Lantzen ari diren genero estereotipoen harira, Maider Unda Zubimusu ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2018ko aza. 28a, 16:54

Gaur generoaren eraikuntza soziala eta estereotipoak lantzeko tailer bat antolatu du. Maider Unda kirolari ohia izan da gonbidatua Zubimusu ikastolako jantokian.

Izan al daiteke emakume bat borrokalari profesionala? Nork dio dantza egitea ez dela mutilen kontua? Zergatik daude neskentzako edo mutilentzako diren gauzak?

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren harira, genero ikuspegia eta parekidetasuna lantzen ari dira Zubimusu ikastolako jantokian. Mahai-Mahi by Askora jantokia izanik, elikadura osasuntsu bat eskaintzeaz gain, haurrekin esperientzia berrien bizipena eta balioen ikaskuntza lantzen da, Mahi-Mahi Akt programaren bitartez bazkalorduan ekintza ezberdinak antolatuz.

Berdintasunaren bidean, historian zehar falta izan ditugun emakumezkoen erreferentziak ekarri nahi izan dira ikastolara, eta horregatik, euskal emakume erreferente bat gonbidatu da. Maider Unda kirolari profesionala, artzaina, gaztagile saritua eta ama da, besteak beste. Borrokalari profesionala da, bere diziplinaz harago, bere ametsak eta nahiak betetzeko etengabe gizartearen estereotipo eta arauen kontra borrokatu duelako, arrakasta lortu arte.

Haur batek zenbat domina dituen galdetuta hauxe erantzun dio: “Ez ditut kontatu. Kaxoi batean gordeta ditut denak, baina garrantzitsua ez da dominak irabaztea. Garrantzitsua dena da domina bat lortzeko egiten den bidea, ezagutzen den jendea, bizipenak. Kanpoan ibilita, konturatzen zara zer nolako zortea dugun bizi garen tokian bizitzeagatik”.

Umeei azaldu die baserria dela orain bere ogibidea. “Kirolean eman ditudan urteek erakutsi didate lasaitasuna ere bizi egin behar dela”.

Izan ere, borroka librearen giltzarri dira indarra, abiadura eta estrategia. “Kirol honetan, borrokaldi bakoitza hiru minutu pasatxokoa da eta beraz, oso denbora gutxian neurtzen da bizitza osoko entrenamendua”.

Maider Undak bere ibilbidearen errepasoa egin du, lortutako arrakasten atzean dagoen lana eta bidea azalduz. Ondoren, ikasleekin ariketa praktikoak egin ditu ikasleekin. “Minik ezin da egin kirol honetan”, esan die aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!