Ikasleen konpetentziak nola garatu aztertuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2018ko ots. 22a, 10:38

Javier Bahón adituak eskainiko du, martxoak 1ean, osteguna, 15:00etan, Villabonako Subijana etxean.

“Ruffini erregela erabili dudan egun bakar bat ere ez dut gogoan nire bizitza osoan, azterketa eguna kenduta”. Hezkuntza berrikuntzan eta adimen anitzetan aditua den Javier Bahónen hitzak dira. “Noski edukiak garrantzitsuak direla, baina bigarren maila batean kokatzen dira etorkizunari aurre egiteko ikasleek garatu ditzaketen abilezien eta  konpetentzien aurrean. Etorkizunean ez dute jakin beharko astoa desagertzeko zorian dagoen edota kolibria karniboroa edo graniboroa den. Baina jakin beharko dute egoki komunikatzen, lankidetzan jarduten edo pentsamendu kritikoa eta sortzailea garatzen”.

Horretarako, oinarrizkoa da ikaslea motibatuta egotea eta bakoitzaren talentu edo ahalmenak indartzea. Galdera da: “Zu zertan zara ona?”. Eskolan arrakasta izateak ez du esan nahi ikasle horrek bizitzan arrakasta izango duenik, Bahónen hitzetan.

Finean, Bahónek defendatzen duena da ikasleak etorkizunean erabilgarria  suertatuko zaion hura ikasi behar duela, edukiak zaharkituak gera daitezkeelako baina ez ahalmenak. Noski, edukiak ematen jarraitu behar dela dio baina kontua da “nola”.

Hori guztia eta gehiago izango du hizpide Javier Bahónek (Bilbo, 1966) Zubimusu Ikastolan emango duen hitzaldi irekian. Martxoaren 1ean izango da hitzordua, 15:00etatik 17:00etara Mintzolan. Joan nahi dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie zubimusu@ikastola.eus-era idatzita edo 943 69 23 21 telefonora deituta.
Zubimusu Ikastolako irakasleek formakuntza sakona jasoko dute hiru egunez Bahónen eskutik, adimen anitzak ikasgelan integratzeko metodologien inguruko giltzarriak ezagutzeko xedez. Otsailaren 27an, 28an eta martxoaren 1ean izango dira irakasleentzat saioak.

Javier Bahón, hezkuntzako berrikuntza eta coaching laborategiko burua da. Robert Swartz doktorearen taldean,  Bostongo National Center for Teaching Thinkingeko formatzailea. Nazioarteko hezkuntza metodologien dibulgatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!