ELKARRIZKETA

«Betidanik gustatu zaizkit gimnasioa eta arropa, eta esan nuen: 'Agian hau da aukera'»

Ekain Agote Ovrall kirol arropa markaren sortzailea. ZURIÑE IGLESIAS SARASOLA

Negozioen munduan «zaila da arriskatzea», baina Ekain Agote zizurkildarrak bere pasioari jarraitu eta Ovrall marka sortu du. Gimnasioko arropa eta osagarriak saltzen ditu.

Kirolari lotua egon da beti Ekain Agote (1999, Zizurkil): igeriketa, futbola, txirrindularitza, eta azken urteetan gimnasioa. Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradua ikasi zuen, eta praktikak-eta bukatu zituenean, ez zuen aurkitzen gustuko zuen zerbait. Orduan, arriskatzea erabaki zuen, eta Ovrall arropa marka sortu zuen. Zizurkildarraren helburua da kulturistek bere arropa marka janztea, baina beste edonork ere jantz dezake. Bera arduratzen da negoziaz bere osotasunean.

Zer esanahi du Ovrallek?

Ovrall da kulturismoko txapelketetan txirrindularitzan sailkapen orokorra balitz bezala. Zuk etapak irabazten dituzu, eta gero dago sailkapen orokorra. Kulturismoan daude txapelketak, eta gero dago pertsona bat irabazten duena Over All-a —sailkapen orokorra balitz bezala—. Lehiaketa horretako mailarik gorena irabaztea da. Izena lotuta dago onena izatearekin edo saiatzearekin.



Joan den uztailean sortu zenuen marka. Zer asmorekin?

Galdera horri erantzuteko atzera egingo dut. Txirrindularitzan ibili nintzen, eta betidanik gustatu izan zait gauzak erostea eta saltzea. Hornitzaile batekin hartu-emana izan nuen: bizikletako kaskoak erosi eta saldu egiten nituen. Hor jabetu nintzen negozioen mundua gustatzen zitzaidala. Orduan, Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradua ikasi nuen, praktikak egin nituen, eta CAFen urtebetez lanean aritu nintzen. Hori bukatu zenean, curriculuma botatzen hasi nintzen. Baina ikusten nuen ez zegoela ezer benetan gustatzen zitzaidana. Nahi nuena zegoen oso urruti edo bost urteko esperientzia eskatzen zizuten. Pentsatzen hasi nintzen zer egin. Betidanik gustatu zaizkit gimnasioa eta arropa, eta esan nuen: «Agian hau da aukera». Zaila da arriskatzea, baina martxoan hasi nintzen proiektua garatzen, eta uztailean markaren izena sortu eta patentatu egin nuen.

Txikitatik kirolaria izan zara, eta orain gimnasioan zabiltza. Horrekin zerikusia zuen zerbait sortu nahi zenuen?

Bai, nire helburua da gimnasioko jende garrantzitsuak nire marka janztea, lehiaketetan ikustea… Marka bat izatea onena izan nahi duenarentzat, izenak dioen bezala, egunetik egunera hobetu nahi duenarentzat.



Atletez gain, gimnasiora joaten den beste edonorentzat ere bada, ezta?

Bai, eta ez bakarrik gimnasiora joaten den jendearentzat, beste edonorentzat ere bai. Arropa da, eta oinez edo mendira joaten direnentzat ere bada. Neskek, adibidez, erosi dizkidate mailak mendira joateko. Berez, marka gimnasiora joaten den jendearentzat bideratuta dago, baina ez du zertan bakarrik gimnasiora joaten den jendeak erosi behar.

Aipatu duzu martxoan hasi zinela buruari bueltak ematen. Nolakoa izan da marka abian jartzeko prozesua?

Martxoan hasi nintzen pixka bat pentsatzen zer izen jarriko nion markari. Izen batzuekin zerrenda bat egin nuen, eta azkenean, izena betirako den zerbait denez, ez nuen edozein izen aukeratu nahi. Gogoratzen naiz igande batean entrenatzen ari nintzela, eta bikotekideak esan zidala: «Ovrall?» Hori berez, 'e' letrarekin da —Over all—, eta pentsatu nuen ondo zegoela. Izena erabaki bezain pronto, patentatu egin nuen, baita logoa ere. Gero arropen diseinua egiten hasi nintzen, eta hornitzaileak bilatzen. Hori izan zen zailena, marka kalitatezkoa izatea nahi nuelako. Nire ustez, bezeroak etorriko zaizkizu ematen duzun kalitatearengatik, ez merkea izateagatik. Hornitzaileak bilatzen hasi nintzen: batzuk bai, beste batzuk ez, eta azkenerako ekaina hasieran lagin batzuk eskatu nituen nire diseinuarekin. Probatu nituen, garbigailuan sartu, entrenatu... eta ikusi nuen kalitatea ona zela, jendeari ere galdetu nion, eta esan zidaten ondo zegoela. Orduan hornitzailearekin hitz egin nuen, eta uztailean jada eskaera handia egin nuen, abuztu amaieran iritsi zen, eta iraila hasieran atera nituen lehenengo produktuak.

Markaren lema 'Update The Standar' da. Zer dela eta?

Kulturismoko txapelketetan edo bizitzan ere, guk estandar batzuk jarraitzen ditugu, eta horien barruan sartuta gaude eta horiek dira jarraitu behar ditugunak. Update The Standar izango litzateke: ez izan besteak bezala, hobetu. Honek hau egiten badu, zuk ez egin berdina, hobetu. Kulturismoko txapelketetan kategoria desberdinak daude, eta kategoria bakoitzean estandar bat eskatzen da. Orduan, Update the Standar delakoak hau esan nahi du: estandar horietan lehiatzen bazara, izan zaitez ona, estandar hori eguneratzeko beste.

Hasieran diseinu bat bakarrik aterako zenuen.

Bai, hori da. Hasieran beltz kolorea bakarrik atera nuen: Black series. Beltza denok eramaten dugun kolorea da, oso basikoa da; ez da arrosa edo berdea bezalakoa, kolore zailagoak direla. Izan ere, hasieran ezin nuen jakin zenbat salduko nuen edo zer harrera izango zuen markak. Horregatik aukeratu nuen beltza. Orain hurrengo eskaintza atera dugu: zuria, gorria eta beltza. Eta nesketan, udazken kolorekoak atera ditut. Etorkizunean ideia da kolore eta arropa gehiago ateratzea.

Euskal Herrian ba al dago antzekorik?

Euskal Herrian aurreneko marka gara nesken eta mutilen gimnasiorako arropa eta osagarriak saltzen. Horrek ilusioa egiten dit, ez dagoelako beste markarik, eta Euskal Herrian horrelako marka bat izatea, gainera gimnasioa modan dagoela, gero eta jende gehiagok praktikatzen duela… Uste dut etorkizunean oraindik ere hobeto joango dela, eta hori abantaila bat da.

 

«Euskal Herrian aurreneko marka gara nesken eta mutilen gimnasiorako arropa eta osagarriak saltzen»



Bakarrik zaude ala laguntzaren bat izan duzu?

Oraintxe ni bakarrik nago, den-dena nik egiten dut. Bikotekideak laguntzen dit gehienbat ogasuneko kontuekin eta, baina beste guztia nik egiten dut: web orria preparatu, eskariak egin, prezioak, diseinuak… Hori bai, beti eskatzen dut jende gehiagoren iritzia, baina egin, nik egiten dut dena. Bere alde ona eta txarra du. Txarra du 24 orduz lanean zaudela, baina alde ona du, hasieran, behintzat, marka zuk nahi duzun lekura eramaten duzula.

Egunero zenbat orduz aritzen zara?

08:00etan hasten naiz lanean, 14:00ak arte, bazkaldu eta entrenatzera joaten naiz, 15:00etatik 18:00etara. Eta gero beste bi orduz aritzen naiz. Hori da eserita lanean egoten naizen denbora. Gero, gaueko 22:00etan baten batek idazten badizu, edo hornitzaileak idazten badizu 06:00etan, edo edozein arazo duzula ere, beti hor egon behar duzu. Burua 24 orduz dago funtzionatzen, ideiak beti etortzen zaizkizu eta apuntatu egin behar dituzu. Agian igande batean argazkiak edo bideoak grabatzera joan behar duzu, ideia bat etortzen zaizu, eta nahiz eta igandea izan, horrekin jarri behar duzu. Alde horretatik, ezin duzu lasai egon, baina espero dut etorkizun batean horren ordaina jasotzea.



Aurrera egin ahala, norbait gehiago edukiko duzu alboan?

Bai, bideoak editatzea kostatzen zait gehien. Inork ez dit erakutsi ez webgunea editatzen, ez ezer, baina zailena iruditzen zait bideoak editatzea. Niretzat garrantzitsuena da edukien eta bideoen inguruan dakien pertsona bat izatea, jendeak ikusiko duena hori delako. Argazkiak oso ondo daude, baina nire ustez bideo batek gehiago transmititzen du. Orain, adibidez, Black Friday-en ez dugu bideorik egin, ez genuelako edukirik, eta dena argazkiekin egin dugu, baina uste dut bideo batek gehiago transmititzen duela.

Instagram bidez eman duzu zure produktua ezagutzera, ezta?

Bai, Instagram kontua sortu nuen, eta ez nion inori ezer esan. Egun batean esan nuen: «Gaur aterako dut». Instagramen kontua sortu nuen, kontua publiko egin nuen, eta hortik aurrera pixkanaka-pixkanaka jendea marka ezagutzen joan da. Egia da ere ahoz ahokoak asko egiten duela.

Ia 500 jarraitzaile dituzu. Denbora gutxian asko da, ezta?

Bai, denbora gutxian jendeak marka oso ondo hartu du. Egia da hasieran asko kostatzen dela; hasierako egunak oso gogorrak izan ziren. Gogoratzen naiz ordenagailuaren aurrean jarri, eta ez nekiela zer egin, ez zegoelako ez argazkirik, ez edukirik, ez ezer. Orduan horri buelta ematea zaila izan da, baina behin pilota bueltak ematen hasten denean, geroz eta errazagoa da, nahiz eta zailtasunak ere eduki. Geroz eta jarraitzaile gehiago ditugu, baina, aldi berean, horrek ez du ezer esan nahi. Jarraitzaile asko izateak ez du esan nahi asko salduko duzunik edo alderantziz, garrantzitsuena da zer fidelizazio duzun bezeroekiko. Baina, oraingoz, bide onetik doa.

Eskariak nondik egiten dizkizute?

Hasieran gehienbat izan zen hemen inguruko jendea, lagunak eta abar. Pixkanaka Espainiatik hasi dira eskatzen; Madril, Bartzelona… Granadatik ere eskariren bat sartu da. Espainia mailan hedatzen joan da, eta horrek ilusioa egiten du. Azkenean eskari bat jasotzea, eta izena ez ezagutzea, horrek ere ilusioa egiten du. Jendeak erosten badizu, esan nahi du zerbait ikusi duela markan, eta ez duela erosi erosteagatik.

Kulturistengana heldu nahi duzu. Jaso al duzu haien eskaririk?

Okerrena da orain oso maila handian dauden kulturistak jada marka batekin daudela edo beraiek jada sortu dutela haiena. Orduan, orain ari gara aztertzen potentzial handia duen jende gaztea. Adibidez, orain sei atleta ditugu, eta horiek uste dut etorkizunerako potentzial handia dutela. Niri AEBetakoak gustatzen zaizkit, baina uste dut oso zaila dela haiengana iristea.

Nolakoa izan da bezeroekin eduki duzun hartu-emana?

Jendea oso-oso gustura dago kalitatearekin. Hasieratik nire obsesioa kalitatea izan da. Prezioetan ezin dugu lehiatu, ezinezkoa baita, eta bai, badaude markak kamisetak 12 euroan saltzen dituztenak, baina gero garbigailuan sartzen dituzu eta txikitu edo marguldu egiten dira. Ni horiekin ez dut lehiatu nahi. Nire ustez, bezeroa geratuko zaizu ematen duzun kalitateagatik.

 

«Hasieratik nire obsesioa kalitatea izan da. Prezioetan ezin dugu lehiatu, ezinezkoa baita»



Orain ez duzu denda fisikorik, aurrerago horrelakoren bat izatea da asmoa?

Bai, nire ideia denda fisiko bat irekitzea da. Adibidez, MyProtein markako arropa erosi nahi baduzu, ezin duzu ukitu. Denda fisiko bat izatea Euskal Herrian, non neskentzat eta mutilentzat gimnasiorako arropa eta osagarriak saltzen dituen, eta jendea hara joan eta arropa ukitu eta ikusi egiten duen, Euskal Herrian ez dago, eta Espainian ere oso gutxi. Horrelako bat irekitzea oso ideia ona litzateke, baina diru asko da, alokairua… oraingoz oso zaila da.

Kulturismoa arrotza egiten zaion jendeari. Zer da kulturismoa?

Kulturismoa da zuk zure gorputza pintzeladaz hobetzea. Zu gimnasiora joaten zara hobetzera, eta egunetik egunera pisu gehiago altxatzera. Adibidez, atletismoan ibiltzen bazara, zure helburua izango da 100 metro azkarrago egitea, ba kulturismoaren helburua izango da egunetik egunera hobetzea, gehiago altxatzea, gorputz politagoa izatea, handiagoa… Jendeak aurreiritzi asko ditu, aurreko hamarkadetan gaizki ikusi izan delako. Niri kulturismoak diziplina eman dit, eta burua bere lekuan jarri dit. Egunero-egunero jarraitutasuna izatea… hori beste kiroletan ez dut ikasi. Egia da beti dagoela harroputzen bat gimnasioan, baina oro har, jende oso-oso ona dago. Nire lagun onenetarikoak gimnasiokoak dira, eta ez zaio beldurra izan behar kirolari. Gainera, ikusi da jende helduarentzat, hezurretan arazoak dituzten pertsonentzat, ez kulturista izatea, baina gimnasiora joatea ona dela, giharrak lantzea oso garrantzitsua dela, baita kirolari askorentzat ere.



Beldurra aipatu duzula, mutiletan baino gehiago, nesketan ohikoa izaten da beldurra izatea gihartsu jartzeko, gimnasiora joaterako garaian.

Bai. Baina hori gezurra da, eta baita nesken kasuan ere. Neskek esaten dute «nik hori egiten badut mutil bat bezala jarriko naiz», eta ez da horrela. Neskek askoz zailagoa dute horrela jartzea. Mutilei jada asko kostatzen zaie horrela jartzea, ba imajinatu neskei. Uste dut aurreiritzi horiek gauza honengatik datozela: adibidez, zuk ikusten baduzu pertsona bat mendira joaten dela, fisikoki ez zaio igartzen, baina gimnasiora joaten den bat, ikusten duzu handia dagoela, eta hor bisualki aldaketa bat ikusten da. Eta aurreneko inpresioa pertsona horiekiko txarra da, bai mutiletan, bai nesketan. Nesketan askotan esaten da «mutil bat bezala jarriko naiz», eta mutil bat bezala jartzen diren neskak, beste gauza batengatik da, ez da gimnasiora joaten direlako. Are gehiago, gimnasiora joaten diren neskak, nik ezagutzen ditudan ia gehienak, denak ez esatearren, ez daude horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!