«Errespetu handia diot maila berri honi»

Aurreko denboraldia «borobila» izan zen Unai Zubeldia ibartarrarentzat, eta ez da gutxiagorako: Laboral Kutxatik Euskaltel Euskadi talde profesionalera egingo zuela jauzi jakinarazi zioten. Sasoi honetan beteko du bere txikitako ametsa, eta «gogotsu» dago: «Errespetu handia diot maila berri honi, umiltasunez ekingo diot».

Neguan bi egonaldi egin dituzte: lehena, Elgoibarren, eta bigarrena, Altean. «Horrek lagundu dit taldean integratzen eta taldekide berriak ezagutzen». Iaz emaitza ezin hobeak eskuratu zituen, eta neurri handi batean, horrexegatik dago orain gorengo taldean. «Denboraldia oso ondo joan zen, batez ere udara arte. Hor hiru-lau hilabete punta-puntan ibili nintzen». Legazpiko Santikutz klasikoan, Lizarran eta Berriatuan gailendu zen, eta Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun izan zen. Bi urte egin ditu Euskaltel Euskadiko harrobian, Laboralen, eta hirugarrenean, 20 urte besterik ez dituela, egin du salto profesionaletara.

Denboraldi honetako helburuez ibartarrak adierazi du ez diotela xede zehatzik jarri: «Maila berrira egokitu, zer dagoen ikusi, eta tokia bilatzen joatea». Aldi berean, Zubeldiak nabarmendu du profesional mailan ez duela ikusten bere burua irabazteko lehian, «ez behintzat epe motzera begira». Hori bai, «pixka bat aurpegia eman» nahi du, «telebistan agertu», eta «zeresana eman». Horixe egin zuen, hain justu, profesional bezala bere debutean: AlUla Tourreko lehen etapan ihesaldi nagusian izan zen, eta Tarteko Helmugetako maillota eta eguneko Lehiakortasunaren Saria jaso zituen.

Apirilera arte egun bateko probetan ariko da. Bestalde, Donostiako Klasikoa eta Fleche Wallone lasterketak korritu nahi ditu. Euskaltelek 11 urteren ostean hartuko du parte berriz ere, Valoniako lasterketan, eta hor aritzea gustatuko litzaiokeen arren, jakitun da «oso zaila» dela taldeak bera hautatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!