Eskuak zikindu jakituriaz elikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zumadi Eskola 2022ko abenduaren 22a

Zumadi eskolako ikasle eta irakasleak hartu ditu Agurtzane Garmendia herritarrak Pello Zabala gunean. Bi egunetan bisitatu du errota eraberritua Zumadiko komunitateak; talo tailerra egin dute lehenik, eta Olentzerori gutuna ematen egon dira, bigarrenik.

Iragan abenduaren 9an, Amezketako errota eraberrituan, hau da, Pello Zabala gunean, Agurtzane Garmendiak talo tailerra eskaini zien LH 3-6 maila bitarteko ikasleei. Tailer bera errepikatu zuten txikiagoekin abenduaren 15ean, orduan HH eta LH 1-2 mailetako ikasleei egokitu zitzaien aukera. "Euskal kulturaren transmisioa zabaldu eta ohiturak haurren artean mantentzeko asmoz" antolatu zuten irteera Zumadi eskolatik. Izan ere, taloak egiteaz gainera, Garmendiaren ahotik azalpenak ere jaso zituzten. Esaterako, ikasleek adi-adi jarraitu zituzten Amezketako garai bateko errota kopuruaren nondik norakoak, arto klase ezberdinen ezaugarriak edota artoaren prozesua bera.

Ikasleek garai bateko ohituren inguruko informazioa jasotzen zuten bitartean, eskuak ere masan sartu eta taloak egin eta bertan jateko aukera izan zuten, txokolate eta txistorra aukeran zutela. 

Bisita positiboki baloratu dute Zumaditik: "Iaz LH 6. mailan zeuden ikasleen bisita ere jaso genuen eta denok elkarrekin egon ginen kontu kontari".

Gabonekin lotura

Lehen hiruhilekoari amaiera emateko Gabonen bezperan egin dute bigarren bisitaldia Pello Zabala gunera. Pasa den abenduaren 21ean, Olentzerori gutuna botatzera joan ziren Zumadiko ikasleak. Oraingoan ere, Agurtzane Garmendia izan zuten bidelagun. Garmendiak berak laguntzaileak ere izan ditu: astoa, laguntzaile bat eta akordeoia eta panderoa.

Ikasle eta irakasleak kalejiran joan ziren errotaraino eta eguna entsegurako ere aprobetxatu zuten. Izan ere, abenduaren 24 goizean kantari aterako direla-eta kantuen entsegua egiteko baliatu zuten Errotako bisitaldia.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!