ELKARRIZKETA

«Hainbeste txorakerien ostean, azkenean ofizio bilakatu da»

Jokin Goikoetxea Gazpio. Z.I.

Realaren eta Osasunaren Espainiako Ligako partidetan esatari lanetan aritzen da Jokin Goikoetxea Gazpio ordainpeko Dazn katean, euskaraz. Umorezko kontakizunak egitea du gustuko.

Jokin Goikoetxea Gazpio (Tolosa, 1982) ordainpeko Dazn katean esatari lanetan aritzen da. Joan den denboraldian hasi zen, eta hor jarraitzen du: Realaren partida guztien zuzeneko kontakizuna egiten du eta Osasunarenak, tarteka. Goikoetxeak beti eduki du «txorakeria» hau: ilobarekin eta lagun batzuekin futboleko esatari izango balitz bezala aritzea. «Hainbeste txorakerien ostean, azkenean ofizio bilakatu da».

Urtebete pasatxo hasi zinen Dazn katean. Nola sortu zen aukera?

Dazn kateak buruzagiak Katalunian ditu, Bartzelonan, eta futbol partidak Bartzelonan grabatuko zirenez, hango euskal etxean iragarkia jarri zuten. Lagun bat han ibiltzen da, eta ni han bizitakoa naizenez, galdetu zidan ea interesatzen ote zitzaidan, aurkeztu nintzen eta hortxe nago.

Probaren bat pasatu behar izan zenuen?

Bai, grabazio batzuk bidali behar izan nituen, partida bat ikusten ariko banintz bezala, eta esatari lanak egin behar nituen. Besterik gabe.

Ez duzu kazetaritza ikasi. Nolatan amaitu duzu esatari?

Ez dakit… komunikazioa eta umorea asko gustatu izan zaizkit beti, eta asko kontsumitu dut. Irratsaioen kontua asko gustatzen zait; podcastak, monologoak… eta uste dut hortik datorrela. Iragarkira aurkezteko aholkatu zidanak ere suposatuko zuen gustatuko zitzaidala. Beti eduki dugu txorakeria hau: ilobarekin eta lagun batzuekin futboleko esatari izango banintz bezala aritzea. Hainbeste txorakeria eta azkenean, ofizio bilakatu da.



Euskal Filologia ikasi duzu. Uste duzu kazetaritzaren alorreko zerbait ikastea ezinbestekoa dela esatari izateko?

Uste dut lan honek zerikusi gehiago duela komunikazioarekin kazetaritzarekin baino. Ez da nik ez dudalako egin, baina orokorrean ez naiz oso titulu zalea. Are gehiago, uste dut titulitis gehiegitxo dugula. Beharrezkoa ote den, ezetz esango nuke. Baina seguru Kazetaritza ikasteak gauza onak emango dizkizula, hori seguru. Gidoigintza, adibidez, egina dut, eta hor ikasitako gauza batzuk erabiltzen ditut lanerako.

Besteei begira ere ikasten da, ezta? Ideiak hartzeko balio du?

Garai batean Andres Montes oso zalea nintzen, agian futbolaz ez zekien hainbeste, baina umorea zuen. Niri barregura handia ematen zidan, eta horregatik agian partida txarrak ere ikusten nuen.

Futbolzalea zara?

Bai, futbolzalea izan nintzen, batez ere gaztetan. Kirola beti gustatu izan zait, horren inguruan mugitzen diren gauza asko ez hainbeste, baina bai, gustatzen zait.

Gehien bat Realaren kontakizunak egiten dituzu. Realeko zalea zarelako edo hori egokitu zitzaizulako?

Hasieran bi esatari hartu zituzten. Bat bizkaitarra da eta bestea ni, gipuzkoarra. Aurreko denboraldian hiru euskal talde zeuden: Athletic, Reala eta Osasuna. Orduan, erabaki zuten Athletic bizkaitarrarentzat, Reala gipuzkoarrarentzat eta Osasuna bion artean txandakatuta. Gero, denboraldi honetan gasteiztar bat hartu dute Alaveseko partidak egiteko, eta Osasuna hiruron artean egiten dugu.

Partida baten aurretik zer egiten duzu?

Azkenaldian gehiago inprobisatzen dut. Egia da orain arteko partida guztien prestaketak, orain balio izan didala partida berriak prestatzeko, gauza asko errepikatu egiten baititut. Baina konturatu naiz agian erreferentzia batzuk errepikatzen hasi naizela, eta neure burua ez aspertzeko ere, suposatzen baitut besteak ere aspertuko ditudala, azkenaldian gehiago inprobisatu dut. Bestela, orokorrean egiten dut aurkariak zein diren aztertu, ikasi pixka bat, ikusi nondik datozen… Eta gero lekuak ere zer esaten didan. Adibidez, Realak azken partida Cadizen jokatu zuen, ba lekuak zer esaten didan, txorakeria batzuk pentsatu, Reala zer momentutan dagoen, albisteak begiratu… Bestalde, abestiak eta entzuten ditudanean, hori lehen gehiago egiten nuen, euskal abestiekin esaldi batzuk partidarekin konektatzen ditut. Egunerokoan bururatzen zaizkidan ideiak apuntatzen joaten naiz. Ikusiko bazenu zerrendan zer gauza apuntatzen ditudan partida baino lehen, ez lirateke izango kazetari serio batenak, baina ez naizenez…

Umorera jotzen duzu kontakizunetan. Bestela, datuekin edo estatistikekin itsutzen zara?

Ez, saiatzen naiz oreka lortzen. Nire joera bada umorera asko jotzea, eta bururatzen zaizkidan gauza gehienak hortik doaz. Baina egia da konturatu naizela, agian entzuleen artean badagoela jendea gustatzen zaiona datu teknikoen kontua, eta jokalariak ondo ezagutzea, nondik datozen… Iruditzen zait futbolaz ere badakidala eta agian batzuetan ez dela nabaritzen gehiegi txorakeriak esaten ditudalako. Azkenaldian batez ere saiatzen ari naiz futbola denaz ere gehiago hitz egiten.

 

«Nire joera bada umorera asko jotzea»



X sare sozialean ere –lehen Twitter– partiden aurretik saiatzen zara giroa berotzen, eta entzuleekin interakzioa sortzen. Jendearen feedbacka jasotzen duzu?

Bai, feedbacka polita da orokorrean. Euskaraz izateagatik uste dut jendea nahiko jatorra izaten dela. Beste gauza bat garrantzitsua iruditzen zait: euskaldunak izanda aukera dugu gaztelerara aldatzeko, ez espainolak bezala edo hizkuntza bat bakarrik dakiten espainolak bezala, behintzat. Kritika asko ikusten ditut X-an batez ere espainolez egiten duten esatariei buruzkoak, baina beraiek ez dute aldatzeko aukerarik, eta guk, ordea, bai. Uste dut horregatik, eta euskara izateagatik eta euskaraz entzuteko aukera izateagatik bakarrik, jendea orokorrean jatorragoa izaten dela, eta baten bat aspertuta egon arren, ez duela ezer esaten.

 

«Euskaraz entzuteko aukera izateagatik bakarrik, jendea orokorrean jatorragoa izaten da»



Normalean bakarrik aritzen zara, ezta? Edo binaka? Ba al dago alderik?

Bai, eta orain bi euskal derbi jokatu direla, binaka egiten hasi gara. Esango nuke, boteprontoan, bakarrik egonda nire tonua erabiltzeko aukera dudala, eta nire estiloan aritu naitekeela beste inorengan pentsatu gabe. Beste bat ondoan baldin badut, berriz, saiatzen naiz ikusten bestea nondik joan daitekeen, eta pixka bat bertara joaten ni ere. Esan nahi dut, besteak tonu baxuagoa badu, eta ni goran baldin banago, pixka bat arraro geratzen da. Orduan, hori neurtzen saiatzen naiz. Binaka egitearen abantailak dira feedbacka izatea, lasaiago hartzea, eta elkarren artean txantxetan aritu gaitezkeela.



Bakarrik egitea zaila al da? 90 minutuz hitz egiten egon behar zara…

Egia da, jada, geroz eta gehiago baimentzen diodala neure buruari isilik egotea. Hasieran, saiatzen nintzen dena betetzen, baina batzuetan nire aitak hau esaten dit: «Zergatik hitz egiten duzu hainbeste ikusten ari bagara?». Orduan, gaur egun, gehiago baimentzen diot neure buruari isilik egotea, eta bestela, bakarrik egitearena… Batzuetan luze suertatu daiteke. Niri asko eragiten dit Reala edo Osasuna irabazten edo galtzen joateak. Irabazten badoa askoz errazagoa egiten zait, baina gauzak okertzen direnean, umorera asko jotzen dudanez, konturatzen naiz galtzen baldin badoa, niri ere umorea aldatzen zaidala. Gogoratzen naiz iaz Osasuna eta Getafe 0-2 zihoazela, ordu erdia jokatuta eta bi txartel gorri Osasunari. Ez zegoen ezer egiterik, eta hurrengo ordua luzea izan zen… Ez nekien zer esan: «Osasunak ez du amore ematen», baina hori ordubetez... [barrez]. Bestela, esango nuke, geroz eta partida gehiago egin, gero eta hobeto daramadala: agian ez dut sekulako kontakizuna egin, baina partida ere ez da izan sekulakoa. Hala ere, partida oso txarra denean, saiatzen naiz kolore pixka bat ematen.

Kontakizunetik, zer da gustuko duzuna?

Jendearekiko feedbacka esango nuke, jendeak idatzi egiten dit partidan zehar X sare sozial bidez, eta ikustea jendea hor dagoela, konexio hori. Bestela, momentu batzuetan ere konturatzen naiz, lagunek esaten didatenean: «Umeekin nago ikusten Realaren partida». Ni umea nintzenean, niretzat gertakari handia zen Realaren partida, eta garai haietan guretzat nahiko mitikoak ziren esatariak zeuden, eta orain ni beraien lekuan nago. Oso polita egiten zait jendeak esatea partida amonarekin ikusten duela edo seme-alabekin. Oso askotarikoa da entzulea, eta hori gustatzen zait.

Eta gutxien?

Urduritasuna, tentsioa, eta antsietatea partida baino lehen. Batez ere hasieran edukitzen nuen. Momentu batzuetan pentsatu nuen ea niretzat jasangarria al zen. Partida zetorrenean urduritzen hasten nintzen. Baina hori hobetzen ari naiz, eta eramangarriagoa egiten zait. Orokorrean, gutxien gustuko dudana da partida aurreko urduritasuna, eta neurketa gaizki doanean, luze egiten zaidala.

Nolakoa izaten da gola kantatzeko momentua? Ez da erraza izango…

Bai, eta gola nork sartzen duenaren arabera. Tokatu izan zaizkit Real Madrilen golak Osasunaren aurka, eta batek esan zidan: «Zer da hileta bat ala?». Eta erantzuna da: «Bai, ez dut batere gogorik gol hori kantatzeko». Hasieran lotsa gehiago ematen zidan, eta orain gutxiago. Ateratzen zaidan bezala, momentuaren arabera ez da berdina gola garrantzitsua denean edo jada hirugarrena denean.

Euskal taldeen narrazioak egiten dituzue, eta euskaraz denez, orokorrean entzulea talde euskaldunaren alde egongo da. Kontakizuna ez da partziala izango, ezta?

Bai, hori da. Hala ere, gero konturatzen joan naiz esatarien arabera batek esaten didala «ni nahiko partziala naiz» eta beste batek «ni ez hainbeste», eta ni zale amorratua naiz. Guri hasieran esan ziguten, euskaraz egiten duzuenez, euskal taldeen alde egin, baina niri horrela ateratzen zait. Agian, epaileen erabakiekin saiatzen naiz oso zale amorratua ez izaten, hori ere besteengan ikusten dudanean ez zaidalako asko gustatzen. Alde horretatik, saiatzen naiz partziala izaten, baina gainontzean argi ikusten da nor nahiago irabazle suertatzea.

Kontakizuna Bartzelonako estudiotik egiten duzu. Zelaitik egitea diferentea litzateke?

Pasa den denboraldian eduki nuen puntu erromantiko hori; zer ona litzakeen zelaietara joatea. Udaran, Anoetatik egin nuen denboraldi-aurreko partida bat Realeko Youtube kanalerako. Eta egia da ez nintzela gehiegi sartu partidan, oso urruti nengoen, teknikoak nituen ondoan, zarata handia, itxita zegoen, ez nuen ondo entzuten… Gustatuko litzaidake bertatik bertara egitea bidaiatzeagatik eta zelai desberdinetara joateagatik. Bere alde onak ditu beti estudiora joatea, Bartzelonan bertan. Bidaien kupoa nahikoa betea dut, lehen bolada bat izan bainuen zelaietara joaten nintzela.

Entzule kopurua zenbatekoa den badakizu?

Ez, hasieran ez nuen galdetzen, ez nuelako jakin nahi. Esaten badidate «ez dakit zenbat entzule dituzu», agian kezkatu egingo nintzateke. Nahiago nuen freskura hori mantendu, ezer jakin gabe. Beranduago, esan ziguten audientziaren portzentaje orokorra, eta gutxi gorabehera kalkulu bat egin dezaket. Orokorra 200.000 entzulekoa bada, eta %4a bada euskaraz entzuten duena, kalkulua egitea da. Eta gutxi gorabehera hori dela badakit. Aurrekoan, duela oso gutxi, galdetu nien ea eman ahal zizkiguten audientziaren datuak, gehienbat jakiteko ea goraka edo beheraka doazen. Beheraka baldin badoaz, agian pentsatu dezaket azken denboraldia dela hau, ez dakit. Ikusiko nuke nola goazen; hobera doan ala aldaketaren bat pentsatu beharko litzatekeen, bi pertsonen artean egitea edo. Ulertzen dut nekagarria izan behar duela bakarrik ahots bat entzutea, gainera estiloa hain markatua izanda, aspertu egin zaitezke.

Aurrera begira, denboraldi hau amaituko duzu, eta gero?

Bai, printzipioz bai. Monologoak egiteko gogoa ere badut, hor ari naiz pixka bat lagun batekin batera gauzak idazten, eta hori egiteko asmoa dut Bartzelonan. Datorren denboraldian ez dakit aurrera egingo dugun euskarazko emanaldi hauekin. Ikusiko dugu, urruti ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!