elkarrizketa

«Gehienak gazteak gara, orain neskei indar handiagoa ari direlako ematen»

Zesta-puntako Women Winter Series txapelketa jokatu du Naroa Merino tolosarrak estreinakoz; zesta-puntaren «olatuaz» mintzatu da, eta esan du zestari gehiago lagundu behar zaiola.

Aurten bigarrenez antolatu dute zesta-puntako emakumezkoen Winter Series txapelketa, eta hasiera batean Naroa Merino (Tolosa, 2005) barruan ez bazegoen ere, Ihart Arakistainek min hartu, eta tolosarrak ordezkatu du. Txapelketa motza da, lau bikotek bakarrik parte hartzen baitute; zuzenean finalerdiak jokatzen dituzte, eta irabazten duten bikoteak finalera pasatzen dira. Finalaurrekoetan Merinok eta Gonegolak 2-0 (15-7 eta 15-12) galdu zuten Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabalen aurka.

Nolakoa izan da aurrenekoz txapelketa hau jokatzea?

Biok estreinakoa genuen, eta ez da berdina aurrez txapelketa hau jokatu duen batekin aritzea edo aurrenekoz jokatzen duen beste batekin. Biak urduri geunden, eta hori argi ikusi zen lehen setean: frontoira moldatzen ari ginen. Bigarrengoan, berriz, lantegi zailagoa jarri genien.

Urduritasuna aipatu duzu. Jokatu aurreko astean zer sentipen izan zenituzten?

Biok aurrenekoz jokatzen genuen, baina txapelketa guztietan denak elkarren aurka aritzen gara. Women Winter Series izenak indar handiagoa ematen dio txapelketari, eta telebistan ere ikusteko aukera dago; baina nik, adibidez, Erikaren (Mugartegi) aurka Euskal Ligan jokatu dut, baita edozein klubetako txapelketetan ere. Elaiarekin (Gonegola) asteartean eta ostegunean entrenatzera joan ginen, bere entrenatzailearekin, eta Maialen (Aldazabal) ere etorri zen, klub berekoak baitira Maialen eta Elaia. Entrenamendua partida balitz bezala egiteko aprobetxatu genuen.

Nolakoa da Durangora joatea, Ezkurdi pilotalekura sartzea, telebista ikustea...?

Normalean taldean joaten gara, baina, kasu horretan, denborarekin joan nintzen, eta 18:00etan iritsi nintzen frontoira. ETBko kamerak jarrita ikustea, dena probatzen, mikrofonoak, Ane (Muruamendi, ETBko kazetaria) etorri zitzaidan elkarrizketa bat egin behar genuela... Azkenean urduri jartzen zara. Egia da Bilbon telebistaren aurrean ere jokatu dudala, baina txapelketaren izenak, telebistak... pixka bat presioa eragiten du.

Gainera, zu aurrean aritzen zara, eta txapelketa honetan atzean jokatzea egokitu zaizu.

Elaiarekin Bartzelonan jokatu nuen joan den abenduan atzelari bezala, eta irabazi egin genuen. Oso ondo aritu ginen, baina egia da hango bikoteek ez zutela hemengoen maila bera. Txapelketa honetan, hasieran pixka bat galduta aritu nintzen: frontoi berria, pilota berriak... Baina partida aurrera joan ahala, neurria hartu nion frontoiari eta pilotari.

Arantza izango duzue bigarren seteko 12. tantoan gertatu zena eta gero, ezta?

Azkenean kirol guztietan gertatzen den gauza bat da. Gure kasuan gertatu zen epaileak ikusi zuela Elaiak pilota ukitu zuela, baina telebistan ikusten da ez zuela ukitu. Haserretu egin ginen, 13-12 baikindoazen eta berdinketa lortzeko aukera paregabea genuen; berdinketa lortuta, set hori irabazteko aukera genuen, eta ondoren berdinketa haustekoa... Esaten den bezala, guretzat lapurreta bat izan zen. Uste dut haserre puntu hori eduki genuela, eta horren ostean, Elaia partidatik atera zen. Eta bai, arantza hori geratzen zaizu barruan.

Txapelketa honetan parte hartu duzuen guztiak oso gazteak zarete. Aurretik akaso inork ez duelako bidea egin?

Aurretik egon zen neska bat: Izaro Arbe. Baina hark beti mutilekin jokatu izan du. Orain dela sei urte klub guztiak batzen zituen klub bat zegoen: Xistera. Hor egon ginen txapelketak egiten, neska guztiak elkarren aurka jokatzen. Orduan txangoak egiten genituen: Cabanillaseko neskek jokatzen zuten, eta hara joaten ginen asteburu pasa. Bertako jendea ezagutzen duzu, zesta-puntan jokatzen duten neskak... ni frontoira joaten nintzenean beti mutilak ikusten nituen, eta neskekin berdina sentitzeak poztasuna ematen du. Iruditzen zait orain neskei indar handiagoa ematen ari direla, eta horregatik gara gehienak gazteak. Emakumezkoetan helduena Eneritz (Lizardi) da, 2004koa; gizonezkoetan, ordea, 30 urtekoak ikusten dituzu. Hala ere, horrek esan nahi du neskak gaztetik indartsu hasten garela.

Zu noiz hasi zinen zesta-puntan?

Orain dela hamar bat urte hasi nintzen Tolosako klubean. Nire anaiarengatik hasi nintzen, berak esan baitzuen zestan jokatu nahi zuela. Nire aitak erantzun zion ea hori partxisa bezalakoa ote zen [barrez], etxean ez baitzuten inoiz zestaz entzun. Nire anaiak izena eman zuen, eta ni, zortzi urte nituela, anaia ikustera joaten nintzen. Ordubetez hor begira aspertu egiten nintzenez, amari esan nion probatu egin nahi nuela. Hasi egin nintzen, gustatu, eta orain arte.

Tolosan hasi zinen, eta orain Andoainen ari zara.

Bai, Tolosako klubean hiru urtez egon nintzen. Gero arazoak egon ziren entrenatzaileekin eta orduan erabaki nuen, Tolosako beste laurekin batera, Donostiako Jai Alai klubera joatea. Han beste hiru-lau urte egin genituen. Azken urtean entrenatzaile berri bat etorri zen, eta berekin oso ondo moldatzen nintzenez, aukera eman zidan Andoainen umeak entrenatzeko. Baiezkoa eman nion, baina, egoera zaila zen, Batxilergoko bigarren maila ikasten ari bainintzen, umeak Andoainen entrenatzen nituen, eta nik Donostiara joan behar nuen entrenatzera. Ez nuen denborarik ez ikasteko, ez ezertarako. Orduan, ikusi genuen onena Andoainen entrenatzea izango zela. Eta horrelaxe nabil orain.

Jokatzen ari zaretenak entrenatzaile ere izatea garrantzitsua al da?

Bai, izan ere, talde askotan entrenatzailea 50 urte inguruko pertsona bat izan ohi da. Nire kasuan, Donostiara joaten nintzenean, 70 urteko gizon bat nuen prestatzaile. Baina, ikustea zuri entrenatzen ari dena pilotaria dela, txapelketak jokatzen dituela, telebistan ematen dutela... Azkenean entrenatzailea erreferente bat da, eta pilotaria izateak eta partidak jokatzeak gehiago erakartzen du jendea.

Azken bost-lau urte hauetan zestari beste buelta bat eman zaio; kirolak ikusgarritasuna lortu du, neurri handi batean, telebistarengatik.

Bai, ez dakit zehatz-mehatz zein urtetan izan zen, baina badakit Daniako (AEB) frontoia itxi zuten unea izan zela. Hemengoak ziren profesional gehienak handik hona etorri ziren: Goiko (Iñaki Osa Goikoetxea), Leke (Unai Lekerika)... Eta bueltatzean hemen ez zuten ezer. Orduan hasi ziren Gernikako Winter Seriesa egiten; zestaren olatua deitzen zaio, olatu bat bezala izan baita: hemen zestari indarra ematen hasi zitzaion AEBetan zeuden profesional horiek joka zezaten, telebista sartu zen.... Baina telebistak indar handiagoa eman behar digu. Azkenean zestak ez du inoiz hartu asteburu bat, ez bada finala izan, ez dute inoiz zuzenean eman; mutilen eta nesken partidak 19:00etan edo 19:30ean izaten dira, eta 22:00etan ematen dute. Zuzenean eman zuten partida bakarra Winterreko finala izan zen; igande gauean izan zen. Ondo iruditzen zait indarra ematea, baina pilotari ematen dioten indarra nahi dugu. Pilotak ostiral gaua, eta larunbat zein igande arratsaldea hartzen du. Kirol hau sustatu nahi badute, jende gehiagok parte har dezan, lagundu egin beharko zaio.

Udari begira, zer asmo duzu?

Winterra jokatu duten neska batzuk uztailean Munduko Txapelketara joango dira, Iruñean jokatuko da Labriten, baina ni ez naiz bertan izango. Orain Gramiko txapelketa hasiko dugu; Gipuzkoako eta Bizkaiko puntistek elkarren aurkako jardunaldia dugu. Eta gero banakako Euskal Liga izango dugu. Bertan, Euskal Herriko neska guztiak bilduko gara elkarren aurka jokatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!