Ez du urte samurra izan Naia Amondarainek (Ibarra, 2001), ezta gutxiago ere: denboraldi hasieratik aldakan min zuen, eta lehen lasterketan bizikletatik jaitsi ostean, geroztik ez du gehiago korritu. Orain gauzak «oso ondo» doazela esan arren, azpimarratu du momentu «zailak eta txarrak» pasa dituela, tartean malko «dezente» bota ere bai. Harentzat zaila izan da psikologikoki kudeatzea 'nahi bai, baina ezin' hori, eta horrexegatik, itzulerarako ez du epe zehatzik jarri nahi, egunez egun hobetzea du helburu. Patxadaz eta naturaltasun osoz hitz egin du ibartarrak bizitu duen gurutze bideaz.
Iaz fitxatu zintuen Laboral Kutxak, eta kasik ez duzu korritu. Nola joan da urtea?
Taldeko egonaldian mina sentitzen hasi nintzen, denboraldia hastera zihoan, eta egia da entrenamenduak nahiko exijenteak zirela. Mina izan arren, entrenatzen jarraitu nuen lehen lasterketari begira, otsailean izan zen estreinakoa, eta bizikletatik jaitsi behar izan nuen mina nuelako. Hortik, urte osoan min hori handitzen eta handitzen joan da, ez dakit nola esan...
Ez zenekien zer gertatzen zitzaizun?
Hori da. Hasiera batean gauza bat esaten zidaten, baina gero minak hor jarraitzen zuen. Alde horretatik, urtea pixkat bat zaila izan da. Gainera, taldean nire lehen urtea zen, eta bai talde teknikoa, bai txirrindulariak ezagutu arren, estreinakoa izanagatik beti zaude zure konfort zonatik kanpo, eta hau dena etorri zitzaidan pixka bat gainera.
Non zeneukan minbera?
Aldakan. Femoroacetabular txokea, labrum hausturarekin deitzen zaio. Hasieran traumatologo batekin aritu nintzen, gero beste batekin... gauza asko izan dira. Ebakuntza egiteko aukera hasieratik hor zegoen, baina beti azkeneko aukera bezala; ebakuntza bat ebakuntza bat baita, eta horrek dakarren guztiarekin. Orduan, hori saihestearren pixka bat denetarik egin dut, baina azkenean ez da posible izan. Irail amaieran egin zidaten ebakuntza, eta hor errehabilitazio prozesuan hasi nintzen. Urtea bizikleta gainean bukatu nuen, errepidean ateratzen. Egia da errehabilitazioan ere segituan esan zidatela bizikleta egiteko, ondo datorkiolako aldakari, baina bizikleta estatikoan, ezin bainuen errepideko bizikletako posizioan jarri. Gero arrabolan hasi nintzen etxean, eta abendu amaieran errepidean ateratzen hasi nintzen. Orain pixkana noa, zertxobait geratzen zait, baina jada beste ikuspuntu batekin.
Nola izan zen errepidera atera zinen momentua? Ia bederatzi hilabete eta gero atera gabe egonda...
Ebakuntza egin baino egun batzuk lehenago ere jarraitzen nuen errepidera ateratzen. Denbora bat geldirik egon nintzen, baina entrenatzen jarrai nezakeen, betiere, intentsitate baxuan eta denbora luzez aritu gabe. Hori bai, entrenamendu exijenteak edo lasterketako erritmokoak ezin izan ditut egin. Ebakuntza egin ostean hiru-lau hilabete bizikletan aritu gabe egon nintzen, baina ez naiz egon bederatzi hilabete geldirik.
Nola ikusi zenuen taldea joan den denboraldian? Helburua World Tour mailako taldea izatea zen, eta ez duzue lortu, gutxigatik izan bada ere.
Bai, hamasei talde aurkeztu ginen maila gorenera salto egiteko, eta hamabostentzat zegoen tokia. Puntu aldetik gu hamaseigarrenak ginen eta hori bagenekien. Alde hori garbi genuen, baina esperantza bukaerara arte eduki genuen. Prozesua baikorra izan da talde gisara gu aurkezteko eta esateko: «begira, gure esku dagoen guztia egin dugu, eta orain ez dugu lortu World Tour mailako taldea izatea, baina proiektuak berdin-berdin jarraitzen du. 2026rako berriro ere plazak irekitzen direnerako». Aurtengo helburua da Kontinental mailako taldeen artean lehenengo bi postuetan sailkatzea, gero horrek ematen baitizu txartela World Tour mailako lasterketetarako. Taldearentzat ez dut esango ezusteko handia izan denik, oso zaila baita, eta alde horretatik espero zitekeen zerbait zen. Aurten taldea gogotsu dago, eta egin dituzten fitxaketek asko lagunduko digute.
Fitxaketak aipatu dituzula, etorri direnetatik izarra Ane Santesteban da, ezta?
Bai, eta fitxaketa gehiago ere egin dira. Lourdes Oyarbide Movistarretik, Laura Tomassi UAEtik, txirrindulari azkarra da eta eskarmentua du, Eri Yonamine World Tour mailako txirrindularia, Cristina Tonetti Italiako txirrindulari gaztea da, baina etorkizun handia du. Ikusten da proiektu sendoa dela, eta apustua egin dela. Guretzat horrelako fitxaketak ekartzea sekulakoa da. Txikia nintzenetik nire ahizparen lasterketak ikustera joaten nintzen, eta Lourdes eta Ane hor zeuden. Eta gogoratzen naiz oraindik ere kadeteetan zati bat haiekin batera korritzen genuela, Ane jada uste dut Italiara joanda zegoela, baina Lourdes beti ikusi izan dut gertu. Beti izan dira asko miretsi ditudan txirrindulariak, eta orain derrepentean taldean daude. Aukera polita da haietaz ahalik gehien ikasteko.
Altean (Alacant) izan zarete egonaldi batean, ezta?
Bai, Gabonak baino lehen joan ginen Alteara, taldekideak bizikletarekin, baina ni oraindik ez, arrabolan eta igerilekuan ibili nintzen. Gabonen ostean ere berriro joan ginen Alteara eta hor bai hasi nintzela bizikletan ibiltzen. Egun dezente izan dira gu elkar hobeto ezagutzeko. Txirrindularitzak badu alderdi hori; taldeko kirol bat da, baina lasterketa batera sei-zortzi txirrindulari joaten gara, eta agian egoten zara denbora dezente taldekideren bat ikusi gabe, beraz, halako egonaldiak ondo etortzen dira talde sendoa osatzeko eta elkar ezagutzeko. Esan didatenez, entrenamenduak ere nahiko intentsoak izan dira [barrez].
Zer aldartetan ikusi duzu zeure burua?
Gauzak oso ondo doaz, baina momentu zailak eta txarrak izan ditut, eta malko dezente ere bota ditut. Lehenengo bi asteak oso gogorrak egin zitzaizkidan, baina gero pixka bat errutinan sartzen zara; errehabilitaziora joan, igerilekura, ariketak egin... Nahiko ondo eraman dudala uste dut, hala ere momentuak daude. Orain hori esaten dut lasaiago nagoelako, baina gero beldurrak dituzu, galdera pilo bat buruan bueltaka, ez duzu erantzunik... Orain lasaiago nago, gauzak ondo doaz, nik ere nabari dut hobekuntza, eta alde horretatik hobeto. Pixkana hasi naiz bizikletan entrenatzen, eta orain ematen du bizikletan nagoela eta jada bukatu dela dena, baina ez da horrela. Jendeak esaten dit: «Eta noiz hasiko zara?» Nik ere nahiko nieke erantzun, baino ez dut erantzunik. Oraindik pazientzia pixka bat gehiago behar dut, baina gogo handia dut, denbora asko pasatu baitut hau denarekin. Hala ere, kontziente naiz oraindik pixka bat gehiago geratzen zaidala.
Gutxi gorabehera noiz jarriko zara ondo? Edo ez dakizu?
Ez, ez dakit. Martxoan dut sei hilabeteko azterketa traumatologoarekin, eta ea zer esaten didan. Hala ere, gero maila ere hartu behar dut. Iaz gorabehera asko izan nituen: talde berri batera iristen zara, eta korritu nahi duzu, baina ezin duzu. 'Nahi bai, baina ezin' hori psikologikoki kudeatzea zaila egin zait. Aurten beste urte bat da, norabidea hartuta, eta behintzat orain badakit nora noan. Nire aldetik gauzak ahalik ondoen egiten ari naiz, eta gustatuko litzaidake taldeari ahalik gehien laguntzea, eta berriro ere txirrindulari sentitzea. Desiratzen nago lehen lasterketa iristeko.
Beraz, aurtengo zure asmo nagusia, bizikleta gainean lehiatzea da, ezta?
Bai, erritmoa hartzea, entrenamenduetan prest ikustea, eta lasterketaren bat korritzea, oxala irteera tokian egotea. Dena ikusten joango naiz. Urte honetan ere konturatu naiz, onena dela ez jartzea nire buruari data zehatzik, bestela... Ondo dago helburuak jartzea eta nik baditut nireak jarrita, baina ez da komeni epe zehatzik ipintzea.
Bi urterako sinatu zenuen, ezta?
Bai, aurten amaitzen zait kontratua. Kirolak duen zerbait da, ikusiko da. Saiatzen ari naiz buelta gehiegi ez ematen, badakigu gauzak nola diren eta buruak ere nola funtzionatzen duen. Taldetik ez didate inongo presiorik jarri, ez lehiatzeko ez ezertarako. Ikusten ari gara nola noan, beraz, alde horretatik lasai nago.
Aurten Kontinental mailan Sopela eta Bizkaia-Durango euskal taldeak desagertu dira, UCIk ezarritako gutxieneko baldintza batzuk ez dituztelako bete. Zu Sopelan ibili zinen. Zer eragin du euskal txirrindularitzan bi talde horiek ez egoteak?
Nik ere hor baditut kontraesanak. Gogoratzen naiz kadete edo gazte mailan nengoenean bi talde nagusitzen zirela: Lointek, gero Sopela bihurtu zena, eta Bizkaia-Durango. Historikoki emakumezkoen txirrindularitzan sekulako ibilbidea egin dute, eta beraiek ziren eredu hemengo goi malako txirrindularitzan. Azken urteetan egia da UCI mailan atera direla talde gehiago Espainian; Farto, Meruelo, Massi, Eneicat... Jada hasi zirela gauzak aldatzen, alegia. Lehen gazte mailan bi aukera ikusten zenituen: Sopela edo Bizkaia-Durango. Baina jada azken urteetan gauzak dezente aldatu ziren, eta ikusten zen aukera gehiago zeudela. Pena da Sopela eta Bizkaia bezalako talde erreferenteak, hain justu biak, aurten desagertzea. Ez dakit nolako etorkizuna izango duen emakumezkoen txirrindularitzak. Gainera, Euskal Herrian beti bi talde horiek egon dira, eta hemen hutsunea handiagoa izango da.
Aipatu duzu kontraesanak dituzula gaiaren inguruan.
Bai, alde batetik, beharrezkoa ikusten nuen iristen zelako egoera bat, non Bizkaiak eta Sopelak Kontinental mailako taldeen lizentzia zuten, alegia, profesionaltzat hartzen zituzten, baina, baldintzak ez ziren batere profesionalak. Sopelako zuzendariak beti esaten zigun Sopela zela talde bat txirrindulariak hezteko, eta hortik maila ematen zutenak, gora salto egiteko. Bertatik txirrindulari asko atera dira World Tourrera edo beste talde profesional batera salto egin dutenak. Iristen zen momentu bat non lehiatzen zenuen Torneo Euskaldunean, eta hurrengo astean, Nafarroako Klasikan edo Itzulian munduko talde onenen aurka, eta orduan esaten zenuen: «Zer gara afizionatuak ala profesionalak?». Hor galdera ikur bat zegoen, ez genekien non geunden.
Sopelan nengoenean 23 urte baino gutxiago nituen, eta ez ninduen gaizki harrapatu. Baina helduagoak ziren taldekideek esaten zuten: «Jada salto egiten dut talde profesional batera edo ezin dut horrela jarraitu». Laneko baimenak eskatu behar izaten zituzten lasterketetara joateko, eta ordu asko sartzen zituzten lanean, entrenatzen eta lehiatzen. Erritmo horretan urte batzuk pasatu ditzakezu, baina apustua ez bada ondo ateratzen, ezin diozu luzaroan eutsi. Horregatik beharrezkoa zen UCIk baldintzetan emandako aldaketa. Baina, beste aldetik, halako taldeak desagertzeak kolokan uzten du hemengo txirrindularitza.
Sopelatik Laboral Kutxara joan zinenean, baliabideen aldetik zertan nabaritu zenuen aldaketarik handiena?
Ekonomikoki alde handia dago, eta aurten zer esanik ez. Egonaldiak egun dezentekoak egiten ditugu, eta egutegia ere askoz hobea da. Aurten bi klasiketarako gonbidapena jaso dugu, orain UAEn egon dira... Pixka bat hori dela esango nuke: egutegia hobea dela, eta profesionalak sentitzen garela.