Ustekabean iritsi zitzaion Irati Zabalari (Lizartza, 2001) Hiru Hiriburuak txapelketan jokatzeko aukera. Izan ere, berak ez zuen izena eman, baina Miriam Arrillagak ezin zuela eta, hura ordezkatzeko deitu zioten. «Libre» zegoenez, baietz esan eta finaleraino sartu da. Leire Garairekin batera osatu du bikotea, eta finalerdietan ezustekoa eman zuten Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun mendean hartuta. Amaia Aldai eta Arrate Bergara izango dituzte parean, igande honetan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 12.00etan hasita. Pilotan ez ezik, Lizartzakoa futbolean ere aritzen da atezain modura, Tolosako lehen taldean.
Nolakoa izan da finalerainoko bidea?
Final-laurdenetan deitu ninduten ordezkapen bat egiteko [Miren Arrillagaren ordez], eta libre nengoenez baietz esan nien. Presiorik gabe joan nintzen, ez genuen uste partida erraza izango zenik, ezta irabazteko aukerarik izango genuenik ere. Miriam Arraiza eta Uxue Osesen aurka uste baino errazago irabazi genuen, 22-5. Ondoren, pasa den asteburuan jokatu genuen finalerdia Atanon (Donostia). Ez ginen faboritoak, Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun baitziren aurkariak. Partida gogorra izan zen, 22-17 egin genuen. Igandean beste final bat izango dugu, eta hori ere zaila izango da irabaztea.
Finalerdietako partida amaitzean gogoz ospatu zenuten finalerako txartela lortu zenutela. Asko kostatzen da ailegatzea?
Bai. Hasieratik bagenekien oso zaila izango zela irabaztea, eta horregatik, poztasunez ospatu genuen garaipena partida amaieran. Master Cup elite mailan final garrantzitsu batera iritsi naizen lehen aldia da, eta alde horretatik, plus bat da. Baita Olatzi [Arrizabalaga] irabaztea ere, badakigulako nolako pilotaria den.
Partida gogorra izan zela esan duzu, baina markagailuan beti aurretik joan zineten, ezta?
Bai. Esan beharra dago Leire [Garai] nire bikotekideak ere sekulako partida egin zuela; eta, agian Olatzek eta Itxasok [Erasun] ere ez zuten beraien egunik onena izan. Baina guk jarraitu genuen geurea ematen, pilotak eusten… Eta azkenean 22raino iristea lortu genuen, lan eginda eta asko sufrituta.
Finalerdia Donostian jokatu zenuten, eta finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da. Inoiz jokatu al duzu bertan?
Ez, eta ezta Atanon ere. Gasteizen, Ogetan, jokatuta nengoen soilik. Gogotsu nago eta berezia izango da, batez ere hiru hiriburuetako frontoi garrantzitsuenetan jokatzea polita izango delako.
Aldai eta Bergararen aurka jokatuko duzue finala. Nola ikusi dituzu aurkariak txapelketan zehar?
Batez ere Amaiak [Aldai] finalerdietan sekulako partida egin zuen; hamar tantotik gora egin zituen. Bikote oso zaila da irabazteko. Amaia, Olatzekin batera, gaur egun dagoen pilotari onenetarikoa da. Atzean Bergara ez da agian kolpea duen pilotaria, baina asko eusten dio, defentsa handia du, eta beraiei irabaztea ere kosta egingo zaigu. Baina, aurrekoan bezala jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu.
Eta zer egin beharko duzue irabazteko?
Uste dut Atanon bezala, guk gurea egin behar dugula, beste pilotakada bat eman, huts egin behar bada beraiek huts egiteko, eta aukerak ditugunean bukatzen saiatu. Amaiak ahalik eta gutxien sartu behar du partidan, eta jokoa atzera kargatu behar dugu. Eta gero, ea Leirek [Garai] aukerak dituen tantoak bukatzeko.
Lehen aldia da Master Cupeko txapelketa batean, elite mailan, final batera iritsi zarela. Nola ikusten duzu zeure burua? Urduri zaude?
Egia esan, oraingoz nahiko lasai nago. Egia da elite mailan lehen aldia dela, baina Master Cup txapelketako beste final batzuetara iritsi naiz, eta beste partida bat bezala ikusten dut.
Pilotariek txapelketa asko jokatzen dituzue udan. Aurtengo uda nola joan da?
Aurtengoa nahiko lasaia izan da, izan ere zatirik handiena kanpoan izan naiz oporretan. Ados Pilotak udan zehar antolatzen duen Plazaz Plaza txapelketan parte hartu nuen, eta bertan bost bat partida jokatu ditut. Eta gero, herriko festetako jaialdiak jokatu ditut gehien bat. Baina aurten gutxi, egia esan.
Finalaren ondoren, orain lau eta erdikoa hasiko da, baina zuk ez duzu parte hartuko, ezta? Atzelaria izanda…
Bai, orain lau eta erdikoa hasiko da eta horretarako ez dut izena eman. Orain, adibidez, Gipuzkoako Binakako Txapelketa ere ari gara jokatzen, eta hori jokatuko dut. Ugarteko lau eta erdiko txapelketan ere izango naiz.
Pilotan ez ezik, futbolean ere jokatzen duzu, Tolosako lehen taldean. Nola uztartzen dituzu biak?
Nik argi esan nuen pilota eta futbola egun berean banituen, lehentasuna pilotari emango niola. Entrenatzaileak hori bazekien, eta onartu egin zuen. Beraz, asteburuan futboleko eta pilotako partidak biak batera egokitzen zaizkidanean, pilotakora joaten naiz. Beste atezain bat ere badago taldean, beraz, alde horretatik, lasai nago. Astean zehar bi entrenamendu pilotakoak egiten ditut eta futbolekoak beste hiru.
Nola hasi duzue denboraldia futbolean?
Nahiko ondo. Egia da denboraldiaurrean ez genuela uste hain ondo hasiko genuenik liga, nahiko eskas ikusi baikenuen taldea. Baina bosgarren postuan gaude, eta galdu ditugun partidak ere detaile txikiengatik galdu ditugu. Bestela, taldea ondo ikusten dut, borrokatzen eta irabazteko aukerekin.