Dena prest du Zubimusu ikastolak larunbatean Milimetroak jaia kalera ateratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2018ko mai. 15a, 12:10

Zubimusu Ikastolak jauzi bat eman nahi izan du aurten urtero ospatu ohi duen ikastolako jaia berrikuntzekin antolatuz. Larunbatean, maiatzaren 19an, ospatuko da Milimetroak izenburupean, Kilometroak jaiaren eredua hartu baitute oinarri antolatzerakoan.

Hori horrela, kalera aterako dute festa larunbatean herritarrak parte hartzera gonbidatuz. Villabonan Malkar eta Errebote plazetan ospatuko da jaia eta Zizurkilen, Joxe Arregi Plazan.

Espazioak irekitzeaz gain, parte hartzea ere zabaldu nahi izan du Zubimusu ikastolak. Villabonako eta Zizurkilgo eragile eta elkarteek ere parte hartuko dute. Elkarte gastronomikoez gain, bertan izango dira Behar-Zana pilota elkartekoak edota Loatzo musika eskolako kideak.

Ikastolako ikasle, guraso eta irakasleek herritarrei parte hartzeko gonbita luzatu die. Izan ere, zer ikusi eta zertaz gozatua izango da.

Egun osoan zehar, festa giroa izango da nagusi. Goizean, DBHko ikasleak Erronka izango dute Malkar Plazan. Euskal jolasak eta orientazio kulturalaren inguruko probetan ibiliko dira norgehiagoka. Tolosa, Anoeta, Ibarra edota Andoaingo ikastoletako neska-mutilek ere parte hartuko dute. Bazkaria prestatzearen ardura aurten DBHko ikasleek izango dute elkarte gastronomikoetako kideen laguntzarekin. Errebote plazan, berriz, HHko eta LHko ikasleentzat tailerrak eskainiko dira. Eskulanak, jokoak, batukada…

Haurren Hiria espazio publiko gisa

Hamabiak aldera kalejiran Zizurkilera joango dira partaideak erraldoien laguntzarekin eta Joxe Arregi Plazan, Haurren Hiriak ateak zabalduko ditu. “Francesco Tonucci pedagogo italiarraren proposamen batetik sortzen den lanketa bat da”, dio Nerea Urdanpilleta irakasleak. “Pedagogo horrek hirietako eta herrietako kaleak jolasteko, elkartzeko eta harremanak sustatzearen aldeko proposamena egiten du. Izan ere, bere ustez, hirietan elkartzeko espazioak gero eta gutxiago omen dira eta, askotan, hirien antolamendua egiterakoan, interes komertzialak gailentzen dira. Hiriak antolatzeko garaian, haurren beharrak eta nahiak kontutan hartzen badira, errazago erantzungo zaie hiritar guztien beharrei. Haurrak gai dira beraientzako espazioak pentsatzeko eta moldatzeko” eta horixe egin dute Zubimusu Ikastolan.

Kanpo espazio baten antolaketa landu dute haurra ardatz hartuta. “Umeei galdetu genien egunerokotasunean aisia non garatzen zuten, zertan, eta zer jarriko luketen kanpoko espazio batean jolasteko”. Hurrengo pausoa jolas gunearen maketa egitea izan zen. Umeek emandako ideietatik abiatuz, materialak jaso, egiturak sortu eta Haurren Hiria eraiki dute gurasoen laguntzarekin. Larunbatean Milimetroak jaiaren baitan, Joxe Arregi Plazan muntatuko da ume guztiek goza dezaten. 12:30etik 16:30era egongo da. Gero Zizurkilgo ikastolako jolastokian muntatuko dute Haurren Hiria bertan uzteko.

Bazkal ostean, besteak beste, bertso saioa izango da Oihana Iguaranen eta Beñat Iguaranen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!