Aiton-amonen altzoa beti da eskola ona

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2018ko abe. 14a, 13:20

Aste honetan, LH5eko ikasleek aiton-amonak gonbidatu dituzte ikastolara proiektu ezberdinak erakusteko

Haurren heziketa prozesuan aiton-amonen ekarpena funtsezkoa da, gurasoekin eta irakasleekin batera. Bai, aiton-amonen altzoa eskola ona izan da beti. Umeen eta pertsona nagusien arteko hartu-emanak alde bientzat dira hezigarriak eta osasungarriak. Esperientzia eta baloreak sartzen dira jokoan. Horregatik, EKI proiektuaren baitan, LH5eko neska-mutilek aiton amonak ikastolara gonbidatu dituzte eta belaunaldiarteko esperientzia hunkigarria eta polita izan da.

Arlo ezberdinetan landutako proiektuen ostean, diziplinarteko proiektu bat garatzen dute ikasleek eta oraingoan, aiton-amonak ikastolan egiten duten lanaren lekuko izatea nahi izan dute. Ingurunea, Euskara, Lengua eta Ingeleseko arloetan landutakoa erakusgai jarri dute, aiton-amonen gozamenerako.

Unibertsoko bitxikeriak eta Lurraren mugimendua, solstizioak eta ekinozioak azaldu ostean, euskal kultura ondareari heldu diote. Neguko ospakizunak izan dituzte hizpide eta karaokea ere egin dute umeek eta nagusiek elkarrekin, Gabonetako abesti bat kantatuz.

Gaztelaniaz ikasleek eurek asmatutako poesia errezitaldia eman dute eta ingelesean trebatzen joateko, denek elkarrekin abesti bat kantatu dute. Horretarako, aurrez, umeek letra banatu die paperean aiton-amonei. Musika, ezagutza, teknologien eta hizkuntzen erabilera uztartu dira emozioekin, bilobekiko harrotasunarekin, aiton-amonekiko maitasunarekin eta helburu batekin: elkarrekin denbora partekatzea heziketa helburu bat tarteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!