«Denok ergel bat dugu barruan. Baina, zenbat kasu egiten diogu? Hori da bota nahi duguna». Bamboo Dance taldeko zuzendaria da Eider Rodriguez (Logroño, Espainia, 1984), baita koreografo eta dantzarietako bat ere, eta Naroa Rubio eta Aritz Carrasco dantzariekin batera, etzi, igandean, Villabonako Erreboteko plazan, 19.30ean, Idiotas dantza ikuskizuna eskainiko dute. Rodriguezek Eduardo Galeano Uruguaiko kazetari eta idazlearen saiakera liburu eta audioak izan ditu inspirazio iturri, eta dantzaren hari nagusia ergelkeria da, izenburuak dioen moduan: «Gizarteak segitzen duen bidea, ezer pentsatu gabe, eta batzuetan zentzurik gabe». Lanak, besteak beste, kolektiboaren aldeko aldarri egiten du, eta indibidualismoa kritikatu. Dantza urbanoa, garaikidea, hip-hop, afro house eta popping estiloak tartekatuko dituzte.
Bamboo Dance taldearentzat lehen aldia da dantza ikuskizun luzea egiten dutela. Aurretik bakarrik motzak egin ohi dituzte, dantza lehiaketetan egiten dituzten hiru minutuko lanak. Orain dela urte eta erdi egin zuten salto oholtzara Idiotas lan luzea estreinatzeko. Antzokietan ordu bateko iraupena du emankizunak. Nola sortu zen ideia hori? Rodriguezek adierazi du pandemian hasi zela buruari eragiten, denbora izan zuelako Eduardo Galeanoren ez lan osoa, baina bai saiakera asko irakurtzeko. Las venas abiertas de America Latina (1971) liburua irakurri zuen Bamboo Dance taldeko dantzariak, eta berak aitortu duenez, horrekin hasi zen dena.
Galeano Uruguaiko idazle eta kazetaria XX. mendeko bigarren erdialdean Iberoamerikako literaturako idazle esanguratsuenetariko bat da. Bereziki, kazetari moduan egin zuen lanagatik, eta Latinoamerikako herrialdeen independentzia eta subiranotasunaren aldeko aktibismo politikoagatik.
Galeanoren saiakerak irakurtzeaz gain, haren podcastak ere entzuten zituen. Rodriguez orduan hasi zen pentsatzen nola islatuko zuen dantzan Galeanok kontatzen zuena. «Liburu horren harira elkarrizketa bat egin zioten Galeanori. Berak asko hitz egiten du ergelkeriaz, eta berak ere saiakera batean ergelkeria bat egin zuela aitortu zuen. Galeano liburu bat idazten hasi zen, eta konturatu zen idazterakoan informazio asko falta zitzaiola, eta berak, elkarrizketa horretan, bere buruaz barre egiten du. Ironia hori asko gustatu zitzaidan», nabarmendu du Rodriguezek. Hain justu, ironia eta satira dantzan islatzen saiatu da, zuzendariaren hitzetan, Galeanori «begi kliska bat» egiteko.
Galeanoren ahotsa emankizunean
Horrez gain, Uruguaiko idazleak podcastak ere baditu, eta horiek inspirazio iturri gisa erabili zituen Rodriguezek. «Podcast guztiak entzun nituen eta aukeraketa bat egin nuen interesgarrienak zirenekin, ez edukia bakarrik kontutan izanik, baizik eta horiek entzutean dantzan nola islatuko genuen kontuan hartuta. Galeanok ideia asko ditu, eta kritika ugari, baina nola islatu hori dantzan? Batzuk zailak ziren, orduan, dantzarako aproposenak zirenak aukeratu nituen, eta gero dantzariei erakutsi nien», azaldu du Bamboo Dance taldeko dantzariak. Beraz, dantza egiteaz gain, Galeanoren ahotsa ere entzungo da emankizunean.
Eider Rodriguez: «Galeanok ideia asko ditu, eta kritika ugari, baina nola islatu hori dantzan?»
Rodriguezen hamar bat ideietatik, denon artean aukeratuta, laurekin geratu ziren. Hala, dantza emankizuna lau zatitan dago banatuta, eta zati bakoitzean errepresentazioa desberdina da. Hori bai, kaleko ikuskizunetan, 20 minutuko iraupena dutenez, bi zati dantzatzen dituzte. Bi horien eszenifikazioak azaldu ditu Rodriguezek. «Batak hausnartzen du gure arbasoek jarraitu zuten bideaz. Era batera egin zituzten gauzak, hiri txikiagoei eraso eginez. Gu horren emaitza bat bakarrik gara eta ezin dugu ezer aldatu? Horren ondorio bat gara? Ala beste gauza bat izan gaitezke?».
Beste zatian, lehen aipatutako indibidualismoaren inguruan hausnartzen du Rodriguezek, «egozentrismoa», dantzariaren esanetan, eta ispilu batekin islatzen dute emankizunean: «Zu eta zure ispilua, zu eta zeure burua, eta nola aldatzen den hori hirurak dantzatzen hasten garenean... Hasieran ispiluari begiratzen diogu, eta ispilua bota eta publikoari begira jartzen gara. Hor islatzen da dena».
Idiotas ikuskizuneko zuzendariak nabarmendu du publikoari «buruari buelta bat» eragitea nahi duela, «eta bakoitzak aukera dezala nola segitu nahi duen».
Estreinakoa Andoainen
Orain dela urte eta erdi estreinatu zuten Idiotas, Andoingo Bastero kulturgunean. «Urduritasun handia» izan zutela adierazi du Rodriguezek: «Hirurak hamabost urte daramatzagu elkarrekin agertokira ateratzen, eta ikuskizun motzak egiten. Esperientzia horrek lasaitasuna eman zigun. Askotan ahaztu egiten da urduritasuna, eta, uste dut, estreinakoan sentitu genuen urduritasun hori polita izan zela. Hirurak begietara begiratu ginen, eta izan zen berriro ere dantzaz gozatzea, eta bizirik sentitzea», oilo-ipurdia jarri zaiola aitortu du Rodriguezek lehen aldia gogoratzean.
Andoaingo estreinakoan, dantza egin ondoren, solasaldi bat egin zuten publikoarekin, eta Rodriguezek adierazi du askok esan zietela «zerbait mugitu zitzaiela barruan», eta hori dela haien ideia: «Gure ideia da zerbait mugitzea, eta esatea publikoari, emaiozu buelta bat zeure buruari. Hori lortzen badugu, gure lana egin dugu».
Bamboo Dance eskola
Rodriguez dantzaria izateaz gain, dantza irakaslea ere bada. 2009an sortu zuen Bamboo Dance eskola, hip-hop estiloko klaseak emateko. «Txikitatik dantzaria izan naiz, eta formakuntza Madrilen eta Bartzelonan egin nuen. Beti izan dut eskola bat sortzearen ideia buruan. Izan ere, ni beti moldatzen aritu naiz. Esaten zidaten 'egin behar duzu punkin, edo beste estilo hau', eta nik nahi nuen hip-hopeko eskola bat sortu, metodologia eta formakuntza sendo batekin. Hemen ez zegoen ezer, eta jendea Madrilera edo Bartzelonara joaten zen. Helburua zen hemen, Donostian, hip-hopeko eskola bat sortzea, lehiaketetara joatea eta dantzariak eta irakasleak formatzea», azaldu du Rodriguezek.
Eider Rodriguez: «Helburua zen hemen, Donostian, hip-hopeko eskola bat sortzea»
Hip-hopeko eskola bat sortu zuen, batik bat, hutsune bat ikusi zuelako. Bamboo Dance eskolako sortzaileak adierazi du bera dantza ikasten hasi zenean, ez zegoela hip-hopeko formakuntza garaikiderik. Dena pribatua zen. Rodriguezek European Fitness Schoolekin egin zuen hip-hop formakuntza Bartzelonan, Irene Pallaresekin. Hala ere, dantzariak nabarmendu du bertan asko ikasi zuen arren, gehien ikasi duela leku batetik bestera ibiltzen. Rodriguez mundutik mugitzen saiatu da, ahalik gehien ikasteko. Besteak beste, Londresera eta Los Angelesera joan zen dantzako klaseak jasotzera.
Egun, Bamboo Dance eskolan 700 ikasle inguru ditu, eta hamalau irakasle dira. Donostian lau zentro dituzte: Amaran, Aieten, Riberan eta Grosen. Rodriguezek nabarmendu du irakasle gehienak ikasle izan zirela, eta harentzat, hori dela garrantzitsuena: «Ikasle izan direnak irakaslea izatea oso inportantea da. Horrela, eskolak segida bat du, eta ikasleei lan munduan aukera bat ematea oso garrantzitsua iruditzen zait».