«Asko» disfrutatu dute aurten arraunean Ane Sanchez (Anoeta, 1998), eta Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Lugañene-ko arraunlariek. Ligako hamabi banderetatik bost astindu dituzte, eta Zarauzko Ikurrina prestigiotsua aurrenekoz irabazita eman zioten amaiera ligari. Hori gutxi ez, eta sasoiari bukaera borobila eman diote Kontxako Banderan gailenduta. Uribarrena Lizartzan bizi da, eta egindako denboraldiagatik omenaldia egingo diote bertan, Otsabio kirol elkarteak antolatuta, etzi, 20:00etan.
2021ean ezin izan zenuten Kontxa behar bezala ospatu Covidagatik. Aurten, ordea, bai. Nola joan zen ospakizuna?
Xubane Uribarrena. Berezia izan zen. Prestatzaile fisikoak astean zehar esan zigun Kontxa dela kaia barruan branka sartzea eta ikustea jende guztia nola emozionatzen den. Hori bizitzea falta zitzaigun, eta orain konturatu gara nola den garaipena modu batera edo bestera bizitzea. Ni emozionalki oso blokeatuta nengoen; familia guztia hor zegoen, jendearen aurpegietan ilusioa ikusten zenuen, jendeak eskertu egiten zizun egindakoa... Sekulakoa izan zen, eta ez bakarrik arrapalan.
Gero arratsaldean, Konstituzio plazan, ni donostiarra eta danborrada zalea izanda, niretzat balkoi hori da... Donostiar batentzat oso gauza handia da; bertara ateratzea, jendea hor zain ikustea, eta pertsona bat atera eta jendea builaka hastea... oso-oso berezia izan zen. Azkenean ez zeuden bakarrik gure zaleak, talde askotako zaleak ere bazeuden. Oso eskertuta gaude.
Ane Sanchez. 2021ean gure arteko ospakizuna izan zen, guk bakarrik ospatu genuen bandera hori, inor gabe. Eta jendearekin emozio hori partekatzea sekulakoa da; familiarekin besarkatzea, malko asko, irribarreak, builak... Eta horrez gain, ontzira bandera astintzera denak igo ginen. 2021ean Andrea [Astudillo patroia] bakarrik igo zen, eta Kontxako Bandera astintzea hori da, demostratzea zuk irabazi duzula bandera. Ontzi horretan zuk ere astintzea bandera, eta ez patroiak bakarrik. Emozio handiko eguna izan zen.
Uribarrena: Barkutik kaia beste modu batera ikusten duzu. Altuera horretatik begiratzen duzu eta dena beteta ikusten duzu, kolore pila bat ikusten dituzu... Gero, bertatik jaisten zara eta piragua asko genituen inguruan, eta jendeak trainerura jauzi egiten zuen bandera ukitzeko, eta epaileak haserretu egin ziren. Baina zu urduritasun puntu horretan zaude, denei baietz esaten... Sekulakoa izan zen.
Kontxako bigarren jardunaldian indar erakustaldia eman zenuten, jardunaldi bateko errekorra hautsita (10:23.28) —zuena, 2021ekoa—, eta bi jardunaldiak batutakoa (21:01.14). Errekor bikoitza. Horrela irabazteak beste aho zapore bat uzten dizue?
Sanchez: Irabaztea sekulakoa da, eta errekorra egitea... askoz gehiago. Duela bi urte irabazi genuenean, bagenekien jardunaldi bateko errekorra errazagoa zela gainditzea, eta bi egunetako errekorra jaistea asko kostatuko zela uste genuen. Ba, bi urtetan jaitsi dugu. Sekulako lana dago, eta hori lortu dugu besteak gu bezain onak direlako. Aurkari onak izan ditugu, eta horrek emakumezkoen arraunari sekulako bultzada eman dio, maila handituz.
Uribarrena: Larunbatean kotxez etorri ginenean Aneri zera esan nion: «Bihar errekorra egiteko eguna da». Helburu horrekin ateratzen zara, eta entrenatzaileak ere beroketan ondorengoa esan zigun: «Gaur denbora honetatik gertu ibiliko gara». Bandera astintzeko unean barkuan ginela 10:23 egin genuela esan zidaten, eta orduan ohartu nintzen aurreko denbora hobetu genuela eta ez segundo batean.
Sanchez: Zortzi segundo dira, asko da.
Uribarrena: Hori esan zigutenean, taldeko kideok segituan galdetu genuen ea bi jardunaldietako errekorra egin ote genuen. Baietz esan zigutenean... Sekulako lana egin dugu, eta asko estutu behar izan dugu gauden tokira iristeko.
Tolosaldeak Kontxako lehen jardunaldian estropada irabazi zuen. Beraiek ezin sinetsita zeuden. Zuek nola ikusi zenuten?
Sanchez: Urte guztian egon dira muturra sartzen. Zierbenan ere bigarren geratu ziren bi segundorengatik. Beraiek ere sekulako maila erakutsi dute. Oso talde gaztea da, eta agian duten taldea kontuan hartuta talde onena izan da. Sorpresa izan dela? Sorpresa izan da Kontxan izan delako, bestela ez litzateke sorpresa izango.
Uribarrena: Bai, gehien bat Kontxan izan delako da. Pena dut beraiengatik, saria iritsi delako bandera gabe. Ligan izango balitz, beste modu batera hartzen da. Izan ere, bat-batean Kontxan lehen postuan geratzen zara, berez, indartsuagoak diren taldeen aurretik. Beraiek izan zuten emozioa normala da. Azkenean sari material hori falta izan zaie, baina niretzat ez da sorpresa izan. Ikustea besterik ez dago nola atera ziren estropadan, kamerak-eta ikusten badituzu ikusten da dena ematera atera zirela, hustu egin zirela, eta merezitako lehen postua eduki zutela.
Sanchez: Beste taldeek baino askoz ilusio handiagoa zuten. Ez zuten ezer galtzeko, eta dena irabazteko. Presioa esaten da; hiru talde geunden faborito moduan eta Tolosaldea iristen da eta sorpresa ematen du. Ilusioak eraman zien hori lortzera.
2021ean bezala, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi dituzue. Aldea al dago bata eta bestearen artean?
Uribarrena: 2021ekoan ez nuen disfrutatu ez ligaz ezta Kontxaz ere. Irabazten duzu eta hor geratzen da, eta gero gogoratzen zara eta esaten duzu: «Hori nahi dut berriz». Baina aurten hasieratik bukaerara egin dugu arraun disfrutatzen, presiorik gabe, jakinda zenbat kostatzen den bi sari potolo horiek lortzea. Oso desberdin bizitu ditut bi urteak. Taldeak hasieratik bukaerara disfrutatu du eta uste dut horrek egin duela aurtengoa desberdin. Askotan buruaren kontua ere bada disfrutatzearena, baita taldearen dinamika ere.
Sanchez: Hori da. Gure prestatzaile fisikoak behin eta berriz esaten zigun disfrutatzeko azkena balitz bezala, eta egia da. Ez dakigu noiz izango den gure azken garaipena, azken estropada… Adibidez, iaz asko sufritu genuen urtea izan zen, eta ordutik asko ikasita etorri ginen. Bandera bakarra irabazi genuen, Bilbokoa. Eta agian azkena da, eta ez dakigu. Horregatik, aurten asko disfrutatu dugu, bandera guztiak ospatu ditugu azkenak balira bezala. Sekulako ospakizunak egin ditugu kontziente garelako agian datorren urtean dena hankaz gora jarriko dela, eta agian ez dugula ezer irabaziko.
Denboraldi osoa kontuan hartuta, zein momenturekin geratzen zarete?
Uribarrena: Momentu askorekin, asko disfrutatu dudalako liga osoa. Niretzat, adibidez, Lekeition nola egin genuen arraun… Uste dut ez dudala inoiz hainbeste gozatu asteburu batez. Eta gero Zarauzko Ikurrineko lehen jardunaldia. Nik esan nuen ez nuela gustura arraun egin, azkenean zaila zegoelako, baina taldearen indarra sentitzea, jarraitu egingo genuela atzean egon arren, eta irabazi genuen moduagatik, iruditzen zait oso estropada berezia izan zela. Gainera, ez zait inoiz asko gustatu Zarauzko estropada, baina egun hartan zeraz konturatu nintzen: «Hara! Begira zer lortzeko gai garen, eta zer modutan».
Sanchez: Ni liga irabazi genuen momentuarekin eta Kontxarekin geratzen naiz. Talde guztiak ospatzen dituen momentuak direlako. Beste banderetan hamahiru arraunlari eta patroia doaz eta horiek ospatzen dute. Eta liga eta Kontxa irabazten dituzunean talde osoa gaude; prestatzailea, medikua, entrenatzailea, kanpokoekin ere ospatzen duzu… Momentu horiekin geratzen naiz, denak elkarrekin bat eginda ospatu ditugunak. Eta gero Xubanek esan duen bezala, atzekoz aurrera egin ditugun estropada guztiak. Horrek sekulako indarra ematen dizu, eta estropada oso onak egin ditugu.
Zortzi ontzi aurrenekoz Euskotren Ligan. Zer balorazio egiten duzue?
Sanchez: Balorazioa uste dut positiboa dela. Guztiok genuen gure mailako jendea: Hondarribia eta Hibaikaren artean lehia egon da, baita Tolosaldea eta Hondarribiaren artean ere, ohorezko txandan sartzeko. Nahiz eta kostaldekoek ez duten jaso sari hori, ezin izan dutelako ohorezko txandan askotan lehiatu. Positiboa da hainbeste ontzi ikustea eta hain maila altuan. Agian, mutiletan ez bezala, nesketan ikusten da arrauna aurrera doala eta geroz eta denbora hobeak egiten direla. Bestalde, bidegabea iruditzen zait Galiziako bi taldeak azkenak geratuta, Hibaikak, seigarren egin duela, kanporaketak jokatzea. Alde horretatik uste dut gauzak gaizki egin direla eta oraindik gauza mordoa daudela hobetzeko, baina pauso bat da.
Uribarrena: Gero ere asko kritikatu da Euskotren Ligan atzean egon diren horiek oso atzean geratu direla. Baina gero mutilen ligan ere lehenaren eta azkenaren artean, denbora aldetik aldeak nahiko berdinak dira, eta badirudi emakumeak garenez tarteak oso handiak direla, eta lehenak minutu bateko aldea ateratzen diola azkenari eta lotsagarria dela hain gaizki geratzea. Baina mutiletan sailkapena ikusten baduzu, ontzi indartsuenek atzekoei beste horrenbesteko aldea atera diete. Uste dut hor kritikoagoak izan behar garela, eta pixka bat gehiago jakin arraunaz, bi aldeak begiratzeko. Anek esan duena, kanporaketetara zein doan edo zein ez, beste era batera egin behar zen, ez delako saritzen talde bateko kirol meritua udara guztian zehar.
Sanchez: Zortzi ontzi izateak ematen du aukera neska gehiagok beren ametsa betetzeko. Arraunlari baten ametsa izaten da gorengo mailako liga batean aritzea eta Kontxan, eta horrek aukerak zabaltzen ditu arraunlari gehiagok dugulako aukera horrelako mailan aritzeko.
Tolosaldeak bigarren urtea du Euskotren Ligan, eta ohorezko txandan egonkortu da. Nola ikusi duzue etxeko trainerua?
Uribarrena: Uste dut txalotzekoa dela egin duten lana, eta ez da aurtengo kontua bakarrik. Jada urteetako lana da, eta merezita dute dauden tokian egotea. Lana modu koherentean ari dira egiten; etxeko jendearekin, gazteak animatzen, eta neska asko mugitzen dituzte bateletan zein neguan zehar traineruan. Herria inplikatuta dagoela beraiekin ere ikusten da eta uste dut pauso horiek egiten jarraitzen badute, hurrengo urtera begira, aurten jada aurrean egon badira, hurrengoan askoz ere aurrerago eta benetako borrokan sartzeko aukera izango dutela; oinarria mantenduta eta errefortzu txiki batzuk gehituta. Hondarribiaz hitz egiten da mutiletan harrobia dutela-eta, iruditzen zait Tolosaldea alderdi horretan erreferente oso positiboa dela emakumezkoen arraunarentzat.
Kontxako bigarren jardunaldiaren ostean, Tolosako Udalak harrera egin zien arraunlariei. Barnealdeko kluba izanda, garrantzitsua iruditzen al zaizue harrera egitea arrauna sustatze aldera, eta umeek erreferenteak izan ditzaten?
Sanchez: Gure ametsa ere bazen Tolosaldeko traineru bat izatea, eta jendearen babes hori izatea... Arrapala urdinez bete zitzaien, eta sekulako balioa du horrek. Askotan ez gara kontziente Tolosaldeko traineru batek mugitzen duen jende mordoaz. Oso onuragarria da, eta umeentzat ere bai. Oso jende gaztea dago, egongo da jendea ez duena kasik arraun egin urte osoan, baina jada horren parte izatea, eta giroan egotea, sekulakoa da.
Orain atseden hartzeko garaia duzue. Baina, hurrengo urtera begira, zer asmo duzue?
Sanchez: Hori gai tabu bat izaten da. Auskalo! Lehenengo ikusi behar da taldeek nola eboluzionatzen duten, urtearen arabera talde batzuk desegin egingo dira, urtero bezala, beste batzuk berdin jarraituko dute eta hurrengo urtera begira oso positiboa izango da beraientzat. Denbora igaro behar da; ikusi beharko dugu jendeak zer egiten duen, azkenean kromoetan jolastea bezala da.
Uribarrena: Bai, orain dena pixka bat airean dago. Gogorra egin zait denboraldia, baina egia da asko-asko disfrutatu dudala eta horrek motibazioa eman didala jarraitzeko. Beste momenturen batean galdetuko bazenit esango nizuke ez dudala jarraituko, baina oraintxe bertan… Eta ez bakarrik irabazteagatik, irabazi gabe ere, eduki dugun giroagatik gustura jarraituko nuke arraunean. Oraintxe puntu horretan nago; arraunean jarraitu nahi dut, baina ez dakigu ez non izango den, ezta nola ere. Ikusi behar da taldeek zer norabide hartzen duten, orain aldaketa askoren garaia da, eta horren arabera erabakiko dugu zer egin.