Normalean gurasoen eta haurren artean heriotzaren gaiak ez du presentziarik izan ohi, gertuko norbait zendu eta azalpenak ematea tokatzen den arte. Une horretan ez dira, ordea, beti hitz egokiak aurkitzen. Bizitzaren parte izan arren, txikiekin ez da heriotzaz naturaltasunez hitz egiten gizartean. Zubimusu ikastolak Halloween egunaz baliatu nahi izan du haurrei heriotzaren gaia hurbiltzeko. Jangela zerbitzuaren erabiltzaile diren neska-mutilekin jorratuko dute gaia, izan ere, ekimena Mahi-Mahi by Askora proiektuaren barruan garatuko baita. Proiektu honen helburua da jangelako esperientzia dibertigarria eta hezitzailea izatea, umeek modu osasuntsuan jateaz gain. Janez ikasi edo ikasiz jan.
Mahi Mahiren arduraduna Miren Beramendiren hitzetan, helburua da umeak azaroaren 1era beste begirada eta sentimendu batekin heltzea. “Garrantzitsua da heriotzaz naturaltasunez hitz egitea haurrek, beldurrak eta ziurgabetasunak uxatu eta beste modu baten aurre egin ahal diezaioten, ulertuz ezagutzen dugun bizitzako azken etapa dela. Horretarako, ideia polita iruditu zitzaigun lehenengo jangelan Coco filma ikustea, Mexikon hildakoen eguna nola ospatzen duten ezagutzeko”. Gainera, pelikula mexikarrez ikusi dute, jatorrizko bertsioan, “hizkuntza eta kultura aniztasuna errespetatuz”.
Filma ikusteaz gain, besteak beste, Mexikoko “calaca” edo garezurrak egingo dituzte. “Ume bakoitzak hildakoren bat ezagutzen badu haren izena jarriko dio “calaca”ri eta margotu eta apaindu egingo dituzte mural handi bat sortuaz”. “Festa komertzial gisa hartu beharrean, emozio talkak sortu nahi ditugu eta ikasketa emozionalak sortu, mesedegarria delako ikasleak beren emozioez jabetzeko gaitasuna izatea eta dagokien espazioa ematea”.
Halloweenek jatorri zelta du. Uda agurtu eta urte berriari ongi-etorria emateko zeltek egiten zuten festan du sorrera. Azken urteetan, ordea, ohiko bihurtu da ospatzea. Banpiroak, kalabazak, armiarmak... ikusi ohi ditugu erakusleiho eta bestelakoetan. Zubimusu ikastolak harago joan eta helburu hezitzaile bati bide emateko aprobetxatu du ospakizuna, festa kutsurik kendu gabe.