozan; eskualdeko hiru ordezkari izango dira bertan.

«Nork esan du, ezinezkoa da? Nork onartu, hori hala dela? Zaila bada, ez da ezinezkoa, zaila bada, badago lortzea...». Ez gaitu inork geldituko Urtz taldearen abestia jartzen zuen Izarne Sarasolak (Ibarra, 2002) Tolosako aldagelan partida askoren aurretik. Larunbat honetan ere jarri beharko du Realak Zaragozako aldagelan, ikusita aurkaria Bartzelona dela.

Tolosaldeak hiru ordezkari izango ditu Kopako final handian, hirurak Tolosan aritutakoak: Nahia Aparicio (Tolosa, 2004), Sarasola, eta Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000). Gazteenak hitz egin du lehenik, ondoren ibartarrak, eta azkenik, helduenak, Realeko kapitainak. Apariciorentzat eta Sarasolarentzat lehen finala izango da; irribarrea aurpegian etorri dira elkarrizketaren hitzordura, ilusioz daude. Tolosarraren kasuan, lehen taldera iritsi orduko lortu du finalerako sailkatzea; «momentuaz gozatu behar da». Eizagirrek, berriz, badaki zer den garaikur bat Realarekin altxatzea, eta esperientziak ematen duen patxadarekin mintzatu da. 2019an Realak historiako lehen garaikurra lortu zuenean, Eizagirrek Granadan jokatu zuen. Bizitakoa «sekulakoa» izan zela adierazi du, eta nabarmendu momentu horretan ere Atletico Madril inork irabazten ez zuen taldea zela: «Orduan Atletico Madril orain Bartzelona dagoen lekuan zegoen, partida osoan baloiaren atzetik ibili ginen, asko sufrituta... Kataluniako taldearen aurka atzean sendo bagaude, eta aurrean ditugunak sartzen baldin baditugu, neurketa irabazteko aukerak izango ditugu».

Sarasola eta Aparicio, berriz, beste testuinguru batean zeuden 2019an. Ibartarra Realeko bigarren taldean zegoen, eta tolosarra Tolosan. Biek ikusi zuten Granadako finala; Apariciok etxean, familiarekin batera, eta Sarasolak Realeko taldekideekin, etxe batean. «Zoramena» izan zen, dio tolosarrak: «Sekulako ilusioa egin zidan, ez nuen imajinatzen hortik lau urtera hemen egongo nintzenik. Gogotsu nago finalerako, amets bat da». Eizagirreren bide beretik, Sarasolak ere nabarmendu du 2019an inork ez zuela espero Realak irabaztea: «Uste dut Bartzelona beste maila batean dagoela, baina sinistea bakarrik geratzen zaigu. Esperantza badugu». Garaikurra altxatu ondoren Gipuzkoan herriz herri ibili ziren txapeldunak, eta ibartarra bertan egon zen; bai Donostian, baita Tolosan ere: «Gipuzkoako tourrean jende pila bat zegoen, ea guk ere hori bizitzeko aukera dugun, sekulakoa litzateke».

GARAGARDOAREN ORDEZ, XANPAINA

Bitxikeria bat bada ere, zeresana badu Granadako finalera ez zutela xanpainik eraman, irabazteko esperantza gutxi zuten seinale. Irabazi zutenean, xanpainaren ordez, garagardoa edan zuten. Zaragozan egongo ote da xanpainik? Apariciok eta Sarasolak esan dute barrez badaezpada eraman beharko dutela, baita Txapeldunen kamiseta batzuk ere, gehitu du ibartarrak. Tolosako atzelariak esan du «dena» emango dutela, eta gero ospatu behar baldin bada, ospatuko dutela. Kapitainak ere erantzun du barrez espero duela eurengan konfiantza izatea, eta norbaitek xanpaina eramatea. «Egia da gutxik espero zutela guk irabaztea; taldeak, ordea, konfiantza zuen». Haren ustez, larunbateko Zaragozako finalerako ere gutxik dute konfiantza eurengan, «ikusita Bartzelonak duen maila»: «Normala da, baina guk geure buruarengan konfiantza dugu, eta aukerak izango ditugula uste dugu».

Hilabete pasatu da Atletico Madril Kopako finalerdietan kaleratu zutela, eta galdetuta ea itxaronaldia luze egin zaien, hirurek aitortu dute baietz, batez ere ligan daramaten bolada txarra kontuan hartuta —elkarrizketa ligako azken partida jokatu aurretik egin zitzaien, eta hain justu ere, azkena irabaztea lortu zuten, Tenerife 0-1 mendean hartuta, Eizagirreren gol bati esker. Aurretik, zazpi partida zeramatzaten irabazi gabe—. «Kostatzen ari zaigu hiru puntuak lortzea», nabarmendu dute tolosarrek. Ibartarrak, aldiz, alor psikologikoan jarri du arreta. «Astean zehar ondo ari gara entrenatzen. Baina bolada txarrean sartu gara, emaitzek ez dute laguntzen, eta kostatzen ari zaigu buelta ematea. Arrazoia uste dut psikologikoa dela».

Eizagirrek, aldiz, jokoari erreparatu dio. Haren ustetan, Atletico Madril eta Levanteren aurka jokatu dituzten ligako azken bi neurketak Kopakoak baino hobeak izan dira, baina arazoa da ez dituztela hiru puntuak lortzen: «Energia puntu honetatik ateratzea kostatzen ari zaigu; neurketa onak egiten ari gara, baina ez dugu irabazten. Orokorrean nahiko liga irregularra egiten ari gara; goiko taldeen aurka ondo lehiatzen dugu, beheko taldeen aurka, ordea, ez. Ez dakit zergatik den; taldea lasaiago ateratzen delako zelaira edo hiru puntuak irabaziak ematen dituelako... Energia aldetik justu gabiltza ligan, sailkapena ikusita ez dugu motibaziorik, baina Kopako final batean gaude, eta motibazio aldetik, ilusio gehiago dugu». Bide beretik, Sarasolak ere nabarmendu du orain helburu bakarra Kopako finala dela: «Denboraldi hau finalak salbatzen du. Motibatuta gaude, konfiantza puntu hori badugu, eta sinistu egin behar dugu».

«SINESTEAN» DAGO GAKOA

Taldea ondo entrenatzen ari dela berretsi dute hirurek. «Gogotsu» daudela adierazi du Tolosako atzelariak: «Sinesten jarraitzen dugu, eta jakinda finala hemen dagoela, orain ez dugu amore emango». Hirurek badakite partida borobila egin behar dutela Bartzelona handia mendean hartzeko: atzean une oro kontzentratuta egon, sendo ibili, eta aurrean dituzten aukera apurrak sartu. Eizagirrek adierazi du Bartzelonako jokalariak «pertsonak» ere badirela, eta egun txar bat izan dezaketela, ez direla menderaezinak, alegia. Aldi berean, Apariciok nabarmendu du neurketa bakarrean edozer gerta daitekeela: «Haien partida txar bat, taldea bete-betean egotea, motibatuta ateratzea... Uste dut gauza politak egin ditzakegula, eta aurkariari gauzak zail jarri».

Sarasolak berriro ere, alor psikologikoari eman dio garrantzia; ez diotela hainbeste begiratu behar nor duten aurrean. «Gehienbat partida psikologikoki prestatzen ari gara. Aurkaria zein den ez du inporta, guk gurea egin behar dugu, eta hori egiten badugu, irabazi dezakegu». Gakoa ere sinestean dagoela azpimarratu dute. Realeko kapitainak esan du aurkaria Bartzelona izan arren, ez badute sinesten, ez dutela irabaziko. «Sufritu egingo dugu, baina sufritzen ere jakin behar da. Ea eusten diegun, aukeraren bat sortu, eta gola etortzen den». Apariciok balioa eman dio Kopako finalera iristeko aurkari zailak kaleratu dituztela, Levante eta Atletico Madril, besteak beste: «Nahiz eta jendeak talde horiek jo faborito, demostratu dugu gai garela haiei irabazteko».

REALA-TOLOSA

Apariciok eta Sarasolak jokatu dituzte halako partidak, aurkariaren nagusitasuna askoz handiagoa denean. Hain justu ere, Tolosak Realaren aurka jokatzen zuenean. Tolosarrak herriko taldean jokatzen zuen; ibartarrak, aldiz, Realean. Galdetuta biei ea nork ote duen errazago irabaztea, Tolosak Realari edo Realak Bartzelonari, biek adierazi dute barrez orduan Tolosak aukera gehiago zituela Reala mendean hartzeko. «Bartzelona are eta nagusiagoa da, eta uste dut Tolosak errazagoa zuela guri [Realari] irabaztea», dio ibartarrak. Hori hala izanik ere, tolosarrak gaineratu du dena emango dutela.

Hiruren senideak Zaragozan egongo dira. Apariciok esan du bere familiatik jende asko joango dela finala ikustera, 65 pertsona guztira: «Estadioaren zati bat nik beteko dut [barrezka], gainera familia dut Zaragozan. Asko animatzeko eskatu diet». Sarasolak, berriz, adierazi du berak konbentzitu dituela lagunak eta senideak, «oso egun berezia eta polita» izango baita. Eizagirrek azken mezu bat bota nahi izan die zaleei: partida «gogorra» izango dela, «asko sufrituko» dutela, baina «sufrimendu horretan, zaleen berotasuna» beharko dutela.

 

MOTZEAN

NAHIA APARICIO

Finalerako emaitza. 0-1.
Une bat. Debuta.
Herri bat. Tolosa.
Talde bat. Tolosa.
Zelai bat. Anoeta.
Amets bat. Kopa irabaztea.
Erreferente bat. Irene Paredes eta Aitana Bonmati.

 

IZARNE SARASOLA

Finalerako emaitza. 1-2.
Une bat. Txapeldunen Ligara sailkatu ginen eguna Tenerifen.
Herri bat. Ibarra.
Talde bat. Reala.
Zelai bat. Z7.
Amets bat. Realarekin titulu bat irabaztea.
Erreferente bat. Irene Paredes.

 

NEREA EIZAGIRRE

Finalerako emaitza. 1-2.
Une bat. 2019ko Kopako finala.
Herri bat. Donostia.
Talde bat. Reala
Zelai bat. Anoeta.
Amets bat. Kopa irabaztea.
Erreferente bat. Megan Rapinoe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!