Eskualdeko afizionatuen tropela gizendu egin da

Aiztondo Klasikoa Zizurkildik, 2020. urtean.

Laboral Kutxan Murua, Diaz eta Vidal ariko dira; Electro Alavesa-Zuian Arrospide; Debabarrenan Arozena, Artola, Ugartemendia eta Ormazabal; Eulenen Artano, Irisarri, Arteaga, Olano eta Otegi; eta Gasteizko Sima-Cepial taldean Etxarri eta Tejeria.

Larunbatean hasiko da Zumaian Hego Euskal Herriko afizionatu mailako txirrindularien errepide gaineko denboraldia. Berritasun batekin hasiko da sasoia, 27 urtetik 29ra luzatu baitute afizionatuetan lehiatu ahal izateko adina. Tolosaldeari dagokionez, urte batetik bestera handitu egin da afizionatuen tropela: iaz zazpi txirrindulari zeuden, eta aurten hamabost egongo dira, zortzi gehiago, alegia.

Laboral Kutxan jarraitzen dute Iñaki Muruak (Altzo, 2000) eta Iñaki Diazek (Tolosa, 2001); Unai Zubeldiak, berriz, ez, Euskaltel Euskadira igo baita. Aurten Urko Vidal (Berastegi, 2005) batu zaie taldera, Limousin taldetik etorri da, eta lehen urtea egingo du afizionatuen mailan. Eneko Arrospidek (Leaburu, 2003) bigarren urtea egingo du, baina taldez aldatu behar izan du, nahitaez. Cafes Baque taldea desagertu egin da, eta ondorioz, maillota aldatu du: Electro Alavesa-Zuia Arabako taldearekin lehiatuko da. Markel Etxarri (Aduna, 2005) eta Manex Tejeria (Zizurkil, 2005) berriz, Gasteizko Sima-Cepial taldean ariko dira. Etxarri orain arte Andoaingon aritu da eta Tejeria Tolosako Limousin-Oriakon.

Eneko Arozenak (Tolosa, 2004) eta Yon Mikel Artolak (Ikaztegieta, 2004) ere bigarren urtea egingo dute Debabarrena Eibarko Txirrindulari Taldean. Biek ala biek iaz ez zuten zorte askorik izan, min hartuta egon baitziren, eta ondorioz, gutxi korritu zuten. Iker Ugartemendiak (Amasa, 2005) eta Ganix Ormazabalek (Amasa, 2005), berriz, lehen urtea egingo dute Eibarko taldean, iaz Andoaingo Txirrindulari Eskolan egon ostean.

Vidal, Ormazabal eta Ugartemendiarekin batera, beste bost txirrindularik egin dute salto jubeniletatik afizionatuetara, eta hauek guztiak Eulen Zarauzko taldera joan dira: Ibai Irisarri (Belauntza, 2005), Asier Arteaga (Tolosa, 2005), Unax Olano (Tolosa, 2005), Haritz Artano (Alegi, 2002), eta Eñaut Otegi (Alegi, 2005). Artanoren kasua berezia da: iaz aurrenekoz afizionatuen mailan lehiatu zen, baina talderik gabe, eta denboraldi erdian Eulenek fitxatu zuen.

SEIGARRENA

Muruak darama denbora gehien afizionatuetan: aurten seigarren denboraldia egingo du Laboralen. Adinez taldeko bigarren helduena da, eta hirugarrena Diaz tolosarra da. Biak ala biak taldeko helduenetarikoak direnez, gazteenei erakustea egokitzen zaie eta talde barruan erreferenteak izatea. Ez batak ez besteak ez zuten zorte askorik izan joan den denboraldi hasieran: altzotarrari mononukleosisak neke kroniko bat gogor jo zion, eta tolosarrak erorikoak tarteko eta gaixo egon zela ere, urte hasiera «zaila» izan zuen.

Aurreko denboraldia «motza» egin zaio Muruari, maiatzetik irailera aritu baitzen: «Otsaileko lehen lasterketen ostean oso gaizki nengoen, ez nion buelta ematen. Maiatza aurrekoa miseriazkoa izan da. Mononukleosis batekin izan naiz, eta batzuetan kostatzen da buelta ematea. Zortez, nahiko ondo harrapatu ninduen eta eman nion buelta».

Maiatzera arte denboraldia «miseriazkoa» izan bazen ere, hilabete horretatik aurrera altzotarrak «asko disfrutatu» du: «Oso ondo ibili naiz. Tolosan irabazi nuen, eta orduan zure buruari gehiago exijitzen diozu; behin irabazita beti irabazi nahi duzu. Hurrengo lasterketetan blokeatuta egon nintzen, baina, oro har, aurten asko disfrutatu dut».

BIRRITAN IRABAZTETIK GERTU

Murua irabaztetik gertu egon zen denboraldi amaierako bi lasterketetan: Altsasun bederatzigarren egin zuen eta Oñatin seigarren. «Bi egun segidan izan ziren. Altsasun ihesaldi batean azken kilometroan erasoa jo nuen, eta helmugarako 25 metro falta zirela harrapatu ninduten. Hurrengo egunean, berriz, beste txirrindulari batekin alde egin genuen hasieratik eta bi kilometroren faltan harrapatu gintuzten».

Laboral Kutxako txirrindulariak helburu gisa du «aurten behingoz urte osoa disfrutatzea». Badaki «asko eskatzea» dela, lesiorik eta gaixotasunik ez izatea, baina hori nahi du, eta harentzat garrantzitsuena da «errendimendurik onena ateratzea eta horretaz disfrutatzea»: «Lasterketen lehian egon nahi dut». Horrez gain, adierazi du txirrindulari orok bilatzen duela profesionaletara igotzea, baina berak hori «bigarren plano batean» utziko duela, «hori lortzeko disfrutatu egin behar baita».

Altzotarraren antzera, Diaz tolosarrak ere ez zuen hasiera samurra izan. Hala ere, horri buelta eman, eta maiatzetik aurrera, erregulartasuna izan du, eta horrekin «gustura» geratu da. «Emaitzak nahiko onak izan dira, aurreko urteetan baino dezente hobeak. Uztailetik aurrera, Lehendakari Txapelketakoak, Gatzagakoan edo Oñatikoan nahiko ondo aritu nintzen. Pixka bat gogorrak diren lasterketetan aritzen naiz ondoen».

Diazek iaz uztailetik aurrera izan zuen erregulartasuna lortu nahi du aurten hasieratik. «Pausotxo bat aurrera eman nahi dut eta lasterketaren bat irabazi. Iaz nahiko aurrean ibili nintzen lasterketa askotan, baina errematatzea falta zitzaidan; ea aurten lortzen dugun».

Aiztondoko Klasikoa korritu nahi du, azken lau urteetan bi aldiz bakarrik korritu baitu, eta egindakoetan ez da ondo aritu. «Asteasu inguruko lasterketa bat da eta ilusioa egingo lidake korritzea, etxeko lasterketa garrantzitsuenetariko bat baita».

CAFES BAQUE DESAGERTU DA

Arrospideri ere nahiko neketsua egin zitzaion denboraldia maiatzera arte; ez min hartu zuelako, ikasketengatik baizik. «Ikasketekin iaz dezente kostatu zitzaidan nire maila ematea». Hori bai, maiatza-ekaina aldean «ondo sentitzen» joan zen, eta itzuli garrantzitsuak korritzeko aukera eman zioten, bai Espainian, baita Italian ere: «Eskarmentua hartzeko urtea izan da niretzat».

Kirol arlotik harago, joan den abuztuan albiste txar hau jaso zuen: datorren urtean Cafes Baque taldearen elastikoa ez zen ageriko euskal errepideetan. «Amurrioko lasterketaren ostean esan ziguten denak bildu behar genuela, gauza bat esan behar zigutela-eta. Taldea desagertu egingo zela esan ziguten, batez ere proiektu bezala. Zuzendariek esan ziguten harrobiko taldeek geroz eta indar handiagoa dutela, eta geroz eta zailagoa dela talde indartsu bat egitea».

Leaburuko txirrindulariak azaldu du normalean denboraldia irailean amaitzen dela, eta garai horietan fitxaketak ia eginak egoten direla. Hala ere, nabarmendu du Baqueko txirrindulari gehienek taldea «nahiko erraz» lortu zutela. Hari Electro Alavesa-Zuia Arabako taldeak deitu zion, eta baiezkoa eman zuen.

Arrospide joan den azaroan elkartu zen aurrenekoz taldekide berriekin, eta geroztik, taldeko entrenamenduak egin dituzte. «Elkarren artean konfiantza hartzen joan gara, eta gustura nago taldekide berriekin».

Joan den denboraldian unibertsitatea amaitu arte ezin izan zuenez bere maila eman, aurten Arrospideren helburua da hasieratik «maila on bat» ematea, eta udatik aurrera «beste pausotxo bat ematen saiatzea». Arabako taldeko txirrindulariak esan du iaz eskarmentua pilatu zuela kanpoan korritzen, eta horregatik, entrenatzaileek esan diote taldeari laguntzeaz gain, beste batzuetan ere, bere aukerak aprobetxatzeko. Besteak beste, Aiztondoko Klasikoa, Bidasoako Itzulia, Balentziagako Klasikoa eta Santikutzekoa korrituko ditu.

Leaburuko txirrindularia ere ikasketak eta txirrindularitza uztartzeko zailtasunez mintzatu da. Haren ustez, zailena deskantsuari garrantzia ematea da: «Entrenamenduaren zati garrantzitsu bat deskantsua da, eta unibertsitatearekin eta dena, gorputzak ez du ondo deskantsatzen. Orduan, errendimendu ona ematea zaila da».

MOTO-KROSETIK, BIZIKLETARA

Eulen Zarauzko txirrindulari taldean korrituko dute eskualdeko txirrindulari gehienek. Bertan daude Irisarri, Arteaga, Olano, Artano eta Otegi. Artano ez beste guztiak denboraldi honetan estreinatuko dira afizionatuen mailan, eta Oriako Txirrindularitza Eskolatik pasatu dira. Alegiarraren kasua berezia da: lehen moto-krosean ibiltzen zen, eta hori uztean, inguruan bizikletarekin ibiltzen hasi zen, orain dela bost urte, 2019an. «Jendearekin topatu eta ondo, ikusten nuen nahiko txukun ibiltzen nintzela, eta esan nuen: pixka bat lanbidea probatu beharko dut».

Esan eta egin. Iaz hasi zen lehiatzen afizionatu mailan, talderik gabe. «Lehenengo lasterketa Lazkoan egin nuen eta gustura. Ondoren, Ataungoa, Tolosakoa eta Leintz Gatzagakoa korritu nituen, eta bertan txukun aritu nintzenez, Eulenek deitu zidan». Uztailetik aurrera Zarauzko taldearekin korritu zituen, besteak beste, Frantziako Tour de Piemont, eta Kantabriako eta Hispaniako Vueltak.

Alegiarrak esan du aurten egingo duela «behar bezala» aurreneko denboraldia afizionatu mailan. «Gustura» dago taldean, taldekide berri gehienak Tolosaldekoak baitira; hain justu, Eñaut Otegi alegiarra bere lehengusua da. Entrenatzen sentipen «onak» ditu, eta sasoiaz «gozatzen» saiatuko da: «Aurrenekoa gozatu, hori gabe ez goaz inora. Pixka bat aurrealdean ibiltzea gustatuko litzaidake, baina presiorik gabe, nire aldetik behintzat». Horrez gain, Artanok esan du taldeko batek garaipena lortzeko aukera edukiko balu, «askoz hobeto».

Adinez taldeko helduenetarikoa bada ere, eskarmentu aldetik, alegiarrak esan du ez duela «askorik», are gehiago, taldeko gazteenek berak «baino gehiago» dutela. Aldi berean, haren ustetan, mendian moldatzen da hobekien: «Arina naiz eta».

«SALTO HANDIA»

Euleneko beste txirrindularietako bat da Irisarri belauntzarra. Hasiera batean futbolean aritzen zen, Tolosan, baina ez zen «ondo moldatzen». 13 urte zituela bere lehengusua Jon Irisarri txirrindularia ikustera joaten zen. Belauntzarraren hitzetan, berak bultzatu zuen txirrindularitzara, eta orain Eulenekin bizikleta gainean seigarren urtea egingo du.

Irisarrik aitortu du «salto handia» dagoela jubenil mailatik afizionatuetara, bai entrenamendu orduei dagokienez, bai taldeko exijentzia mailari dagokionez ere. «Exijentzia maila askoz ere altuagoa da». Aurtengo helburua zein den argi du belauntzarrak: lasterketak ahalik ondoen egin eta aukera badago irabazi. «Azken urteetan ikusi da geroz eta egokitzapen denbora gutxiago dagoela, eta geroz eta gazteagoak igotzen direla goi mailara. Orduan, ezin da lasaitasunez hartu. Xedea izango da lehen lasterketetan pixka bat ikustea tropelaren maila, kilometroetara eta abiadurara ohitzea, eta maiatzetik aurrera, ahalik aurreen geratu, lasterketez disfrutatu eta zergatik ez, irabazi».

Euleneko txirrindulariak multzoka ari dira lanean, bakoitzaren gaitasunen arabera: batetik, indartsuak direnak urte hasierako ordekako lasterketetarako prestatzen ari dira, eta bestetik, berriz, finagoak direnak maiatzetik aurrerako lasterketa menditsuetarako. Irisarri bigarren multzoan dago. «Orain arte beti mendi aldera jo dut, eta oraingoz, lasterketa gogorretara fin iristeko helburua jarri didate».

Belauntzarra mekanizazioa ari da ikasten, eta horrela jarraituko du txirrindularitzan dagoen bitartean, «ikasketak ez baitira alde batera utzi behar». Eta etorkizunean zer? Irisarrik adierazi du txirrindulari gehienek behin pauso bat ematen dutenean, gero eta gertuago ikusten dutela goi mailako txirrindularitza: «Gauzak ondo joanez gero, nahiko nuke saltoa ahalik denbora gutxienean eman. Bestela ere, ez da ezer gertazen, baina nire buruari bi-hiru urteko aukera emango nioke».

URTE GOGORRA

Laboral Kutxa, Electro Alavesa-Zuia eta Eulen taldeez gain, Debabarrena taldean ere Tolosaldeko beste lau ordezkari daude: Arozena, Artola, Ugartemendia eta Ormazabal. Tolosarrak eta ikaztegietarrak bigarren urtea egingo dute Eibarko Txirrindulari Taldean, eta Amasakoek estreinakoa. Arozena eta Artola iaz estreinatu ziren afizionatuen mailan, eta ez zuten askorik korritu. Arozenak azaldu du lehen lasterketan esternoia hautsi zuela, eta zenbait hilabete geldirik egon zela: «Ez nuen asko korritu. Udaran zerbait lehiatu nintzen, baina ez nion buelta eman gorputzari».

Kimuetatik hasi zen pedalei eragiten, hasieran «ondo pasatzeko», eta orain «serioago». Lehen urtea gogorra izan da Arozenarentzat, lehen lasterketan erorikoa izan zuelako, eta gero udaran ez zegoelako nahi zuen aldartean. «Asko» kostatu zitzaion: «Udan lasterketak korritu nituen baina ez nituen bukatzen, aldarte onean ez nengoelako». Aurten «gogotsu» dago iaz baino hobeto jarduteko: «Orain arte pistan lortu ditut emaitzarik onenak, baina errepidean zaila da. Goraka pixka bat kostatzen zait». Helburua du ahalik txukunen entrenatzea, gero lasterketetan mailan egoteko eta disfrutatzeko.

Etorkizunari begira, disfrutatzen jarraitu nahi du, «geroz eta zailagoa baita gora iristea»: «Maila ere handia da. Hor egon behar duzu sasoi onenean, bestela ez duzu disfrutatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!