ELKARRIZKETA

«Jendeari eskaini nahi diogu bere paisaia, bere txikitako tokia»

Izaskun eta Eneritz Egilegor Ez da bide txarra markaren sortzaileak. Z. IGLESIAS

Duela urtebete sortu zuten Izaskun eta Eneritz Egilegor ahizpek Ez da bide txarra; mendiak ardatz hartuta kamisetak, jertseak eta oihalezko poltsak egiten dituzte.

Iazko irailean ekin zioten bideari Izaskun Egilegor (1996, Tolosa) eta Eneritz Egilegor (1999, Tolosa) ahizpek, Ez da bide txarra arropa marka sortuta. Lehenaren denbora eta bigarrenaren gogoa batuta hasi ziren lanean. Mendiak serigrafiatzen dituzte kamiseta, jertse eta zorroetan, eta bezeroak nahierara erabakitzen du kamiseta zer modutara nahi duen. Udan zehar azoketan egon dira. Izaskun historialaria eta hezitzailea da, eta Eneritzek Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasi zuen eta marketing digitalean aditua da.

Kasik urtebete pasatu da Ez da bide txarra argitara eraman zenutenetik. Bidea ez zen txarra izango, ezta?

Izaskun Egilegor: Data estrategiko bat bilatzen saiatu ginen hau plazaratzeko. Hasieran ondo, kontuan hartuta Gabonen atarian geundela. Azkenean, jende askok oparietako-eta erosi zuen, eta markak harrera ona izan zuen. Gabonen ondoren egia da pixka bat beheraka joan zela. Jendea ere beste gauza batzuetara dago; gainera negua zen, eta guk hasieran mahuka motzeko kamisetak bakarrik atera genituen. Hori kontuan hartuta, beheraka egin genuen, baina gero egia da azokekin marka zabaldu egin dela, eta urtebetean atzera eginda, oso gustura gaude.



Noiz hasi zineten pentsatzen proiektuan?

Izaskun Egilegor: Eneritz beti erakarri du modaren munduak; zerbait sortzeko gogoa genuen, eta momentua aproposa izan zen: berak gogoa zuen eta nik denbora. Bat egin eta ideiak botatzen hasi ginen. Inguruan daukagun zerbait da, mendizaletasuna txikitatik gure familian sustatu den kontua da, ez bakarrik mendizaletasuna kirolarekin lotuta, baita kultura eta ondarearekin lotuta ere. Hortaz, pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela gure proiektua mendiarekin lotzea. Nik denbora nuen, eta amaren laguntza ere izan dugu. Gauza asko diseinu grafikoarekin daude lotuta, edo ia dena, eta nire ama gaian aditua da. Honela, berak lagundu digu pixkanaka gauzak lotzen, eta gauden tokira iristen.

 

Izaskun Egilegor: «Mendizaletasuna txikitatik gure familian sustatu den gauza bat da, kultura eta ondarearekin lotuta ere»



Eneritz: Iazko azaroan izan zen, duela urtebete, zehazki. Egun batetik bestera ez zen izan, baina nahiko azkar joan zen kontua. Aldez aurretik bagenuen ideia buruan, baina ateratzeko erabakia momentu batetik bestera hartu genuen.

Ez da bide txarra da markaren izena. Nola bururatu zitzaizuen? Buelta asko eman zenizkioten?

Izaskun: Asko pentsatu gabe atera zen. Azkenean, mendian pentsatu, eta denoi etortzen zaigun lehenengo abestia Ikusi Mendizaleak da. Abestia aztertuta, iruditu zitzaigun oso esaldi egokia zela, ez bakarrik abestiagatik baita egunerokotasunean sortzen diren gorabeherengatik ere. Iruditzen zaigu lelo garrantzitsu bat izan daitekeela.

Nolakoa da kamiseta bat osatzeko prozesua?

Izaskun: Guk, lehenik eta behin, jendeari kamiseta pertsonalizatzeko aukera eskaintzen diogu. Eskaria egiten duenak erabakitzen du zer mendi edo paisaia nahi duen, eta horren ondoren, diseinua egiten hasiko gara. Aukera dago pertsonak berak profilaren, irudiaren edo ikuspegiaren argazkia bidaltzeko, eta guk diseinua bertatik ateratzea; edo bestela, guk dauzkagun argazkietatik guk geuk sortu dezakegu diseinua.



Behin diseinua aterata, mendi oso ezaguna bada, eta profil oso argia badauka, badakigu zer irudi nahiko duten; adibidez, Txindokiren kasuan oso argi dago jendeak zer profil nahiko duen. Baina ezaguna ez den mendi bat bada, beti bezeroarekin konfirmatuko dugu, bere gustua baieztatuko dugu nolabait. Ondoren, hori fotolito batera pasako dugu, eta fotolito horrekin etorriko gara laborategira. Marko edo mahai modukoak erabiltzen ditugu, eta mahaia prestatu egin behar da: pelikula bat sortzeko produktu bat eman behar zaio, eta behin hori emanda, diseinuaren fotolitoa erre egingo da, argia emango diogu, eta figura erre egingo da. Azkenik, berriro ere gardena geratuko da.

Behin mahaia prest dagoenean, kamiseta egiteko prozesua hasiko dugu: kolorea ematea eta serigrafiatzea. Gero, lehortu egin behar da, eta plantxatik pasako dugu. Biltze prozesua ere guk egiten dugu. Azkenean, kamiseta egitea da, baina aurretik eta gero ere lana badago.

Eskuz egiten duzue dena? Material berezia erabiltzen duzue kamisetetarako?

Eneritz: Bai, kotoi organikoa eta beganoa erabiltzen saiatzen gara. Hori, azken batean, bezeroak eskatzen duena da; zerbait berezia izatea. Eta diseinuarekin eta produktuaren kalitatearekin hori eskaintzen saiatzen gara.

Bezeroari ere kamiseta pertsonalizatzeko aukera ematen diozue. Ez da oso ohikoa izaten dena aukeran ematea, ezta?

Izaskun: Bezeroari eskaini nahi genion berak nahi zuena; hau da, bere paisaia, bere txikitako tokia, bere familiak edo bere amonak baserritik ikusten duena. Finean, mendiarekin eta espazio pertsonalarekin lotura izatea. Eta, azkenean, hori eskaintzeko modu bakarra zen dena eskura jartzea. Horrez gain, ikusten genuen bakoitzak bere gustuak dituela, eta zerbait estandarra edo zerbait itxia eskaintzen baldin bagenuen…

Eneritz: Mugatu egingo gintuen…

Kamisetez gain, jertseak eta tote zorroak ere atera dituzue. Esaterako, Martxoaren 8an zorro berezia atera zenuten. Ideia horiek nola sortu dira?

Izaskun: Ikusi dugu gauza pertsonalizatuak ateratzea oso ondo dagoela, eta jendeari gustatzen zaiola. Baina gero badagoela beste jende mota bat gauza zehatzak nahi dituena; hauei gure gaiak eta balioak gustatuko zaizkie baina gauzak zehaztuta nahi dituzte. Orduan, tote zorroak erakargarriak izan zitezkeela ikusi genuen, hau da, diseinu estandar batekin. Izan ere, errazak dira erabiltzeko orduan.

Gero, egun bereziena ere badago, guretzat garrantzia duten egun batzuk badaude; honela, iruditzen zaigu Ez da bide txarra leloaren barruan horiek erraz koka daitezkeela. Mendizaletasunarekin zerikusirik ez dute, baina gu hiru emakume izanik, eta balore guzti horiek bultzatzeko helburuarekin, egun horiek oroitzea ere garrantzitsua dela uste dugu.

Udan ere eskaintza berria atera zenuten: Gazia kresala kosta.

Izaskun: Mendia gustatzen zitzaion jendearengan bakarrik ari ginen pentsatzen, eta gure helburua mendiak eskaintzeaz gain, paisaiak ere eskaintzea da. Mendietan jarri genuen arreta, baina ez ginen konturatu euskal jendea kostakoa ere badela, eta horientzat kostaldea eta portua oso garrantzitsuak direla. Guretzat agian garrantzitsua da mendiko borda, baina kostaldekoentzat, esaterako, euren herriko portuak izango du garrantzia. Hori eskaini nahian, eta ondarearekin lotuta, historikoki portuetan lan egin duten emakume guzti horiek erreferente hartu genituen. Kostaldeko toki horiek egitea pentsatu genuen: portuak, kostalde inguruan dauden harri handiak, irlak… Pentsatu genuen jende askorentzat hori zela bere paisaia, eta horregatik heldu genion gaiari.

Urtaroekin ere jokatu duzue. Uda pasatu da, eta udazkenean gaude. Zerbait berezia egitea pentsatu duzue?

Eneritz: Jertse berriak, kolore berriak eta logo berria. Eboluzionatu nahian, logoari beste buelta bat eman diogu, eta berri bat egin dugu. EDBT.



Instagrametik saltzen duzue produktua. Zein arduratzen da horretaz? Plangintza zehatz bat jarraitzen duzue?

Eneritz: Izaskun arduratzen da horretaz.

Izaskun: Saiatzen gara Eneritz eta bion artean eramaten. Egutegi bat sortzen saiatzen gara, baina azkenean ez gara adituak horretan. Hala ere, egia da kanpotik laguntza dugula; izan lagunak, izan familia. Produktu zehatzak konpartitzeko proposamenak luzatzen dizkigute, edota modu jakin batera zabaltzeko esaten digute. Adibidez, haien laguntza izan genuen Gazia kresala kostako bideoa sortzeko. Gero, saiatzen gara denbora guztian Instagramen dauden joerak ikusten, eta hortik ideiak hartzen. Profesionaltasuna ematen ahalegintzen gara, baina azkenean ez gara Instagram mundukoak, eta ez dugu gaia gehiegi kontrolatzen.

Nola banatzen duzue lana?

Eneritz: Amak egiten du diseinuaren prozesua, nahiz eta denon artean adosten dugun dena. Baina berak diseinatzen du, eta gero eskulanetan hirurak ibiltzen gara. Hiruron beharra badugu, azkenean lana badagoelako.

 

Eneritz Egilegor: «Hiruron beharra dugu, azkenean lana dagoelako eta bakarrik ezin dugulako»



Izaskun: Eta gero, bezeroekin harremana izatea, e-mailak erantzutea eta hori dena, niregain hartzen dut, gustatzen zaidalako. Baina, oro har, talde lanean aritzen gara.

Zein izan da urrutien bidali duzuen eskaria?

Izaskun: Bizkaia aldera, Mallabia aldera bidali genuen bat. Askotan azoken arabera doa. Azokaren bat Bizkai aldean badugu, badakigu hurrengo bi asteetan eskari gehienak bertatik etorriko zaizkigula. Izan ere, azoketan gehien bat daukagun stock gutxia erakusten dugu, eta gero, bertan, eskariak hartzen ditugu. Eskari orri bat dugu gure kamiseta koloreekin, pinturan koloreekin, mendiekin… bakoitzak aukeratu dezan bere kamiseta nolakoa nahi duen. Orduan, askotan, azokan produktua saldu baino, erakusketa moduko bat prestatzen dugu, eta jendeak eskariak egiten dizkigu, gero guk haiei eskatu dutena bidaltzeko.

Azokaz azoka joaten zarete, ez duzue denda fisikorik. Nolakoa da jendearen harrera?

Eneritz: Jendeari asko gustatzen zaio. Ideia polita iruditzen zaie; gurea, bertakoa…

Izaskun: Jendeak ikusten du gauza oso normala eta ohikoa dela; azkenean, mendi bat da kamiseta batean. Gero, kamiseta nahierara moldatu dezakezunez, nahi duzun kolorearekin... jendeari, egia esan, asko-asko gustatzen zaio, eta harrera oso ona du. Jendeak interesa duela erakusten du, agian ez dizu eskaririk egingo, baina beti prest dago entzuteko, eta nahiz eta eskaria bertan ez egin, eskarien orria etxera eramango du. Azkenean, guretzat pertsona bat gerturatzea, eta gainera, eskari orriarekin martxa egitea, eskertzekoa da.

Jendeak aurrez ezagutzen zaituzte?

Eneritz: Batzuk ezagutzen gaituzte. Beste hedabideetan azaldu garelako agian. Hainbatek guri buruzko zerbait entzun edo irakurri izan dute.



Izaskun: Eta eskertzekoa da. Izan ere, ordu luzez zaude azokan, eta jendea etortzea eta esatea, «zuen berri irakurri genuen edo entzun genuen» edo «kuadrillako batek zuen kamiseta du», polita da.

Oraingoz ez duzue denda fisikorik. Etorkizunean, bat irekitzeko asmorik duzue?

Izaskun: Gure planen barruan sartzen da denda bat izatea, baina gauzak diren bezala; autonomo hasiberrientzat aukerak nahiko mugatuak dira. Kontua ez da ez dugula laguntzarik, baina azkenean momentu honetan ezin dugu lokal bat ordaindu.

Honetaz gain, zuek zuen lana duzue. Hau aparteko beste gauza bat da.

Izaskun: Bai, azkenean lana ere bada: gu lanetik 17.00etan ateratzen gara, eta 17.30ean hemen gaude. Hala ere, iruditzen zait familia gehiago elkartzeko aukera izan dela. Azokekin-eta, aitarekin ere egoten gara, bestela agian ez ginateke hainbeste egongo. Familian elkartzeko eta denbora pasatzeko aukera eman digu. Egunerokotasunean elkarri esaten ez dizkiogun gauzak esaten ditugu gure proiektuaren bueltan.

Gustatuko litzaizueke etorkizunean zuen ogibidea izatea?

Eneritz: Ogibidea ez dakik, baina beste lan batekin uztartzea bai. Orain ere bi lanetan nago, baina Ez da bide txarrari garrantzia gehiago eman nahiko nioke.

Izaskun: Nik ogibide bezala ez dut ikusten, nik neure burua beste toki batean ikusten dudalako. Baina egia da honek aukera bat eman didala. Nik ondarearen inguruan egiten dut lan, eta azkenean, hau niretzat ondarea ere bada. Ez ditugu kamisetak bakarrik egiten, bakoitzari esperientzia bat eskaintzen diogu. Eta niri ilusio horrek bultzatzen nau.

Urtebete barru, nola ikusi nahiko zenukete Ez da bide txarra?

Eneritz: Nik espero dut marka pixka bat zabalduago egotea, alegia, jende gehiagok ezagutzea. Izaskunek aurreko batean esan zuen bezala, ematen du besteak zoriontsu egiten ditugula. Ez dakit dirua irabaziko dugun, baina jendea zoriontsu egiten dugu, jendeak eskatzen duena egiten dugu. Eta hori polita da.

Izaskun: Nik nahiko nuke marka zabalduta egotea. Horrez gain, jendea gure produktuekin kalean ikusten dugunean, ondoan dugun lagunari esaten diogu: «Hori gure kamiseta da». Azkenean, hori da gu betetzen gaituena, eta ez horrenbeste alde ekonomikoa. Noski, azkenean, horrelako ekimenetan ezin dugu esan ekonomiak ez duela garrantziarik, gauzak diren bezala, baina uste dut hori baino zerbait gehiago ere badela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!