Pertsona atsegina da Jesus Mari Fernandez (Hernani, 1969), eta igartzen da jada ohituta dagoela jendearekin hitz egiten. Autoeskolako irakaslea izan zen 23 urtez, baina 2008ko krisialdiak «gauzak asko estutu» zituen, berak lan egiten zuen enpresa beste batek hartu zuen, eta ez zegoenez gustura, utzi egin zuen. Lagun batek iradoki zion taxilari izateko, eta geroztik, horretan dabil. 2015ean hasi zen Tolosan, eta zortzi urte egingo ditu urrian. Fernandezen hitzetan, «haiek dira langileak eta nagusiak». Gehiago gustatzen zaio bere aurreko lana, baina ez da kexatzen: «Lana badago».
Nolatan hasi zinen taxilari moduan?
Lagunak autoeskolan irakasle izan nintzen Donostian. 23 urte inguru pasatu nituen. 2008ko krisialdian gauzak asko estutu ziren; kili-kolo geunden eta beste autoeskola handi batek erosi zuen gurea. Enpresa berria estutzen hasi zen, eta ez nengoenez gustura utzi egin nuen. Orduan pentsatzen hasi nintzen ea nik sortu nezakeen autoeskola bat, eta halako batean lagun-afari batean taxilaria den lagun batek esan zidan: «Zergatik ez zara taxilari jartzen?». Eta erantzun nion: «Taxilari? Jendeak taxia hartzen al du ba? Gu beti kotxean ibili gara eta».
Donostian hasi nintzen begiratzen, baina han prezioak oso altuak zien. Lagun horrek esan zidan: «Hartu herrian; herriko jendearekin eta Tolosan baten bat baldin badago hartu hor, herri polita da eta. Zu Tolosan bizi zara, ume txikiak dituzu, malgutasuna duzu...». 45 urte nituen orduan. Hala, bere taxia saltzeko asmoa zuen gizon bat ezagutu nuen, prezioa adostu genuen, eta urrian egingo ditut zortzi urte.
Prezioez gain, zergatik da hobea herri batean lan egitea?
Lagunak esaten zidan: «Batetik, paradan nekatuta bazaude, komunera joan nahi baduzu, bazkaldu… aukera duzu etxera joateko. Gauean, afaldu dezakezu etxean, semearekin eta emaztearekin, eta berriro lanera bueltatu zaitezke». Hori etxetik urruti ezin duzu egin. Lagun horrek esaten zidan askoz joko gehiago ematen zuela herrian bertan bizitzeak.
Egia da herriak desberdinak direla: batzuk lan aldetik justuago daude edo mugimendu gutxiago dute. Donostia, Irun eta Eibar bezalako hiri handiak kenduta, herri txikiagoak, bai Hernani eta bai Tolosa, herri politak dira lan egiteko. Industria dute, kalean bizia dago, komertzioa dago…
Nola funtzionatzen dute lizentziak Tolosan?
Lizentzia udalarena da; udalak titulartasuna uzten dizu, alegia, lan egiten uzten dizu. Eta zuk hartzen duzu aldatze moduko bat; ordaindu egiten duzu. Gero, zuk saldu nahi duzunean, udalaren adostasunarekin, beste bati salduko diozu. Udalak tasa batzuk ere kobratzen ditu.
Gustatzen zaizu lanbidea?
Txofer izatea beti gustatu izan zait. Jendearekin egotea ere bai. Kalean zaude eta toki itxi batean egotea ez dut gustuko. Ez nuen ikusten neure burua tailer batean lanean, edota enpresa batean sartuta zortzi orduz. Alde horretatik, lanbidea ona da, aukera handia ematen dizulako zure bizitzarekin lotzeko.
Nolakoa da asteko egun bat?
Taxilariak autonomoak gara, kotxea da erreminta eta bezeroak behar ditugu. Bakoitzak bezero diferenteak ditu. Badaude taxilari batzuk lanaren %90a paradatik egiten dutela. Beste batzuek dituzte eguneko zentroak, eskolak, herri txikietatik umeak hartu eta eskolan uztea. Beste batzuek dituzte enpresak; jendea aireportuetara eraman eta ekarri, bisitak daudenean, hotelera eraman eta ekarri… Denok dugu parada, batzuk gehiago egoten dira hor eta beste batzuk gutxiago. Nik gehienbat enpresekin egiten dut lan. Niri saldu zidanak bi bezero handi zituen eta haiek ematen didate lan gehiena. Gero, tarteetan paradara joaten naiz.
Asteburuetan diferentea izango da, ezta?
Bai, asko aldatzen da. Larunbat goizean, adibidez, Zerkausian azoka egoten da eta herri txikietako jendea etortzen da erosketak egitera, pelukeriara… Eguerdian hasten dira bazkaltzera doazenak. Udara partean ere kostaldera joaten da jendea: Oriora, Zarautzera... Gero, arratsaldean, jende horrek eskatzen dizu bueltan ekartzeko. Eta gero, hasten da gaueko lana. Batzuk afaltzera eta beste batzuk parrandako hondarrak etxera eramatea.
Ordutegia zuen esku dago. Jai egunik bai?
Udal bakoitzeko taxilariek antolatzen dituzte jai egunak. Batzuk ez dute jai egiten, eta beste batzuek astean arratsalde bat edo bi deskantsatzen dute. Tolosan daude hemeretzi lizentzia eta horietatik bi salgai daude. Egunero hamazazpi taxilari aritzen gara lanean eta udalak eskatzen duena da zerbitzua egotea une oro. Gu antolatzen gara ahal dugun moduan. Normalean egunez beti dago jendea, gauetan izaten da arazo pixka bat gehiago.
Oporrak noiz hartzen dituzu?
Galdetu emazteari. Hasten zarenean saiatzen zara jendeari arreta ona ematen, beti duzu kezka hori. Emaztea asteburuan adibidez, kanpinera joan, eta esaten dit: «Etorriko zara?». «Bai, saiatuko naiz...», erantzuten diot. Baina igandean lana duzu… eta azkenean zaila da. Batzuetan atea itxi eta alde egin behar duzu. Egun sueltoak nahi dugunean hartzen ditugu. Abuztuan enpresak itxi egiten dituztenean aprobetxatzen dut oporrak hartzeko. Ahal den moduan.
Askotan zain egon behar duzue…
Badaude eramangaitzak diren egunak. 06:00etan edo 08:00etan sartu eta 09:00etan oraindik zain zaude. Esaten duzu: «Pikutara dena. Etxera noa». Askotan ez dut egiten, baina batzuetan kotxea utzi, Uzturrera joan-etorria egin, etxean dutxatu eta bueltan naiz berriz. Badaude momentuak denbora luzez zain egon behar duzula, taxi asko ikusten dituzu zure aurretik, zortzigarren zaude hiru orduz… eta pentsatzen duzu: «Noiz atera behar dut hemendik?».
Zein da zure lan eremua?
Gipuzkoan eremuak ezarrita daude. Gure kasuan Tolosaldea da, eta 28 herri daude. Lau herritan bakarrik daude taxien lizentziak: Alegian bat dago, Zizurkilen beste bat, Villabonan bi eta Tolosan hemeretzi. Lehen ez zegoen horrelakorik, baina zer gertatzen zen? Deitzen zizun Berrobiko edo Berastegiko batek eta ezin zenuen joan. Lizentziak udalarenak dira eta legea hau da: zuk zure herrian jendea hartu dezakezu edozein txokotara eramateko, baina zure herritik kanpora ezin duzu jendea hartu, ez baldin bada zure herrira ekartzeko, edo zerbitzua emateko kontratua egin dizuna Tolosakoa ez bada. Zerbitzua eskatu eta ordaintzen didana Tolosakoa bada, enpresa bat adibidez, bere langileak edozein tokitara eraman ahal ditut. Baina imajinatu parrandara Bilbora joan nahi duzula, eta Zumarragakoa zarela. Nire laguna zara eta deitzen didazu Bilbora eramateko, nik hori ezin dut egin. Lehen oso itxia zen lana. Orduan, hori salbatzeko eta herriari zerbitzua emateko, eremu batzuk ezarri dira. Guk Tolosaldean jendea hartu dezakegu. Horrela, Alkiza, Berastegi, Berrobi.. ez dira zerbitzurik gabe geratzen.
Nolakoa da hartu-emana jendearekin?
Orokorrean oso ona, baina beti dago ardi galduren bat. Jende heldua oso esker onekoa da orokorrean, eta gazteak ere bai. Gazteek askotan eskatzen dizute gauean etxera eramatea, portalean uztea, batzuetan psikologo lana egitea: «Neskak edo mutilak utzi nau, haserretu egin naiz». Polita da.
Propinak jasotzen dituzu?
Hasi nintzenetik hona propinena ez da asko aldatu. Jendeak orokorrean ez du ematen, agian baten batek euro bat bueltatu behar diozunean esaten dizu: «Ba utzi kafetxo bat edo hartzeko». Tarteka bai, baina orokorrean ez. Propinak kanpoko jendeak ematen ditu. AEBeko jendeak ematen ditu gehien. Haiek ohitura dute fakturako %10a emateko. Tolosan Casa Julianera kanpoko jendea etortzen da: australiarrak, japoniarrak, estatubatuarrak… Horiek propinak ematen dituzte.
Zortzi urte hauetan zer aldaketa nabaritu duzu?
Paradako lana dezente jaitsi da. Lehen, gauetan batez ere, lan gehiago egoten zen, eta orain gauetan ia ez dago ezer. Horregatik etorri dira kexak. Bai udalaren aldetik, baita herritarren aldetik ere. Gauean taxiari deitu eta ez dagoela taxirik… Hasi nintzenean, egunero-egunero zeuden hiru taxilari gauez lanean. Arratsaldeko zazpietan etortzen ziren goizaldera arte. Egunez lan egiten genuenak lasai geunden, gaueko zerbitzua bermatuta zegoelako. Haiek gustura zeuden horrela eta gu ere ederki geunen. Baina orain, batetik, jubilatzen joan dira, eta bestetik, lana jaitsi da.
«Udalaren aldetik ere, eragingarri bat behar da guardiak bermatzeko»
Segurtasun aldetik ere, gauez mozkorrak egoten dira, gaiztoak, eta horiek egunez ez ditut ikusten. Ostikoa ematen diote kotxeari… Mozkorrak baino gehiago, drogatuta eta nahiko pasata egoten dira. Pandemiaren aurretik izan genituen arazoak. Taxilari bat larri ibili zen. Gizon bat sartu zitzaion kotxera eta atzean jarri zitzaion. Soka bat atera zuen eta lepotik estutzen hasi zen… Azkenean nola edo hala taxilariak lortu zuen taxitik ateratzea eta korrika hasi zen. Gizona harrapatu zuten, baina jende horrekin badakigu zer gertatzen den. Ate batetik sartzen dira eta beste batetik atera.
Orain, gaueko txanda betetzeko guardiak egiten ditugu. Osatu dugu egutegia, eta gutxi gorabehera hilean egun bat guardia egitea tokatzen zaigu. Ez gaude paradan, mugikorrera desbideratzen dugu paradako telefonoa eta norbaitek deituz gero ateratzen gara. Batzuek ez dute hori nahi, eta udalak denok zaku berean sartzen gaitu: «Antolatu zaitezte». Baina guk esaten dugu: «Ni autonomoa naiz, eta ni ez naiz inor nire lankideari esateko zu zara bihar guardia egin behar duzuna». Zortzi bat taxilariek argi esan dute beraiek ez dutela guardiarik egingo. Udalaren aldetik ere, eragingarri bat behar da guardiak bermatzeko. Ez dakit, diru laguntzak edo…
Tolosan Uber zerbitzuak kalte egin dizue?
Uber plataforma digital bat da, baina gehiago ere badaude; Uberrek booma izan zuen. Gidari bidezko garraio ibilgailuak dira eta, taxiekin alderatuta, bi munduak oso desberdinak dira. Gure sektorea araututa dago: lizentzia udalarena da, taximetroa dugu, aldundiak jartzen dizkigu prezioak, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa pasa behar dugu, erosterakoan kotxeak ezin du bi urte baino zaharragoa izan… Kontrol asko ditugu, eta oso itxia da.
Gidari bidezko garraio ibilgailuek, ordea, ez. Nahi dutenean kotxea hartzen dute, prezioak beraiek jartzen dituzte… Ez dago arautua. Guk lizentzia bat eta udalaren baimena behar dugu, eta beraiek ez dute behar. Lehiakortasuna ezin da itxi, nahi duenak lan egin dezala, baina arauak eta legeak berdinak izateko, eta berdintasun horretan onenak irabaz dezala.
Zer da 1-30 legea?
Lehen zegoen lege bat da: 30 taxi lizentzia bakoitzeko gidari bidezko garraio ibilgailu bat. Orduan parekatua zegoen. Eta lehen, gidari bidezko garraio ibilgailuak zeuden pentsatuta luxu handietarako; zilindrada handikoak ziren, eta enpresa bat sortu behar zen. Kotxe handiak ziren, gutxienez enpresa batek sei ibilgailu izan behar zituen… Gipuzkoan halakoak egon izan dira eta haien kontra ez dago ezer, aspaldikoak dira.
Baina Zapaterok 1-30ko klausula kendu zuen eta lizentziak ateratzen hasi ziren, perretxikoen antzera. Gero itxi zuten arren, leiho horretan sartu ziren guztiek hor jarraitzen dute. Horiek bolumen asko behar dute, Madril, Bartzelona, Sevilla... aurrena hiri handi horietara joan ziren eta poliki-poliki irekitzen ari dira. Bilbon jada dezente daude, eta Gipuzkoan saiatu ziren. 60 eskatu zituzten baina elkarteak harrapatu zituen forma akatsarekin: alokatzen zuten kotxe bat, egun bateko kontratuarekin, eta horrekin baimena lortu nahi zuten. Tranpak egiten harrapatu zituzten.
Merkatu librean funtzionatzen dute, eskariaren arabera. Lehengoan esan zidaten Madrilen euri jasak-eta egon zirenean, hirukoiztu egin zituztela prezioak. Txoferrak orokorrean oso gaizki ordainduta daude, eta hamasei orduz egon daitezke lanean. Euskal Herri mailan, Gipuzkoako Foru Aldundiari esaten diogu ondo dagoela hori neurtzea, baina askoz ere garrantzitsuagoa dela kontrolatzea. Udaltzainek ez dute horrelako formakuntzarik, ez dakite ezer, eta ertzainek ezta ere. Orduan, kontrola egiteko ardura duenak ez badaki zein den legea, edo ez du badu goikoaren agindurik, ez dute ezer jakin nahi. Kanpaina bat egongo balitz horren inguruan, dokumentazioa eskatuz, laneko kontratuak eskatuz… egoera bestelakoa litzateke. Nik egiten dudan ibilbidearen liburu bat bete behar dut, eta harrapatzen banaute ezer gabe, mila euroko isuna dut. Eta ez dit konpentsatzen arriskua hartzeak.