'Coach for Travel', eginez ikasten delako

Erabiltzailearen aurpegia Zubimusu Ikastola 2018ko ots. 5a, 18:28

Coach lana egiten dute Mondragon unibertsitateko bi ikaslek eta horretarako astelehenero Zubimusu ikastolako DBH3ko ikasle talde batekin biltzen dira ekintzailetasuna landu eta bide batez, ikasturte amaierako bidaiarako dirua ateratzeko ideia berriak jorratzeko.

“Ikasturte amaierako bidaia antolatzeko orduan, beti dirua izaten da arazoa. Gurasoak eta irakasleak inplikatzen dira eta ikasleak nola parte har dezaketen pentsatzen hasi ginen. Zergatik ez euren proiektuak garatu, finantziazioa lortu eta kudeatu?”. Hausnarketa abiapuntutzat hartuta, “Coach for Travel” proiektua jarri dute martxan Mondragon Unibertsitateko ikasle diren Nora Zabalak eta Xuban Albizuk.

Zabala eta Albizu Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean. “Eginez ikasi” edo “Learning by doing” metodologia erabiltzen dute. Testuinguru horretan negozio edo proiektu errealak jartzen dituzte martxan, orain Zubimusun garatzen ari direna bezala.

“Saioetan ikasleei erakusten diegu proiektu bat nola sortu, brainstorming-a edo ideia-jasa nola egin, behar dituzten baliabideak ikusi eta nola bideratu aztertzen…”, dio Albizuk. Zubimusu ikastolari eskaintzen dioten zerbitzua beste formakuntza zentroetara zabaltzeko lanean ari dira. “Iaz Zumaian egin genuen proba pilotua eta saiatu nahi dugu Gipuzkoa osora zabaltzen”.

Eurek unibertsitatean ikasteko modua eta Zubimusu ikastolakoak asko dute komunean. Adinak adin, batean zein bestean, ezagutzak eta edukia barneratzearen gainetik trebetasun eta konpetentzien garapena hartzen da aintzakotzat.

“Guk -dio Albizuk- lehenengo mailan enpresa bat sortzen dugu eta unibertsitateak helburu batzuk jartzen dizkigu. Horren baitan, esparru ezberdinetako proiektuak lantzen ditugu, hezkuntzarekin, gastronomiarekin edo beste alor batekin lotuak”. Benetako diruarekin egiten dute lan eta benetako bezeroekin. Zubimusuko DBH4ko ikasleek iaz kooperatiba sortu zuten, ekonomiako ikasgaiaren baitan, mundu errealean negozio bat martxan nola jarri ikasteko.

Aurtengo egitasmoari urtarrilean eman zitzaion hasiera eta apirilera arte luzatuko da. Gaztetxoen artean ekintzailetasuna, autonomia, taldean lan egiteko gaitasuna, komunikaziorako trebetasuna eta beste hainbat ezaugarri lantzea da helburua.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!