Iragan denboraldi ezin hobea egin zuen Naia Amondarainek (Ibarra, 2001). Bigarren egin zuen 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Euskadiko txapelduna izan zen kategoria berean, eta besteak beste, Itzulian, Europako Txapelketan eta Tour de Ardechen korritu zuen. Horrez gain, pistan ere urrezko hiru domina kolkoratu zituen Espainiako Txapelketan. Erdietsitakoak saria izan du; Laboral Kutxak bi sasoirako fitxatu baitu ibartarra. Sopelan hiru denboraldi egin ostean, «aldaketa bat behar» zuen Amondarainek.
Nola sortu zen Laboral Kutxan aritzeko aukera?
Azken urteetan hartu-emana izan dut beraiekin. Izan ere, hemengo txirrindularia naiz, eta proiektua hemengoa da, beraz, beti izan dugu harremana. Egia da azken urteetan ez dudala beharrik ikusi taldez aldatzeko, Sopelan oso gustura nengoelako. Denboraldi honetan, ordea, Laboral Kutxak emakumeekiko zuen proiektua aldatu egin du: etorkizunera begirako proiektu bat egin du, eta orduan hasi nintzen beraiekin hitz egiten, eta azkenean, taldez aldatzea erabaki nuen.
Erabaki erraza izan al zen?
Ez da erraza izan hiru sasoi egin baititut Sopelan, eta familia bat bezala ginelako. Beste taldeekin alderatuta kanpotik ikusten zen talde umilagoa ginela, eta ni eroso nengoen bertan. Eroso zauden talde batetik ezjakintasunez beteta dagoen beste batera joateak zalantzak sortzen dizkizu. Baina azkenean Laboral Kutxara joateko erabakia hartu nuen.
Zerk erakarri zintuen gehien Laboral Kutxaren proiektuaren berri jakin zenuenean?
Taldeak duen proiektua, bereziki. Babesleek hainbat urtetarako sinatu dute, eta horrek segurtasuna ematen dizu. Horrez gain, baliabideak dituzte, eta beraiek esan bezala, hazten jarraitzeko asmoa dute. Beraz, Laboral Kutxak dituen helburuak ikusita, eta aldaketa bat behar nuela jakinda, taldez aldatzea erabaki nuen.
Ion Lazkano Laboral Kutxako kirol arduradunaren esanetan, helburua da 2024erako World Tour mailako taldea izatea. Nola ikusten duzu?
Horiek hitz handiak dira. World Tour mailako talde bat izateko maila handia erakutsi behar da, eta badakigu ez dela erraza izango. Aurreko astean taldeko lehen egonaldia egin genuen gure artean ezagutzen hasteko, eta bertan esan ziguten beraiek ere jakitun direla xedea lortzea zaila izango dela. Izan ere, World Tour mailan geroz eta talde gehiagok eskatzen dute leku bat, eta plaza kopurua orain arte mugatuta egon da. Orduan, ikusi beharko da, gizonezkoetan egiten duten bezala, ea puntuak jokoan egongo diren ala ez. Eta, horrela bada, puntu horiek lortzea ere oso zaila izango da. Esan bezala, beraz, helburu bat bezala jarri digu- te, baina ez gara horrekin itsutuko.
Iragan denboraldiko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketako lehen hirurak Laboral Kutxan zaudete. Gazteen aldeko apustu sendoa egin du taldeak?
Bai, iragan sasoiko 23 urtez azpiko hiru lehenak taldean gaude. Mireia [Trias] jada elite mailakoa izango litzateke, eta gero, beste gazte batzuk ere badaude taldean. Multzoa gaztea izan arren, esperientzia duen jendea ere badago taldean. Horrez gain, beraien [Laboral Kutxako zuzendarien eta arduradunen] asmoa ere bada Euskal Herriko harrobiarekin lan egitea.
Eskarmentua duten taldekideak aipatu dituzula, Eider Merino ere fitxatu du taldeak. Bizkaitarrak eskarmentu handia du World Tourrean, eta besteak beste, Movistarren izandakoa da. Zer suposatzen du zuretzat Merino bezalako txirrindulari bat taldean egoteak?
Eskarmentu handia duen txirrindularia da, eta uste dut alde horretatik asko lagundu dezakeen pertsona bat dela. Horrez gain, taldeak ere bultzatzen du euskal txirrindulariak egotea multzoan, eta Eider garrantzi handiko txirrindularia izango da taldean.
Taldekide berriak ezagutu dituzu dagoeneko. Zer-nolako harrera egin dizute?
Egia da taldekide asko lehendik ezagutzen nituela, eta ezagutzen ez nituenak bistaz ezagutzen nituela. Azken finean, ia denak ezagutzen dugu elkar tropelean. Arraroa izan zen hasieran, egonaldi batean baino, lagun artean geundela zirudielako. Izan ere, orain arte nire lagunak izan dira, baina ez taldekideak. Oraindik txipa aldatu behar dut, eta denborarekin joango naiz ohitzen.
Urte borobila izan da zuretzako. Egindako lanak, beraz, badu saria ezta?
Bai, egia esan oso gustura nago egindako denboraldiarekin. Dena hain azkar pasatzen da, momentuan ez zarela jabetzen lortu duzunaz. Izan ere, segituan jartzen zara hurrengo lasterketari begira. Pertsonalki uste dut pauso bat aurrera eman dudala, eta hori behar nuen neure buruarengan konfiantza irabazteko.
Zein rol izango duzu Laboral Kutxan?
Oraindik ez dakit. Iragan astean egin genuen egonaldian banakako bilerak egin genituen, baina ez genuen horrelakorik zehaztu. Gero, lehiaketa gerturatzen hasten denean, pentsatzen dut joango garela rol horiek zehazten. Ni laguntzeko prest nago, eta uste dut hori egitea egokituko zaidala. Badaude txirrindulariak lasterketa irabazteko lehian egongo direnak, eta beraiei laguntzea egokituko zait, baina atsegin handiz egingo dut.
Datorren sasoiari begira zein helburu jartzen diozu zeure buruari?
Entrenatzen hasi gara, baina pixka bat deskonektatuta nabil oraindik. Ez naiz hasi pentsatzen horretan, aurrerago hasiko naiz.
Egutegia finkatuta duzu ala oraindik ez?
Egonaldian esan ziguten gutxi gorabehera taldeak nahi duen egutegia, baina azkenean nazioarteko lasterketetako egutegia nahiko konplikatua da gonbidapena jaso behar duzulako. Orduan, taldeak egin ditu eskaerak lasterketa batzuetan aritzeko, baina oraindik hori zehazteke dago.
Zein lasterketa duzu begiz jota?
Ilusio handia egiten didan lasterketa da Itzulia betidanik; iragan sasoian asko gozatu nuen, eta datorrenean ere parte hartzea gustatuko litzaidake. Gero, hemengo lasterketak direnak ere politak izaten dira; Eibarkoa eta Nafarroako Klasikoa, besteak beste.