«Disfrutatzen segitu nahi dut»

Iaz Espainiako Txapelketan lortutako bosgarren postuak «dena aldatu» zion Gorka Sorarrain tolosarrari. Joan den abuztuan Caja Ruralek fitxatu zuen, eta aitortu du bizitza erritmoa «dezente» aldatu zitzaiola: «Ingenieritza lana utzi nuen, eta orain txirrindulari profesional baten bizitza dut. Goizez entrenatu, presaka ibili gabe, ondo deskantsatu, ondo jan... aldaketa handia izan da». «Ilusio handiz» dago datorrenerako.

Tolosarrak ekin dio denboraldiari, baina ez nahiko lukeen erara. Valentziako Klasikoan izan zuen estreinakoa, eta haren hitzetan «debut aldrebesa» izan zen, lasterketako lehen bi-hiru kilometroetan urradura izan baitzuen: «Komeri dezente izan nituen, eta gero azkenerako lortu nuen tropelean sartzea». Aldiz, aurreko asteko Valentziako Itzulia oso berezia izan da, hiru egunez mendiko maillota eraman baitu.

Denboraldiaurrean Almeriara joan ziren egonaldi bat egitera, eta tolosarrak esan du baliabideak, lehenengo urtearekin alderatuta, «mila aldiz hobeak» direla: «Dena errazagoa da, giro oso ona dago, eta oso ondo hartu naute taldean».

Sasoiko helburuez galdetuta, Caja Ruraleko txirrindulariak adierazi du iazko eta aurtengo helburua ez dela aldatu: «nire bertsiorik onena bilatzen saiatzea». Iaz aurrerapauso handia eman arren, filosofia berdinarekin jarraitzen du: «Txirrindularitzaz disfrutatzen segitzea, beste aurrerapauso bat ematea, bertsiorik onena bilatzea, eta ahalik eta emaitzarik onenak lortzea». Xehetasunei helduta, Sorarrainek nola dabilen ikusi nahi du egun bateko lasterketetan. «Ez naiz bereziki esprinterra, baina nahiko ondo moldatzen naiz multzo txikietan, eta nekea pilatzen joaten den lasterketetan». Belgikan bi klasikatan hartuko du parte, eta Italian ziurrenik beste batean. Horiek izango ditu sasoiko erronka nagusiak.

Teknikariek harengan zer ikusi duten galdetuta, Sorarrainek esan du «balio anitzeko» txirrindulari gisara ikusten dutela, oso moldagarria: «Txirrindulari azkarrei esprintean laguntzeko, ihesaldiak harrapatzeko edo egun bateko lasterketetan lehiarako borrokan egoteko».

Bestalde, begiz jota ditu Andaluziako, Jaengo eta Almeriako Klasikoak, baita Portugalgo Alentejo Itzulia eta Arrabirako Klasikoa ere. Iaz asko gustatu zitzaizkion Portugalgo bi lasterketa horiek, eta mundu mailako txirrindulariak ez daudenez, bertan garaipenerako borrokan egon nahi du. Eta gero, Itzulian lehiatu nahi luke. «Iazko helburua Ordiziako Klasikoa korritzea bazen, pentsa aurten Itzulian parte hartzea zer izango den. Munduko txirrindulari onenak etortzen dira, eta horien aurka aritzea... Urtero Itzulia ikustera joaten naiz, eta ilusio berezia egingo lidake bertan korritzeak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!