Gauza askotan bat egiten dute Gorka Ugartemendia (2003, Alkiza) eta Martxel Iztueta (2004, Tolosa) pilotariek: 1,90 metro luze dira, atzelariak, Tolosako pilota eskolan aritutakoak, adin bertsukoak, debuta ere bata bestearen atzetik egin zuten… ‹‹Urteak ere egun berean betetzen ditugu, otsailaren 9an››, gehitu du Iztuetak. Binakako Txapelketa jokatzen ari dira, eta bihar elkarren aurka jokatuko dute Oiartzunen, 22.15etatik aurrera. Iztueta Asier Agirrerekin batera jokatzen ari da eta Ugartemendia Iraitz Zubizarretarekin.
Lehenik eta behin, nola dituzu eskuak Martxel?
Nahiko ondo. Joan den asteazkenean pixka bat izorratuta izan nituen, baina gaur [asteartean] entrenatu dugu, eta gustura. Aitzakiarik ez dut, beraz, biharko partidarako.
Azken astean partida batetik bestera bizpahiru eguneko atsedena besterik ez duzue izan. Nola daramazue?
Martxel Iztueta Nik nahiko ondo. Egia da udaran partidak segidan jokatzen ditugula, eta txapelketa hauek desberdinak direla, baina horretarako prestatuta gaude. Hasiera batean, arazorik ez.
Gorka Ugartemendia. Askotan nahiago izaten dugu astebeteko tartea uztea atseden hartzeko, baina eskuak-eta zaintzen badituzu eta ondo badituzu, nik ez dut arazorik ikusten.
Orain dela bi aste pasatxo hasi zenuten Binakako Txapelketa. Zerekin geratuko zinatekete gustura?
Ugartemendia: Hamalau asteko txapelketa luzea dela ikusita, txapelketan, behintzat, maila ona ematea nahiko nuke, eta gero, maila ona ematen badut, ailegatuko dira gauzak.
Iztueta: Nik ere gauza bera esango nuke. Partidaz partida ea puntuak ateratzen ditugun, eta finalerdietara sartuz gero… ilusioa egingo lidake; baina inongo presiorik gabe.
Bihar Oiartzunen jokatuko duzue. Ondo ezagutzen duzue elkar.
Ugartemendia: Bai, lehen ere, profesional egin aurretik, txapelketa dezentetan, finaletan kontra jokatu dugu. Entrenatzen ere dezente aritu gara, eta batak badaki besteak zer egingo duen. Ea zer moduz jokatzen dugun.
Iztueta: Bai, hori da, nahiko ondo ezagutzen dugu elkar. Afizionatuetan azkeneko urtean dezente jokatu genuen kontra, finalen bat edo beste ere bai. Profesionaletan ere dezente jokatu dugu, baina oraindik ez diot irabazi.
Beraz, profesionaletan, oraingoz, badakigu nork irabazten duen. Baina, afizionatuetan?
Ugartemendia: Gogoan dut hiru partida edo jokatu genituela, eta nik bi irabazi nituela eta berak bat. Zerbait ahaztuko zait igual baina…
Aurrelaria zein zen ere garrantzitsua izango da…
Ugartemendia: Horrek ere laguntzen zuen bai [barrez].
Martxel, bihar aukera aparta izango duzu behingoz Gorka azpiratzeko. Nola jokatu beharko duzue?
Beraiek bikote orekatua osatzen dute. Gorkak pilotari eman egiten dio, eta Iraitz orain oso ondo dago, tantoak amaitzen ditu. Hala ere, uste dut guk ere bikote ona egiten dugula. Asier aldarte onean dago, asko jokatzen ari da, bai defentsan, bai erasoan; eta nik laguntzen badiot, uste dut irabazteko aukerak baditugula.
Eta zuek Gorka?
Ikusi da hiru partidetatik hiru irabazi dituztela eta oso indartsu daudela biak, maila handia ematen ari dira. Nik atzean ahal dudana ematen saiatu behar dut, eta gero, Iraitz aldarte onean dago, aurrean pilota asko nahasten du, eta bukatzen artista da. Ea gure lana ondo egiten dugun eta puntu bat lortzen dugun.
Aurrelari finak tokatu zaizkizue. Agirrek bi aldiz eraman du txapela Binakakoan, eta Zubizarretak aurten Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi du.
Ugartemendia: Bai, debutatu berria izanda, txapelketa aurretik espero nuen Iraitz edo Asier bikote jartzea. Iraitz oso joko onean dago, eta oso gustura nago berarekin.
Iztueta: Ni ere ikaragarri gustura ari naiz. Egia esan ez nuen espero berriro ere Asierrekin jartzea, ez baita ohikoa bi urte segidan bikote berdinarekin jokatzea. Uste dut udatik gora egin duela bere jokoan, profesionalekin aritu zen Lau eta Erdikoan eta ikusi zen aurpegia eman zuela.
Biok zaudete sailkapeneko gorengo koskan. Ligaxkako lehen postua dago jokoan.
Iztueta: Bai, lehenengo bi postuetan egotea garrantzitsua da, batez ere txapelketa bukatzen denean, baina orokorrean astebururo hor aurrean egonez gero, hobe. Irabaziz gero saria horixe da: aurrenak egotea.
Ugartemendia: Jakinda aurreneko biak zuzenean pasatzen direla finalerdietara, orain puntuak lortzen hasi gara, baina puntuak lortzen segitu behar dugu, eta iruditzen zait irabazita salto handia emango genukeela.
Oso gazte egin duzue salto profesionaletara. Martxel zuk iazko azaroan, eta Gorka zuk joan den apirilean. Orain gero eta ohikoagoa da pilotari gazteak profesionaletan aritzea. Kezkatzen zaituzte horrek?
Ugartemendia: Azkenaldiko denbora luze batean pilotari oso gazteak ateratzen ari dira. Hori niretzat seinale ona da; jada hor goran maila emateko gai ikusten gaituztelako. Gauza ona dela esango nuke.
Iztueta: Bai, Gorkak esan du agian gaur egun pilotariek gazte debutatzen dutela, baina ez zait iruditzen. Debuta egin duten azken pilotariak nahiko helduak ziren, 23-22 urte zituzten. Senar, Mata, Exposito… Baina ez da kezkatzen gaituen zerbait. Gorkak esan duen bezala, aukera eman badigute honexegatik da: ikusten dute gai garela maila emateko.
Tolosaldean punta-puntako lau aurrelarik egin zuten salto profesionaletara, eta orain, Tolosarekin eta Elizegirekin batera, lau atzelari zaudete.
Ugartemendia: Bai, ikusten da aurrelari mordoa daudela gu baino helduxeagoak, eta maila handia ematen ari direla. Azkenaldian atzelari batzuk igo gara. Ea horrela segitzen dugun eta besteren bat igotzen den.
Iztueta: Hau pixka bat boladaka doa. Artola, Jaka, Altuna… horiek denak igo ziren, eta orain atzelari batzuk igo gara: Elizegi, Gorka eta ni. Seguru nago gehiago ere igoko direla. Gabirondo, Segurola eta beste batzuk gehiago ere badaude ondo aritzen direnak.
Pilotan aurkariekin batera egoten zarete aldagelan, beste kirol askotan ez da ohikoa.
Iztueta: Bai, ez da ohikoa, baina azkenean kontuan hartu behar da gure kirolean astean zehar asteburuan jokatuko dugun horiekin entrenatzen dugula. Badugu harremana. Ez zaigu hain arraroa egiten, beste kiroletan ez dago hartu-emanik kontrarioekin eta agian horregatik izan daiteke.
Ugartemendia: Guk txiki-txikitatik kontrarioekin aldagelan aldatu, eta gero partida jokatzen dugu, eta ez zaigu batere arraroa egiten. Denon artean harreman oso ona dugu eta gustura egoten gara.
Zertaz hitz egiten da partidaren aurretik?
Ugartemendia: Partidari buruz asko ez da hitz egiten, gehiago kanpoko gauzei buruz; aurreko egunetan zer egin duzun, parrandako gauzak eta horrelakoak.
Iztueta: Hori da, partidaz asko ez, beste edozertaz.
Biharko partidarako bota emaitzaren bat. Zuen alde egingo duzue baina…
Iztueta: Emaitza bat botatzea zaila da… Nik espero dut guk irabaztea. 22-20? Ez dakit. Zuk zer esaten duzu?
Ugartemendia: Egia esan emaitzak berdin dit [barrez], baina ea puntua etxera eramateko aukera dugun.