Elkarrizketa

«Realean lau denboraldi egin eta gero, ez nuen aukera handirik ikusten»

Orain arte Realeko bigarren taldean aritu ostean, denboraldi honetan Athletic B-ra joatea erabaki du Balerdik. «Aldaketa handia» izan da asteasuarrarentzat, etxetik joan den lehen aldia baita.

«Gustura» zegoen Zubietan Laida Balerdi (Asteasu, 2004), baina Lezaman lehen mailan jokatzeko aukera handiagoa ikusi zuenez, hara joan zen. Hasieran «arraroa» egin zitzaion bi maila gorago jokatzea; txuri-urdinekin Lehen Maila Nazionalean jokatzen zuen, eta zuri-gorriekin 1. RFEF mailan (emakumezkoen bigarren mailan), bi kategoria gorago, alegia, baina pixkana ohitzen ari dela dio. Tolosan egin zituen lehen zazpi denboraldiak, eta oroitzapen «oso onak» ditu.

Zer moduz moldatzen zara Bilbon?

Gustura nago, baina aldaketa handia da; etxetik joaten naizen lehen aldia baita. Denborarekin aldaketara moldatzen ari naiz.

Gogorra egin zaizu etxetik joatea?

Hasieran nahiko gogorra izan zen, lagunak, familia eta hemen duzun guztia uzten duzulako. Azkenerako ohitzen zara, eta bakarrik bizitzen ikasten duzu.

Zergatik joan zinen Realetik Athleticera?

Realean gustura nengoen, baina Athleticek egin zidan eskaintza eta gero, buruari buelta asko eman nizkion. Hasieran ezetz esaten nuen, baina nire etorkizunean ondo pentsatuta Zubietan lau denboraldi egin eta gero, ez nuen aukera handirik ikusten. Orduan probatzearren egin nuen, eta azkenean uste dut aldaketa nire onerako izan dela.

Azken finean, zure helburua da lehenengo mailan jokatzea. Zentzu horretan, aukera gehiago ikusi dituzu Lezaman?

Bai, gainera Athleticeko bigarren taldea Realekoa baino bi maila gorago dago; eta txuri-urdinekin bi denboraldietan ez dugu lortu mailaz igotzerik. Horrez gain, Realarekin astean zehar lehen taldekoekin entrenatzen nuen askotan, eta deialdietan ere sartzen nintzen. Baina azkenean ez dut aukerarik izan jokatzeko. Orduan, alde horretatik ikusita, uste dut aukera gehiago izango ditudala Lezaman.

Athleticen entrenatu duzu lehen taldearekin?

Batzuetan batera entrenatzen dugu, eta horietan bai. Baina bestela ez dut entrenatu soilik lehen mailakoekin.

Lehen taldearekin batera entrenatzen duzuenean, sumatzen duzue aldea?

Bai, erritmo aldetik bereziki. Orain haien erritmora ohitzen ari gara, batera dezente entrenatu dugulako. Gabonetan, esaterako, asko aritu gara batera. Aldaketa badago, baina uste dut sasoi honetan jokatzen ari garen mailan [1.RFEF] fisikoki asko irabazi dugula. Realarekin alderatuta, orain ez dut nabaritzen hainbesteko jauzia dagoenik. Egia da joko aldetik eta teknikoki nabaritzen dela aldea, baina fisikoki hainbeste ez. Talde txuri-urdinean alde hori askoz gehiago nabaritzen nuen.

Lehen denboraldia daramazu Lezaman, ia sasoi erdia pasatu da. Gustura al zaude taldean?

Bai, hasieran arraroa egiten zitzaidan bi maila gorago aritzea. Talde desberdina da, eta nahiko ari zaigu kostatzen multzoa egitea. Azkenean fitxaketa berriak daude, eta beste batzuk Athletic C-tik igo dira. Entrenatzailea ere berria da, eta gainera beti egon da mutilekin entrenatzen. Orduan harentzat ere aldaketa da neskekin aritzea.

Ligan jaitsiera postuetan zaudete. Nola dago taldea?

Hasieran nahiko baxu geunden animoz. Baina azken hiru partidetatik bi partida irabazi ditugu, eta uste dut azkeneko neurketetan aukera asko izan ditugula hiru puntuak poltsikoratzeko. Antzematen da talde bat osatzeaz gain, oso ondo entrenatzen ari garela.

Erdiko atzelari moduan jokatzen ari zara, gustura zaude postu horretan?

Bai, erdiko atzelari moduan jokatzen dut, beti ezkerreko aldean. Euskarri moduan ere aritu izan naiz, baina Realera joan nintzenean atzera pasatu zidaten, eta hor askoz hobeto moldatzen naiz.

Baliabideen aldetik, aldea nabaritzen duzu Zubietaren eta Lezamaren artean?

Bai asko, Lezaman baliabide hobeagoak dituzte. Hango langileak oso gertukoak dira eta gure gurasoak izango balira bezala tratatzen gaituzte. Instalazio aldetik, Athleticen dena banatuta dago: esaterako, fisioterapeutak eta psikologoak ditugu soilik neskentzako. Zubietan, ordea, berdinak dira mutilentzako zein neskentzako.

19 urte besterik ez duzu, zure helburua bada inoiz lehenengo mailara edo lehen taldera jauzi egitea, ezta?

Realak fitxatu ninduenetik nire ametsa izan da bertan debutatzea, baina ez dudanik aukerarik izan, orain Athleticen debutatu nahi dut. Hala ere, lehenengo bi denboraldietan arreta jarriko dut bigarren taldean hobetzeko, eta gero ikusiko da.

Exigentzia handia da lehen mailako klub bateko harrobian egotea?

Baietz esango nuke, baina denboraldi honetan lasaiago nabil, ikasketak alde batera utzi baititut. Eta han bertan bizitzeak [Lezama ondoan bizi da erresidentzia batean] erraztasunak ematen dizkizu. Izan ere, ez da lehen bezala etxetik Zubietara joan behar nuela. Amak esan zidan sasoi hau lasai hartzeko, niretzako ere aldaketa bat delako, eta goi mailako titulu bat dudalako. Datorren denboraldian erabakiko dut zerbait gehiago ikasi ala ez. 19 urte ditut eta ikasteko denbora badago.

Gipuzkoarra izanik, nola daramazu Athleticen aritzea?

Jadanik ohitu naiz, baina egia da hasieran lagunek eta familiak txantxak egiten zizkidatela. Osaba beti izan da Athletic zalea, eta askotan esaten zidan ea inoiz Athleticera joango ote nintzen, eta nik beti erantzuten nion ezetz. Baina konturatu naiz ezin dela inoiz ezetz esan.

Tolosan hasi zinen futbolean. Zer oroitzapen gordetzen duzu?

Oso onak. Zazpi denboraldi egin nituen, eta gogoratzen naiz futbol eskolan hasi nintzenean, gaizki pasatu nuela denak mutilak zirelako. Anaia Tolosara joan zen eta ni ere harekin batera joan nintzen. Gero, mailaz maila igotzen joan nintzen Tolosan, eta penaz geratu nintzen lehen taldearekin ez nuelako jokatu. Juxtu Tolosan egin nuen azkeneko denboraldian hasi nintzen sasoi amaieran lehen taldearekin entrenatzen, baina denboraldi horren amaieran Realak deitu zidan eta ez nuen aukerarik izan lehen taldean egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!