Irene Caminos trial txirrindulariak etzi jokatuko du Munduko Txapelketa Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak). Espainiako selekzioarekin ariko da tolosarra, eta lehia proba batera izango da. Atzo iritsi zen Abu Dhabira, eta etzi jokatuko du finalaurrekoa. Helburua finalerako sailkatzea izango da, eta horretarako, lehen sei sailkatuen artean geratu beharko du. Hori lortzen badu, larunbatean jokatuko du finala.
Abu Dhabira joateko hegazkina iragan igandean hartu zuen, eta momentuz, «lasai» zegoela aitortu zuen: «Oraingoz ez nago urduri, baina hara [Abu Dhabira] iristean, eta zirkuitua muntatuta ikustean, bai sentituko dudala urduritasun puntu hori». Tolosarra jakitun da podiuma egitea «oso zaila» izango dela, baita finalerako txartela lortzea ere. «Helburu nagusia finalean sartzea da, eta hortik aurrera, gertatzen dena izan dadila. Finalerako sailkatzen banaiz, pozik itzuliko naiz etxera».
Caminosek 2019an jokatu zuen azkenekoz Munduko Txapelketa. Izan ere, 2020ean, koronabirusagatik itxialdia ezarri zenean, txapelketa bertan behera geratu zen, eta iaz ezin izan zuen joan Munduko Txapelketara positibo eman zuelako lehia hasi baino bizpahiru egun lehenago. Horren harira, adierazi du iragan urteko «arantza» atera nahi duela, nahiz eta jakin zaila izango dela: «Iaz indartsu nengoen; udara guztia pasatu nuen kanpoan entrenatzen, eta bizikleta gaineko sentsazioak oso onak ziren. Gogotsu nengoen Munduko Txapelketan lehiatzeko, eta arantza hori geratu zitzaidan; baina iaz ez bezala, aurten zaila izango da podiumera igotzea».
Aurten lehen hiru sailkatuen artean geratzea zaila izango duen arren, tolosarrak badaki zer den podiumera igotzea Munduko Txapelketa batean. Hain justu, 2017an eskuratu zuen brontzezko domina Chengdun (Txina). Urrezkoa, berriz, taldeka eskuratu zuen, 2018an. Urte horretan ere hirugarren izan zen Munduko Kopan, eta iaz Europako txapeldun izan zen.
Aurten ere, Caminosek nahikoa meritu egin ditu Espainiako selekzioan hautatua izateko. Besteak beste, iragan ekainean Espainiako Txapelketan hirugarren izan zen, pasa den abuztuan Munduko Kopako bigarren proban bosgarren postua eskuratu zuen Kopenhagen (Danimarka), eta iragan hilabetean, Espainiako Kopan hirugarren izan zen sailkapen orokorrean.