ERREPORTAJEA

Toledotarrak batel bat osatzeko moduan

Gorka Toledo Pellejero, Olatz Lopez Toledo eta Endika Lopez Toledo familia bereko arraunlariak. Z. IGLESIAS

Zainetan daramate arraunarekiko zaletasuna Gorka Toledok, Olatz Lopezek eta Endika Lopezek, zazpi lehengusuetatik bost arraunean ibili dira. Familian arrauna beti dute hizketagai, eztabaidagai ere bai.

Endika Lopez Toledo (Tolosa, 1991) Donostiarrako arraunlaria iritsi da lehena Tolosaldea klubak Zerkausian duen ontziratzeko lekura. Heldu bezain pronto, Sabino Alijostes Tolosaldeko presidentearekin batera sartu da ontziralekura, hizketan. Ezaguna du Endika, eta ez da gutxiagorako: haiek atera baitzuten Tolosaldean lehen batela Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko. Ondoren iritsi dira Olatz Lopez Toledo (Tolosa, 1995) Donostiarrako arraunlaria, eta Gorka Toledo Pellejero (Tolosa, 1995) San Pedroko patroia, Gorkaren amarekin eta Endikaren semearekin batera. Horiek ere ezagutzen ditu Alijostesek. Elkarrizketa egin bitartean, Gorkaren ama Endikaren semea zaintzen ari da: umea ontziratzeko lekuan dabil hara eta hona, ibaiertzean dagoen barku moduko batera hurbildu da, igotzen saiatu ere bai baina, ezin, eta eskerrak arrauna ezin duen hartu, aurreraxeago beharbada.

Arrauna beti izan dute hizketagai, eztabaidagai ere bai, Gorkaren amak barrez nabarmendu duenez: «Izeba Mariak beti esaten zuen arrauna eztabaidatzeko zela». Historia bitxia da toledotarrena, ez baita oso ohikoa barnealdeko herri batean, familia batek arraunarekiko hainbesteko lotura eta zaletasuna izatea. Bada, toledotarrak salbuespen dira: zazpi lehengusuetatik bost arraunean ibili dira. Nabari da familian nor den patroia, Gorkak hartu baitu hitza haien aurrekoen historia kontatzeko. Joxe Toledo lehengusu zuten Endika eta Olatzen amak, eta Gorkaren aitak, eta hura aritzen zen sanjoanetako estropadetan patroi Olarrain elkartearekin. Toledotarrak ez ezik, Endikaren eta Olatzen aita ere, Jose Luis Lopez, arraunean aritu zen 80. hamarkadan Orion eta Zumaian.

 

Endika Lopez Toledo: «Gu izan ginen lehenak Tolosaldean batela ateratzen»



Tolosaldeko klubeko ontzi-lekura iritsi diren hurrenkeran hasi ziren arraunean; lehenik Endika, eta ondoren, aldi berean, Olatz eta Gorka. Lehengusu helduenak azaldu duenez, bere aita 2005ean hasi zen klubean laguntza ematen, Jose Luis Perez Coteli eta beste zenbaitekin batera, eta bera harekin jaisten zen ontziratzeko tokira. «Gu izan ginen lehenak Tolosaldean batela ateratzen, gu eta nesken beste talde bat ere bai».

Endikaren atzetik ibiltzen ziren Olatz eta Gorka. Donostiarrako arraunlariak esan du anaiaren estropadak ikustera joaten zirela, bai sanjoanetan, baita ligan arraun egiten hasi zenean ere, haiek oraindik ezin baitzuten arraun egin. Jarraian, San Pedroko patroiak hauxe esan du: «Kontua da: Endikak zer egiten zuen? Gu han. Asteburu batean arrantza egiten bazuen guk harekin joan nahi genuen. Orduan, Endikak arraunean izena eman zuenean, guk argi genuen lehenago edo beranduago arraunean hasiko ginela». Barre artean, Olatz ez dago hain konforme Gorkak esandakoarekin, baina istorioaren hariarekin jarraitu dute.

Haur mailara gerturatzen hasi zirenean, Olatzek aitari esan zion arrauna probatu egin nahi zuela, eta hala egin zuen, aitari hasieran onartzea kostatu zitzaion arren: «Iruditzen zitzaion kirol gogorra zela, eta gero utzi egingo nuela». Egun berean klubean izena eman zuten Olatzek eta Gorkak, patroiaren anaia ere haiekin batera joan zen, nahiz eta arraunean hasteko adinik ez zuen: «Anaia kimua zen arren, patroi aritzen zen, eta isilpean txapelketa batzuetan parte hartu zuen, beste izen batekin. Berez, ezin zuen lehiatu, baina gurekin batera hasi zen», azaldu du Gorkak.



Arraunlari izatetik, patroi

Ordutik seniorretara arte Tolosaldean egon ziren hirurak, nork bere bidea egin zuen arte, bi gizonen kasuan erabakia baldintzatuta zegoen, klubak ez zuelako trainerurik. «Gazte mailara arte batelak daude, eta gero trainerillak eta traineruak. Behin adin horretara iritsita, Tolosaldeak ona du beste klub batzuekin harremana duela, eta beste batzuekin elkartuta, trainerilla ateratzeko beste talde batzuetara joan izan gara. Ni Getariarekin eta Zarautzekin egon naiz. Behin seniorretara ailegatuta, ordea, gizonezkoen mailan ez dagoenez trainerurik, libre uzten dizute, nahi duzun klubera joan zaitezen. Gazte mailatik aurrera, hemen zure bidea egin behar duzu», esan du San Pedroko patroiak.

Hala egin zuten Gorkak eta Endikak. Lehengusu helduenak azaldu du gazte mailan Oriora joan zela, 2010ean, Angel Larrañaga Larraren bitartez. Bertan lau urte egin, eta San Juanera joan zen hiru urtez. Ondoren, Hondarribiak deitu zion, eta han beste hiru urte egin zituen, 2017tik 2020ra, eta geroztik, Donsotiarran da.

Endikaren antzera, Gorka ere Oriora joan zen, bigarren trainerura. Hamar urte egin ditu bertan. Arraunlaria zen hasieran, eta ondoren, lemazain bilakatu zen: «2017an ez nuen jokatu behar, baina Orio B ontziko entrenatzaileak deitu zidan laguntzeko, eta kasualitatez, urte horretan traineruko patroia goiko taldera igo zuten, eta estropada bat lemazain bezala jokatzea tokatu zitzaidan. Patroi izatea zer zen jakiteko gozoz geratu nintzen, eta hurrengo urtean berriz hasi nintzenean arraunean, kasualitatez ere, taldeko patroiak esan zuen uda erdia egingo zuela, eta beste erdia norbaitek egin behar zuela. Orduan, nik eskarmentua nuenez aurreko urteko estropada hura jokatuta, abuztu osoan ni aritu nintzen patroi». 2019tik aurrera, lemazain aritu da.

Denboraldi honetan arrauna uztekoa zen Gorka, jada erabakita zuen: «Hainbeste urteren ondoren, ikusten nuen ez zidatela aukerarik ematen goran estropadaren bat jokatzeko edo entrenamenduetan aritzeko, eta jada ez nuen motibaziorik». Urriaren erdialdean, baina, Asier Carballeda San Pedroko entrenatzaileak deitu zion patroi bat behar zutela —iaz lortu zuten Eusko Label ligarako igoera—, eta aukera bat eman nahi ziola Gorkari. Tolosarra hasiera batean «oso konbentzituta» ez egon arren, erabakia hartua baitzuen utzi egingo zuela, etxean neska-lagunarekin hitz egiten hasi, animatu, eta baiezkoa eman zion. «Ez dut ezer galtzeko».

 

Olatz Lopez Toledo: «Ez nuen uste bueltatuko nintzenik, baina Donostiarrak aukera eman zidan»



Olatzen kasua oso bestelakoa da; emakumezkoetan klubak bazuelako trainerua: Tolosa-Getaria. Orduan, gazte mailako denak hara joaten ziren probatzera, eta uda haiekin egiten zuten seniorretatik aurrera. Donostiarrako arraunlariak 17 urte zituenean Getaria-Tolosa ontziak azken urtea egin zuen, eta hurrengo denboraldian, trainerurik ezean, bateletan aritu zen. Olatzen esanetan, Tolosakoak Zumaiara joan ziren. Hurrengo urtean, Bartzelonara joan zen ikastera, eta hiru urtez egon zen arraunik egin gabe. «Ez nuen uste bueltatuko nintzenik, baina Donostiarrak aukera eman zidan, eta hasiera batean nagikeria puntu bat eman zidan arren, baiezkoa eman nien. Hasiera batean laguntzeko asmoz... baina zortzi urte daramatzat». Aurten zortzigarren denboraldia egingo du Donostiako tostan.

Hirurak, Donostian garaile

Iazko denboraldiaz, badago bitxikeria bat: egun berean hiru lehengusuek Donostiako estropada irabazi zutela. Patroia hasi da hitz egiten: «Goiz horretan nik Orio B taldearekin irabazi nuen, eta kasualitatez, neska-lagunari esan nion: 'Irabazi dugunez, ospatzera joango gara?'. Ezetz esan zidan, Donostian geratuko ginela, lehengusuek etxeko bandera jokatzen zutela eta».

Lehenik emakumezkoek egin zuten arraun: «Atera nintzen beste estropada bat balitz bezala, eta nahiko garbi irabazi genuen. Gogoratzen naiz jada aldagelan geundela, taldekide batek esan zuela mutilak aurretik zihoazela, eta erantzun genuen: 'Nola mutilak aurretik?'. Mutilak aurretik, mutilak aurretik... eta bai, etxera joan behar genuen, baina azkenean bertan geratu ginen mutilek ere irabazi zutelako», adierazi du Olatzek.

Aldi berean, Endikak esan du etxeko estropada izanda, beti «plus» batekin ateratzen zarela, eta gainera, gero lehengusuak eta arrebak irabazita, «poz handiagoa» sentitu zuela. Gorkak gehitu du «lehen poza» izan zela Donostiarrak txanda irabazi zuela, Urdaibai ligako faboritoaren kontra, eta hori sekulako «gorakada» izan zela. Ondoren, ikustea hurrengo txandakoek ez zutela haien denbora hobetzen... eta zuk hori ikustea, «sekulakoa» dela. Baietz dio Endikak: «Estropada joan ahala, ilusioa gehitzen joaten da».

Iazko denboraldia ez zuten aho zapore berdinarekin amaitu bi anai-arrebek: Olatzek nabarmendu du sasoi «nahiko polita» egin zutela; Endikak, ordea, esan du estropada batzuk «oso onak» jokatu zituztela, baina beste batzuk «ez hain onak». Emakumezkoek hirugarren postuan amaitu zuten liga, lau bandera astinduta, eta gizonezkoek laugarrenean, bandera bakarra irabazita.

Olatzen traineruak hanka-sartu zuen Orioko banderan; estropadatik kanpo geratu ziren, derrigorrez ontzian eman behar zuten pisua ahaztu egin zitzaielako. Momentu horretan bigarren ziren sailkapenean, Arraun Lagunak lehen sailkatua hiru puntura zutela. Ligako borrokarako lehiatik kanpo geratu ziren. «Orioko estropada aurretik oso animatuta geunden, eta gainera gogoratzen naiz estropada horretan oso-oso sartuta geundela; aurreko egunean Arraun Lagunakek segundo batzuk sartu zizkigun, eta oso sartuta gindoazen Oriora. Uste dut hortik ere etorri zela hanka-sartzea: hain sartuta zaudenean zure gauzetan, hutsegite bat izatea errazagoa da, eta hori gertatu zitzaigun. Onartzen dugu errua gurea izan zela, baina uste dut zigorra gehiegizkoa izan zela, momentu horretan guk bizitu genuen bezala. Aurten ez zaigu ahaztuko, eta ahazten bazaigu, izango dugu beste ordezko pisu bat».

Ligaz, oro har, Donostiarrako arraunlariak nabarmendu du «oso polita eta parekatua» izan dela: «Tolosaldeak ez du banderarik eraman, baina guk hanka-sartu dugunean edo ez dugunean asmatu, beraiek hor egon dira». Estropada bat baino gehiagotan eremuko errekorrak ondu dituzte traineru bat baino gehiagok, eta horrek esan nahi du, Olatzen hitzetan, «emakumeen traineruek ere maila hartu dutela orokorrean, eta lehia polita dagoela».

Olatzek balorazio baikorra egin duen bezala, Endikak ez zuen hain gustura amaitu sasoia, haien estrategia baita indartsu hastea, gero ahal den erregularrenak izateko, baina ez zuten lortu. Urdaibai ligako txapelduna oso nagusi ikusten al zuten galdetuta, Donostiarrako arraunlariak adierazi du urte hasieran «ez hainbeste», baina denboraldiak aurrera egin ahala bai: «Hasieran gu gertuago geunden haiengandik, baina estropadak jokatu ahala, ikusten zen Bermeoko ontzia oso azkar zihoala, eta ezin ginela gerturatu ere egin. Estropada askotan, bigarren luzetik aurrera bakarrik ikusten zitzaien».

«Joango naiz zu abordatzera...»

Aurtengo denboraldiari begira ere jarri dira. Olatzek esan du traineruaren «bizkarrezurra» mantendu dutela, eta urteroko «ilusioa» dutela: «Beti ilusioarekin gaude, baina egia da gero denborak gure tokian jartzen gaituela. Ilusioa handia da bai liga, bai txapelketak, bai Kontxa eramateko. Gainera, aurten Espainiako Txapelketa Donostian jokatuko dugu, eta gizonezkoen distantzia bera. Guretzat erronka bat da, eta irabaztera goaz».

Donostiarraz ez ezik, gainerako traineruez ere aritu da: Orioz esan du nahiz eta aurten arraunlari gehiagok utzi duten taldea, hortxe mantenduko direla. «Maila berdina izango dute? Ez dakit, baina hortxe egongo direla seguru». Arraun Lagunak ontziaz adierazi du hamalauko berdina dutela, haien antzera, beraz, lehia «berdina» izango dutela. Ez da ahaztu Tolosaldeaz. «Beti hor dago, eta aurten ere hala izango da. Gure pare ariko dira, eta segur aski banderaren bat eramango dute». Liga irabazteko faboritoa nor den galdetuta, hauxe esan du barrez: «Guk irabaziko dugu, nola ez. Beti irabaztera goaz, eta irabazten saiatuko gara. Gero, irabazten badute, zorionduko ditugu, baina faborito gu, seguru, gainera».

 

Olatz Lopez Toledo: «Tolosaldea gure pare ariko da, eta segur aski banderaren bat eramango du»



Endikak itxaropentsu begiratzen dio denboraldiari, 21.a egingo du arraunean. Bost arraunlarik taldea utzi dute, eta etorri direnak «onak» dira, Donostiarrako arraunlariaren ustetan. «Uste dut sasoi txukun eta erregularra egiteko aukera izango dugula, iaz eduki ez genuena; txandaketarako aukera gehiago ditugulako, eta ontziak itxura hobea duelako. Taldearen batez besteko adina ere jaitsi dugu, orain gazteagoak gara, 27-28 urteren bueltan».

 

Gorka Toledo Pellejero: «Ligak jarriko gaitu gure tokian; lehiatzeko gai bagara, muturra sartuko dugu»



Gorkaren kasua bestelakoa da, San Pedro gorengo ligara igo berri den trainerua delako. Ilusioz hitz egin du patroiak: «Orokorrean entrenamendu txukunak egiten ari gara. Prestatzailea ilusio handiz dago taldearekin, eta berak hori helarazten digu». Hori bai, argi dute zein den sasoiko xedea: mailari eustea. «Hortik aurrera, geure buruak amesten jarriko ditugu. Ligak jarriko gaitu gure tokian, eta ikusten badugu beste ontzi batzuekin lehiatzeko gai garela, hortxe sartuko dugu muturra».

Eta, zer egingo dute bi lehengusuek estropadaren batean aurrez aurre arraun egiten badute? Gorkak esan du beti daudela txantxak: «Joango naiz zu abordatzera...». Patroiak argi du haientzat lehia «gozada bat» izango dela, eta hortik kanpo, berriz ere lehengusuak izaten jarraituko dutela. Bide beretik, Endikak adierazi du lehia betean daudenean, nor berera dagoela. «Ez duzu pentsatzen beste ontzian zure lehengusua dagoenik, zure onena ateratzean baizik». Jarraitu du Gorkak esanez, ez diola «ezer txarrik opa» ez lehengusuari, ez haren taldeari; hori bai, argi du bere lehengusua ez den beste inorengana gogoz joango dela. Hala ere, Endikak nabarmendu du liga berean egongo direla, baina dena ondo bidean, ez txanda berean, helburu desberdinak baitituzte.

Tolosaldean amaitzea

Arrauneko araudian aldaketa bat izan da, gizonezkoei eragiten diona: 2025etik aurrera, klubek etxeko lau arraunlari ontziratu beharko dituzte, eta 2026an bost. Oraingoz, gizonezkoentzat bakarrik jarri dute araua, emakumezkoentzat ez. Gorkak eta Endikak gaiaren inguruan beren hausnarketa egin dute. Patroiak esan du oso arau logikoa dela, eta ez dagoela ez alde ez kontra: «Iruditzen zait gazte askok goiko ontzian aukera bat izan nahi dutela, eta hau pentsatzen dutela: 'Hemen betiko zahar horiek daude, eta agian ez dira etxekoak...'. Orduan, aukerarik ez dutenez ikusten, arrauna utzi egiten dute. Arraunari jarraikortasuna eman nahi badiozu, nola edo hala arau horiek jarri egin behar dira. Bidezkoa izan den ala ez? Ez dakit, batzuk joan direlako talde zehatz batzuen aurka».



Bide beretik, Endikak ere azpimarratu du harrobia «zaindu» egin behar dela, beti beharko baita etxeko jendea. «Arraunak orain ez du jende asko atzetik bultatzen, eta klub asko desagertu egingo dira edo ezingo dira atera. Gure mailan, adibidez, Zierbena herri txiki bat da, eta beraiek esaten dute nahiko zaila ikusten dutela jada ontzia ateratzea, eta etxekoekin bada, are zailagoa. Hondarribia eta Orio bezalako tokietan ondo dago, harrobia asko lantzen dutelako, instalazio onak dituztelako... jende asko joaten zaie. Uste dut dena aztertu behar dela edo beste modu batera jarri».

Emakumezkoetan, berriz, araudi berdina mantenduko da, «eta eskerrak», dio Olatzek. «Nesketan oso zaila bada arraunlariak aurkitzea, imajinatu harrobiko talde bat mantentzea. Oraintxe bertan uste dut Tolosaldeak beteko zituela mutilen arau horiek. Zaila da arraunean jarraitzea, eta jada hainbesteko mugak jartzen badizkizute... Gu harrobikoekin beti oso justu gabiltza, batek min hartzen badu, traineru gabe geratzen gara».

Noizko Tolosaldeak gizonezkoen traineru bat? Gorkak barrez erantzun du hori presidenteari galdetu behar zaiola. «Kluba oso mugatuta dago azpiegituren aldetik. Neskek San Pedron entrenatzen dute, eta kostua izugarri altua da. Iaz trainerua, adibidez, San Pedrok utzi zien neskei, eta entrenatzeko, kostaldeko leku batera joan behar duzu. Ligan parte-hartzeak ere ekonomikoki kostua handia du. Arraunlari onak badaude, horregatik ez zen izango baina...». Gorkak eta Endikak, oraingoz, ezin dute haien ibilbidea Tolosaldean bukatu. Olatzek, bai, ordea, nahiko balu. «Nik beti esan dut: Tolosan bukatzea gustatuko litzaidake. Baina inoiz ez dakizu noiz bukatuko den arrauna. Nik beti esan dut nire taldea, nire kluba, Tolosa dela».

Elkarrizketa amaieran, Zerkausiaren azpira, hasi dira iristen Tolosaldea Arraun Klubeko arraunlari gazteenak, eta bertan agertu da Gorka, Endika eta Olatzen beste lehengusina bat: Garazi Toledo. Oraindik haur mailan dago, baina jada sartu diote zainetan arraunarekiko zaletasuna. Azken mezua Gorkaren amak bota du: «Oso harro sentitzen naiz Gorkaren ama, eta Endikaren, Olatzen eta Garaziren izeba izategatik!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!