Iazkoa ez zen denborali samurra izan Iribarrentzat, abuztutik lehiatu gabe egon baitzen mononukleosi batengatik: «Portugaleko lasterketen ostean, etxera bueltatzerakoan proba batzuk egin zizkidaten eta mononukleosia pasatu berri nuela esan zidaten. Ondorioetako bat izan zen barea hazi zitzaidala eta intentsitate altuetan hori lehertzeko arriskua zegoela. Galarazi egin zidaten intentsitate handian korritzea, eta amaierako lasterketa guztiak galdu nituen». Ibartarraren hitzetan, gaixotasun horrek ez du tratamendu zehatzik, «gorputzak deskantsua eta denbora behar du». Joan den abenduan analitikak egin eta osatuta zegoela ikusita, entrenamenduetan intentsitatea igotzen hasi zen pixkana.
Jada denboraldiko lehen lasterketa parte hartu du, Challenge Mallorcan, eta ibartarrak «beldur puntu hori» zuela esan du: «aurreneko lasterketa izanda, guztiz ondo ez zen joan, baina gaizki ere ez. Anbizioa ere izan behar da eta goiko postuei begiratu behar zaie. Ea pixkana puntua hartzen dudan eta ondo doazen gauzak berriro ere».
Euskaltel Euskadin bost urte egin ostean, Iribarrek taldez aldatu du; Kern Pharman dago orain, eta «gustura», haren hitzetan.
Bi egonaldi egin zituzten joan den azaroan eta abenduan, eta ibartarrari ondo etorri zitzaion «taldearen dinamikan sartzeko, integratzen joateko eta denboraldiko lehen planteamendua egiteko».
«Gogotsu» dago sasoi berriari begira. Kern Pharmako txirrindulariaren esanetan, taldeak Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) rankigneko lehen 30 postuetan egoteko borrokan egon behar du, World Tour lasterketetako gonbidapenak jaso ahal izateko aurten 40 punturekin nahikoa da, baina datorren urtetik aurrera 30 izango dira. Eta helburu hori lortzeko taldeari laguntzen saiatuko da: «Txirrindulari lehiakorra naiz eta emaitzak lortzea gustatzen zait. Egia da profesionaletan lasterketen borrokan aritzea oso zaila dela, maila oso handia da, izugarri handia, baina hazten joan beharko dut pixkana postu horietara hurbiltzen joateko».
Joan den denboraldiko azken erdian lehiatu ez bazen ere, ibartarrari iruditzen zaio «aurrerapausoa» eman zuela errendimenduari dagokionez, eta «emaitzen borrokan hasi» zela. Euskal Herriko Itzulia estreinakoz korritu zuen, eta mugarri izan zen: «Ordura arte ondo nindoan, baina Itzuliak beste puntu bat eman zidan. Txukun aritu nintzen, eta tropelean ondo sentitu nuen nire burua, esfortzuak ondo asimilatu nituen eta geroko lasterketetan maila oso ona eman nuen». Frantziako klasiketan lehen 15 postuetan sailkatu zen, lehen postu horietatik «gertu» ikusita, eta Esloveniako Itzuli «oso ona» ari zen egiten, bizikletak lapurtu zizkieten arte. Lasterketa utzi behar izan zuten.
Entrenatzaileek «lasaitasuna» helarazi diote Iribarri, ikusita aurreko denboraldia ez zuela ondo amaitu. Pixkana taldera egokitzen joateko eskatu diote, eta denboraldiari erritmoa hartzen joateko. «Eta emaitzak iristen badira hobeto, bai taldearentzat, baita niretzat ere».
Egutegiari dagokionez, Omanen korrituko du eta inauterien ostean Sierra Nevadara joango da altuerako egonaldi bat egitera. Ondoren, denboraldiko bigarren blokeari helduko dio: «Nire ilusioa Euskal Herriko Itzulian berriro ere parte hartzea da, ea aukera dudan».