Guadalupe eta Joxepi bejoindezuela

Erabiltzailearen aurpegia Zumadi Eskola 2023ko abe. 24a, 15:26

Zumadi eskolak eta Akelok guraso elkarteak omenaldi sentitua egin diete gaur, urte luzez Amezketako Zumadi eskolako irakasle izandako Guadalupe Altunari eta Joxepi Saralegiri.

Eguberri bezpera Zumadirentzat egun seinalatua izaten da. Eskola komunitatea bi taldetan banatuta, herrian kantari ibiltzen da. Gaurkoan ezin trazioak hutsik egin, 09:30ean nagusienak Ugartetik atera dira, etxez etxe Gabon kantuak eskainiz. Eta txikiagoak Amezketako elizatik, 10:00etan, hauek ere eztarriak bero, kantari.

Eguerdi partean, eta plazan hamaiketakoa egin aurretik, omenaldien txanda izan da. Zumadik gogoan izan nahi izan ditu urte luzez Amezketan irakasle izandako Guadalupe Altuna eta Joxepi Saralegi.

Mari Domingiren enkarguz, bertsoa egokituta kantatu diete bi irakasleei. Eta txalo artean, lore sorta bana eman dizkiete egungo ikasleek Guadalupe eta Joxepiri.

Doinua: Gaueko izar argitsuenak


Ume, guraso, atton-amonak

denak izenez agurtzen,

Guadalupe zure irriparra

ez da sekula agortzen...

Amezketari eman diozun

dena zaila da eskertzen,

baino zuk segi Eguberritan

Amezketara etortzen!!!(bi aldiz)


Eguberriro, Eguberriro,

zu ere gurekin Joxepi,

andereño, ama eta amona

paper guztitan ederki...

Herriko lehen andereñoa,

ta herria zure atzeti;

gure irakasle kuttuna izango

zaitugu Joxepi beti!!!(bi aldiz)

 

Haur ta guraso arten kantari

berrogeita hamar urte,

Gabon giroa herrira ekartzen

fin hartu dezue parte...

"Eguberri on" esanez denei

Amezketan atez-ate;

Mari Domingi ta Ama Birjina

guretzat zuek zerate!!!(bi aldiz)

 

Gabon jira hau egin dezue

herrian mende erdi batez,

herri-giroa, goxotasuna,

hauspotzeko borondatez...

Zumadi eskola ta Amezketa

herri osoaren partez,

ESKERRIK ASKO, ta segi holaxe

nahi dezuen aina urtez!!!(bi aldiz)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!