Zubimusu ikastolak abian ditu III. Jardunaldi Pedagogikoak eta edizio berri honetarako hautaturiko gai nagusia osasuna da. Ikastolaren 2ZIA proiektu pedagogikoaren baitan ikaslearen osasunak toki garrantzitsua hartzen du eta ikaslearen zein ikas-komunitate osoaren ongizatean sakonduko dute datozen egunetan, horretarako metodo eta tresna ezberdinak ezagutuko dituztelarik adituen eskutik. Ekimen ezberdinak barneratu dira antolaturiko egitarauan eta irekiak dira, beraz, interesa duen edonork har dezake parte.
Jardunaldi pedagogikoei mindfulness saioekin emango zaie hasiera. Nagusiki arnasketaren erritmoarekin konektatzen eta oraina bizitzen irakatsiko da saioetan, interesa jartzen den hartan arreta osoa jartzeko gaitasuna lantzeko. Garrantzitsua benetan, ikasketa prozesua arrakastatsua izateko, kontzentraziorik gabe emaitza akademikoak lortzea ezinezkoa baita.
Zubimusu ikastolako irakasleek aurten mindfulnessaren inguruko formakuntza jaso dute, irakasleak ikasgelan duen jarrera ere alda daitekeelako arnasketa tekniken bidez. Mindfunlness saioak urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean izango dira 17:30etik 19:00era.
Jardunaldietan antolaturiko saio guztiak Zubimusu Ikastolaren Txermingo eraikinean izango dira.
Jardunaldien beste proposamenetako bat K-strech metodoa ezagutzean datza. Gorputz jarrera egoki eta orekatu bat mantentzearen garrantzia jorratuko da. Hitzordua urtarrilaren 30ean izango da eta egun horretan hiru saio eskainiko dira bakoitzak ondoen datorkion ordutegia hauta dezan: 15:30ean, 16:30ean edo 17:30ean.
Ikasteko zailtasunak hobetzeko, berriz, Brain Gym edo garun-gimnasiaren inguruko bi saio eskainiko dira. Bata urtarrilak 31n eta bigarrena, otsailak 2an. Lehenengoa ordubeteko hitzaldia izango da eta 17:15ean hasiko da. Bigarrena ikastaroa izango da eta seme-alabei Brain Gym ariketen bidez ikastolako lanekin nola lagundu azalduko da. Azken saio hau 9:00etatik 13:00era emango da.
Jardunaldien azken txanpan elikadura landuko da. Otsailaren 12an, sukaldaritza tailerra eskainiko da, guraso eta seme-alabek elkarrekin prestatzeko errezetak ezagutu ditzaten. Hitzordua, 17:15ean.
Eta jardunaldiei amaiera emateko, nutrizioari buruzko hitzaldia eskainiko da familia eta haurrei zuzenduta otsailaren 13an, 17:15ean.
Urtarrilak 25, ostirala
17:30 - 19:30. Mindfulness ikastaroa Txerminen. Arnasketaren erritmoarekin konektatzen eta oraina bizitzen ikasteko. Arreta osoa izaten ikastea.
Urtarrilak 30, asteazkena
15:30. 16:30. 17:30. Txerminen K-strech metodoa ezagutu eta probatzeko aukera. Gorputz jarrera egoki eta orekatu bat, funtzionamendu muskular eta artikular on baten adierazle.
Urtarrilak 31, osteguna
17:00 - 18:15. Txerminen Brain Gym hitzaldia: "Ikasteko zailtasunak hobetu Brain Gymarekin".
Otsailak 2, larunbata
09:00 - 13:00. Txerminen Brain gym ikastaroa. Lagundu seme-alabei ikastolako lanekin Brain Gymeko ariketen bitartez. Ikastaroaren kostua 50 eurokoa da eta bukaeran liburua emango da.
Otsailak 5, asteazkena
17:30 - 19:30. Mindfulness ikastaroa Txerminen. Arnasketaren erritmoarekin konektatzen eta oraina bizitzen ikasteko. Arreta osoa izaten ikastea.
Otsailak 12, asteartea
17:15. Txerminen sukaldaritza ikastaroa. Guraso eta seme alabek batera egiteko errezetak sukaldatzen.
Otsailak 13, asteazkena
17:15. Txerminen hitzaldi nutrizionala familia eta haurrei zuzendutakoa.